Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2020-12-21)

Komunikabide grafikoentzako deialdia. Eskriturak sinatzea Salburu eta Zabalganako jabeekin

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; 21 Zabalguneako presidente Ana Oregi; Ingurumen Kudeaketa eta Plangintza zinegotzi César Fernández de Landa; Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzi Miren Fernández de Landa; Lurraldearen eta Klimaren Aldeko Ekintzaren zuzendari Miguel Angel Garcia Fresca; 21 Zabalguneako gerente; Jorge Ocariz; eta auzokideen ordezkariak: Carlos Fernández de Nograro, Ramón Sáenz de Valluerca, Sergio Ruiz de Azúa, Alfredo Gutiérrez eta Aitor Muñoa

Eguna. Astelehena, abenduak 21

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko 3. aretoa

—————————————

Komunikabide grafikoentzako deialdia. Back To Araba Talent Forum ekitaldiaren hirugarren edizioa

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez; Vital Fundazioetako presidente Jon Urresti; eta SEAko presidente Pascal Gomez

Eguna. Astelehena, abenduak 21

Ordua. 17:45

Tokia. Artium museoa

Share

Asteburuko aurreikuspenak

Ostirala, abenduak 18 

  • Alkate Gorka Urtaran Gabonetako pregoian izango da 19:30ean, Aingeruen Santa Maria parrokian

 

Larunbata, abenduak 19 

  • Kultura zinegotzi Estibaliz Canto Kortada laburmetraien Jaialdiaren amaiera ekitaldian izango da 19:00etan, Vital Fundazioa Kulturunean.
Share

11.000tik gora eskabide jaso dira C1 taldeko enplegu-eskaintza publikorako

Abenduaren 10ean bukatu zen Udalaren C1 taldeko enplegu-eskaintza publikoan izena emateko epea —administrariak, mantentze-langileak, informazio- eta kontrol-langileak eta beste—. Erregistratu eta zenbatu direlarik, guztira 11.205 eskabide dira, 9.034 eskatzailek aurkeztuak. Zifra horiek bikoiztu egin dituzte 2018an egin zen A taldeko LEPkoak, eta nabarmen gainditzen 2007ko LEPkoak (A, B eta C taldeak), zeinean 9.956 herritarrek izena eman baitzuten. 2000. urteko lan eskaintza publikoan bakarrik eman zen izen-emate kopuru handiagoa.

Eskabide gehienak, guztira 7.387, Administrazio Orokorreko lanpostuetarako dira —txanda irekia, barne-sustapena eta desgaitasuna duten pertsonentzako berariazko erreserba batuta—. Hauek dira eskabide gehien jaso diren lanpostuetako batzuk: liburutegiko teknikaria (590 eskabide), kontrata-ikuskatzailea (456 eskabide), informatika-teknikaria (422 eskabide), delineazio-teknikaria (365 eskabide) eta laborategiko teknikaria (297 eskabide).

Generoaren araberako banaketari dagokionez, administrari lanpostura aurkeztutako pertsonen % 74,7 emakumeak dira. Orobat dira nagusi emakumeen eskabideak liburutegiko teknikari (% 71,1) eta laborategiko teknikarien (% 72) lanpostuetarako. Gizonen eskabide gehien jaso diren lanbide-profilak, berriz, hauek izan dira: kontrata-ikuskatzea (% 58,3), informatika-teknikaria (% 70,1) eta delineazio-teknikaria (% 60,2), besteak beste.

Musikarekin arloko lanpostuetarako lehiatzeko, berriz, 377 eskabide aurkeztu dira. Nabarmentzekoa da, halaber, C1 taldeko enplegu-eskaintza publikoan izena eman dutenen batez besteko adina: 39,08 urte, emakumeen kasuan, eta 36,85 urte, gizonen kasuan.

Eskabideen jatorriari dagokionez, % 74,8 Arabatik jaso dira. % 16,6 Bizkaitik iritsi dira, eta % 5,98 Gipuzkoatik. Beste 32 probintziatatik ere iritsi da eskabiderik.

Share

Ogasunaren Batzordea 2020-12-21

Webgunean eskuragarri daude Ogasunaren Batzordea abenduaren 21ean, 12:30etan, gai zarrenda  egingo dituzten aparteko eta premiazko bilkura gai-zerrenda.

 

Share

Zeledon, Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak izango dira Gasteizko Udalaren Eguberrietako zorion-agurraren protagonistak

“Magia ez dadila falta”. Hitz horiekin opa egingo die Gasteizko Udalak herritarrei Eguberri zoriontsuak igaro ditzatela. Bideo baten bitartez egingo du, Zeledon, Mari Domingi, Olentzero eta Errege Magoak protagonista direla. Hutsik eta Eguberrietako argiekin apainduta ageri den hiriaren erdialdetik barrena doa Zeledon, harik eta, ustekabean, Florida parkeko banku batean, opari bat aurkitzen duen arte. Jaietako guardasola da oparia, Errege Magoek, Olentzerok eta Mari Domingik prestatu dute, hurrengo urtean erabiltzeko aukera izan dezan.

Elementu horiekin guztiekin —pandemiak sortutako egoera eta osasun-gomendioak aintzat hartzeko premia gorabehera—, egun horietako ilusioak eta elkartasunak presente jarraitzen dutela erakutsi nahi zaie herritarrei.

Irudi errealaren alde egin da aurten Udalaren Eguberrietako zorion-agurra prestatzeko orduan, aurreko urteetan erabilitako animazio-tekniken ordez. Antartik Studios ekoizpen-etxe lokalak egin du ikus-entzunezkoa. Gasteiz erdialdeko hainbat lekutan egin zuten errodajea, bi gauetan.

Zeledon, Mari Domingi eta Errege Magoen laguntza ezinbestekoa izan da zorion-agurra prestatzeko, Alkatetza eta Kultura Sailen eskutik.

+ INFO: Gasteizko Udalaren zorion-mezua

Share

Osakidetzaren eta Bioarabaren eskutik, loaren kalitatea hobetzen lagunduko duen aplikazio bat garatzeko proiektu aitzindaria hartuko du Gasteizek

  • Bi urteko lana izango da; lehena, 202 laguneko talde batean loaren efizientzia aztertzeko baliatuko da, eta gomendio pertsonalizatuak emango dira, horren kalitatea hobetzeko.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eta Bioaraba Osasun Ikerketako Institutuko zuzendari zientifiko María Ángeles García Fidalgok lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, Sleep Smart City Vitoria-Gasteiz ikerketa-proiektua aurrera eramateko eta, hartara, loaren kalitatea hobetzen lagunduko duen laguntzaile birtual bat garatzeko entsegu aitzindari bat egin dadin hirian. Arabako Erakunde Sanitario Integratuko Loaren Unitate Funtzionalaren buru eta Bioaraba Osasun Ikerketaren Institutuko ikertzaile Carlos Egeak ere parte hartu du ekitaldian. Bi urte iraungo duen lan baten abiapuntua izan da. Horren barruan, besteak beste, azterlan bat egingo da 202 pertsonako lagin batean, urtebetez monitorizatuko baita.

“Proiektu honi esker, hiri osasungarrien buru izango da berriro ere Gasteiz, berrikuntzak ekarriko baititu hirietako osasun-politiken funtsezko esparru horretan, hau da, herritarren loaren kalitatearen arloan. Osakidetzaren ikerketa- eta berrikuntza-institutuetako bat den Bioarabako profesionalen ezagutza, lidergoa eta dedikazioa direla medio izango da hori posible. Orain ekingo diogun proiektu bateratuak aurrerapauso handia emateko aukera emango digu, bizi-kalitatea hobetzeko balioko duen tresna bat diseinatze aldera, eta aurrerapen horrekin uztartuta geratuko da hiria”, azpimarratu du Gorka Urtaranek, gaur ekin zaion lankidetza hori nabarmentzeaz gain, Gasteiz Green Deal hitzarmenean integratuko den ekintzetako bat izango baita.

Maria Angeles García Fidalgok, berriz, adierazi du erronka sozial handien konponbideak ikerkuntzaren eta berrikuntzaren eskutik etorriko direla, gizartearen partaidetza funtsezkoa izango bada ere, horretarako; zientzia eta gizartea elkarrengana hurbiltzeak inoiz baino zentzu handiagoa duela aurten, eta ikertzaileen, enpresen sektorearen eta herritarren arteko lankidetzaren adibide argia dela Sleep Smart City proiektua, zein Gasteizko Udalari esker jarriko baita abian.

Udal langile boluntarioekin egingo da aurreikusita dagoen azterlana. Bi lantalde aukeratu nahi dira, bakoitza 101 pertsonakoa, eta, horretarako, egin beharreko ikerketaren ezaugarrien berri emango da aldez aurretik. Lehendik loaren arloko patologiarik diagnostikatu edo tratatu gabeko 18 urtetik 65era bitarteko gizon-emakumeek osatuko dituzte bi laginak.

Jarduera-eskumuturrekoaren eredu berri bat emango zaie boluntarioei, zeinek hainbat datu jasoko baititu, hala nola loaldiko mugimenduak, guztira zenbat denbora lo egiten den edo ematen den esnatuta, eta loaren efizientzia. Datu horiei beste batzuk gehituko zaizkienez —energia-gastua, bihotz-maiztasuna eta eguneko jarduera—, eguneko 24 orduetan eraman beharko da eskumuturrekoa, aplikazio mugikor batekin sinkronizatuta.

Astero, eskumuturrekoa dela medio, jarduera-datuak bilduko dira bi lan-laginetan. Talde batekoei, bildutako datuak aztertu ondoren, gomendio pertsonalizatuak helaraziko zaizkie, medikuek eginak, loaren kalitatea hobetzeko. Beste taldekoei ez zaizkie gomendio horiek emango.

Urtebetez iraungo dute datu-bilketak eta gomendio-bidalketak. Ondoren, azken neurketa bat egingo da, eta lortutako emaitzak alderatuko, behin betiko azterketari forma emateko. Horren guztiaren helburu nagusia da loaren inguruko laguntzaile birtual bat garatzea, zeinek gomendio banakatuak emango baititu, loaldia areagotu eta efizientzia hobetzeko.

Datuak bildu eta prozesatzean, uneoro errespetatuko da sortzen den informazio guztiaren pribatutasuna. Orobat izango dute aukera loa hobetzeko jarraibideak jasotzen dituen taldeko kideek mediku-taldearekin harremanetan jartzeko, sortzen zaizkien zalantzak argitzeko.

Proiektuak aurreikusitako helburuak lortzen baditu, herritar guztiei aplikatu ahal izango zaiela nabarmendu du Carlos Egeak, telemedikuntzarako tresna baliagarria izango dela, eta herritarren lo-arazoei ikuspegi zabalago batetik aurre egiteko aukera emango duela.

Halaber, Gasteizko Udalarekin elkarlanean arituko da Bioaraba, hark herritarrak sentsibilizatu eta prestakuntza emateko antolatzen dituen programetan —bizimodu osasungarriaren sustapena, loaren kalitatea hobetuz bizi-kalitatea hobetuko duten ohiturak eta portaerak bereganatzea—.

Osasun publikoaren arloko arazotzat jotzen da, mundu osoan, gaueko lo-eskasia. EAEko Osasun Inkestaren 2018ko datuen arabera, 7 ordu baino gutxiago lo egiten dute —hori da gutxienez lo egitea gomendatzen dena— Arabako gizonen % 23,2k eta emakumeen % 29,5ek, eta gorako joera ageri da kopuru horietan.

Loaren kalitate txarra erabakigarria da  errendimendu kognitiboan eta laneko produktibitatean. Era berean, % 10eraino igotzen da lo-eskasia duten pertsonen kasuan zenbait gaitz izateko arriskua, hala nola garuneko hodietako istripua, gaixotasun koronarioa, hipertentsio arteriala, obesitatea edo 2 motako diabetesa, baita hiltzekoa ere.

Share

Gasteizen saskibaloiaren praktika sustatuko da hiru hitzarmenen bidez

Gasteizko Udalaren eta saskibaloiarekin lotutako jarduerak sustatzen dituzten zenbait entitateren artean hiru lankidetza-hitzarmen sinatzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak. Udalak 228.545 euro jarriko ditu aipatutako hitzarmenetarako, eta horiei esker saskibaloiarekin lotutako sustapen, prestakuntza eta zabalkunde jarduera sorta handia egin ahalko da, 3.000 pertsonarengana baino gehiagorengana iristeko.

Batetik, 5+11 fundazioarekiko hitzarmena onetsi da, hiru helburu hauek dituen jarduera-programa garatzeko: saskibaloiaren sustapena, balioen sustapena, eta gizarte ekintza. Besteak beste, Baskonia4life saskibaloi eskola jasotzen du hitzarmenak, aukera gutxi duten gazteei zuzendua; orobat, 3×3 txapelketa ezaguna, prestakuntza-jardunaldi teknikoak, eta eskola kirolaren eremuko 25 talderekiko lankidetza zuzena. Udalaren dirulaguntza 121.295 eurokoa izango da.

Bestetik, Zuzenak kirol klubarekiko urteko hitzarmena onetsi da, 2020-2021 denboraldian gurpil-aulkiko saskibaloiari laguntzeko. Udalak 21.250 euro emango dizkio ekimenari, eta horrek balioko du lehen taldeari laguntzeko, Gurpil-aulki gaineko Saskibaloiko Liga Nazionalean jokatzen baitu —Europako garrantzitsuena—. Orobat, gurpil-aulki gaineko saskibaloiko eskola —8 eta 14 urte bitarteko neska-mutilekin harrobia lantzen duena— ahalbidetuko du hitzarmenak, saskibaloi modalitate hori sustatzeko beste jarduera eta ekitaldi batzuk, eta XXV. Zuzenak saria.

Azkenik Araski kirol klubarekiko hitzarmena dugu, emakumeen saskibaloia sustatzeko xedea duena. Araskiren balioak gizartean zabaltzea da helburu nagusia, neskak eta emakumeak kirolean trebatzeko eta horien parte hartzea sustatzeko ekitaldiak antolatuz. Udalak 86.000 euro jarriko ditu jarduera hauek barne dituen programari laguntzeko: bisitak ikastetxeetara; jokalari profesionalak harrobiko taldeen entrenatzaile eta amabitxi aritzea; ahalduntzeko ekintzak; sexu-jazarpenaren prebentzioa, eta jarduera fisikoa sustatzeko ekitaldiak.

 

Euskal pilotarentzako laguntza

Horietaz gain, Arabako Euskal Pilota Elkartearekiko hitzarmena onetsi du Gobernu Batzarrak. Udalak 24.000 euroko dirulaguntza emango dio kirol autoktono horren hainbat diziplina ezagutarazteko, 2020-2021 denboraldian horretan jardutea sustatuz.

Share

TUVISAk maiztasunak handituko ditu urtarrilaren 4tik aurrera, 10. linean zerbitzuen % 100 berreskuratuko du, eta larunbatetan ordutegiak hobetuko ditu bost ibilbidetan

Gaur egun pandemiaren aurreko zerbitzuen % 90 ematen ari dira dagoeneko

 

TUVISAk maiztasunak hobetuko ditu berriro urtarrilaren 4tik aurrera, nahiz eta bidaiarien eskaria % 50ekoa izan iazkoaren aldean. Udalaren garraio sozietateak ordutegien % 100 berreskuratuko 10. linean, eta larunbatetan ordutegiak hobetuko ditu bost ibilbidetan.

“TUVISAko teknikariek egunero aztertzen dute garraio publikoaren egoera, Gasteizen hautemandako garraio-premien eta udal enpresak dituen bitartekoen arteko oreka lortzeko. Orain, beste ahalegin bat egingo dugu ematen den zerbitzua hobetzeko”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Zehazki, 10. lineak 10 minutuan behingo maiztasuna berreskuratuko du lanegunetan; 2. lineak, 15 minutuan behingo maiztasuna larunbatetan, eta 5-7-10 lineako autobusak 20 minutuan behin igaroko dira larunbatetan. Gainera, industrialdeetara joateko aukera gehiago emateko, udalaren garraio sozietateak zerbitzu berezia jarriko du 5:25ean 3. linean (Zumakadi-Gamarra).

Hartara, zerbitzuak pandemiaren aurrekoen % 90 izango dira ia. Hona hemen maiztasun berriak: 

TUVISAk 150.000 euro baino gehiago inbertitu ditu  Covid-19ari aurre egiteko ekintzetan —norbera babesteko ekipamenduak, garbiketa-produktuak, desinfektatze-lanak, eguneroko garbiketa indartu eta areagotzea, segurtasun-manparak eta beste—. Aste honetan bertan, udal enpresak kanpaina bat abiatu du bertako dendetara hurbiltzeko garraio publikoaren erabilera sustatzeko, ‘Orain, erosketak autobusez’ lemarekin, eta Eguberrietako ordutegiak argitaratu ditu.

 

Share

99.000 euroko laguntza emango die Udalak euskaltegiei, euskara-ikastaroetako

Beste laguntza-proiektu batzuez gain, euskalduntze-lanerako laguntza ematen die Udalak euskaltegiei. Gaur goizean onetsi ditu diru-laguntzak udal gobernuak. Ebazpenean jasotzen denez, 99.000 euroko diru-laguntza emango zaie 2018-2019 ikasturtean hirian helduentzako euskara-eskolak ematen dituzten euskaltegi homologatuei.

 

– Ardatz Kultur Elkartea, 52.292,30 euro

– Bai&by Gasteiz, 5.943,59 euro

– Euskaraz Kooperatiba Elkartea, 16.019,28 euro

– Hegoalde Kultur Elkartea, 6.806,70 euro

– Mondragon Lingua, S. Coop., 2.188,59 euro

– Udaberria Elkartea, 15.749,54 euro

Share

“Gasteiz, auzotar errukiberak” programa garatzeko hitzarmena onetsi da

Udal gobernuak Musica, Arte y Proceso elkartearekin lankidetza-hitzarmen bat sinatzea onetsi du gaur, zeinaren bitartez Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 15.000 € emango baitizkio “Gasteiz, auzotar errukiberak” programa garatzeko.

Proiektuaren helburu nagusia gizarte sare bat osatzea da, herritarrak inplikatu daitezen adinekoak, mendekotasuna duten pertsonak, gaixotasunen baten fase aurreratuan daudenak edo bizitzaren azken zatian daudenak zaintzen.

“Gure hiria zaintzailea izatea nahi dugu. Hori lortzeko, ezinbestekoa da gizartea pertsona zaurgarrien arreta integralaz sentsibilizatzea, proiektu honek proposatzen duen bezala” , azaldu du udalaren gizarte zerbitzuen arduradun Jon Armentia zinegotziak.

Beste lankidetza-hitzarmen bat ere onetsi du udal gobernuak, Gizarte Laneko Diplomatuen Elkargo Ofizialarekin (10.000 €), informazio, prestakuntza eta zabalkunde programa bat garatzeko.

Zenbait ekintza barne hartzen ditu hitzarmenak: gizarte langileen mapa bat osatzea, gizarte lanerako gaitasun digitalak lantzeko ikastaroak, gizarte zerbitzuei buruzko eguneratze saioak, lanbidea ikusarazteko bideo bat lantzea eta beste.

Etxean Laguntzeko Zerbitzua

Azkenik, Tokiko Gobernu Batzarrak baimena eman du Etxean Laguntzeko Zerbitzura 500.000 euro gehiago bidera daitezen, 2020ko bigarren seihilekoko beharrak betetzearren.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailaren aurrekontuan egingo da igoera hori, azken hilabeteetan zerbitzuan izandako handitzeari erantzuteko. Izan ere, gizarte zerbitzuen alorreko eskumenak berrantolatu direlarik, Udalak bere gain hartu du progresiboki mendekotasun-egoeran edo -arriskuan dauden pertsonei arreta emateko ardura, Etxean Laguntzeko Zerbitzuaren bidez.

 

 

 

 

Share