Prentsa Oharren banner

(EGUNERATUA – PRENTSAURREKOA BERTAN BEHERA) Prentsa-deialdiak (2020-12-10)

[BERTAN BEHERA] – San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala irekitzeko programaren aurkezpena eta zentroa ikusteko bisita

Parte-hartzaileak: Gorka Urtaran, alkatea, Maider Etxebarria eta Ana Oregi alkateordeak, eta Jon Armentia, Gizarte Politiken eta Adinekoen zinegotzia.

Eguna: abenduak 10, osteguna.

Ordua: 11.00.

Tokia: San Martineko AZSK, Vera-Fajardo Margolariaren kalea 7.


– Deportivo Alavés-en mendeurrena

Parte-hartzaileak: Gorka Urtaran, alkatea; Ramiro González, Arabako diputatu nagusia; Alfonso Fernández de Trocóniz eta Esther Díez, Alavésen ordezkariak.

Eguna: abenduak 10, osteguna

Ordua: 12:00

Lekua: Mendizorrotzeko prentsa-aretoa

 

Share

Vitoria-Gasteizko Udalak etaVital Fundazioak Salburua berriz ezagutzeko gonbita egin dute, lau gidaren berrargitalpenaren eskutik

  • Ibilbide bakoitzak bide bat hartzen du kontuan: ornitologikoa (hegazti-fauna), entomologikoa (intsektuak), botanikoa (lorea) eta herpetologikoa (anfibioak eta narrastiak)

 

Vital Ibilbideen berrargitalpena aurkeztu dute gaur Vital Fundazioak eta Vitoria-Gasteizko Udalak. Argitalpen horren bidez, lau ibilbide autogidatuak egin daitezke Salburuako parkean. Parke hori hiriko eraztun berdearen harribitxietako bat da, duen balio ekologikoa dela-eta. Ibilbide bakoitzak bide bat hartzen du kontuan: ornitologikoa (hegazti-fauna), entomologikoa (intsektuak), botanikoa (lorea) eta herpetologikoa (anfibioak eta narrastiak).

Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioko zuzendariak eta Ana Oregi Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintza Saileko zinegotziak gaur aurkeztu dituzte ‘Vital Ibilbideak 2020’. Lehen ere bazeuden ibilbide horiek, baina Salburuako parkeak azken urteotan izan duen bilakaerari buruzko informazio ugariz eguneratu dira.

COVID-19aren pandemiak ohitura-aldaketa eragin du herritar gehienetan, eta hiria eta bertako berdeguneak deskubritzeko gogoan goranzko joera antzeman da. Ingurune naturalak balioa handitu du, eta ohikoa da egunero milaka pertsona ikustea Vitoria-Gasteizko eraztun berdea osatzen duten hiri-inguruko parkeetatik ibiltzen.

Horietako bat ezagutzen laguntzeko, Salburuakoa hain zuzen, Vital Ibilbideak berrargitaratu dituzte Vital Fundazioak eta Gasteizko Udalak. Lau argitalpen dira eta parkean zehar ibilbide autogidatua egiteko aukera ematen dute, ibiltariaren interes zehatzaren arabera.

 

Vital Bide Berdeak ibilbide botaniko bat planteatzen du. Horren bidez, parkeko espazioak zeharkatzen dituen oinezkoen bidean aurki daitezkeen landare interesgarri gehienak ezagutarazten dira edozein urtarotan. Horretarako, ibilbide bat diseinatu da, eta ibilbide horretan, interes botanikoa duten puntu batzuk finkatu dira geldialdiak egiteko. Saiatu gara puntu horiek Salburuan aurki daitezkeen inguruneen adierazgarri izan daitezen, kontuan hartuta landarediari eragiten dioten faktoreak, hala nola tenperatura, hezetasuna, lurzoru mota, lurraren malda, orientazioa, etab. Horrela, adibidez, Malba Zuridun Belardiak, sahastiak, lezkadia edo makaldiak izeneko puntuak aurki daitezke.

Bigarrena, berriz, Vital Bide Urdina da, Salburuako hegazti-fauna zabala eta askotarikoa ezagutzeko ibilbidea. Urteko edozein sasoitan, egunez edo gauez, Arkaute, Larregana, Duranzarra eta Betoñuko urmaelen parajeak inguratzen dituen ibilbidean zehar, bisitariak hegazti-fauna zabala eta askotarikoa ikusi ahal izango du, oinezkoen bideko hainbat puntutan kokatutako informazio-panelen laguntzaz. Horien artean, kopeta zuri arrunta, murgil handia, martin arrantzalea, usapal turkiarra edo mokozabal arrunta identifikatu ahal izango ditu.

Intsektuak interesatzen zaizkionak Vital Bide Zuria kontsultatu beharko du. Ibilbidean zehar intsektu-espezie desberdinak behatzeko zenbait puntu finkatu dira. Geldialdiak aurkitzeko, hainbat faktore hartu dira kontuan, hala nola landaretza mota, landare-estaldura edo urarekiko hurbiltasuna. Gainera, geldialdi bakoitzean, espezie bakoitzaren berezitasunak biltzen dituen panel bat dago, bere ezaugarriei, berezitasunei eta behatzeko une espezifikoei buruzko informazioa duena. Kakalardo motak nabarmentzen dira, adibidez, urubia edo orein hegalaria, makaoi europarbritainiarra, Europako tximeletarik ezagunenetako bat, edo longikornio alpinoa, Salburuan bizi den intsekturik ederrenetako bat.

Azken ibilbidea anfibioei eta narrastiei eskainitakoa da, eta horiek ere ugari eta aberatsak dira Salburuan. Vital Bide Horian lau kilometroko zirkuitu bat egitea proposatzen da, urtaroaren arabera, uhandre palmatua, igel arina, sugandila iberiarra, apo pintatu iberiarra, apoarmatu korrontezalea edo suge gorbataduna ikusteko.

Lau gidaliburuek, gainera, hezegunea berreskuratzeari buruzko informazioa dakarte, esaterako, 1857 baino lehen non zeuden gutxienez hiru aintzira; parkera nola iritsi; bertara iristeko arauak edo gomendioak; dauden ekipamendua eta instalazioak nola erabili; nola orientatu hobeto bertan, nola ibili fauna molestatu gabe eta nola ez utzi arrastorik parkean.

Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioko zuzendariak gidaliburuen aurkezpenean nabarmendu duenez, zuzendari duen erakundeak gero eta inplikazio handiagoa du ingurumenaren babesean. “Vital Fundazioaren jarduera-ildo nagusietako bat da”, gaineratu du, eta, aldi berean, “Arabako gizartearekin duen konpromisoaren eta gure ondare naturala zaintzearen aldeko apustuaren barruan kokatu du; konpromiso hori 2021ean ere garatuko dugu. Vital Fundazioan, gainera, lotura zuzena dugu gure lurraldean ingurumen arloko garapen jasangarriaren helburuak garatzearekin, eta gure helburuetako bat da gure ingurune hurbilena zabaltzea, ezagutzea, gozatzea eta berekiko errespetua sortzea”.

“Paseo labur bat nahikoa da Salburuako hezeguneen balio ekologikoa ikusteko. Eremu hori oso garrantzitsua da hegaztiak geldialdia egiteko eta elikatzeko eremu den aldetik, baita balio kalkulaezina duen flora jakin baten habitata den aldetik ere. Vitoria-Gasteizetik hurbil-hurbil edertasun naturala eta balio handiko biodibertsitatea daukate. Adibidez, gaur egun ez dago erkidego mailako hezegunerik non ur-hegazti habiagileen hainbeste espezie ikus daitezkeen”, azaldu du Ana Oregi Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzako zinegotziak, eta Uribarri Ganboako urtegiarekin batera, Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (HBBE) izendatu dutela gogorarazi du. Salburua, gainera, Natura 2000 Sare Ekologiko Europarraren barruan dago, Garrantzi Komunitarioko Leku (GKL) den aldetik. Ana Oregiren iritziz, gaur aurkeztutako argitalpena “tresna didaktiko eta izugarri erabilgarria” da, “agian oharkabean pasatuko zaizkigun alderdi askotan lupa jartzeko eta Salburua berraurkitzeko”.

Ibilbide berriak www.fundacionvital.eus webgunean eta www.vitoria-gasteiz.org webgunean eta Salburua parkean bertan dagoen Ataria Zentroan aurkitu ahal izango dira.

 

 

Share

Mendizorrotzeko haur ikuskizunetarako sarrerak agortu dira

Goizeko 09:00etan jarri dira salgai Mendizorrotzeko Haur Ikuskizunen Erakustaldirako sarrerak. Lehen ordutik jende asko saiatu da sarrerak eskuratzen eta webguneak espero baino trafiko gehiago jasan, eta tartera kudeaketa arazoak izan ditu.

“Hator, Hator Olentzero eta Mari Domingi” eta “Ya vienen los Reyes Magos” ikuskizunetarako gonbidapenak abenduaren 17an eta 28an banatuko dira, hurrenez hurren. Hauek ere agortuko direla aurreikusiz, eta Gasteizko haur guztiek gustukoen dituzten pertsonaiak ikusteko aukera izan dezaten, ikuskizunak streaming bidez emango dira zuzenean, udalaren webgunearen bidez.

 

Share

Urtaranen gobernuak 2021erako aurrekontu-proiektua aurkeztu dio korporazioari

Alkateorde eta Ogasuneko zinegotzi Iñaki Gurtubaik 2021erako aurrekontu-proiektuaren xehetasun nagusiak aurkeztu dizkie talde politikoei. “Aurrekontu honen helburu nagusia da Gasteizko ekonomia eta gizartea suspertzea, eta horretarako hiru izango dira lehentasunak: gure osasuna babestea, ongizate politikak indartzea, eta enplegua sortzen laguntzea” gogorarazi du. Proiektuaren zenbateko osoa 388 milioi euro da (458,3 miloi sozietateen eta erakunde autonomoen aurrekontua gehituta), zeinean inbertsioetarako kapitulua nabarmentzen baita, 34,4 milioi euro, hau da, iaz baino hamar milioi gehiago.

Ohiko diru-sarrerak txikiagoak izango direnez, aparteko zorpetzearen beharra argudiatu du Gurtubaik. Izan ere, finantza-erakundeei 10,7 milioi euro eskatzea aurreikusi da datorren urterako, eta Aldundiari ere aparteko mailegua eskatuko zaio, 6,3 milioi eurokoa. Horretaz gain, FEPELeko urteko likidazioa bi urtez etetea hitzartu da Foru Aldundiarekin, beraz, datorren urtean 9.350.000 euroko zorra egingo da erakunde horrekin.

“Aurten zorpetzea tokatzen zaigu, beste edozein egoeratan baino gehiago, baina gogoan izanik zorrak itzuli egin behar direla eta, beraz, zentzuz jokatu beharra dagoela. Inbertitzeko zorpetu beharra dagoela uste dugu, inbertsio horrek tokiko ekonomiari eragiteko balioko baitu”, azpimarratu du Ogasuneko zinegotziak; inbertitzeko asmo horren adibideak eman ditu ondoren.

Ogasun Batzordeak aurrekontu-proiektuaren tramitazio egutegia onetsi du: urtarrilaren 14an agiria jendaurreko entzunaldian aurkeztuko da; urtarrilaren 21-22an, talde politikoen zuzenketak eztabaidatuko dira, eta urtarrilaren 26an, Udalbatzak proiektua onestea aurreikusten da.

“Aurrekontu ona da. Bada hobetzerik, ordea, eta oposizioko taldeek hala ulertzea espero dugu, onartzeko moduko hobekuntza-proposamenak planteatuz. Inork ez luke ulertuko Gasteizko Udalak datorren urtean aurrekonturik ez izatea. Gobernuaren erantzukizuna da, baina oposizioarekin partekatutako erantzukizuna, eta haiek zirkunstantziek eskatzen duten maila eman beharko dute”, amaitu du Iñaki Gurtubaik.

Argibide gehiago: 2021eko ekitaldirako Udal Aurrekontu Orokorren proiektua

Share

‘Erronka Gazteak’ gazteak eta COVID19a jardunaldia hartu du Europa Jauregiak

“ERRONKA: GAZTEAK. Gazteak eta  COVID-19a erronka eta aukera”, jardunaldia egin dute gaur Europa Jauregian, pandemiaren ostean gazteen erronka eta aukerak aztertzeko. Bertan izan dira Gorka Urtaran alkatea eta Miren Fernandez de Landa Gazteria zinegotzia.

Horretarako, Deustuko Unibertsitatearen, Gazteria eta Gizarteari buruzko Ikasketa Sarearen eta EGKren laguntza izango du Udaleko Gazteria Zerbitzuak. Bide batez, Erronka: Gazteak gazte plana aurkeztuko da, onartu berria izan dena.

Egitaraua esteka honetan jarraitu daiteke

Share

Atxilotua Badaia kaleko saltoki batean lapurretan ari zela

Udaltzainek 20 urteko bi gazte atxilotu zituzten atzo Badaia kaleko saltoki batean indarkeriaz lapurreta-delituaren ustezko egilea izateagatik. Patruila 11:00ak baino lehenxeago iritsi zen eta gaztea lokal barruan topatu zuten latexezko eskularru batzuk jantzita. Ondorioz, ebidentziak ikusita, atxilotu egin zuten. Guardiako epaitegiari dagozkion eginbideak egin ostean, aske utzi zuten.

Alkoholaren eta drogen kontrol-kanpaina

Udaltzaingoak zirkulazioko kanpaina berezia hasi du gaur eta urtarrilaren 6ra arte iraungo du. Gidatzeko garaian eragin negatiboa duten eta istripua izateko arriskua handitzen duten alkoholaren eta beste droga edo substantzia estupefaziente mota batzuen kontsumoa kontrolatzeko balioko du.

Kanpaina hori 2018-2023 Bide Segurtasuneko Udal Plan Estrategikoan jasotako zaintza- eta kontrol-ekintzen baitan sartu behar da.

Sutea edukiontzi batean

Suhiltzaileek Florida kaleko edukiontzi batean piztutako sua itzaltzen parte hartu behar izan zuten atzo. Udaltzainek garrak aurrez itzali zituzten arren, PSISZeko langileek sua bizi ez zedin lan egin behar izan zuten.

Bestalde, igandean Gorbean ondoezik jarri zen pertsona bat bilatzeko eta erreskatatzeko lan egin behar izan zuten.

 

Share

Ostegunetik aurrera, giza eskubideei buruzko “Palestina, agora artistikoa” erakusketa jarriko da ikusgai Montehermoson

Abenduaren 10a (osteguna) Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna dela eta, erakusketa bat jarriko da ikusgai Montehermoso kulturunean: “Palestina, agora artistikoa”, ikus-entzunezkoen alorreko sortzaile Zuriñe López de Sabandoren proiektua. Gasteizko Udaleko Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak antolatzen du giza eskubideak eta sorkuntza artistikoa deituriko deialdia, Montehermoso kulturunearekin batera, eta aurtengoa zortzigarren edizioa da.

Palestinako gatazkak 52 urte bete ditu, eta oraindik ere etengabeak dira bertako biztanleen eskubideen urraketak, bai Israelek okupatu edo hesitutako Palestinako lurraldeetan bizi direnenak bai inguruko herrialdeetan errefuxiatuta daudenenak.

“Palestina, agora artistikoa” lana duintasunaz mintzo da, eusteaz, itxaropena hortzez estutuz bada ere. Palestinako eta Euskal Herriko artisten arteko sei elkarrizketaren bidez, sei espazio bereiz baina iragaitzazko espazio bakar bat osatzen ditu. Arlo askotako adierazpideak —ikus-entzunezkoak, pintura, bertsolaritza, bideo-dantza, marrazketa, bideo eta argazki instalazioa, musika eta eskultura— elkarren artean uztartzen dira unibertso bakarra osatzeko.

“Une honetan munduan giza eskubideak zertan diren hausnartzeko eta kritikoki aztertzeko marko bat sortu nahi dugu. Eta arte ekintza garaikideen bitartez egin, askotariko adierazpideak baliatuz. Kontzientziak kitzikatzea da asmoa, emozioak eta sentipenak abiapuntutzat hartuz, baita arteak sortzen duen gogoeta berezi hori ere“, nabarmendu du Lankidetzarako zinegotzi Jon Armentiak.

“Palestina, agora artistikoa” ostegunean inauguratuko da Montehermoson, 19:00etan. Zentroko lehen solairu osoa hartuko du erakusketak, eta urtarrilaren 17ra arte ikusi ahalko da.

Jarduera osagarriak

Urtarrilaren 14an, Enrique Flores ilustratzaileak Jerusalemeko palestinarrei buruzko marrazkiak aurkeztuko ditu; urtarrilaren 17an, berriz, Pallasos en Rebeldía elkarteak zirku gala eskainiko du.

Share