Prentsa Oharren banner

Subillan gasa dagoen ikertzeko lizentzia eskaera ukatu du Udalak

Gasteizko alkateak eta Ana Oregi alkateorde eta Lurralde eta Klimaren Aldeko sailaren zinegotziak ezagutzera eman duten txostenaren arabera, eskatutako lizentzia “ez da Udalaren hiri-antolakuntzarekin bateragarria”

Gorka Urtaranek defendatu du “Gasteizen interes orokorra guztiaren gainetik” dagoela. “Ez dut Gasteizen interes orokorra inongo estrategiaren mende jarriko. Ez energiarenean, ez bestelakoetan, ados egon arren. Ororen gainetik nire hiriko alkatea naiz eta hiria defendatzeko nago hemen”

 

Alkatearen adierazpenak


 

 

Gorka Urtaran alkateak eta Ana Oregi alkateorde eta Lurralde eta Klimaren Aldeko sailaren zinegotziak gaur arratsaldean azaldu dutenez, Udalak Subillan gasa dagoen ikertzeko lizentzia eskaera ukatuko du.

SHESA sozietateak duela bi hilabete Gasteizko herri honetan gas zundaketa bat egiteko eskaera bat aurkeztu zuen Udalan, baina orain Udal teknikariek eskaera hori ukatzea erabaki dute. Txostenean esaten duten bezala “Udalaren hiri-antolakuntzarekin bateragarria” ez delako.

Ana Oregik azaldu duenez, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (HAPO) baztertu egiten ditu “meatzaritzako baliabideen prospekzio eta ikerketa lanak” beste erabilera bati atxikitzen ez dizkion “erauzketa jardueretatik”. HAPOk ez ditu onartzen, gainera, lursail honen erabilera aukeren artean prospekzio eta ikerketa lanak. Hau guztia kontutan hartuta, eskaera ukatzea proposatzen du txostenak.

Alkateak nabarmendu du, pasa den astean adierazi zuen bezala, honakoa: “txosten teknikoak ikerketa baimentzen ez badu, oso argi daukat hiriaren interes orokorra guztiaren gainetik dagoela. Ez dut Gasteizen interes orokorra inongo estrategiaren mende jarriko, ez energiarenean, ez bestelakoetan, ados egon arren. Ororen gainetik, nire hiriko alkatea naiz eta hiria defendatzeko nago hemen”.

Zentzu horretan, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak berriro adierazi duenez, trantsizio energetikoari aurre egiteko bere irizpideak edozein direla ere, udalerrian gasa dagoen ala ez ikertzeko baimenen inguruan Gasteizen defentsa lehenetsiko du. “Lehentasuna Plan Orokorra eta udaleko hirigintza-arauak defendatzea da. Orain eta beti, hemen eta beste edozein lekutan, beti defendatuko dut Gasteizen interes gorena“.

Urtaranek honako ideia hau azpimarratzen du: “Gasteizko alkatea naiz beste ezeren gainetik, eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorra eta udal ordenantzak defendatuko ditut, beste edonork bezala, gure udalerria arautzeko eta babesteko xedatu baititugu horiek. Gasteiz da nire interes gorena. Herritar guztiak ordezkatzen ditut, orain eta beti, hemen eta beste edozein lekutan, eta beti defendatuko dut Gasteizen interes gorena”.

Share

Prentsa-deialdia (2020-12-23)

– Prentsaurrekoa. Gontzal Mendibilen ‘Iparragirre’ kontzertuaren aurkezpena
Parte-hartzaileak: Paco Galve, Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura Saileko zuzendaria; Ana del Val, Kulturako foru diputatua; Arantxa Ibáñez de Opacua, Vital Fundazioko zuzendaria, eta Gontzal Mendibil.

Eguna: abenduak 23, asteazkena.

Ordua: 11:00
Lekua: Vital Fundazioaren prentsa-aretoa (Vital Fundazioa Kulturunea – Dendaraba, 1. solairua)

Share

Kirol eta Osasun zinegotziak hiriko hondakin-uretan egindako ikerketa epidemiologikoaren ekarpenaren inguruko balorazio positiboa egin du

Kirol eta Osasun zinegotziak, Livia Lopezek, SARS-CoV-2ren detekzio goiztiarrerako hondakin-uren epidemiologiaren, farmakoen kuantifikazioaren eta substantzia toxikoen azterketaren inguruko ikerketaren aurretiazko ondorioen berri eman dio Udalbatzari. Aipatutako azterketa Gorka Orive –EHUko Farmazia Fakultateko ikerlaria eta irakasle elkartua– eta Unax Lertxundi –Bioarabako ikerlaria eta Arabako osasun mentalaren sareko farmaziako arduraduna– ikerlariek garatu dute Gasteizko Udalarekin eta Vital Fundazioarekin elkarlanean.

 

Ikerketa-proiektu horretatik ateratako lehen ondorio positiboa izan da hondakin-uretan laginak iragazteko eta jasotzeko sistema zientifikoa ezar daitekeela frogatu dutela (araztegian tratatu aurretik eta ondoren). Gainera, eskasia-egoera batean (ikerketarako beharrezkoak diren materialak falta direnean, erreaktiboak, adibidez) neurketa bikoitza egiteko laborategian azterketa eta lekualdaketa egitea ahalbidetzen du. Prozesu osoan, garrantzitsua da epidemiologiako eta substantzia toxikoen azterketan erreferentziazkoak diren laborategiekin batera egindako elkarlana.

 

Apirilaren 28an jaso zituzten lehen laginak Krispiñako araztegian eta neurketa-leihoak uztailaren 13ra arte iraun zuen. Une hartan, Osasun Ministerioak hartu zuen bere gain Gasteizko eta beste 19 hiritako hondakin-uraren laginak hartzeko lana. Estatu mailako azterketa hark Euskadiko hiriburuak ordura arte zuzendutako lana etetea gomendatzen zuen, hala bikoizketak ekiditeko.

 

COVID-19a detektatzeko egindako ikerketako emaitzei dagokienez, jasotako azterketa guztien emaitzak negatiboak izan ziren. Hain zuzen ere, orduantxe gertatu zen infekzioaren gelditzea eta koronabirusagatiko infekzio-kasuen jaitsiera. Gerora, Ministerioaren azterketak hondakin-ur haietan emaitza positiboak jaso zituen, pandemiaren bigarren olatuarekin batera.

 

Lortutako beste emaitza batzuk metabolitoetan detektatutako substantzia toxikoei dagozkie. Hain zuzen ere kontsumoak sortzen ditu horrek. Horrekin lotuta, oraindik ere behin-behienekoak diren emaitza hauek erregistratu ziren:

 

  • Alkohola – 28 mL/egun/biztanle – pandemia aurreko mailetan oinarrituta, inguruko beste hiri batzuetakoaren antzeko mailan dagoen adierazlea.
  • Nikotina – 2,7 mg/egun/biztanle – eguneko eta biztanleko 3,4 zigarroren kontsumo baliokidea. Datu horrek baieztatu egin du tabakoaren kontsumoa pixkanaka gutxitu egin dela Euskadi.
  • MDMA (estasia) – 21 mg/egunean/1000 biztanle – kasu honetan ere azterketa berbera egin duten beste Europako hiri batzuetan lortutako antzeko datuak topatu dituzte.
  • Kokaina – 288 mg/egunean/1000 biztanle – beste hiri batzuen inguruan (Berlin, Milan edo Brusela, adibidez) lortutako balioen antzeko mailak lortu dituzte. Horietako kontsumo balioak ertainak direla esan dezakegu.
  • Anfetaminak – 335 mg/egunean/1000 biztanle– gainerako substantzia toxikoekin alderatuta, horixe da erregistratutako datu altuena eta Gasteiz (inguruko hiriekin batera) posizio altuan kokatu du Europako hiriekin egindako sailkapenean. Gorka Orivek eta Unax Lertxundik azken datu horrekin lotuta azpimarratu dutenez, beharrezkoa da neurketa konparatiboak egitea lortutako emaitza hori egiaztatu, haztatu eta testuinguruaren arabera zehaztu ahal izateko.

 

Livia Lópezek Gasteizko ikerketa- eta zientzia-komunitatearen inplikazioari balioa eman nahi izan die aurten bizi izan dugunaren moduko horren une zailean<0} Era berean, ikerketa zientifikoak errealitatea hobetzeko eta ezagutzeko lagungarria den tresna gisa duen garrantzia azpimarratu nahi izan du. Izan ere, zehaztasun zientifikoko irizpideak eskaintzen ditu, eta gero neurri edo ekintza politikoak hartzeko baliagarriak izan daitezke.

 

Kirol eta Osasuneko zinegotziak, Livia Lópezek, aipatu duenez, egindako lana tokiko gobernuaren jarduerarako lagungarria izango da: “Lortutako emaitzak kontuan hartu eta lanari ekingo diogu azterketa hori sakontzen eta beharrezko zuzenketa-faktoreak baloratzen saiatzeko, gero tokiko politiken baitan aplikatu ahal izango diren ondorioak lortzeko”.

Share

Premiazko deialdia (2020-12-22)

Prentsaurrekoa. Udal berriak

Parte-hartzailea: Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea

Eguna: abenduak 22, asteartea

Ordua: 16:00.

Lekua: udaletxeko prentsa-aretoan

Share

Hilaren 24an BEA modeloko bi geltoki berri hasiko dira funtzionatzen Arabako Unibertsitate Ospitalearen inguruan

‘Kanpoko Kontsultak’, lehen ‘HUA/Txagorritxu’ izena zuenaren ordezkoa, eta ‘Txagorritxu’, lehendik ere bazegoena

Ostegunean, abenduak 24, BEAren bi geltoki berri hasiko dira erabiltzen, zeinek TUVISAren L2A lineari emango baitiote zerbitzu autobus elektriko adimentsua martxan jarri arte. Batetik, Pablo Neruda kaleko ‘Kanpoko Kontsultak’ (AUOaren aurrean), lehen ‘HUA/Txagorritxu’ izena zuenaren ordezkoa, eta bestetik, ‘Txagorritxu’ izenekoa, Euskal Herria bulebarrean lehen izen berarekin metro batzuetara zegoena ordezkatzen duena.

L2A linearen ‘Kanpoko Kontsultak’ geltoki berriarekin batera, zenbait aldaketa egin dira Pablo Neruda kaleko trafikoaren antolamenduan. Autobuserako —eta gerora, BEArako— errei esklusiboak izango ditu Leandro Viana kaletik, eta Pablo Neruda kalean barrena Zabalganeko biribilgunera joango da. Kontrako noranzkoan, berriz, ibilgailuek Pablo Neruda kalera jo ahalko dute biribilgunetik, baina ezingo dute Leandro Viana kaletik jarraitu, garraio publikorako baino ez baita izango bi noranzkoetan.

Hona hemen ‘Kanpoko Kontsultak’ geltoki berriaren kokalekua eta trafikoaren antolamendua irudikatzen dituen mapa:

L2B lineako ‘Kanpoko Kontsultak’ eta ‘Txagorritxu’ geltokiak ere laster inauguratuko dira. Geltoki horiek guztiak BEAk pertsona guztientzat goi mailako irisgarritasuna izan dezan diseinatu dira, espaloiaren eta ibilgailuaren arteko distantzia nabarmen gutxitzen duten plataformak baitituzte.

Nabarmentzekoak dira halaber geltokien  modernotasuna eta informazio-sistemak, nahiz eta horiek ez diren BEA abian jarri arte erabiliko.

BEAren geltokiak

BEAren geltokiek oso berrikuntza garrantzitsuak ekarriko dituzte gaur egungo autobus-geltokien aldean. Hiru tamaina ezberdinetakoak izan daitezke, handiak, ertainak edo txikiak, baina guztietan birkargatu ahalko da BAT txartela, eta tiketa erosi. BAT txartela balidatzeko gune bat ere izango dute, tranbian bezala; izan ere, ezinbestekoa izango da tiketa erostea edo txartela balidatzea BEAra igo aurretik, barruan ezinezkoa baita. Dena den, makinak ez dira funtzionatzen hasiko BEA ezarri arte, hau da, TUVISAren L2 linearen geltokia izaten jarraitzen duen bitartean, ohiko autobus-geltokiak bezala funtzionatuko du; hurrengo ibilgailuaren etorrera iragartzen duen sistema ere ez da martxan egongo.

BEAren geltokiak hiru motatakoak izango dira:

– GELTOKI HANDIAK: BAT txartela erosi ahalko da horietan. Bidaia baterako tiketa erosteko eta BAT birkargatzeko aukera ere izango da, eskudirutan edo banku-txartelez.

GELTOKI ERTAINAK: tiketa erosteko eta BAT birkargatzeko aukera izango da, eskudirutan edo banku-txartelez.

GELTOKI TXIKIAK: tiketa erosteko eta BAT birkargatzeko aukera izango da, baina banku-txartelez bakarrik.

Kanpoko Kontsultak eta Txagorritxu geltokiak ertainen multzoan sartzen dira.

 

Share

(Esteka eguneratua) Udal Osoko Bilkura Goiuri jauregian (2020-12-23)

Ohiko osoko bilkura egingo da bihar, abenduak 23, Goiuri jauregian, Martin de Salinas aretoan, zinegotzien arteko distantzia gordetze aldera.

Komunikabideei jakinarazten zaie gehienez ere bost pertsonak jarraitu ahal izango dutela osoko bilkura Goiuri jauregian bertan, kazetarientzako gunean, eta bai streaming bidez ere esteka hau sakatuz. Halaber, udaletxeko prentsa aretoan jarraitu ahal izango dute bilkura hori.

 

Share