Prentsa Oharren banner

Arabako Larrialdietarako Funtsak 38.100 euro bideratuko ditu Eta ekaitz tropikalak Honduras eta Guatemalan eragindakoei laguntzeko proiektuetara

Elikagaiak, sendagaiak eta garbiketa-sortak banatuko zaizkie ehunka familiari

Larrialdietarako Arabako Funtsak, zeina Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak osatzen baitute, 38.100 euro bideratuko ditu Honduras eta Guatemalari laguntzeko bi proiektu garatzeko, Eta ekaitz tropikalak bertan egindako kalteak direla eta.

Mundubat fundazioa eta Mugarik Gabe elkarteek eskatu dute bi herrialde horietako erakundeen proiektuetarako laguntza, bertan elikagaiak, sendagaiak eta ura kloratu beharra baitago, besteak beste.

Honduraseko Yoro, Cortés eta Santa Barbara departamentuetan, milioika laguni eragin die, eta egoera hori areagotu egin da Covid-19 pandemiaren ondorioz. 153.000 hektarea soro hondatu edo galdu dira, eta 43.000 pertsona baino gehiago bizi da aterpetxeetan. Elikadurak, jantziak eta garbitasunak dute lehentasuna larrialdi honetan.

Mundubat fundazioaren eskaerari 21.771 euroko dirulaguntza ematea onartu du Larrialdietarako Arabako Funtsak. Central Nacional de Trabajadores del Campo tokiko erakundeak elikagai-, biosegurtasun- eta garbiketa-sortak banatuko dizkie zaurgarritasun-egoera berezian dauden 400 nekazari-familiari, baita 400 koltxoneta aterpetxeetan errefuxiatuta dauden pertsonentzat.

Bestalde, Guatemalan, Alta Verapaz departamentua kaltetu du gehien ETA ekaitza tropikalak; 100.000 pertsona baino gehiago ebakuatu dira, ez dago hornidura elektrikorik, hainbat herri inkomunikatuta daude, 70.000 nekazari kaltetuta, eta abar.

Erdialdeko Amerikako eskualde horrek elikagaiak, oinarrizko sendagaiak eta osasun-neurriak behar ditu, hala nola ura kloratzea. Horretarako, Larrialdietarako Arabako Funtsak 16.329 € bideratuko ditu Mugarik Gabe elkartearen bidez. Honek, Osasun Zerbitzu komunitarioen Elkartea erabiliko du 900 familiari jaten emateko (arroza, frijola, artoa, azukrea eta olioa), ura desinfektatzeko kloroa hornitzeko eta 450 pertsonari oinarrizko sendagaiak emateko.

Share

Abenduaren 9an, asteazkena, jarriko dira salgai Haur Ikuskizunen Erakustaldirako sarrerak

Udalaren webgunean edo telefonoz erosi ahalko dira, goizeko 9:00etatik aurrera.

 

Abenduaren 9an jarriko dira salgai Gasteizko Haur Ikuskizunen XVII. Erakustaldirako sarrerak; Ikuskizunak Mendizorrotzeko kiroldegian izango dira, abenduaren 26tik 30era bitartean. Sarrerek 5 euro balioko dute, eta 9: 00etatik aurrera erosi ahal izango dira udalaren webgunearen bidez edo telefonoz (945 16 16 18, astelehenetik ostiralera 9:00etatik 14: 00etara).

“COVID-19aren ondorioz edukiera mugatu delarik, ezingo da heldu bat baino gehiago sartu haur bakoitzeko. Ahal den neurrian, heldu bakoitzak haur bat baino gehiago eramatea gomendatzen dugu” adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

“Gehienez bost sarrera erosi ahalko dira, eta izendunak, zenbakitu gabeak eta nahitaezkoak izango dira, adina edozein delarik ere. Eserlekuak banakakoak izango dira, eta sartzean esleituko dira. Ezingo dira aulkiak lekuz aldatu” gaineratu du zinegotziak.

 

Programa

Aurtengo programan saio gehiago izango dira, bost ikuskizunen 10 emanaldi.

Abenduaren 26an ‘Txiki Rock’ ikuskizunak abiaraziko du programa. Euskaraz izango da eta txikienak euskal rockean murgiltzen hastea nahi du. Bi emanaldi izango dira, 16:30ean eta 19:30ean. Abenduaren 27an, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen azken lana – ‘Amaren intxaurrak’– eskainiko da. 12:00etan eta 18:30ean.

Abenduaren 28an, haurrentzako  ‘El lago de los cisnes’ opera eskainiko da. 12:00etan eta 18:30ean. Gaztelaniaz. Abenduaren 29an, ‘Kantu kolore’. Zuzeneko musika, koreografia, umorea eta energia, txiki eta helduentzat. 12:00etan eta 18:30ean.

Azkenik, abenduaren 30ean, ‘Naviland, el musical. El lugar donde viven los Reyes Magos’. 12:00etan eta 18:30ean. Gaztelaniaz.

 

 

 

 

Share