Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-12-04)

Prentsaurrekoa. Tokiko Merkataritzaren Gabonetako kanpaina aurkeztea

Parte hartzaileak. Merkataritza zinegotzi Igor Salazar; Merkataritza foru zuzendari Felipe Garcia; Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendari Elena Moreno; Fundación Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibañez de Opacua; eta Gasteiz On elkarteko presidente Diego Martinez de San Vicente

Eguna. Ostirala, abenduak 4

Ordua. 10:30

Tokia. Errementari kalea, 94 (Gasteiz On)

————————————————-

Prentsaurrekoa. 2021ko Vitoria-Gasteizko Udalaren aurrekontuak aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Alkateorde eta Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotzi Maider Etxebarria; eta Alkateorde eta Ogasun zinegotzi Iñaki Gurtubai

Eguna. Ostirala, abenduak 4

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko Kintoen aretoa (Harrera aretoaren ondoan)

Share

Elurteetarako planaren larrialdi aurreko fasea aktibatu da

Datozen egunetarako eguraldi iragarpena kontuan hartuz, Udalak elurteetarako larrialdietako plana aktibatu du, larrialdi aurreko fasean.

Suhiltzaileen eta FCCren baliabide propioak erabiliko dira fase honetan.

Euskalmetek ohartarazi du bihar, ostirala, elurra egin dezakeela 1000 metrora; goizaldean 700-800 metrora jaits daiteke elur-maila, eta 600 metrora ere irits liteke. Arratsaldean eta gauean 500-600 m inguruan ibiliko da.

Goizaldean arinak edo moderatuak izan daitezke prezipitazioak; goizean, berriz, ez da prezipitazio askorik espero.

Share

Patxi Zubizarreta eta Xabier Olarrak haur eta gazte literaturaren alorreko Vitoria-Gasteiz itzulpen sariak jaso dituzte

Gaur, Euskararen Nazioarteko Egunean, Udalak sustatutako haur eta gazte literaturaren alorrean euskarara egindako itzulpenik hoberenentzako “Vitoria-Gasteiz” sariak banatu dira, Oihaneder Euskararen Etxean egindako ekitaldi batean. Aurtengo irabazleak, sarien 17. edizioan, Patxi Zubizarreta eta Xabier Olarra itzultzaileak izan dira, ‘Plein plein plein d’animaux’ eta ‘Catriona’ obrengatik. Bide batez, Udalbatza osatzen duten talde politikoen bozeramaileek Euskararen Nazioarteko Egunarekin lotutako erakunde-adierazpena irakurri dute.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek diploma eman die bi itzultzaileei. Alexandra Garibalen ‘Plein plein, plein d’animaux’ —‘Animalia asko, pila bila’— liburuaren itzulpenagatik lortu du saria Patxi Zubizarretak, eta 9.000 euro eskuratu ditu. Jatorrizko liburuaren berezitasuna, hitz-jokoak eta umorea euskarara ekartzeko gaitasuna azpimarratu da. Gainera, epaimahaiak adierazi du oso maila altuko itzulpena dela Zubizarretarena.

Xabier Olarrak, ordea, Robert Louis Svensonen ‘Catriona’ren itzulpenagatik lortu du saria. 9.000 euro eskuratu ditu ere. Kasu honetan, egindako lanaren kalitatea eta itzulpenean lortutako hizkuntza-maila altua goraipatu dute. Epaimahaiaren hitzetan, “itzulpen borobila” da. “Euskara dotore eta, aldi berean, erraz eta lehen irakurketan ulertzeko modukoa da”, esan dute.

Alkateak itzultzaileek egiten duten lana aldarrikatu du. “Zuen ahalegina eskertzen dizuet horrelako lanak gurera ekartzeagatik”, esan du Gorka Urtaranek. “Haizeak eramaten ditu hitzak, baina idatzita dagoena betirako geratzen da. Euskararen kasuan, biak bateragarriak eta beharrezkoa da. Beharrezkoa da gure hizkuntzak hegan egitea, baina baita gure hizkuntza liburuetan finkatzea”, aipatu du.

 

Adierazpena

‘Vitoria-Gasteiz’ sariak banatzearekin batera, Euskararen Nazioarteko Egunarekin lotutako erakunde-adierazpena irakurri da ekitaldian. Alkateaz gain, euskara zinegotzi Iñaki Gurtubai eta talde politiko guztien ordezkariek hartu dute parte: Igor Salazar (PSE-EE), Miren Larrion (EH Bildu), Ainhoa Domaica (PP) eta Gema Zubiaurre (Elkarrekin).

2020KO EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNERAKO ADIERAZPENA https://bit.ly/36AIa05

 

Share

Udalak kanpaina bat sortu du Gasteizko ostalariak egoera berrira egokitzeko egiten ari diren ahaleginari keinu bat egiteko eta herritarrak eramateko ontziak birziklatzera animatzeko

 

“Yo me comprometo. Har eta egin on” kanpainaren bidez ontzi konpostagarrien birziklatzea sustatu nahi da, azken asteetan ugaritu egin baita horien erabilera.

 

Osasun neurriak direla eta, ostalaritza sektoreak egoera berrira moldatu behar izan du, eta ugaritu egin dira “eramateko” zerbitzuak; horrek, berriz, herritarren ohiturak aldatzea ekarri du.

Udalak hiriko ostalaritza-establezimenduen ahalegina eta konpromisoa aitortu nahi izan du, baita aldaketetara egokitzeko ahalmena ere, baina beharrezkotzat jo du herritarrak sentsibilizatzea, kafea edo janaria eramateko ontziak zuzen birziklatzen ikas dezaten, egoki ez diren paperontzi edo edukiontzietara bota ordez. Horretarako, “Yo me comprometo. Har eta egin on” kanpaina jarri dute martxan. Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi César Fernández de Landak eta Hondakinen Kudeaketarako Ataleko buru Joseba Sánchezek azaldu dituzte gaur goizean kanpainaren helburu nagusiak; kanpaina “oso puntuala da, eta guztiontzat berria den garai honetan sortutako behar berrien ondorio.

Udalak argi dauka zein ahalegin handia egiten ari diren hiriko establezimenduak osasun-larrialdira egokitzeko.  Horren erakusgarri, gero eta ohikoagoa da ontzi konpostagarriak erabiltzea, eragin txikiagoa dutenak eta birziklatzen errazagoak, baina herritarrek material horiek bereizten ikasi behar dute, eta gai organikoak biltzeko edukiontzi marroietara bota. Bestetik, birziklatzeari dagokionez Gasteizko gizartea heldua bada ere, oraindik bada salbuespenik, eta horiexek  nabarmentzen dira gehien; izan ere, kafe edalontziz edo eramateko janarirako ontziz gainezka dauden paperontziak ikus daitezke hiriko leku batzuetan. Ezin dugu atzerapausorik eman, eta kanpaina honen bidez ontzi horiek dagokien edukiontzira botatzeko beharra azpimarratu nahi dugu”.

Ikusizko kanpaina da, sare sozialen bidez zabaltzeko pentsatua. Ostalarien eta herritarren arteko elkarrizketa irudikatzen dute mezuek, konpromisoa hartzera gonbit eginez, “on egitera”, ostalariek berek egiten duten bezala: “Ni moldatu egin naiz, zure ondoan jarraitzeko… eta ni, birziklatzen jarraitzeko”; “Nire jatetxe kuttuna ontzi konpostagarrietara pasatu da… eta nik ontzi horiek birziklatzen ikasi dut”; “Nik kompromisoa hartzen dut tokian-tokikoarekin… Eta haiek konpromisoa hartzen dute bizikletaz egindako bidalketekin”.

Igor Salazarrek, berriz, pandemiak ostalaritza bete-betean jo duela nabarmendu du, “behin eta berriro egokitu behar izan duelako higiene eta osasun betebeharrei. Hala ere, sektoreak bidegabeki seinalatu dute, eta gure laguntza guztia behar du. Horregatik berresten dugu konfiantza izan behar dugula taberna eta jatetxeetako langileen profesionaltasunean, eta bezeroei erantzukizunez joka dezaten eskatzen diegu”. Merkataritza zinegotziak adierazi duenez, “sen oneko kontua da: maskara jantzi eta distantzia gordetzen dugun bezala, hondakinekin ere zuzen jokatu behar dugu”. Salazarrek gogorarazi du Ekonomia Sustapenaren Sailak datorren astean argitaratuko dituela ostalarientzako laguntzak, 600 euro lokal bakoitzeko.

“Yo me comprometo. Har eta egin on” (pdf)

 

 

 

 

Share

2021ean Umbra Light Festival egingo da berriro Gasteizen

Udalaren, Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren sostenguari esker egin ahalko da ekitaldiaren bigarren edizioa

 

2021ean, Arabako hiriburua berriro beteko da argiz eta musikaz, Umbra Light Festival ekitaldiarekin. Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren sostenguari esker egin ahalko da ekitaldiaren bigarren edizioa; pixkanaka kultura-agenda berreskuratzea eta merkataritza, ostalaritza eta turismoa suspertzen laguntzea da asmoa.

Alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren zinegotzi Maider Etxebarriak, bigarren diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren foru diputatu Cristina Gonzálezek eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu Javier Hurtadok ekitaldia elkarrekin antolatzeko konpromisoa agertu dute gaur prentsaurrekoan; 2019an egindako lehen edizioak arrakasta handia lortu zuen.

Maider Etxebarriak epe ertainerako proiektuak lantzen joateko beharra azpimarratu du, “gure merkataritza, ostalaritza eta turismo-enpresetan” jarduerak sortzen laguntzeko: “Umbra Light Festival bezalako goi mailako ekitaldiek horretan laguntzen dute zalantzarik gabe. Lehen edizioak, oker ez banago, 84.000 pertsonatik gora bildu zituen hiriko kaleetan”. 

Cristina Gonzálezek iragarri duenez, “dagoeneko prestatzen ari garen” hiri eta lurralde ekitaldietako bat da Umbra Light Festival. “Osasun egoeraren eboluzioaren mende gaude, jakina, baina espero dugu ordurako normaltasunera itzuli izana, eta argiz egindako artearen jaialdia 2021eko azaroan egin ahal izatea. Helburu horrekin ari gara lanean“.

Javier Hurtadok azpimarratu du, azkenik, turismoaren garapen iraunkorra dela bere sailaren politiken ardatz estrategikoetako bat, eta nabarmendu du Umbra Light Festival jaialdiaren bigarren edizioa guztiz bat doituko zaiola lan-ildo horri; izan ere, “argi-instalazio guztiek Nazio Batuen garapen jasangarriko helburuak izango dituzte gai nagusi eta komuntzat”.

Argia3 elkartea arduratuko da 2021eko  Umbra Light Festival ekitaldiaren antolakuntza teknikoaz. Dagoeneko prestaketa faseetan ari dira: azken hilabeteetan bi lehiaketa deitu dituzte, artista ospetsuek zein artista gazteek argi instalazio eta proiekzioen proposamenak eta diseinuak aurkez ditzaten, ekitaldiaren hurrengo edizioaren edukia kalitate gorenekoa izango dela bermatzeko; 2021eko azaroan izango da ziur aski.  Jaialdiaren web-orria eta marka-irudia ere berritu dira.

Informazio gehiago

 

Share

2020KO EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNERAKO ADIERAZPENA

Euskara, aurrerabide

Gizartea euskaraz biziberritzea helburu

 

 

Inoiz inork pentsatuko ez zukeen eran jo gaitu gaitzak. Beste horrenbeste, gaitzaren ondorioek. Mundu osoa, gizarte guztiak, egitura guztiak, pertsona guztiok jarri gaitu geure benetako neurriaren aurrean, buruz buru. Kupidarik gabe utzi du agerian ahaztu nahi genukeen zerbait: zaurgarriak gara; zaurituta gaude.

Erantzukizunaren bidetik heldu diogu erronkari, denon indarrak batuz. Bai baitakigu ez dagoela beste irtenbiderik. Euskararen hiztun gizarteak ere sufritu du pandemiaren eragina, bereziki erabilera mailan. Zentzu horretan, erakunde publikoen betebeharra da herritarrei euskaraz egitea eta zerbitzuak euskaraz eskaintzea, baina ez diogu nahi bezala erantzun.

konpromisoa sendoa eta egindako lana handia izanagatik ere, ezin izan diogu nahi bezala erantzun.

Euskaldunok, baina, ezin dugu ahaztu badela funtsezko ekarpen bat, gizarte-ahalegin itzel eta miresgarri horren osagai ezinbestekoa eta geure esku soilik dagoena: euskaraz egin behar diogu aurre mundu mailako krisiari; euskaraz egin behar dugu ilunpetik argira eramango gaituen bidea; euskaraz sendatuko gara, euskaraz sendatuko dugu geure gizartea; euskaraz besarkatuko ditugu mundu osoko gizakiak. Bat garelako. Euskaraz bat mundu osoarekin.

Horixe da euskaldunok –neurri batean edo bestean euskaraz bizi garen munduko herritarrok, alegia– euskara gero eta gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiliz giza garapenari egiten diogun ekarria. Gizarte kudeaketa aurreratuari gaineratzen diogun balio erantsia.

Banaka heltzen diogu, jakina, euskaraz gero eta gehiago bizitzeko konpromisoari. Nahitaezko zutabea baita norberaren eginahal hori edozein aurrerabidetan, oso bereziki gizarte prozesu konplexuetan, eta horixe da euskara biziberritzea helburu duena ere: gizarte prozesu konplexu bat, ertz eta osagai ugari duena.

Ongi asko dakigu hori mundu osoko euskaldunok.

Badakigu, besteak beste, euskaldunok euskararen hiztun gizartea osatzen dugula, eta Euskaraldian norberaren erabakimenetik abiatzen dela euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzerakoan inguruan hainbatetan sortzen zaizkigun oztopoak gainditzeko bulkada.

Baina badakigu, era berean, ezinbestekoa dugula elkarrengana biltzen gaituen bulkada ere. Norabide biko bektorea baita euskara eta euskaldunok lotzen gaituena: Euskara gure kultura-tradizioaren parte delako. Baina gure etorkizunaren zati garrantxitxua ere bada.

Bide horretatik heldu zaizkio beti euskarari aurrerapauso behinenak: norberaren eta gizartearen konpromisoak sendo uztartzetik; unean uneko beharrizanei euskaraz erantzuteko erabaki sendotik; etorkizunerako bidea euskaraz zolatzeko euskal instituzioek, gizarteak eta gutariko bakoitzak egindakotik.

Besteak beste, ondoko konpromisoak hartuz:

Euskarazko ekoizpen eta jaduera kulturalaren beharrei lehentasuna ematea, sortzaileei lanak garatzeko behar dituzten baliabideak emanez.

Adin guztietarako euskarazko literatura bultzatzea, gazte-literatura barne.

Euskal Telebistan zinema-izenburu nabarmenak, lehen mailako fikzio serieak eta dokumentalak eta euskarazko askotariko animazio sustatzea.

Euskaraldiak eskaintzen digu aurten berriz ere zailtasunak aukera bilakatzeko abagunea, krisia aukera bihurtzeko lanabesa. Ingurumari aldrebesean dator, ezbairik gabe, aurtengoa, eta horrek areagotu egingo du guztion eta bakoitzaren konpromisoaren balioa, administrazio eta baita administrazio eta erakunde publikoek duten egitekoarena ere.

Aurtengoan, balio berezi batez apainduko da ahoa bizi, belarria prest eta bihotza kartsu dugun guztion ekimena. Aurtengoan, inoiz baino erabakigarriagoa izango da euskararekiko gertutasunezko keinu praktiko oro, euskal hiztunongandik zein euskararen zabalkundean erdaretatik lagundu nahi dutenengandik datorrela ere. Esanahi berezi batez jantziko da aurten, ezinbestez, euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzeko ahalegina: egokitu zaigun ataka larritik ateratzeko erabakiari, euskaraz ateratzearen ezinbestekotasuna erantsiko diogu euskal hiztun nahiz euskararen lagun orok.

Izan ere, bagenekien euskaraz zetorrela geroa, euskaraz ere mintzo dela etorkizuna, eta aurten beste zerbait ikasi dugu: egoera zailetatik ateratzeko eginahalean lagungarri dugu euskara, bidelagun ezinbestekoa. Krisialditik sendoago ateratzea helburu dugun honetan, erabil dezagun euskara ere aurrera egiteko lanabes gisa.

Share

(Estekaz gaurkotua) Gizarte Politiken Sailak familia zaintzaileei laguntzeko programaren arreta handitu du, eta izen berria eman dio: Maiteki

Adinekoen zaintzaileei ez ezik, desgaitasunak edo mendetasun-arriskua dituzten pertsonen zein bestelako beharrak dituztenen zaintzaileei ere lagunduko die

 

Maiteki Programa

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak familia zaintzaileei laguntzeko programaren bidez ematen duen arreta handitu du, 65 urtetik gorako adinekoen zaintzaileei ez ezik beste batzuk zaintzen dituztenei ere lagunduko baitie aurrerantzean: mendetasun-egoeran edo mendetasun-arriskuan daudenak, desgaitasuna dutenak edo zainketa behar duen egoera psikiko edo fisikoren bat dutenak.

Familia zaintzaileen programa adinez nagusi izatera iritsi da, 18 urte bete berri baititu, eta helburu berria eta argia ezartzeko garaia da: familia gehiagorengana heltzea. Jende gehiagori lagundu nahi diogu”, azaldu du Jon Armentia zinegotziak baliabide berria aurkezteko prentsaurrekoan.

Udalaren gizarte-zerbitzuen arduradun politikoak iragarri duenez, zainketa programaren eboluzioak izen berria ere ekarri du: Maiteki.  “Izan ere, halaxe zaintzen dute familiek, maiteki, eta senitarteko bat zaintzeko laguntzaren bila datozenak ere halaxe tratatzen ditugula sentitzea nahi dugu. Badakigu zein gogorra den zaintzaileentzat zaintzen duten pertsonaz ia egun osoan arduratzea. Lan horrek dakartzan ahaleginaz eta higaduraz gain, pertsona horren zaintza norberaren familiaren eta bizitza pertsonalaren aurretik jartzea esan nahi du askotan.”

Maiteki programak pertsona horiei lagundu nahi die, hain zuzen,”zaintza harremana hobetzerik izan dezaten, zaintzeko ahalegina arindu eta zeregin hori partekatu“. Horretarako baliabide hauek eskaintzen ditu:

 

  • Gizarte-langile baten erreferentzia, zainketa-lanetan lagun egiteko.
  • Laguntza psikologikoa, banakoentzat zein familia osoarentzat, hobeto senti daitezen.
  • Etxez etxeko prestakuntza, hobeto zaintzeko eta mugimenduak egiten, komunikatzen eta portaera zailak kudeatzen trebatzeko, besteak beste.
  • Elkarri laguntzeko taldeak eta zaintzaileen bilerak.
  • Bestelako jarduerak: ikasteko eta ondo pasatzeko hitzaldi eta lantegiak.

 

Zaindutako pertsona 65 urte gorakoa bada, atseden zerbitzu bat baliatu dezakete familiek, hau da, asteburuetarako eguneko zentroak eta etxean laguntzeko zerbitzua.

Bestetik, adinekoentzako zentro soziokulturalekiko lankidetzarako bideak ere sendotuko ditu Maitekik, zaintzaileek bertan antolatzen diren ikastaro eta lantegietara lehentasunez sartzerik izan dezaten.

Jon Armentiaren ustez, “okerra da pentsatzea batzuek zaintza behar dutela eta beste batzuek zaintzeaz arduratu behar dutela. Zaintza eman egiten da, baina baita jaso ere. Zaintzen duenari lagunduz haren bizi-kalitate eta ongizatea hobetzen ditugu, baita zaindutakoaren bizi-kalitate eta ongizatea ere”. 

MAITEKI programaz baliatzeko nahikoa izango da 945 16 13 56 telefono-zenbakira deitzea. Oinarrizko gizarte zerbitzuetan, herritarrei laguntzeko bulegoetan edo 010 zerbitzuan ere eska daiteke.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak zabalkunde-kanpaina bat jarriko du abian baliabidearen berrikuntzak ezagutarazteko; horretarako, informazio-orriak banatuko dira, eta iragarkiak jarriko komunikabideetan, hiri autobusetan, udalaren webgunean, udalaren informazio-pantailetan, etab.

 

Aurrekariak

Familia zaintzaileei laguntzeko programa da Maitekiren aurrekaria. 2002an sortu zen, 65 urtetik gorako pertsonak zaintzen dituzten familiei laguntzearren, familiartean zaintzen jarraitzeko eta ahalik eta baldintza onenetan zaintzeko aukera izan dezaten.

Iaz 500 familiari eman zien arreta programak.

Share

Bihar inauguratuko da Floridako jaiotza monumentala

Olentzero eta Mari Domingiren etxea Zulueta jauregiko lorategietan bisitatu ahalko da

 

Bihar, abenduak 4, irekiko da Floridako jaiotza monumentala, arratsaldeko lauretan; jaiotza 1962an jarri zen lehenengoz, eta Gasteizko harribitxi artistikoetako bat da.

Pandemia dela eta, bisitak segurtasunez egiteko protokolo bat ezarri da. Parkearen barruko bideek noranzko bakarra eta nahitaezkoa izango dute, jendea gurutzatzea ekiditeko. Sarrerak, irteerak eta distantziak seinaleztatuta egongo dira lurrean.

Misterioaren kokalekua izango da aurtengo beste berrikuntzetako bat. “Ezingo denez haitzuloaren barruko aldea erabili, haitzuloaren sarreraren kanpoko aldean jarriko dira Ama Birjinaren, San Joseren eta Jesus haurraren irudiak. Jendea noranzko bakarrean igaroko da aurretik, eta dohaintza ere eman ahalko du“, azaldu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Herodesen gaztelua iazko leku berean jarriko da, eta hara hurbiltzeko ere noranzko bakarra izango da. Aurtengo Eguberrietan jasotzen den dirua gaztelua finantzatzeko baliatuko da hirugarren eta azken urtez; 40.000 euroko kostua izan zuen (BEZa barne).

Urtarrilaren 6ra arte bisitatu ahalko da jaiotza monumentala, 10:00etatik 21:00etara.

 

Olentzero eta Mari Domingi

Pandemia dela kausa, Olentzero eta Mari Domingiren etxea Zulueta jauregiko lorategietara aldatu da, jendearentzako leku gehiago izatearren. Senda ibilbidetik izango du sarrera, eta irteera, berriz, Musikaren ibilbidetik. Horrela, nahitaezko noranzkoa duen ibilbide bakarra egongo da, eta sarrerak, irteerak eta distantziak behar bezala seinaleztatuko dira.

Olentzero, Mari Domingi eta Astotxoren irudiek 10:00etatik 21:00etara hartuko dituzte hiriko haur guztiak. Jaiotza monumentalarekin batera inauguratuko da, bihar, 16:00etan, eta urtarrilaren 6ra arte egongo da irekita.

 

Share