Prentsa Oharren banner

Adinekoen Nazioarteko Eguna gogoratzeko ekitaldi txikiak egingo dira erdigunean

Adinekoentzako zentro soziokulturalek tamaina txikiko jarduerak antolatuko dituzte urriaren 1a ospatzeko

Urriaren 1ean, adinekoentzako zentro soziokulturalek Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatuko dute, Gasteizko erdigunean tamaina txikiko eta asistentzia murriztuko jarduerak antolatuta.

Covid-19arekin lotutako prebentzio-neurriek baldintzatuko dute ospakizuna, ekitaldietan indarrean dauden higiene eta osasun neurriak beteko baitira, eta pertsonen kopuru txikia bilduko baitute.

Egun horren helburua da “zentro soziokulturalen erabiltzaileen errealitate ezberdinak ikusaraztea, adinekoei buruzko estereotipoak apurtzea, proaktiboak izateko aukera ematea eta beren desioak, errealitateak eta eskaerak ezagutzea“, azaldu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Zinegotzi ordezkariaren hitzetan, “gizarteak adinekoen ahalduntzea bultzatu behar du, gizartean, ekonomian eta politikan parte har dezaten bultzatuz haien inklusioa lortzearren, eta aurrez aurre dituzten ezberdintasunak eta ahultasun-egoerak ezabatzearren. Haien autonomiaren sustapenak gure helburuen erdian egon behar du; bestetik, haien ezagutza eta esperientzia baliatu behar ditugu. Gizarteari on egingo dio horrek eta, aldi berean, adinekoen bizitza hobetuko da”.

Zehazki, jarduera hauek antolatu dira urriaren 1eko goizean Adinekoen Nazioarteko Eguna dela eta:

  • Manifestu baten irakurketa Arka plazan.
  • “Pintamos y mucho” eta “Gu pintatu gogotik” lemak pintatzea.
  • Pankarta baten erakustaldia Andre Maria Zuriaren plazan. Bertan, hamar adinekok koreografia bat dantzatuko dute, eta minutu bateko isilaldia egingo dute covid-19a dela eta hil diren adinekoen alde.
  • Adinekoentzako zentro soziokulturaletako jarduera batzordeen ordezkarien arteko eztabaida, adinekoek “normaltasun berrian” duten egitekoaz.
  • Sophik (Psikopompoko kidea) adinekoen omenez konposatutako abestia aurkeztea.

Ekitaldiek gehienez 10 minutu iraungo dute, formatu txikikoak eta jendetzarik gabeak izan daitezen. Gainera, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea eta distantzia gordetzea.

Adinekoak Gasteizen

Adinekoak ia % 21 dira Gasteizen. Hau da, Arabako hiriburuan ia 53.000 biztanle dute 65 urte edo gehiago, eta horien % 67 dira zentro soziokulturalen erabiltzaileak

Adinekoen Nazioarteko Eguna (2018)

Share