Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-12-16)

Prentsaurrekoa. ‘Off the Lokal, bigarren atala’ aurkeztea

Parte hartzaileak. Josune Vélez de Mendizábal (Tranpola); Edu Hernando (Pez Limbo); Mikel Ayllón (Piszifaktoria Laborategia); Marina Suárez (Hara Nori); eta Marta Monfort, Udal Antzoki Sareko arduraduna

Eguna. Asteazkena, abenduak 16

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

————————————

San Martin auzoko adinekoentzako zentro soziokulturala inauguratzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Gizarte Politikak, Adinekoak eta Haurrak arloko zinegotzi Jon Armentia

Eguna. Asteazkena, abenduak 16

Ordua. 11:30

Tokia. Vera Fajardo Margolariaren kalea 5-7

——————————————-

APCE XVII. Biltzarraren Ongi Etorri Ekitaldia

Parte hartzaileak. Alkateorde eta Ekonomia Sustapen zinegotzi Maider Etxebarria

Eguna. Asteazkena, abenduak 16

Ordua. 19:00

Tokia. Europa Biltzar Jauregia

 

Share

Udalak gazteen aisialdirako eskaintza indartu du Eguberrietako oporretarako, Xtraclub programaren edizio berezia antolatuz

Udalak gazteen aisialdirako eskaintza indartu du Eguberrietako oporretarako, Xtraclub programaren edizio berezia antolatuz: ‘XtraGabonak’. 12 eta 18 urte bitarteko gazteentzako aisialdi eta denbora libreko jarduerak dira.

Aisialdiarekin, kulturarekin, abenturarekin eta kirolarekin lotutako 16 jarduera (264 leku) antolatu dira, proposamen askotariko eta dibertigarriak: henna, robotika, Tik-Tok, Magic kartak, sorpresa-piruletak, kart autoak, zuhaitz zirkuitua, argazkilaritza, hipika, ihes-gela, Sobrongo abentura-parkea, etab. “Gazteei oporretako aisialdirako jarduerak eskaintzea da programazioaren helburua, aisialdia modu osasungarri eta eraikitzailean erabiltzeko aukerak izan ditzaten, jokabide ezegokiak prebenitzeko xedez”, esan du Miren Fernandez de Landa Gazteria zinegotziak.

Lekuak mugatuak izango dira, edukierak errespetatzearren, eta jarduera guztietan indarrean dauden covid-protokoloak beteko dira. ‘XtraGabonak’ programazioari buruzko informazio osoa web-orri honetan aurki daiteke: www.vitoria-gasteiz.org/xtraclub.

Abenduaren 17ko 8.30ean irekiko da izena emateko epea. Xtraclubaren web-orrian, 010 telefonoan edo Gazteen Argibideetarako Bulegoan eman ahalko da izena. Baita gizarte etxeetan eta udal kiroldegietan ere. Udalaren kirol instalazioetako bazkideek % 40ko deskontua izango dute jardueren prezioan. Bazkide bakoitzak bi jardueratan eman ahalko du izena gehienez.

Share

Gasteizek APCEren urteko topaketa hartuko du, zeinean estatuko biltzar jauregi garrantzitsuenetako zuzendaritza taldeak elkartuko baitira

Bihar hasiko da Espainiako Biltzar Jauregien Elkartearen XVII. Kongresua Europa jauregian; hitzaldiak, mahai-inguruak eta aurkezpenak izango dira elkartearen 25. urteurrena ospatzen den honetan

Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak nabarmendu duenez, “aurrez aurreko biltzar jarduerak tokiko ekonomiari eusteko eta Gasteizko potentzial turistikoa ezagutarazteko duen garrantzia erakusten lagunduko digu” topaketak  

 

 

Espainiako Biltzar Jauregien Elkarteak (APCE) XVII. Kongresua egingo du Gasteizko Europa jauregian, abenduaren 16tik (asteazkena) abenduaren 18ra arte (ostirala). Hartara, pandemiak markatutako urte honetan profesionalen aurrez aurreko topaketak hartzeko gaitasuna erakutsiko du hiriak. Estatu osoko hogei biltzar jauregitako berrogeita hamar arduradun inguru elkartuko dira, antolatutako hitzaldi, mahai-inguru eta adituen aurkezpenetan parte hartzeko. Nabarmendu beharra dago aurten 25. urteurrena ospatuko duela APCEk.

Pandemia gorabehera, Gasteizek jardunaldi horien egoitza izatea lortu du, segurtasun-neurri guztiak beteta. Bihar, asteazkena, hasiko da kongresua, 19.00etan, Europa jauregian antolatu den ongietorriarekin; izena eman duten pertsonez gain, hiriko turismo eta biltzar sektoreko zenbait eragile gonbidatu dituzte ekitaldira. Gorka Aguinagalde eta Ana Pérezek aurkeztuko dute kutsu ludikoa izango duen topaketa hori. Horretaz gain, komunikatzaile eta adimen emozionalean aditu Íñigo Sáenz de Urturik ‘Komunikazioaren magia. Aurrez aurrekotasunaren balioa’ hitzaldia emango du.

‘Presentzialtasun hedatua eta jasangarritasuna covid-19aren ondoren’ da jardunaldien lema, eta antolatzaileek hainbat biltzar zentro eta jauregitako zuzendari eta komertzialen asistentzia baieztatu dute, hala nola Madril, Valentzia, Sevilla, Bilbo, Donostia, Iruñea, Burgos, Errioxa, Santander, Valladolid, Granada, Girona eta Malaga. Lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak nabarmendu duenez, “aurrez aurreko biltzar jarduera garrantzitsua da tokiko ekonomiari eusteko eta Gasteizko potentzial turistikoa ezagutarazteko duen garrantzia erakusteko. Sektorearentzat erreferentziazkoa den urteko topaketa hartzeaz gain, hiriaren erakargarrietako batzuk erakutsiko dizkiegu zuzendaritza talde horiei, Santa Maria katedrala, Ataria eta Salburuko parkea, besteak beste”.

Profesionalentzako topaketa ostegunean inauguratuko da, 9.30ean. Ondoren, Lan Harremanen Kontseiluko lehendakari  Tomás Arrietak ‘Testuinguru ekonomiko eta soziala: ziurgabetasuna kudeatzeko erronka’ izenburua duen hitzaldia emango du. Gero, mahai-ingurua egingo da, COVID19aren kontrako neurriak eta jardunbide jasangarriak integratzea hizpide dutela, zeinean Baluarte (Iruñea), IFEMA (Madrid) eta Valentziako Biltzar Jauregiko arduradunek hartuko baitute parte; kontratu eta aseguruei buruzko lantegi bat ere egingo da, eta otordu-zerbitzuen alorreko berrikuntzari buruzko hitzaldi bat. Arratsaldean Goiuri jauregira aldatuko dira jarduerak, Bartzelonako Nazioarteko Biltzar Zentroko arduradun Marc Rodríguezek ekitaldi hibridoen errentagarritasunaz eta revenue management edo sarreren kudeaketaz hitz egingo baitu bertan. Amaitzeko, urteko sariak banatuko ditu APCEk, Europa jauregian.

Ostiraleko programan, berriz, jarduera hauek aurkituko ditugu: merkataritza-aurkezpen bat, ekitaldi jasangarriei buruzko mahai-ingurua, eta errentagarritasuna sortzeko erronkei aurre egiteko adimen kolektiboa aplikatzeari buruzko hitzaldi bat.

APCEren biltzarra zen Europa jauregiko arduradunentzat urteko garrantzitsuenetako bat 2020an; udan egitea zegoen aurreikusita, baina abendura atzeratu behar izan zuten, datarik gabe, pandemiaren bilakaera nolakoa zen jakin arte.

APCEren estatuko biltzarraren programari buruzko informazioa

 

 

 

 

 

 

Share

Alkateak Gasteizen interesa jarri du guztiaren gainetik Subillan gasa dagoen ikertzeko lizentzia eman ala ez erabakitzerakoan

Gorka Urtaran bat dator Energiaren Euskal Estrategiarekin, baina hiriaren eta Plan Orokorraren defentsa lehenetsiko ditu gauza guztien gainetik

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak adierazi duenez, trantsizio energetikoari aurre egiteko irizpideak edozein direla ere, udalerrian gasa dagoen ala ez ikertzeko baimenaren inguruan Gasteizen defentsa lehenetsiko du.Lehentasuna Plan Orokorra eta udaleko hirigintza-arauak defendatzea da“. Orain eta beti, hemen eta beste edozein lekutan, beti defendatuko dut Gasteizen interes gorena“, azaldu du.

Alkateak azaldu duenez, Subillan gas naturala dagoen ala ez ikertzeko proiekturako udal lizentzia eskatu da, baina Udala ez da ekimen horren sustatzailea edo arduraduna. “Lurpean zer dagoen jakin nahi da, eta Udalak oraindik ez du iritzirik eman lizentzia emateari buruz. Hirigintza eta legedi azterketaren zain gaude”.

Gorka Urtaranek adierazi du guztiz bat datorrela Energiaren Euskal Estrategiarekin, “errealista delako eta ahalik eta eperik laburrenean % 100 berriztagarriak eta erabat garbiak diren energiak erabiltzea errazten duelako“. Helburu hori lortu artean, ordea, “urte batzuetan trantsizio aldi bat igaro beharko dugu, % 100ean energia berriztagarriekin elikatzeko helburu hori lortu arte“, zehaztu du.

Gogora ekarri duenez, “duela gutxi, Europako Batzordeak berriro esan du gasa ez dela trantsizio-energia txarrena. Gasa trantsizio-energia gisa onartzen da nazioartean, ikatzaren errekuntzaren CO2 erdia isurtzen duelako. Horregatik, trantsizio garairako zero kilometroko gasaren aldeko apustua egiten dut. Gas-garraioaren ingurumen-kostuagatik, sektorean lan egiten duten pertsonen lan-baldintzengatik, erauzketa-teknikengatik eta abarrengatik besterik ez bada, justifikatuta dago hemen egitea milaka kilometrora egitea baino”.

Urtaranen ustez, herritarrek eskubidea dute beren udalerrian energia-baliabiderik dagoen ala ez jakiteko, betiere ingurumena ahalik eta gehien errespetatuz egiten bada. Nolanahi ere, honako ideia hau azpimarratu du: “ni Gasteizko alkatea naiz beste ezeren gainetik, eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorra eta udal ordenantzak defendatuko ditut, beste edonork bezala, gure udalerria arautzeko eta babesteko xedatu baititugu horiek. Gasteiz da nire interes gorena. Herritar guztiak ordezkatzen ditut, orain eta beti, hemen eta beste edozein lekutan, eta beti defendatuko dut Gasteizen interes gorena”.

Horrenbestez, txosten teknikoak ikerketa baimentzen ez badu, alkateak oso argi dauka hiriaren interes orokorra guztiaren gainetik dagoela. “Ez dut Gasteizen interes orokorra inongo estrategiaren mende jarriko, ez energiarenean, ez bestelakoetan, ados egon arren. Ororen gainetik, nire hiriko alkatea naiz eta hiria defendatzeko nago hemen“, amaitu du.

 

 

 

Share

Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren… eta Euskara, Kultura … Batzordeak (22-12-2020)  

Webgunean eskuragarri daude Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritza eta Turismoaren eta Sozietate Publikoen Batzordea abenduaren  22an (asteartea), 9.00etan, egingo duen ohiko bilkuraren gai-zerrenda eta  Euskara, Kultura, Hezkuntza, Kirol eta Osasun Batzordea, 12.00etan, egingo duen ohiko bilkura gai-zerrenda

Share

‘Hator, hator Olentzero eta Mari Domingi’ ikuskizunerako gonbidapenak abenduaren 17ko (osteguna) 9:30etik aurrera erreserbatu ahalko dira

Udalaren webgunean eta 945 16 16 18 telefonora deituta erreserbatu behar da

‘Hator, hator Olentzero eta Mari Domingi’ ikuskizunerako gonbidapenak abenduaren 17ko (osteguna) 9:30etik aurrera eskuratu ahalko dira, hasiera batean aurreikusitako ordua baino ordu erdi geroagotik. Herritarrei zerbitzu hobea ematea eta web-orriak gainezka ez egitea lortu nahi da horrekin.

Sarrera doakoa izango da, baina ezinbestekoa da aldez aurretik erreserba egitea, www.vitoria-gasteiz.org/kultura helbidean edo 945 16 16 18 telefonoan.

Hainbat emanaldi izango dira: abenduaren 23an (asteazkena), 13:00etan, 16:00etan, 18:00etan eta 20:00etan, eta abenduaren 24an (osteguna), 11:00etan, 13:00etan, 16: 00etan eta 18: 00etan. Pertsona bakoitzak bost gonbit-txartel erreserbatu ahalko ditu gehienez, eta emanaldi bakarrera joan ahalko da.

Ikuskizunean, Olentzero eta Mari Domingi Gasteizko haurrekin elkartuko dira Gabon zoriontsuak opatzeko. Ez dira faltako musika,dantza, abestiak eta ilusioa, Gasteizko Folklore Akademiak eta Erraldoien Konpartsak ere hartuko dute parte eta.

Ikuskizuna 30 minutukoa izango da, 400 pertsonarentzat. Emanaldi bakoitzaren ordua baino 30 minutu lehenago irekiko dira ateak.

On line emanaldia

Gonbidapenik izan ezean ezingo dira Olentzero eta Mari Domingi ikusi, ez baitira kiroldegi aurrean agertuko, ez sartzean ez irtetean. “Hori dela eta, abenduaren 24ko azken emanaldia, 18:00etakoa, streaming bidez ikusi ahalko da zuzenean, udalaren webgunean, eta Eguberrietan ikusgai izango da, herritar orok atsegin hartzerik izan dezan “ adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

COVID-19aren ondorioz edukiera mugatu delarik, ezingo da heldu bat baino gehiago sartu haur bakoitzeko, hartara haur gehiagok ikusteko aukera izan dezan. Ahal dela, heldu bakoitzak haur bat baino gehiago eramatea gomendatzen du Kultura Zerbitzuak.

Sarrera izenduna izango da, zenbakitu gabea eta nahitaezkoa, ikusleen adina edozein delarik ere, eta eserlekuak banakakoak. Sarreran esleituko dira lekuak, eta ezingo da aulkirik lekuz mugitu.

Share

Udal liburutegiek blog propioa izango dute, Bibliogasteiz

Abenduaren 17an (osteguna) hasiko da gizarte etxeetako kultur jardueretan izena emateko epea

Udal liburutegiek blog propioa izango dute, sarea osatzen duten 23 guneen funtsak ezagutaraztearren. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok iragarri du hori, urtarriletik aurrera gizarte etxeetan antolatu den kultur jardueren programa aurkezteko prentsaurrekoan.

“COVID-19aren pandemiak eragindako itxialdian sortu zen Bibliogasteiz, liburutegiak itxita zeudenez gure irakurleekin harremanetan jarraitzeko premiazko baliabide bat izateko. Orain beste urrats bat egin dugu, tresna hori Udal Liburutegien Sarearen beste zerbitzu bat bihurtuta“, azaldu du zinegotziak.

Bibliogasteiz blogak itxura zaindu eta berritua du; hileko berritasunak nabarmentzen ditu, bai liburuei bai musika eta zinemari dagokienez, irakurleek horien berri izan dezaten.

‘Irakurketa gidak’ ere eskainiko ditu, gai zehatzekin lotutako liburuak proposatzeko. ‘Gomendioak’ atalean, berriz, zenbait lan eta egile nabarmenduko dira, ikuspegi berezi batetik. E-liburutegiko funts digitalen gomendioak ere ez dira faltako.

“Bibliogasteiz bloga eta bertako irakurketa gomendioak irakurtzeko zaletasuna sustatzeko beste modu bat da, liburutegietan eta irakurle klubetan parte hartzen duten publiko ezberdinei zuzendurik”, azpimarratu du Cantok.

Udalaren webguneko liburutegien ataletik du sarbidea.

Kultur jarduerak

Gizarte etxeetako kultur jardueren programazioaren barruan, jarduera artistikorako hastapen ikastaroak, kultur ikastaroak eta irakurketa klubak aurkeztu dira, besteak beste.

“Gure hiriko gizarte etxeetako agenda aldarazi zuen COVID-19ak, baina programak berreskuratzen ari gara pixkanaka. Unean-unean osasunaren arloko agintariek ezarritako segurtasun-neurriak hartuko dira ikastaroetan“, Cantoren hitzetan.

“Urrian bertan zenbait prebentzio-neurri hartu ziren: lekuak murriztea, pertsonen arteko distantzia gordetzea, maskarak erabiltzea, material eta tresneriak desinfektatzea, klaseen artean denbora tarte bat uztea, etab. Urteko azken hiruhilekoan hilabeteko ikastaroak egin ditugu, baina urtarrilerako handitu egin dugu eskaintza, eta ikastaro luzeagoak berreskuratuko ditugu, programazioa pandemiaren eboluzioari egokituz“, erantsi du.

Abenduaren 17an (osteguna) hasiko da epea jardueretan izena emateko, eta ikastaro bakoitza hasten den egunera arte egongo da zabalik. Gizarte etxe eta kirol instalazio guztietan eman daiteke izena (pilotalekuetan izan ezik), baita internetez ere, www.vitoria-gasteiz.org/gizarte-etxeak webgunean; ikastaro bakoitzari buruzko xehetasunak ere eskaintzen dira bertan.

Kultur ikastaroei dagokienez, orotara 11 ikastaro eskainiko dira 2021eko urtarriletik ekainera arte, eta bakoitzak 7 eta 15 saio artean izango du. Guztira 240 leku izango dira.

 “Kultur ikastaroen bidez, herritarrei kulturaren hainbat arlotako ezagutzak era didaktiko eta atseginean eskaintzen dizkiegu, betiere jorratuko diren gaietan adituak diren irakasleen eskutik.  Oraingo honetan, Juan Ibarrondo idazle eta kazetaria, La otra mitad astronomia elkartea, Jorge Barrio ekoizle eta zine zuzendaria, Jordi Boltes eta Alejandra Spagnuolo musikariak eta Ángel Martínez Montecelo EHUko irakaslea izango ditugu gure artean, besteak beste”, iragarri du zinegotziak.

Askotariko gaiak jorratuko dituzte: opera; gurutzadak; azken hamarkadetako euskal artea; azkenaldiko nazioarteko gatazkak; Arabako arkeologian protagonista izan diren pertsonak eta aztarnategiak; nekazaritza, elikadura eta ingurumenaren arteko erlazioa…

Jarduera artistikorako hastapen ikastaroetan, berriz, 185 jarduera ezberdin eskainiko dira 2021eko urtarriletik ekainera, haur, gazte, heldu eta familientzat, horietako batzuk euskaraz.

Oro har, sei hilekoak izango dira ikastaroak, baina badira hiru hilekoak ere (urtarriletik martxora eta apiriletik ekainera). Edonola ere, hilabetez hilabete egin edo berrituko dira izen-emateak.

Helduentzako ikastaroetan arlo hauek landuko dira: antzerkia, artisau koadernaketa, reflexekiko argazkigintza, Photoshopa, puntua eta kakorratz lanak, idazketa sortzailea, bertsolaritza, dantza inprobisazioa, euskal dantzak, Afrikako dantzak, kaxoi flamenkoa, marrazketa erraza, akuarela, olioa, zura lantzea, zeramika, etab.

Gazteentzat, besteak beste, gitarra, dantza urbanoa eta xaboiak egitea proposatzen da; umeentzat, zirkua, magia, balleta, zientzia dibertigarria, eta beste. Orobat, familientzako ikastaroak daude: dantza, zeramika, adierazpen plastikoa eta argazkiak egiteko irteerak.

 Irakurketa klubak

Bestetik, Udal Liburutegien Sareak irakurketa klubak berreskuratuko ditu, pandemia dela eta bertan behera geratu baitziren.

Bakarrik Elena Pirisek gidatzen duen irakurketa errazeko kluba egin da udazkenean, astero. Urtarrilean, berriz, klub hauek hasiko dira berriro biltzen: literatura latinoamerikarrari buruzkoa, Catalina Garcések dinamizatua; literatura garaikideari buruzkoa, Álvaro Arbinaren eskutik, eta  ‘Irakurri, pentsatu eta partekatu’ izenekoa, Juan Ibarrondorekin.

Umeek ere badute irakurketa klub propioa, haur literaturaren alorreko idazle Xabier Olaso irakasleak proposatzen dituen liburu eta irakurketez familiartean gozatzeko.

Jardueretan parte hartu nahi dutenek abenduaren 17tik aurrera eman dezakete izena, udalaren web-orrian edo gizarte etxeetan zuzenean.

Cursos Culturales_liburuxka

 

 

 

 

Share

Banakako erreserbak egiteko aukera udalaren kirol instalazioetan

Udalaren kirol instalazioetan banakako erreserbak egiteko aukera ematen du orain udalak, eta hau duela hiru aste bizikideek erreserbatzeko abian jarritako aukerari gehitzen zaio. Kirol espazio bakoitzean pertsona bakarrarentzat egin ahalko da banakako erreserba; ezingo da laguntzailerik bertan egon, eta beste pertsona batzuen beharrik gabe egin daitezkeen kirol-modalitateetarako pentsatuta dago (kanpo geratzen dira banaka praktikatzeko makinen aukera dutenak, esaterako tenisa edo padela).

Kirol modalitate hauetarako eskatu ahalko da instalazioen banakako erreserba:

  1. Frontoia (BETI JAI bakarrik): esku pilota, gomazko pilota, paleta argentinarra, larruzko paleta, frontenisa, zesta-punta. Pertsona bat erreserba bakoitzeko
  2. Squasha (pertsona bat erreserba bakoitzeko)
  3. Banakako kirol-jarduera kantxan: areto-futbola, saskibaloia, eskubaloia. Pertsona bat erreserba bakoitzeko

Erabiltzaileek Gasteizko Udalaren web-orriaren bidez egin ahalko dute erreserba, edo aurrez aurre, gizarte etxe eta kirol instalazioetako informazio eta kontrol zerbitzuetan. Norberak bere kirol-materiala erabili beharko du, halakorik beharrezkoa izanez gero, eta nahitaezkoa izango da oinetakoak aldatzea kirol-espaziora sartu aurretik.

12 urtetik gorakoek egin ahal dute erreserba, eta instalazioa bi orduz, gehienez, erabil daiteke. Erreserba zortzi egun lehenago eska daiteke, gehienez.

Azkenik, instalazioa erabili ahal izateko, identifikatu egin beharko da Informazio eta Kontrol Zerbitzuan, NAN/AIZ edo Udal Txartela (HUT) erakutsita. Kirola egitean errespetatu egin behar dira instalazioa erabiltzeko baldintzak, une bakoitzerako ezarritako osasun-protokoloak betez.

Share

Udaltzainen eta suhiltzaileen esku-hartzeak

Azken 24 orduotan, Udaltzaingoak zirkulazioko 10 istriputan esku hartu behar izan du eta ez da zauriturik izan horietan.

Sutea taberna batean

Suhiltzaileek Pio XII.a kaleko taberna batean pizutako sua itzali behar izan zuten atzo. Sutea frijigailu batean sortu zen eta establezimenduko sukaldean eragin zuen. Garrak itzali ostean, PSISZeko langileek lokala aireztatu eta komunitatean eta alboko lokaletan monoxidorik eta kerik ez zegoela baieztatu zuten.

Osasun arloko langileek pertsona bat artatu zuten kea arnastu zuelako, eta beste hiru antsietate-krisia zela eta.

 

Share