Prentsa Oharren banner

Gasteizek klima-aldaketaren kontrako konpromisoa berretsiko du Hiri eta Herri Iraunkorren Europako IX. Konferentzian

Ekitaldian 1.500 pertsonak baino gehiagok hartuko dute parte: tokiko eta eskualdeetako gobernuen, erakundeen eta antolakundeen ordezkariak; ikertzaileak, sektore pribatuko kideak eta herritarrak.

 

Gasteizek klima-aldaketaren kontrako konpromisoa berretsiko du Hiri eta Herri Iraunkorren Europako IX. Konferentzian. Irailaren 30etik urriaren 2ra arte egingo da konferentzia, ICLEI – Tokiko gobernuak erakundeak antolaturik eta Alemaniako Ingurumen Ministerio Federalak, Inbertsioen Europako Bankuak, Europar Eskualdeen Batzordeak, Baden-Württembergeko Ingurumenaren, Klima Babesaren eta Energiaren Ministerioak, Aalborgeko udalerriak eta Urban Europe entitateak lagundurik.

Alkateorde eta Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregik eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko zenbait teknikarik Gasteizek iraunkortasunaren eta klima-aldaketaren kontrako borrokan garatutako esperientziak eta jardunbide egokiak partekatuko dituzte, internet bidezko topaketetan; izan ere, Mannheim hirian egitekoa zen tokiko ordezkarien topaketa plataforma interaktiboetara bideratu behar izan da, pandemia dela kausa.

Hiru egun iraungo du konferentziak, eta Europak klima-aldaketaren kontrako borrokan duen jarreraren berri ikasi ahalko dute parte-hartzaileek. Iraunkortasunaren alorrean aitzindari diren hiriei —Gasteiz, besteak beste— entzungo diete, eredu ekonomiko alternatiboak aztertuko, eta digitalizazioaren gero eta zeregin handiagoaz eztabaidatuko. Konferentziak ondorio praktikoak ere izango ditu: Mannheimeko mezua, zeinak europar hiri eta herriek Europako Itun Berdea ezartzen eman beharreko hurrengo pausuak deskribatuko baititu.

Besteak beste, gai hauek landuko dira saioetan: justizia klimatikoa eta erresilientzia, digitalizazioak etorkizun iraunkorrean duen zeregina, sistema ekonomikoen arteko tentsioa, eta klimari buruzko itunen zeregina trantsizio iraunkorraren prozesuan.

Irtenbideak ere landuko dira hainbat alorretan: hiri-mugikortasun garbia, trantsizio energetiko iraunkorrerako politiken garapena, kontratazio publiko gizartearekiko arduratsua, eta plastikoa, eraikuntza eta bio-hondakinak ikuspegi zirkular batetik aztertzea.

Aldaketa globalak eraginkorragoak dira komunitate mailan errotzen badira, auzoan, pertsona bakoitzarengan. Aldaketa horiek beharrezkoak dira gure gizartean, kohesioa eta aldaketaren onarpena lortzeko, eta eraginkorragoak izango dira ikuspegi lokal eta komunitario batetik helduz goragoko maila global eta orokorrago batetik helduta baino. Eztabaida horretan, trantsizio horretan, funtsezkoa da udalen eta toki-erakundeen papera. Alkateen eta tokiko arduradunen europar foro horrek aukera garrantzitsua ematen digu hirioi giza garapenerako politikak eztabaidatu eta partekatzeko, garapen iraunkorreko helburuen eta Europako Itun Berdearen barruan“, azaldu du Ana Oregi alkateordeak.

Hiri eta Herri Iraunkorren Europako IX. Konferentziak aurretik leku hauetan egindako beste topaketa batzuen lekukoa hartzen du: Aalborg (Danimarka, 1994 eta 2004), Lisboa (Portugal, 1996), Hannover (Alemania, 2000), Sevilla (Espainia, 2007), Dunkerque (Frantzia, 2010), Geneva (Suitza, 2013) eta Euskadi (2016). Ekitaldian 1.500 pertsonak baino gehiagok parte hartzea aurreikusi da: tokiko eta eskualdeetako gobernuen, erakundeen eta antolakundeen ordezkariak; ikertzaileak, sektore pribatuko kideak eta herritarrak.

 

Share