Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-12-17)

APCE 2020 Batzarra inauguratzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapen zinegotzi Maider Etxebarria

Eguna. Osteguna, abenduak 17

Ordua. 9:30

Tokia. Europa Biltzar Jauregia – Green aretoa

——————————————-

Prentsaurrekoa.  “Gizarte bateratzaile baten aldeko” Kriskitin on line XXV  Lasterketaren aurkezpena

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Euskadiko ONCEko Lurralde Kontseiluko presidente Rafael Ledesma

Eguna: Osteguna, abenduak 17

Ordua: 11:30

Lekua: San Prudencio Fundazioa (Dato kalea, 43)

—————————————

Ajebask–Araba Sariak banatzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapen zinegotzi Maider Etxebarria

Eguna. Osteguna, abenduak 17

Ordua. 12:30

Tokia. Azucarera eraikina

 

 

Share

Udalak proba pilotua egingo du, karraskari izurriak tranpa adimendunen bidez kontrolatzeko

  • Horrek ahalbidetuko du estolderian dabiltzan arratoiak desagerraraztea mantentze- eta lekualdatze-kostuak aurrezten

 

Duela gutxi, Gasteizko Udala arratoiak kontrolatzeko metodo berria probatzen hasi da: tranpa adimendunen sistema bat. Automatikoki funtzionatzen duten gailuak dira, eta horiei esker ez da errodentizidarik erabili behar, orain arte ohikoa zen bezala. Desinfektatzeko eta intsektu zein arratoiak desagerrarazteko zerbitzuen kontratuaren titularrak, EZSA enpresak, diseinatu du tranpa modelo berria; horrek ez du konexio elektrikorik behar, eta funtzionamendu-gorabeherak denbora errealean jakinarazteko aukera ere badu.

Blokeo-sistema batek eta tranpa mekaniko batek osatzen dute probatzen ari den irtenbideak. Oraingoz, hiru lekutan jarri dira gailuak, Adurtza, San Kristobal eta Arantzabelan, eta geroago beste 23 lekutan banatzea da asmoa.

Tranpa adimendunak eragin handi/ertainekotzat jotako kontrol-eremuetan jarriko dira lehentasunez, hau da, egunean ale bat baino gehiago harrapatzen diren lekuetan, eta bertan utziko dira kontrolgune horretan batere edo ia eraginik ez izan arte gutxienez bi astetan jarraian. Probako lehen urtea bukatzen delarik, tranpen jardueraren azterketa egingo da lekuen arabera, intzidentzia handiena duten eremuak sailkatzeko.

Estoldetan jarriko dira, arratoiek gustukoen duten habitata baitira, animalia horien ugalketa prebenitzeko eraginkortasunik handiena lortzearren. Gainera, tranpa modelo berriak autonomia handia du: igorgailuen bateriak bost urteko bizitza baliagarria du, eta gailua automatikoki berraktibatzen da eliminazio baten ondoren; matxurarik dagoen ere monitorizatu daiteke, eta horrek mantentzea errazten du, eta beharrik gabeko joan-etorriak saihesten.

“Aurrera egiten jarraitzen dugu karraskarien populazioa kontrolatzeari dagokionez. Batetik, lur azaleran lan egiten, hondakinak metatzen diren lekuak ahalik eta gutxienak izan daitezen, haiek erakartzen baitituzte. Eta bestetik, estolda-sarean probatzen ari garen tranpa adimendunen sistema berriarekin, eraginkortasuna handitzeko eta orain arte erabili ohi diren produktu kimikoak murrizteko pentsatutako sistema baita“, azaldu du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek.

Sistema berria baliatzen duten lehen hirietako bat da Gasteiz.

Share

San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturalak ateak ireki dizkie auzoko 3.600 adinekoei

Gorka Urtaran alkatea eta Gizarte Politiken zinegotzi Jon Armentia izan dira buru zentro berriaren inaugurazio-ekitaldian.

San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala inauguratu dute, gaur goizean, Gorka Urtaran alkateak eta Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.  Beraiekin izan dira Maider Etxebarria eta Ana Oregi alkateordeak, Adinekoen Zerbitzuko arduradun José Antonio Jimeno eta udaleko taldeen eta auzoko adinekoen eta eragileen ordezkariak.

San Martinekoa da 2015etik hona ateak irekitzen dituen lehen zentroa. Udal sareko hamaseigarren zentroa da, eta sareak 35.000 erabiltzaile ditu, hau da 60 urtetik gorako gasteiztarren ia erdiek erabiltzen dute.

Pandemiak baldintzatu egiten du San Martineko zentroaren irekiera, eta pixkanaka irekiko da. Orain podologia, ile-apaindegi eta informazio zerbitzuak gehituko zaizkie osasun-parkeari (urritik martxan) eta bakardadearen aurkako Piztu zure auzoa programari (azaroaren amaieran abiarazia).

Datorren astean hasiko dira lehen lantegi eta jarduerak –egun batekoak, bikoak edo hirukoak –, eta urtarrilaren erdialdean jantokia jarriko da martxan. Honek, egora normaletan, 40 leku izango ditu.

Inaugurazio-ekitaldian, alkatea pozik agertu da auzoko eskaera historiko bati erantzun zaiolako. Hirian zerbitzu mota guztiak eskaintzen dituen sarea hazi egin da zentro berri honekin, eta adinekoak hiriko biztanleen % 21a dira “Hamarkadetan zehar, adinekoentzako zentro soziokulturaletako zerbitzu-eskaintzak eboluzionatuz joan dira, eta elkartzeko eta entretenitzeko guneak izateaz gain, prestakuntzarako aukera anitz eskaintzen dituzte, eta eragile bikainak dira adineko askok pairatzen duten bakardadearen kontra borrokatzeko” adierazi du Gorka Urtaranek. Orobat azpimarratu du sareak pandemia hasi zenetik egiten duen lan garrantzitsua, batez ere etxeetatik irten gabe egon behar izan genuen asteetan.

Bestalde, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak zentroak egiten duen lan garrantzitsua nabarmendu du. “Sozializatzeaz gain, osasun fisikoa eta mentala hobetzen lagunduko dieten zerbitzu eta programak erabili ahalko dituzte adinekoek. San Martinek ongizatea eta bizi-kalitatea eskainiko die zahartze aktiboaren bitartez, honek mendekotasuna prebenitu, zahartze egokia bermatu eta bizitza gogobetetzen laguntzen baitu. Mendekotasuna prebenitzeko eta autonomia bultzatzeko biderik onena izango da, eta bi alderdi horiek lehentasunekoak dira udalarentzat eta horretan lanean dihardugu.

Inaugurazio-ekitaldiari hasiera emateko ohorezko aurreskua dantzatu da, eta ondoren bertaratuek instalazioak bisitatu dituzte. Ostiralera bitartean bisita gidatuak izango dira zentroa barrutik ezagutu nahi duten pertsonentzat.  Aski izango da zentroaren kanpoaldean jarritako informazio-karpan izena ematea.

Udal sareko handiena

 San Marineko adinekoentzako zentro soziokulturalak hiru gune independente ditu eta 1.300 m2 azalera, guztira, eta horrenbestez, udal sareko handiena da.

Lehenengoak 68 m2 du, eta jarduera fisikoak egingo dira bertan. Bigarrena zabalena da, 740 m2, eta bertan egin da inaugurazioa. Zentroko programazio eta zerbitzuen zatirik handiena hartuko du: infoteka, hemeroteka, informazio zerbitzua, ile-apaindegi eta podologia zerbitzuak, baita kudeatzaile-talderako bulegoak ere.  Azkenik, hirugarren gunea 488 m2-koa da, eta bertan elkartze-aretoa, kafetegia, mediateka, hiri-laborategia eta jantokia daude, besteak beste.

 

Share

TUVISAk bertako dendetara hurbiltzeko garraio publikoaren erabilera sustatu nahi du, ‘Orain, erosketak autobusez’ kanpainaren bidez  

 

Garraio publikoak eta tokiko merkataritzak eskua eman diote elkarri TUVISAk sustatutako kanpaina berrian. Izan ere, udalaren garraio enpresak ekimen bat abiatu du gaur Gasteizen mugikortasun iraunkorra eta gertuko merkataritzaren dinamizazioa batzeko. “Gasteizen erosten badugu, eta dendetara joateko mugikortasun-aukera iraunkorragoak erabiltzen baditugu, hau da, garraio publikoa, onura bikoitza da. Udalerriko merkataritzari sostengu ematen diogu eta karbono-aztarna murrizten laguntzen dugu“, azaldu du TUVISAko lehendakari eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok.

 

Udal enpresak kanpaina bat diseinatu du, ‘Orain, erosketak autobusez: TUVISAk zure dendara hurbilduko zaitu’ lemaren pean. Autobusetan, TUVISAren eta Udalaren pantailetan eta beste udal baliabide batzuetan jarriko da mezua. Hainbat helburu lortu nahi dira horren bidez: hiri- eta gizarte-eredua agerian jartzea, gizarte eta ingurumenari dagokienez kontsumo-eredu iraunkorra sustatzea, gizartearen beharrei erantzutea eta, aldi berean, auzo biziak eta hiri iraunkorrago bat sustatzea.

Bide batez, herritarrek garraio publikoarekiko konfiantza berreskuratu dezaten lortu nahi du kanpainak, osasun krisialdian nabarmen gutxitu baitzen bidaiarien kopurua. Izan ere, autobus publikoa garraiobide segurua eta jasangarria da, segurtasun eta higiene neurri guztiak betetzen dituena. TUVISAk astero aztertzen du zerbitzuaren eskaintza eta eskaria, eta 150.000 eurotik gora inbertitu ditu COVID-19aren kontrako berariazko zerbitzuetan: norbera babesteko ekipoak, garbiketa-produktuak, gel hidroalkoholikoak, berariazko garbiketak eta beste. Gainera, birusa agertu zenean ezarri ziren neurri sanitarioei eutsi zaie gerora ere: garbiketak, birizidekin; berariazko garbiketak, kontaktu lekuetan; maskarak; aireztapena; autobusaren barruan jateko debekua, eta abar.

 

Share

Ostiralean, hilak 18, jarriko dira salgai San Anton eguneko zozketarako 30.000 txartelak

 

Urtarrilaren 17an egingo da zozketa, 18:00etan, baina ez da ospakizunik izango, COVID-19a dela eta

Ostiralean, abenduak 18, jarriko dira salgai San Anton abadearen eguneko zozketarako 30.000 txartelak. Gasteizko gizarte etxeetan, San Prudentzio egoitzan, Azoka plazan, Peña Dulce gozo-dendan eta La Unión-BÝRA tabernan erosi ahalko dira.

 

Urrezko Zeledonen plazan zurezko etxola ere jarriko da txartelak saltzeko, urtarrilaren 11tik 17ra, ordutegi honetan:

  • Urtarrilaren 11tik 16ra, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 21:00etara.
  • Urtarrilaren 17an (igandea), 11:30etik 13:30era eta 16:30etik 18:00etara.

Txartel bakoitzak 0,60 euro balioko du, eta biltzen den dirua San Prudentzio egoitzari emango zaio.

Aurten sari hauek banatuko dira: ezkur txerri iberikoaren produktuen sorta, Teneriferako bidaia bi pertsonarentzat, sei eguneko zirkuitua Extremaduran barrena bi pertsonarentzat, gau bateko relax ihesaldia Orduña Plaza bainuetxe-hotelean bi pertsonarentzat, hiriko bizikleta bat, Principal antzokiko denboraldiko abonamendua bi pertsonarentzat, 10.1 hazbeteko tablet pc bat, Bluetooth bozgorailu bat, liburuak erosteko bonu bat, eta Laboral Kutxa Plus etxebizitza aseguru bat urtebeterako.

“Gasteiztarrak San Anton eguneko zozketa tradizionalean parte hartzera animatzen ditugu; urtarrilaren 17an (igandea) egingo da, arratsaldeko seietan, San Prudentzio egoitzaren alde. COVID-19ak eragindako osasun krisia dela eta, ez da ospakizunik izango Espainia plazan”, iragarri du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Informazio gehiago

 

 

 

 

 

 

 

Share

Gazteentzako ‘Kontsumo Txalentx’ txapelketaren lehen edizioak ohitura jasangarri eta arduratsuekin lotutako lau erronka proposatuko ditu

Gazteria Zerbitzuak eta IGIk sustatu dute txapelketa, eta 16 eta 30 urte bitarteko 3-6 gaztek osatutako taldeek hartu ahalko dute parte

 

Bihartik, abenduak 17, eman daiteke izena

 

 

 

 

Erronka: Gazteak izeneko Gazte Planak, besteak beste, mugikortasuna eta ingurumena lantzea du lehentasun, gazteak garraiobideen, uraren eta energiaren kontsumo arduratsuaz sentsibilizatzeko asmoz, baita hondakinak murrizteko eta berdeguneak errespetatzeko konpromisoaz ere. Estrategia horiek guztiz bat datoz Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak sustatzen dituenekin.

Horrexegatik, Gazteria Zerbitzuak KONTSUMO TXALENTX TXAPELKETA antolatu du IGIrekin batera. Taldeka 4 erronka dinamiko, kolaboratibo eta interaktibo gainditzea da helburua. Ohitura jasangarriekin lotutako jarduerak izango dira: mugikortasuna, energia eta ur kontsumoa, berdeguneak… Gasteizko gazteentzako proposamen berria, aisialdi osasungarri eta eraikitzailea sustatzeko.

‘Kontsumo txalentx’ txapelketak Gasteizko udalerrian bizi, ikasi edo lan egiten duten 16 eta 30 urte bitarteko 3-6 gaztek osatutako taldeak behar ditu. Bi kategoria egongo dira: 16-20 urte eta 21-30 urte.

Parte hartzen duen talde bakoitzak 4 erronka gainditu beharko ditu 4 astetan:

ERRONKA DATA
1 KONTSUMISMOTIK IHES EGIN:  SCAPE ROOM BIRTUALA abenduak 28- urtarrilak 3
2 JASANGARRITASUNAREN ALDE NAGO ETA BIDEOZ KONTATUKO DIZUT  urtarrilak 4-10
3 GOGOKO LOGOA  urtarrilak 11-17
4 OINEZ ETA BIZIKLETAZ HIRIAN ZEHAR: KM+, CO2 – urtarrilak 18-24
FINALA ZENBAT DAKIZU KONTSUMO JASANGARRIAREN INGURUAN? GALDEKETA urtarrilak 25-31

Kategoria bakoitzean bi sari emango dira:

  1. saria: 180 euroko opari-bonua talde txapeldunarentzat.
  2. saria: 100 euroko opari-bonua talde txapeldunordearentzat.

Bonuak “Gasteiz On” elkartearen saltokietan, ostalaritzan edo zerbitzuetan kontsumitu ahalko dira.

 2020ko abenduaren 17tik  22ra arte eman daiteke izena. Horretarako, taldeek mezu bat bidali beharko dute gazteria@vitoria-gasteiz.org helbidera. Aurrez aurre ere eman ahalko da izena, dokumentazioa Gazte Argibideetarako Udal Bulegora (Espainia plaza 1, behea) eramanez.

 

Share