Prentsa Oharren banner

Prentsa-deiadiak (2020-12-09)

Prentsaurrekoa. “Palestina, agora artistikoa”

Parte hartzaileak. Garapenean Lankidetzako zinegotzi Jon Armentia; Zuriñe López de Sabando, ikus-entzunezko sortzaileak; eta Iñaki Perez Gavela, musikaria

Eguna. Asteazkena, abenduak 9

Ordua. 10:15

Tokia. Montehermoso Kulturunea

———————————-

Prentsaurrekoa. “Vital Bideak” aurkeztea

Parte hartzaileak. Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko presendente Ana Oregi; eta Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibañez de Opacua

Eguna. Asteazkena, abenduak 9

Ordua. 10:30

Tokia. Vital Fundazioko prentsa aretoa (Vital Fundazioa Kulturunea, Bakea kalea 5, 1. solairua, Dendaraba).

——————————————-

‘Erronka Gazteak. Jóvenes y Covid 19. Reto y Oportunidad’ jardunaldiari hasiera ematea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Asteazkena, abenduak 9

Ordua. 11:00

Tokia. Europa Biltzar Jauregia, Francisco de Vitoria aretoa

Share

Asteburuko aurreikuspenak

Larunbata, abenduak 5

Kultura zinegotzi Estibaliz Canto Mazoka erakusketari hasiera emateko ekitaldian izango da 12:30ean, Montehermoso Kulturunean.

Share

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren batzordea atzeratuko da

Aurrekontuekin lotutako lanen lehentasuna aintzat hartuz, 2020ko abenduaren 9an deituta zegoen Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren batzordeko ohiko bilkura abenduaren 15era atzeratuko da, 12:00etan.

Share

Kantabrikoaren hiribidean 116 km/h-an gidatzeagatik salatua

Udaltzaingoak 33 urteko gidari bat salatu du; izan ere, atzo, Kantabrikoaren hiribidean 116 km/h abiaduran gidatzen zuen bitartean harrapatu zuten. Gizonak, orain, bideko segurtasunaren aurkako delituaren ustezko egile gisa erantzun beharko du eta horrek 3 eta 6 hilabete arteko espetxeratze-zigorra eta gidabaimena kentzea ekar diezaioke.

Bestalde, udaltzainek atzo arratsaldean 50 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, arma zuriarekin mehatxu larrien delitu baten ustezko egilea izateagatik. Florida kaleko establezimendu batean gertatu zen guztia, bere ordenagailua konpon zezaten eraman zuenean. Bertan, saltzailearen aurka jarrera bortitza izan zuen; gainera, lokalean kalteak eragiteaz gain, kuter batekin mehatxu egin zion saltzaileari.

Udaltzainek saltokiko bideozaintzako kamerek jasotako irudiak ikusi zituzten gizona atxilotu aurretik.

 

Suhiltzaileak 

Suhiltzaileek atzo 5 irteera egin zituzten gauean izandako haize-bolada handien eraginez eraikinetako eta hiriko altzarietako elementuak askatzeko zegoen arriskua zela eta. Gainera, Murgiara joan behar izan zuten mendiko txabola bateko sua itzaltzera. Gainera, bi butano-bonbona zeuden bertan.

Share

Lehiaketara atera da BEIaren kargatze-unitate funtzionala eraikitzeko kontratua

Lanek 5,6 milioi euroko inbertsioa eskatuko dute, eta Udalak milioi bat jarriko du

Kargarako guneak 16.000 metro koadro hartuko ditu, eta markesinak, lantegia, aldagelak, bulegoak eta biltegia izango ditu

 

Gasteizko Udala, Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia elkarlanean arituko dira BEAren kargatze-unitate funtzionala eraikitzeko. Kargatze geldoko sistema horrek 5,6 milioi euroko inbertsioa eskatzen du. Bai Udalak bai Aldundiak kopuru horren % 17 jarriko dute, hau da, 1.032.924,70 euro erakunde bakoitzak; Eusko Jaurlaritzak, berriz, % 65 jarriko du, hots, 3.836.577,48 euro. Joan den maiatzaren 14an sinatu zuten hiru erakundeek proiektua garatzeko behar den hitzarmena. Eta gaur, Gobernu Batzarrak kontratua lehiaketara ateratzea adostu du.

2018ko maiatzaren 10ean sinatu zen “Eusko Jaurlaritzaren eta Gasteizko Udalaren arteko Lankidetza Hitzarmena, Gasteiz hirian BEI ezartzeko sinatutakoaren osagarria” izeneko dokumentua. Hitzarmenaren xedea hiri-garraio publikoan elektrifikazioa ezartzeko jarduketa osagarriak sustatzea zen, hiria BEI sistemaz hornitzeko. Besteak beste, BEI sistemaren kargatze geldoko sistema hartuko duten kotxetegien eraikuntza proiektua idaztea.

BEIrako eta hiriko autobus flotarako kotxetegien eta tailerren eraikuntza faseka egingo da, bere garaian iragarri zen bezala. Lehenengo fasean autobus adimendunaren kargatze-unitate funtzionalerako beharrezkoak diren instalazioak egingo dira.

Gaur egun udal haztegiak dauden Udalaren jabetzako lursail batean jarriko dira kotxetegi berriak, zeinak 52.000 m2 baititu. Horietatik, 16.000 m2 BEAren kargatze-unitate funtzionalerako izango dira, autobus elektriko adimendunaren eraginkortasuna bermatzeko beharrezkoa den azpiegitura barne. Instalazioek 13 autobus elektrikoetarako aparkaleku plazak eta dagozkien markesinak, tailer mekanikoa, unitateak garbitzeko tokiak, aldagelak, perimetro-itxitura eta urbanizazioa izango dituzte.

Ondorengo fase batean, Gasteizko Udalak Tuvisako kotxetegiak, lantegiak eta eraikin administratibo berria eraikiko ditu lursail berean. Instalazioek bulegoak eta aldagelak izango dituzte, bi solairutan banatuta; orotara 1.878 m2 hartuko dituzte. Horrez gain, 1.213 m2-ko biltegia eta 2.884 m2-ko tailerra izango dituzte, BEAren mantentze-lanetarako eremuak aparte daudelarik. Garbiketarako eremuak berberak izango dira autobus guztientzat, eta 1.858 m2 hartuko dituzte. Nasen gune estaliak 110 autobus hartu ahalko ditu guztira, eta etorkizunean flota osoa elektrifikatuko dela kontuan hartuta, 10.029 m2-ko markesina bat izango du; panel fotovoltaikoak instalatuko dira horretan, ahalik eta energia-eraginkortasun handiena lortzeko.

Oinezkoentzako eta bezeroentzako arretarako sarbidea Juan Crisostomo de Arriaga kaletik egingo da, eta autobusak Zadorra hiribidetik sartuko dira, autobusen zirkulazioa hurbilen dauden etxebizitzetatik urruntzearren. Azpiegitura guztiaren lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 17.895.628 eurokoa izango da, eta egikaritze-epea, 9 hilabetekoa.

 

 

Share

(Audioaz gaurkotua) Osasuna, enplegua eta gizarte-ongizatea dira Gasteizko 2021erako aurrekontuaren protagonistak; orotara 388 milioi eurora iritsiko da aurrekontua

 

  • Inbertsioa 34,4 milioiraino igo da, eta horrek zuzeneko 500 enplegu baino gehiago sortzea ahalbidetuko du
  • Gizarte-politikek 43,4 milioi euro jasoko dituzte, eta ahalegin berezia egingo da adinekoentzako programetan

 

DOSSIER AURREKONTUA 2021

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Urtaranen gobernuak 2021erako aurrekontuaren proiektura eraman ditu Orain Gasteiz planean zehaztu zituen lehentasunak. Herritarren osasuna babestea, ongizate-politikak indartzea eta Gasteizko ekonomia babestu eta bultzatzea dira protagonista aurrekontuan; 388.002.502 euro da aurrekontu osoa (458.344.818 euro, udal-sozietate eta -erakundeen kontuak gehituz gero). Besteak beste, inbertsio publikoaren hazkunde handia nabarmendu behar da: 34,4 milioi euro, iaz baino hamar gehiago.

Langileen gastuak alde batera utzita, hiru arlo nabarmentzen dira gaur goizean Tokiko Gobernu Batzarrean onartutako aurrekontu proiektuaren baliabide ekonomikoen banaketan: Lurraldea eta Klimaren aldeko Ekintza, 46,4 milioi eurorekin; Ogasuna, 44,4 milioirekin; eta Gizarte Politikak, Adinekoak eta Haurrak, 43,4 milioirekin. Hiru arlo horiek 40 milioi euroko muga gainditzen dute, eta bizi-kalitatea bermatzeko beharrezkoak diren zerbitzuen multzo zabala biltzen dute. Ondoren datoz Mugikortasuna eta Espazio Publikoa, inbertsio bokazio argia duen saila (31,8 milioi euro) eta Udal Administrazioa eta Eraldaketa Digitala (28,8 milioi euro). Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Saila iazko aldean nabarmen hazten direnetako bat da, 12,8 milioi euroko zuzkidura izango baitu.

“Gasteizek behar duen berreraikuntzari aurre egiteko aurrekontua da, COVID-19 pandemiak eragindako kaltearen ostean. Berreraikuntza horrek ekonomikoa eta soziala izan behar du. Hiriaren oraintsuko historian inoiz ezagutu gabeko egoera bat izan arren, ezarritako lehentasunei erantzuteko ahaleginari eustea lortu dugu 2020an, hau da, inor atzean ez uztea, gure osasuna babestea eta gure sare ekonomikoari egindako kaltea handiagoa ez izatea lortzea. Orain, datorren urteari begira, indartzeko eta berreraikitzeko unea da, Udala hiria suspertzeko eragile aktibo bihurtuz“, adierazi du Gorka Urtaran alkateak; lehen alkateorde Maider Etxebarriarekin eta alkateorde eta Ogasun zinegotzi Iñaki Gurtubairekin batera aurkeztu du kontuen proiektua.

Maider Etxebarriak azaldu duenez, “argi dago osasuna dela lehena, baina badakigu, baita ere, koronabirusak eragin negatiboa izan duela familietan, ekonomian eta lan merkatuan. Horregatik da inoiz baino garrantzitsuagoa funtsezkoan zentratzea. Eta gaur hona aurrekontu-proiektu soziala ekarri dugu, gure sare ekonomikoa ere zaintzen duena. Susperraldiaren aurrekontua”. Pandemia osasuna eta ekonomia itotzen ari den une honetan, pertsonak, merkataritza eta industria zaintzearekin dugun konpromisoa berresten dugu“, gehitu du zinegotziak.

 

Inbertsioa % 38 handitu da 

Jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren sustapena bi modutan islatzen da 2021eko aurrekontuan: alde batetik, igo egin da Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailaren zuzkidura espezifikoa; bestetik, inbertsioa, oro har, 34.443.660 euroraino igo da, iaz baino ia 10 milioi gehiago, bereziki Vitoria-Gasteiz Green Deal itunarekin bat datozen proiektuak garatzeko.

Inbertsioen alorra handitu egin da, jarduera ekonomikoa bultzatzearren, eta horrek isla izango du lan-merkatuan, zuzeneko 521 lanpostu sortuko baitira. “Enplegua sortzea da egin daitekeen gizarte-politikarik onena, eta aurrekontu honetan sartu ditugun inbertsioek enpresei jarduera emango diete, jarduera ekonomikoa dinamizatuko dute eta 500 lanpostu baino gehiago sortuko dituzte, mantentzen laguntzen diren enplegu guztiak kontatu gabe. Gainera, etorkizuneko proiektuak bultzatuko ditugu, Gasteiz ekonomia berdearen esparruan erreferente gisa sendotzen jarraitzeko “, adierazi du alkateak.

Proiektu nabarmenak 

2021erako aurrekontuan sartutako proiektuen artean, mugikortasun iraunkorrak inbertsio sorta zabala biltzen du, legegintzaldiko proiektu handiak garatzeko:

  • Tranbia Salburura zabaltzea: 2.084.000 € (horiei 4.036.900 € gehituko zaizkie 2022 eta 2023 artean).
  • Bus elektriko adimendunaren obrak amaitzea: 2020an sortutako diru-soberakinak erabiliko dira.
  • BEAren karga-unitate funtzionala: 5.302.426 € (gehi  2020an sortutako soberakinei dagozkien 600.000 euro).
  • Bizikleta azpiegiturak: 200.000 €.

 

Gasteizko auzoetarako aurreikusitako obretan ere egingo dira inbertsioak, agintaldian zehar kontzeptu horretan 100 milioi euro inbertitzeko konpromisoa betetzeko asmoz. Besteak beste, honako proiektu hauek nabarmentzen dira:

  • Espazio Publikoaren Gida Plana: 4.500.000 €.
  • Biktimen Oroimenezko Zentroaren ingurua eraberritzeko bigarren fasea: 1.000.000 € (1.200.000 € gehituko zaizkio 2022an).
  • Superetxadiak ezartzea: 2.000.000 € (gehi beste 2 milioi euro 2022 eta 2023 artean).
  • Santa Barbara plazako zamalanak lurperatzea: 1.200.000 €.
  • Vitoria-Gasteiz Hobetuz: 1.450.000 €, herritarrek azken parte-hartze prozesuan hautatutako proiektuak osatzeko. Era berean, beste edizio bat jarriko da martxan, eta 2022an eta 2023an 1.500.000 euro bideratzea aurreikusten da.

 

Udal ekipamenduetarako inbertsioetan ere egingo da ahalegin ekonomikoa:

  • Udal eraikinetako inbertsioak: 1.403.000 € (gehi 3.017.000 € 2022 eta 2023 artean).
  • Mendizorrotzeko atletismo-pista berritzea: 1.000.000 €.
  • Astronomo kaleko futbol-zelaia eraberritzea: 550.000 €.
  • Principal antzokia eraberritzea: 320.000 €, eta 2022 eta 2023 artean inbertitu beharreko beste 5 milioi euro.

Ingurumen-politikak dira Gasteizen bereizgarrietako bat, eta arlo horretan, besteak beste,  2.545.000 euro aurreikusi dira Gardelegiko zabortegiaren aurrezigilatzerako, azpiegitura horren beharrei erantzuteko.

 

Enplegua sortzeko funts gehiago 

Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailaren aurrekontua 12.894.957 euro izango da, aurten baino % 7,5 gehiago. Enplegua sortzera berariaz bideratutako partidak 6 milioi euro dira, hainbat programatan banatuta, hala nola Eskualdeko Enplegu Plana (ia 200 pertsona kontratatzea ekarriko du) eta Gazteen Enplegu Plana (70 gazteri lehen lan-esperientzia emateko).

Nabarmentzekoak dira enplegua sortzera bideratutako partidak, 7,6 milioira iristen baitira ( % 11,7ko igoera), eta merkataritzara, ostalaritzara, ikus-entzunezko sektorera, enpresak sortzera eta ekintzaileentzako beketara bideratutako laguntzak, milioi bat eurotik gorakoak (% 53,4ko igoera).

Gainera, plan ekonomikoak kontuan hartzen du Gasteiz turismo-helmuga gisa sustatzen jarraitu behar dela, eta horrek 1,2 milioitik gorako ahalegina eskatuko du. Aldi berean, aurrekontu-proiektuan 500.000 euroraino handitu da Via sozietatearentzako ekarpena, Forondako aireportua sustatzeko.

Bokazio sozial nabarmena 

Gizarte-arloan, aurrekontua 43,4 milioi eurokoa da (langile-gastuak kontuan hartu gabe), behar handiena duten pertsonei eta familiei laguntzeko eta hiri bidezkoagoa eta ekitatiboagoa eraikitzen laguntzeko.

Ildo horretan, adinekoen arloan, udal kontuetan handitu egin da Etxean Laguntzeko Zerbitzurako partida, 12,4 milioiraino, eta Adinekoen Bulegoa irekitzea aurreikusi da (40.000 euro). Bulego hori 2021ean irekiko da, baita Berpizkundearen plazako eguneko arretarako zentroa ere, adinekoek beren komunitate-ingurunean ahalik eta denbora gehien jarraitzerik izan dezaten.

Bestalde, aurrekontu-proiektuan % 21 igo dira udal laguntzak, eta 4,8 milioi bideratuko dira pertsona ahulenei laguntzera. Horrez gain, 4,6 milioi euro gorde dira gizarte larrialdietarako laguntzetarako (GLL), eta jantoki publiko berri bat egitea aurreikusi da (59.711 euro) datorren urterako, zeina Arkupeetan dagoenari gehituko baitzaio. Familientzako laguntzak ere protagonismoa du Urtaranen gobernuaren proiektu ekonomikoan, esaterako, babesgabetasun arin eta moderatuko egoerei laguntzeko programen bidez (erresilientzia-programak 297.840 euro izango ditu, eta gizarte-hezkuntzako zentroenak, 1.375.000).

 

Udal zerbitzuak mantentzea eta indartzea

Kalitateko zerbitzu publikoek, orobat, leku handia hartzen dute aurrekontu-proiektuan, protagonista nagusi batekin: garbiketa eta hondakinen bilketa-, tratamendu- eta birziklatze-zerbitzua, horretarako 41.413.004 euro aurreikusi baitira.

2021erako egitasmo ekonomikoan presentzia handia duten beste zerbitzu batzuk honako hauek dira: garraio publikoa (TUVISAri 15.612.697 euroko ekarpen ekonomikoa egitea aurreikusten da), berdeguneak mantentzea (4.105.000 euro) edo jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko programak garatzea (5.166.513 euro).

 

Zorroztasun ekonomikoa 

Kopuru orokorretan, Udalaren aurrekontua 4,7 milioi euro jaitsi da iazko datuekin alderatuta. Hala ere, inbertsioak 10 milioi gehiago dira. Hori egiteko, gastu arruntaren gaineko kontrol handia aurreikusten da: 2020an 350,4 milioi euro izatetik 2021ean 336,6 milioi izatera igaroko da.

 

 

 

 

Share

Gasteizek bat egin du “Hiri Berdea, hiri garbi eta osasungarriak Europarentzat” akordioarekin

Gasteizek beste konpromiso bat hartu du nazioarteko iraunkortasun-estrategiekin. Udal Gobernuak “Hiri Berdea, hiri garbi eta osasungarriak Europarentzat” —(Green City Accord, Clean and Health Cities for Europe (GCA)— akordioarekin bat egitea onetsi du. Europako Batzordearen ingurumen-ekimen berri hori 2020ko urriaren 22an abiarazi zen, Europako hiriek ingurumena babesteko duten konpromisoa biltzeko asmoz, airearen, zarataren eta uraren kalitatea hobetuz, natura eta biodibertsitatea kontserbatuz eta hobetuz, eta hondakinen kudeaketa eta ekonomia zirkularraren sustapena indartuz.

Hiri Berdea akordioa sinatuz, Gasteizek Europako beste hiri batzuekin partekatzen du hirien etorkizuneko ikuspegia, 2030. urtean herritarrek aire garbia arnastu, edateko ura eduki eta parke eta berdeguneez gozatu ahal izan dezaten, eta inguruneko zarata-maila baxuagoak izan daitezen. Ikuspegi horretan txertatuta dago, halaber, ekonomia zirkularra errealitate bihurtzea, jatorriko gaikako bereizketa ekoizleen ohiko jarduera izatea eta hondakinak balio ekonomikoa duten lehengai bilakatzea.

Sinatzen duten hirietako alkateek konpromisoa hartuko dute aurre egin behar dieten ingurumen-erronka premiazkoenei heltzeko, herritarrekiko lankidetza estuan, anbizio handiagoarekin, beren lurraldeak garbiagoak, osasungarriagoak eta baliabideen erabileran efizienteagoak izan daitezen 2030erako.

GCA akordioak tokiko gobernuei helburuak lortzeko tresnak eta finantzaketa eskainiko dizkie. Europako Batzordeak hiriei lagunduko die, sareak sortzeko eta finantzatzeko aukerak emanez.

Akordioak Europako beste ekimen batzuekiko koherentzia sustatuko du tokian-tokian, eta Europako Itun Berdea (European Green Deal) eta garapen jasangarriko helburuak (GJH) betearazten lagunduko du, bereziki hauek: bizitza osasuntsua bermatzea eta guztiontzako ongizatea sustatzea adin guztietan (3. GJH); uraren eskuragarritasuna eta kudeaketa jasangarria eta guztiontzako saneamendua bermatzea (11. GJH); hiriak eta giza kokaguneak inklusiboak, ziurrak, erresilenteak eta jasangarriak izan daitezela lortzea (12. GJH); ekoizpen- eta kontsumo-eredu jasangarriak bermatzea (12. GJH), eta lehorreko ekosistemen erabilera jasangarria zaindu, ezarri eta sustatzea, basoak modu jasangarrian kudeatzea, desertifikazioaren kontra borrokatzea, lurren degradazioa geldiarazi eta inbertitzea, eta aniztasun biologikoaren galera gutxitzea (15. GJH).

Akordio horri atxikiz, hiriek 2030erako funtsezko 5 arlotan beren ahaleginak areagotzea adostu dute:

  • Airea: airearen kalitatea nabarmen hobetzea, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) airearen kalitateari buruz ezarritako jarraibideetara hurbilduz eta Europar Batasuneko (EB) airearen kalitateari buruzko arauek ezarritako mugen urraketekin lehenbailehen amaituz.
  • Ura: aurrerapen esanguratsua egitea gure ur-masen kalitatean eta uraren erabileraren eraginkortasunean.
  • Natura eta biodibertsitatea: gure hiri-biodibertsitatea kontserbatu eta hobetzeko aurrerapen nabarmena egitea, gure hirietan berdeguneen hedadura handituz, hiri-biodibertsitatearen galera murriztuz eta bertako ekosistemak leheneratuz.
  • Ekonomia zirkularra eta hondakinak: ekonomia zirkularrerantz aurrera egitea, etxebizitzek sortutako hondakinen kudeaketa nabarmen hobetuko dela, hondakinen sorrera eta isurketak nabarmen murriztuko direla eta berrerabilpena, konponketa eta birziklapena nabarmen handituko direla ziurtatuz.
  • Zarata: hirietako kutsadura akustikoa nabarmen murriztea, OMEk gomendatutako mailetara hurbiltzeko.

Hiri Berdea, hiri garbi eta osasungarriak Europarentzat akordioaren helburuak bat datoz Gasteizko Udalaren ingurumen-helburuekin, eta, beraz, atxikitze hori egokitzat eta onuragarritzat jo da hiri jasangarriagoa eta pertsonentzat erakargarriagoa eraikitzeko, garapen jasangarriaren helburuak lortzeko bidean aurrera egiteko eta balio eta helburu berberekin konprometitutako beste udalerri batzuekiko lankidetza sendotzeko“, nabarmendu du Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregik.

 

Share

(Zuzenduta) Erronka:Gazteak jardunaldia asteazkenean, pandemiaren ostean gazteen erronka eta aukerak aztertzeko

Asteazkenean, 2020ko abenduaren 9an, “ERRONKA: GAZTEAK. Gazteak eta  COVID-19a erronka eta aukera”, jardunaldia egingo da Europa Jauregian, pandemiaren ostean gazteen erronka eta aukerak aztertzeko. Horretarako, Deustuko Unibertsitatearen, Gazteria eta Gizarteari buruzko Ikasketa Sarearen eta EGKren laguntza izango du Udaleko Gazteria Zerbitzuak. Bide batez, Erronka: Gazteak gazte plana aurkeztuko dugu, onartu berria izan dena.

Egitaraua web orrian duzue eskuragarri, eta izena emateko, formularioa bete behar da eta adierazi aurrez aurre edo telematikoki  parte hartuko duzuen, bi aukerak baitaude.

 

 

Share