Prentsa Oharren banner

Landa-eremuko ahaleginari eutsiko dio Gasteizko Udalak 2021ean

Herrietan hainbat obra egitea, espazio degradatuak berreskuratzea eta espazio publikoak mantentzea aurreikusten da udal-aurrekontuen proiektuan

Herritarrentzako zuzeneko zerbitzuen partidak lehenetsi ditu gobernuak, berdintasunaren eta bizikidetzaren arloan

Gazteentzako aisialdiko eta denbora libreko proiektuek 364.000 euro dituzte erreserbatuta

 

Landa-eremuko ahaleginari eutsiko dio udal-gobernuak 2021ean, arloko zinegotzi Miren Fernández de Landak aurkeztutako aurrekontu-proiektuaren arabera.

Hainbat obra aurreikusten dira herrietan, 150.000 eta 100.000 euroko partidekin, eta orobat espazio degradatuak berreskuratzea —30.000 euro— eta espazio publikoak mantentzea —281.000 eurotik gora—, besteak beste. Landa-eremuan hondakinak biltzeko eta El Salvador hilerria mantentzeko milioi bat eurotik gorako partida dago erreserbatuta.

Berdintasun, Bizikidetza eta Aniztasun eta Gazteria zerbitzuen aurrekontu-aurreikuspenak ere azaldu ditu Miren Fernández de Landak, gaur arratsaldean.

Arlo horietan, herritarrentzako zuzeneko zerbitzuen partidak lehenetsi dituela gobernuak, azaldu du zinegotziak.

Gazteriari dagokienez, aisialdiko eta denbora libreko programek —Gauekoak, Extraklub, Gazte Arte, Gazte hitzak, Gazte Factiry eta beste— 364.000 euroko partida izango dute. Erronka Gazteak gazte-planak 100.000 euro izango ditu, gazteentzako aholkularitzek 106.500 euro eta proiektu komunitarioek 40.000 euro.

Berdintasun Zerbitzuan, planifikatutako Berdintasun Planeko jarduerek 40.000 euroko inbertsioa izango dute, Jabetze Feministarako Eskolak 120.000 euro, indarkeria matxistaren prebentzioak 80.000 euro eta sexu- eta genero-aniztasunaren agendak 20.000 euro. Berdintasun Zerbitzuari zuzenean atxikitako ekintza horiez gain, zinegotziak gogorarazi du gizon eta emakumeen berdintasunean aurrera egitearekin zerikusi zuzena duten hainbat partida sartu direla beste sail batzuen aurrekontuetan ere —Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Saila, Gizarte Politiken Saila, Giza Baliabideen Saila, Ekonomia Sustapenaren Saila, Osasun eta Kirol Saila eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Saila—.

Bizikidetzari eta aniztasunari dagokienez, zurrumurruen kontrako estrategia sendotuko da —36.000 euro—, Bizikidetza Planera 131.000 euro bideratuko, “Elkarrekin bizitzen ikasi” programara 21.000 euro, Hiri Hezitzaileen programara 17.100 euro, eta itzulpen eta interprezio zerbitzura eta zeinu-hizkuntzaren zerbitzura 28.000 euro.

Share

Prentsa-deialdia (2020-12-11)

– Prentsaurrekoa. Cortada 2021 jaialdiaren aurkezpena.

Parte-hartzaileak: Estíbaliz Canto, Gasteizko Udaleko Kultura zinegotzia; Arantxa Ibáñez de Opakua, Vital Fundazioaren zuzendaria; Iván Igartua, EHUren Arabako campuseko errektoreordea; Ivan Saldaña, Gasteizko hotelen ordezkaria; Blanca Foronda, Baskonia/Alavésen ordezkaria; Maite Ruiz de Austri, APIKAren lehendakaria; David Pedrosa, ECPV- Euskadiko Zinema Eskolaren zuzendaria, eta Kepa Sojo, Cortadaren zuzendarikidea.

Cortadan parte hartzen duten zuzendari arabarrek ere hartuko dute parte ondoren: Olatz Alonso, Myriam Ballesteros, Aitor López de Aberasturi, Imanol Ortiz, Julen de la Serna, Paul Urkijo, Estibaliz Urresola eta Sonia Pacios, eta Cortadaren zuzendarikidea.

Eguna: abenduak 11, ostirala.

Ordua: 12:00.

Lekua: Vital Fundazioa Kulturunea (Dendaraba)

Share

Udalak Iparralde gizarte etxea, Samaniego ikastetxea, Astronomo kaleko futbol-zelaia eta Mendizorrotzeko atletismo pista eraberrituko ditu

Hobetuz programaren barruan,  Aldaiako kirol-zelaiak, Zabalganeko hiri-baratze berria, Malizaheza kalearen berrikuntza, ‘Haurren Auzoa’ eta Lakuabizkarra eta Ibaiondoko trafiko soluzioak gauzatuko dira.

Gasteizko zinegotzi Borja Rodríguezek bere ardurapean dituen bi sailen 2021erako aurrekontuak aurkeztu ditu gaur. Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak 28.818.000 euroko zuzkidura ekonomikoa izango du, eta horietatik 5.944.000 euro inbertsioetarako erabiliko dira, % 10 gehiago.

“Ikastetxeetan, adinekoen zentroetan, gizarte etxeetan eta kirol instalazioetan egingo ditugu inbertsioak. Iparralde, Samaniego ikastetxea, Astronomo kaleko futbol-zelaia eta Mendizorrotzeko atletismo pista eraberrituko dira”, nabarmendu du Rodríguezek.

 Lan horiek enplegua sortzeko balioko dute. “Tokiko ekonomia sustatzen duen motorra izan nahi dugu. Gurekin lan egiten duten enpresa gehienak txikiak eta ertainak dira, edo gure hiriko autonomoak“, azpimarratu du.

Rodríguezek bere kontuetako zenbait partida aletu ditu, esaterako, energia kudeatzeko ekipoak berritzeari dagokiona, zeina 550.000 euroan geratuko baita, iaz % 358 igo zelarik.

“Energia elektrikoz hornitzeko kudeaketa iraunkorrerako kontratu berriak berokuntza sistemak dituzten eraikin guztietan esku hartzea aurreikusten du, datozen bost urteetan guztira 6.847.040,71 euro inbertitzeko”, azaldu du: “ikastetxeak eta Gizarte Politiken Sailaren eraikinak energia elektrikoz hornitzeko bi kontratutan % 100ean jatorri berriztagarria izan beharko du horrek. Eraikin jasangarriagoak eta eraginkorragoak eduki ahal izateko jarduerak bultzatzen jarraitzeko asmoa dugu”. 

Zinegotziak bere egin du Udalaren eraldaketa digitala sustatzeko eta herritarren zerbitzura egongo den administrazioa osatzen jarraitzeko konpromisoa, pandemiaren garaietan ezinbestekoa bihurtu baita. Horrekin lotuta, 170.000 euroko urteko zuzkidura aurreikusi da E-administrazioaren Gida Planerako partidan.

Gainera, azpiegitura eta komunikazioen ekipoak berritzen jarraituko da 2021ean, 550.000 euroko partida baten bitartez: zerbitzariak, zuntza, sareak, segurtasun-kopiak…

Orobat, 100.000 euroko partida sartu da segurtasun-planarekin lotutako ekintzak sustatzeko, sistema eta datuen segurtasuna hobetzeko xedez.

 

Herritarren Partaidetza, Gardentasuna eta Gizarte Etxeak

Borja Rodríguezek zuzentzen duen beste sailaren kontuak ere azaldu ditu, hots, Herritarren Partaidetza, Gardentasuna eta Gizarte Etxeak. Horren zuzkidura ekonomikoa 4.746.220,24 euro da, 2020an baino % 7 gehiago.

Inbertsioetarako kopurua bikoiztu egin da, 1.560.000 euroraino. “Mejorando VG Hobetuz programarako partida hirukoiztuko dugu, bukatzeke dauden ekintzak burutu ahal izateko: Aldaiako kirol-zelaiak, Ortubi (Zabalganeko hiri-baratze berria), Malizaheza kalearen berrikuntza, ‘Haurren Auzoa’ eta Lakuabizkarra eta Ibaiondoko trafiko soluzioak“, iragarri du.

Zinegotziak gogorarazi du joan den urtarrilean onetsi zela Herritarren Partaidetzaren Plan berria; udal talde guztiek adostu zuten agiria, agintaldi honetarako bide-orria izan dadin.

Partaidetza politikak eta gardentasuna irmo bultzatzen jarraitu nahi dugu, baita gizarte etxeen sarea ere, hiriko harribitxietako bat baita“, nabarmendu du.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share

San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala abenduaren 16an irekiko da; udal sareko handiena izango da

San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala datorren astean irekiko da, abenduaren 16an; udal sareko 16.a izango da, eta handiena.

Podologia, ile-apaindegi eta informazio zerbitzuak jarriko dira martxan; bestetik, osasun-parkearen zerbitzua urrian abiatu zen, eta Piztu zure auzoa programaren talde eragilea azaroaren bukaeran hasi zen biltzen.  Abenduaren 21etik aurrera 1-3 egun irauten duten zenbait jarduera eskainiko dira, hainbat alor lantzeko: teknologia berriak, hezkuntza, osasunaren sustapena, aisialdia, harremanak, eskulanak… Geroago bi eta lau hilabeteko ikastaro eta jarduerak antolatuko dira.

Zentroak zeregin garrantzitsua beteko du San Martinen, auzoan 60 urtetik gorako 3.600 pertsona bizi baitira; baliabide berriaren erabiltzaile potentzial horiei Txagorritxu eta Lovaina inguruko beste pertsona batzuk gehituko zaizkie, horietan ere zentroak izan arren.

“San Martineko zentroarekin auzokoen eskaera historiko bati erantzungo diogu, eta auzoa balio handiko gizarte-baliabide batez hornitzeko helburua betetzen; adinekoak elkartzeko gunea izateaz gain, hainbat zerbitzu eta programa eskainiko dizkie parte hartzeko, osasuna hobetzeko eta segurtasuna emateko. Bestela esanda, zahartze aktiboaren bidezko ongizateaz eta bizi-kalitateaz ari gara“, azaldu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Hiru areto

San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala jartzeko Udalaren Teknologia Berrien Zerbitzuak erabiltzen zituen bulegoak baliatu dira; 1.300 m2 dira, aparteko hiru aretotan banatuta.

Lehenengoak 68 m2 du, eta jarduera fisikoak egingo dira bertan. Bigarrena da zabalena (740 m2) eta zentroko programazio eta zerbitzuen zatirik handiena hartuko du: lantegiak, prestakuntza-gela, ikus-entzunezkoen gela, informazio zerbitzua, ile-apaindegia eta podologia zerbitzua, baita kudeatzaile-talderako bulegoak ere. Hirugarrenean (488 m2) elkartze-aretoa, kafetegia, mediateka, hemeroteka, hiri-laborategia eta jantokia daude.

Gizarte Politiken zinegotziaren iritziz, “honelako baliabideen bitartez, adinekoek elkartzeko leku bat izan dezaten nahi dugu, ikasteko aukera ematen duen, osasuna eta ongizatea sustatzen dituen eta bizitza soziala eta parte-hartzea ahalbidetzen dituen programazioa eta zerbitzuen karta eskainiz. Hori guztia batuz gero, mendekotasuna prebenitzeko eta autonomia pertsonala sustatzeko errezetarik onena izango dugu”.

Irekitze ekitaldia

Inaugurazioa dela eta, bihar, abenduak 11, informazio-materiala banatzen hasiko da auzoko saltoki eta entitateetan, irekieraren berri emateko.

Hilaren 16an (asteazkena) inauguratuko da, eta egun horretan, baita 17an eta 18an ere, informazio-karpa bat jarriko da zentroaren kanpoaldean, hiru egun horietan programatutako bisita gidatuetan parte hartu nahi dutenek izena eman dezaten. Bisitek 30 minutu iraungo dute, eta gehienez 5 pertsonak osatuko dituzte taldeak.

Auzokideek zein jarduera egin nahi duten iradoki ahalko dute karpan, “gure asmoa delako erabiltzaileek, auzokoek eta gizarte-eragileek definitzea programazioaren zati bat, San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala jarduera-edukiontzi handia izango baita“, gehitu du Armentiak.

Zentro soziokulturalak

Gasteizko adinekoentzako zentro soziokulturalak duela 40 urte baino gehiago sortu ziren. 35.000 erabiltzaile dituzte, hau da, hiriko 60 urtetik gorako pertsonen erdiak dira ohiko erabiltzaile.

2015ean Lakua-Arriagako inauguratu zenetik ateak irekitzen dituen lehen zentroa da San Martinekoa.

Share

Larrugile kaleko merkatari eta bizilagunekin bilera, kale hori Eguzkilore eremua bihurtzeko aukera aztertzeko.

 

-Lanak datozen asteetan egitea aurreikusita dago

Udalak aurrera jarraitzen du hirian superetxadiak bultzatzeko planarekin, gune komunak izateko aukera emango duten topaguneak sortuz. Zentzu horretan, Larrugile kalea Eguzkilore eremua bihurtzeko proposamena aurkeztu diete, gaur, kale horretako bizilagun eta merkatariei Gorka Urtaran alkateak eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren arloko zinegotzi Raimundo Lopez de Escuderok. Lanak datozen asteetan egitea aurreikusita dago. Azken hilabeteetan beste gune batzuetan egindako ekimenei gehitzen zaie hau, hain zuzen ere San Antonio kalekoari eta Judimendi eta Adurtzako zenbait gunetakoei.

 

Larrugile kaleko diseinu berriak Veronica Werckmeister artistak diseinatutako eguzkilore batzuk izango ditu marraztuta kalearen sarrera-irteeretan. Elementu horiek gune babestu batera sartzen dela sinbolizatuko dute, oinez ibiltzeko, jolasteko eta gozatzeko gune batera. Eguzkiloreen marrazkiak dituzten seinaleak eta S28 seinalea jarriko dira, oinezkoentzako lehentasun-eremu bat dela adierazten duen testuarekin batera.

Gaur goizean proposatutako diseinu berriaren ezaugarri deigarrienetako bat kale guztia zeharkatuko duen zebrabideasimetriko’ moduko bat da, oinezkoentzako lehentasunezko espazioa dela gogorarazteko. Bide-marra horiek hainbat neurri izango dituzte, eta piktograma berriek indartuko dituzte, beste erabilera batzuk sustatzeko: haurrak jolasean, bizikletak…

Bizikleta-aparkalekuak eta hiri-altzariak –loreontziak eta eserlekuak, besteak beste– jartzea proposatzen da. Gainera, ostalaritza-establezimenduek mahaiak galtzadara ateratzeko aukera aurreikusi da. Bizikletak galtzadatik zirkulatu ahalko dira, baimendutako erabileretako bat izango baita. Hori bai, bidegorririk gabe, bide horren erabilera partekatua izango baita eta oinezkoen lehentasuna errespetatu beharko baitute.

Oinezkoentzako espazioa irabazteko formuletako bat, lineako aparkalekuak bateriako aparkaleku bihurtzea izango da, kale-zatika antolatuta. Batzuetan aparkalekuak kalearen alde batean jarriko dira, eta beste batzuetan, beste aldean. Horrenbestez, orain arte ibilgailuek erabiltzen zituzten espazioetako batzuk libre geratuko dira. Era berean, motorrentzako aparkalekuak ere sortuko dira.

Datorren urtean Julián Apraiz kalean ere antzeko zerbait egiteko asmoa dagoela jakinarazi du udalak bileran.

 

Share

Jardueren eskaintza, entitateei laguntzea eta sektoreko proiektuak berreskuratzea izango dira Kirol eta Osasun Sailaren 2021eko aurrekontuaren xedeak

Pandemiaren aurreko jarduera- eta instalazio-eskaintza osoa berreskuratzea, hirian kirola sustatzen duten entitateei babesa ematea eta agintaldiaren hasieran iragarritako proiektuei heltzea; horiek izan dira Kirol eta Osasun Sailaren hurrengo urterako aurrekontua taxutzeko orduan aintzat hartu diren hiru helburuak. 8.662.201 eurokoa izango da aurrekontua, guztira, eta erdia baino zertxobait gehiago, 4,6 milioi euro, Gasteizko ekipamendu-sare zabalari eusteko baliatuko da.

 

Udal Administrazioaren Sailari atxikitako bi inbertsio garrantzitsu gehitu behar zaizkio kopuru horri: 550.000 euro, Astronomoetako futbol-zelaia eraberritzeko, eta milioi bat euro, Mendizorrotzeko atletismo-pista eraberritzeko. “Bi obra horiek oso albiste onak dira kirolarentzat, eta 2021eko aurrekontuan aurreikusitako inbertsio-ahaleginaren erakusgarri dira, hiriaren susperraldi ekonomiko eta soziala helburu”, adierazi du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek.

 

Instalazioekin batera, pertsonak dira kirol arloko aurrekontuaren bigarren jarduera-ardatz nagusia, 2.540.000 euroko partidarekin, hainbat eragilerekin lankidetzan garatzen diren programetan laguntzera zuzenduko baita.

 

Hirugarren ekintza-ardatza kirol-ekitaldiena da, eta 140.000 euro izendatu dira horretarako, Livia Lópezek azaldu duenez: “Gasteizko kirol-egutegi ugaria eta askotarikoa osatzen duten hitzordu guztiak —handiak eta ez hain handiak— berreskuratu eta bultzatzen saiatuko gara, guztiak baitira garrantzitsuak”.

 

Pandemiak atzeratzera behartu zuen proiektuak berreskuratzeari dagokionez, hiru dira nabarmentzekoak:

 

  • Kirol Zerbitzuaren genero-eraginari buruzko azterlana (15.000 euro). Azterlan horren bitartez, baliabide ekonomiko eta materialen xedeak nola eragiten duen jakin nahi da, edo ezarritako irizpideek berdintasun- eta ekitate-printzipioen arabera eragiten duten.

 

  • Kirolaren Foroa abian jartzea (6.000 euro), elkarteekin eta erabiltzaileekin solastatu eta kontrastatzeko, komunikazioa eta interakzioa hobetzea helburutzat harturik.

 

  • Ekitaldiak Antolatzeko Gida argitaratzea (10.000 euro), hirugarrenek —handi nahiz txikiek— sustatzen dituzten kirol-proiektu edo -programa guztiei erraztasunak eta aukerak emateko asmoz.

 

Osasun Publikoaren Zerbitzua

 

Osasun publikoaren arloko politikei dagokienez, pandemiaren ondorioz sortutako premiei erantzuteko sailaren berariazko funtsez gain, hainbat ekintza-ildotarako izendatutako zenbatekoak nabarmentzen dira —hala nola herritarren osasuna sustatzeko programak (322.116 euro) eta sektore soziosanitarioarekin egindako hitzarmen guztiei eustea (455.110 euro, 31 hitzarmenetarako)—, elikagaien segurtasunera, osasungarritasunera eta babesera bideratutako partidak handitzeaz gain. Animalien kudeaketaren arloan, berriz, 218.471 euro izango dira.

Share

Atxilotua bere enpresan 13.000 euro baino gehiago lapurtzeagatik  

Udaltzainek atzo 50 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo ondarean aurkako delitu baten ustezko egilea izateagatik. Ustez, 13.000 euro inguru lapurtu zituen lan egiten duen enpresako kutxa gotorretik.

Guztia urriaren erdialdean gertatu zen, enpresa bateko kutxa gotorretik zenbateko hori lapurtu zutela zioen salaketa jaso zutenean Agirrelandan.

Ikerketa Unitateko agenteek langileei hainbat elkarrizketa egin zieten eta, adierazpen guztiak entzun eta langile batzuk baztertu ostean, bertako bideozaintzako kamerekin jasotako irudiak berrikusi zituzten. Irudiei esker, lapurretaren erantzulea nor izan zen jakin izan zuten.

Udaltzainak atzo joan ziren bere bizitokira, Salburua auzoan, eta atxilotu ondoren, Agirrelandako polizia-etxera eraman zuten. Guardiako epaitegiari dagozkion izapidetzeak egin ostean, bere etxebizitza erregistratu zuten eta han topatu zuten lapurtutako diruaren zati handiena. Gizonezkoa aske utzi zuten eta, zitazioa jasotzen duenean, epailearen aurrean agertu beharko du.

Azken hogeita lau orduotan, zirkulazioko bederatzi istripu gertatu dira eta lau pertsona zauritu dira horietan.

Ibilgailu bat sutan

Gaur goizeko, osteguneko, 06:30 inguruan, suhiltzaileek Burgu udalerrian ibilgailu batean piztutako sua itzaltzen lagundu behar izan dute. Atzo, berriz, Jeronimo Roure kaleko lonja batean zegoen koltxoian piztutako sua itzali behar izan zuten.

 

Share

Radar berri bat erosiko du Herritarren Segurtasunaren Sailak, eta jantziak eta ekipoak berritzen jarraituko  

Herritarren Segurtasunaren Sailaren 2021erako aurrekontu-proiektua milioi bat eurotik gorakoa da (1.012.872 euro), sailaren arduradun politikoak, Marian Gutiérrez zinegotziak, gaur goizean jakinarazi duenez.

“2020koaren antzeko kontuak dira, baina Udalaren diru-sarrera orokorren jaitsieraren errealitatera egokituta”. Egungo egoera ekonomikoa gorabehera, jantziak eta ekipoak berritzeko ahaleginari eusten zaio sailaren aurrekontu-proiektuan, Udaltzaingoko eta Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko profesionalek zerbitzurik onena eta baldintzarik onenetan eman dezaten.

Udaltzaingoan, 245.000 euro baliatuko dira jantziak eta uniformeak berritzeko —balen kontrako txalekoak barne, 2020an hasitako bidetik, agente bakoitzak berea izan dezan—, baita motor-gidarien kaskoak ere, irrati-sistema bat integratzeko.

Suhiltzaileen jantziak berritzeari dagokionez, 2022an iraungiko diren esku hartzeko ekipoen parte bat ordeztea aurreikusten da, aurrekontu-proiektuan. 160.000 eurotik gora beharko dira jantzi horiek berritzeko, eta, horietatik, 40.000 euro 2021ean gastatuko dira. “Datorren urtean ekingo diogu horiek berritzeari, dena hurrengo ekitaldiaren kontura joan ez dadin”, azaldu du Marian Gutiérrezek.

Inbertsioen atalean, Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuaren ibilgailuak berritzen jarraituko da (50.000 euro), baita Udaltzaingoarenak ere (67.500 euro), eta, gainera, beste radar bat erosiko, ekipamendu eta instalazioak erosteko partidaren kontura (60.000 euro).

 

 

 

Share