Prentsa Oharren banner

Urtaranen gobernuak datorren urterako zergak, tasak eta prezio publikoak izoztea proposatu du

Gaur goizean egindako aparteko bilkuran, 2021erako zergak izoztea onartu du Tokiko Gobernu Batzarrak. Datorren urterako udal zerga, tasa eta prezio publikoen proiektuak aurtengo ekitaldirako tarifa berberak aurreikusten ditu. Zerga-proiektu honetan, halaber, 2022. eta 2023. urteetarako tasa eta prezio publikoak % 2 igotzea aurreikusten da, Gasteizen aldeko itun ekonomikoari buruzko lantaldean ezarritako ondorioei jarraituz.

 

“Oso gogoan dugu COVID-19ren pandemiak eragindako krisi ekonomikoa. Orain ez da herritarrei, familiei eta enpresei ahalegin ekonomiko handiagoa eskatzeko unea. Horregatik planteatzen dugu zergak, tasak eta prezio publikoak izoztea. Baina, aldi berean, erantzukizunez eta koherentziaz jokatu nahi dugu alderdi politiko guztiok adostu dugunarekin, gure etorkizun ekonomikoa bermatzeko. Egiturazko egoera bat gainditu behar da, non diru-sarrera arruntek nekez estaltzen baitituzte gastuak. Udal honek aurrezki garbia sortu behar du, eta, horretarako, funtsezkoa da hazkunde moderatuak egitea, inbertsio-ahalmena sortzeko“, azpimarratu du Ogasuneko zinegotzi Iñaki Gurtubaik, eta gogorarazi du biltzen denarekin zerbitzuen kostua estaltzeko beharra ere legezko betebeharra dela.

 

Gobernu taldearen proiektu fiskalak hainbat berrikuntza osagarri gehitzen ditu: lokala bizikleta-gordeleku gisa erabiltzeko denean, irekiera- lizentzia eta jardueragatiko tasen % 50eko hobaria ezartzen da. Halaber, bi epe berri ezarri dira hilerrian eraikuntzak lagatzeagatiko tasan: orain arte lagapenak 25 eta 50 urterako ziren; aurrera begira, berriz, 15 eta 35 urteko modalitateak gehitu dira, gizartearen eskariari erantzuteko. Beste aldaketa batek Etxeko Laguntza Zerbitzuari eragiten dio; bertan, gehieneko prezioen goiko aldean errenta-tarteak gehitzea planteatzen da, prezioa modu bidezkoagoan dibertsifikatzeko.

 

Azkenik, energia garraiatzeko enpresek jabari publikoa okupatzearen gaineko tasa berri bat ere badakar gobernu-taldearen zerga-proposamenak. Figura horren bidez, energiaz hornitzen duten enpresek kanalizazioen bidez hiri-lurzoru publikoa erabiltzeagatik zergak ordaintzea lortu nahi da, eta horri esker 250.000 euro inguru bildu ahal izango dira. Gogoratu behar da hiri-lurzoruaren gaineko energia-garraioak ere baduela tasa bat, eta 2019an Udalak 3,58 milioi euro biltzea ahalbidetu zuela horrek.

 

Ordenantza fiskalen proiektua bihar aztertuko dute Ogasun Batzordearen aparteko bilkuran. “Proposamen honekin bat ez datozen taldeak eztabaida fiskalera Gasteizko Udalaren egoera koiunturala eta estrukturala kontuan hartuko dituen planteamendu batekin etortzea espero dugu. Hori ez egitea arduragabekeria litzateke “, esan du Iñaki Gurtubaik.

Share