Prentsa Oharren banner

HEI-Herritarrentzako Eskola Irekiak hirugarren hiruhilekoari ekingo dio urriaren 8an, Rosa María Calaf kazetariarekin

  • Jarduerak doakoak eta aurrez aurrekoak izango dira, edukiera mugatuta eta prebentzio-neurriak hartuta, eta urriaren 1etik aurrera eman ahalko da izena

Gasteizko Udaleko Herritarren Partaidetzaren Zerbitzuak antolatzen duen HEI-Herritarrentzako Eskola Irekiak urteko hirugarren hiruhilekorako antolatu dituen jarduerak aurrez aurrekoak izango dira gehien bat. Hitzaldi eta eztabaida programa urriaren 8an abiatuko da, Rosa María Calaf kazetari ezagunak Europa biltzar jauregian emango duen hitzaldiarekin. Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Borja Rodríguezek aurkeztu du gaur egitaraua prentsaren aurrean.

“Gizartea aldatzen ari da; beraz, gero eta beharrezkoagoa da herritarren artean eztabaida, hausnarketa eta kritikatzeko gaitasuna sustatzea. Udaleko Partaidetza Zerbitzuaren helburua da bizilagunen arteko elkarrizketa bultzatzea, krisialdian zaintzaileei laguntzea eta gazteei udal politikaren funtzionamendua eta partaidetza hurbiltzea”, nabarmendu du Rodríguezek. Zinegotziak gogoratu du, halaber, jarduera-programak aurrera egin ahala “arreta handiz jarraituko” dela “pandemiaren eboluzioa, eta beharrezkoa balitz, aurrez aurreko jardueretako batzuk online edo formatu mistoan emango lirateke”.

Zinegotziarekin batera, Vital Fundazioaren zuzendari Arantxa Ibáñez de Opacua izan da aurkezpenean; entitate horrek HEI Txiki Vital programan esku hartzen du, zeinak familia eta umeentzako lantegi, ikastaro eta bisitak eskaintzen baititu. Jarduera horietako asko Hiri Hezitzailea programaren bitartez eskaintzen zaizkie udalerriko ikastetxeei. Jardueren artean lantegi hauek nabarmendu daitezke: trebetasun sozialei buruzkoak, gatazkak positiboki konpontzeko; boluntariotza eta herritarren partaidetza; giza eskubideak, edo Udala ezagutzea.

“Azpimarratu nahi dut Vital fundazioak interes handia duela herritarren partaidetza eta ahalduntzerako programa honi laguntzeko, txikienak herritar orori dagozkien gaietan parte hartzeko moduan heziz. HEI Txiki Vitalek arreta berezia emango dio komunitatean bizitzeko behar diren trebetasun sozialak hobetzeari, baita Udala eta herritarren partaidetzarako bide nagusiak ezagutarazteari ere”, azaldu du Ibañez de Opacuak.

Kazetaritza, bizikidetza eta bisita gidatuak

Programaren helburua da herritarrei irekitako topaketarako eta prestakuntzarako espazioa sortzea, Gasteizko biztanleen parte hartzeko kultura hobetzen laguntzeko, demokrazia sendotzeko eta komunitateko erantzunkidetasuna sustatzeko,aktualitateko hainbat gairen inguruko informazio-, prestakuntza eta eztabaida-saioen bitartez.

Lehen jardueran Rosa María Calafek esku hartuko du, eta gaur egun informatzeak eta informatuta egoteak duen zailtasuna izango du hizpide. Informazioarekin kritiko izateak herritar aske bihurtzen gaitu izenburuaren pean, kazetariak azalduko du nola emozio publikoak askotan iritzi publikoa ordezten duen, eta informazio toxikoari aurre egiteko gaitasun kritikoa sendotzeko beharraz ohartaraziko.

Calaf, telebistan ibilbide luzeen eta askotarikoena egin duen kazetaria, RTVEren berriemailea izan da Estatu Batuetan, Moskun, Buenos Airesen zein Asia-Ozeano Barean. Kazetari katalanak hainbat gairi buruzko informazioa landu du: politika, ekonomia, gatazkak, hondamendiak, kultura eta gizartea.

Herritartasunerako Eskola Irekiaren hirugarren hiruhilekoko programazioak bi bisita gidatu eskainiko ditu udaletxera, familientzat. Udalaren antolakuntza (alkatea, Udalbatza, Tokiko Gobernu Batzarra, talde politikoak) eta administrazioarena azalduko dira horietan.

Orobat, Florida parkearen 200. urteurrenarekin lotutako bisitak prestatu dira Gasteizko familia eta haurrentzat. Urriaren 17tik 25era bitartean, hiriko parke enblematiko horren historia eta landareak ezagutu ahalko dituzte, era atsegin eta egokituan.

Harreman komunitarioekin lotutako zenbait lantegi ere sartu dira hiruhileko honetako jardueren barruan, covid-19aren pandemia hasi zenetik agerian geratu baita horien garrantzia, eta areagotu. Saio horiek Simone de Beauvoir elkarteen etxean egingo dira.

Batetik, Bizikidetza Behatokiak antolaturik, elkarrizketa metodoei buruzko saioak antolatu dira, indarkeria eta gatazkei aurrea hartzeko eta horrrelakoetan jokatzeko tresnak lantzearren. Mª Eugenia Ramos Pérez eta Laura López-Molina Rodríguez izango dira gidari, aditu baitira gatazken kudeaketa integralean eta bizikidetzaren sustapenean.

Bestetik, ahultasun-egoeran dauden pertsonei laguntzen dieten boluntarioentzako lantegi bat eskainiko da, egoera horri ahalik eta ondoen egin diezaioten aurre. Garazi Rodero Baraño eta Maider Aierdi Gaztelu-iturri psikologo eta bitartekariek emango dute lantegia.

Azkenik, Emma Ortiz prestatzaileak gidatutako bi lantegi izango dira, zeinetan elkarrizketa motak landuko baitira, baita elkarrizketa egoki eta eraginkorrak izatea ahalbidetzen duten gakoak eta trebetasunak ere.

Gonbit-txartela sartzeko

Jardueren agenda web-orri honetan kontsultatu daiteke: HEI-Herritartasunerako Eskolaren jarduerak.

Jarduerak doakoak dira, baina izena eman beharra dago, gizarte etxeetan, udalaren webgunean, HEIren aplikazioan edo 010 telefonoan.

 

 

Share