Prentsa Oharren banner

Astebururako aurreikuspenak (2020-12-26) 

Abenduak 26, larunbata

Gorka Urtaran alkatea Xabier Leteren oroitzapenezko “Hesia urraturik” ikuskizunera joango da, 19:00etan, Principal antzokian

 

Share

Herritarrek ez dute igoerarik izango datorren urteko udal zergetan

Udalbatzak behin betiko onetsi du 2021erako ordenantza fiskalen proiektua eta, horrenbestez, ia udal zerga guztiak izoztu dira datorren urterako. Izan ere, ezetsi egin dira eraikuntzen zergari zein Luis Aranburu musika eskolako eta José Uruñuela dantza kontserbatorioko tarifei aurkeztutako alegazioak.

Ordenantza fiskal berriak urtarrilaren 1ean sartuko dira indarrean. Bost zerga nagusiak bere horretan geratuko dira, baita ia tasa eta prezio publiko guztiak ere, COVID-19aren pandemiak ekarritako krisi ekonomikoak hartaratuta. Hondakinak udalaren tratamendu lantegietan hustu eta tratatzeari dagozkion tasa baino ez da igoko. Orobat, energia garraiatzeko instalazioentzako tasa berria sortu da, musika eskolan eta dantza kontserbatorioan matrikularen prezioaren % 50eko hobaria aurreikusi da guraso bakarreko familientzat, eta egoiliarren urteko abonamendua ere sortu da bizikleta-aparkaleku seguruetan.

Ohi bezala, datorren urteko zerga-egutegia udalaren kirol instalazioetako urteko abonamendua eta egoiliarrentzako eta merkatarientzako TAO txartela ordaintzearekin hasiko da, urtarrilaren 1etik 31ra arte. Datak aldatzera behartzen duen gorabeherarik ez bada, urteko hurrengo zerga ibilgailuena izango da (martxoaren 12tik aurrera), eta ondoren, OHZ eta zabor-tasa (apirilaren 15etiik aurrera).

Informazio gehiago: Zergak ordaintzeko egutegia

Share

Olentzerok eta Mari Domingik Gasteizko umeak bisitatuko dituzte Mendizorrotzean

Bihar, abenduak 24, streaming bidez jarraitu ahalko da ikuskizuna

Gaurtik aurrera, ‘Hator, Hator, Olentzero eta Mari Domingi’ ikuskizuna izango da Mendizorrotzeko pabilioian. Bertan, bi pertsonaia ospetsuek Eguberriak zorionduko dizkiete Gasteizko umeei, eta musika, dantza eta abestiak izango dira. Gasteizko Folklore Akademiak eta Erraldoien Konpartsak ere parte hartuko du.

Lehen emanaldia gaur izan da, 13:00etan, eta badira beste zenbait emanaldi oraindik ere. Gaur, abenduak 23, 16:00etan, 18:00etan eta 20:00etan eta bihar, abenduak 24, 11:00etan, 13:00etan, 16:00etan eta 18:00etan,

Azken emanaldia –bihar 18:00etan–, streaming bidez emango da. Hauxe da esteka

Share

Hiru atxilotu etxeratze-agindua urratu ostean agenteei eraso egiteagatik  

Udaltzainek atzo 25, 28 eta 29 urteko hiru gizonezko atxilotu zituzten agintaritza-agenteen aurkako atentatuaren ustezko delitua egiteagatik.

Gertaerak Ballester Apezpikuaren kalean jazo ziren 23:30 inguruan, patruila bat hiru gizonezkoak etxeratzeko agindua urratzen ari zirela ohartu zenean.  Agenteek identifikatu egin zituzten eta osasun-larrialdiak ezarritako arauak ez errespetatzeagatik zigor-proposamenak izapidetuko zizkiela jakinarazi zieten.

Une horretan, udaltzainak iraintzen hasi zen gazteetako bat, eta hiru gizonen erasoak jaso zituzten agenteek. Hainbat patruilaren laguntzarekin atxilotu ostean, polizia-etxera eraman zituzten.

Arratsaldean, 29 urteko gizonezko bat ere atxilotu zuten Udaltzaingoko agenteei desobedientzia-delitu larria egitearen ustezko egile gisa. Agenteek Andre Maria Zuriaren plazan musukorik gabe eta tabernetan eta bide publikoan zeuden pertsonei molestatzen ikusi zuten.

Identifikatu eta salatu ostean, jarrera berberarekin jarraitu zuen. Hori dela eta, atxilotu egin zuten eta Agirrelandako polizia-etxera eraman zuten.

Indarkeria erabiliz egindako lapurreta

Udaltzainek 36 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo Zaramaga kaleko merkataritzagune batean lapurreta delituaren ustezko egilea zelakoan. Gizonezkoak, beste baten laguntzarekin, hainbat arropa ebatsi zituen. Gizonezkoa eraso egin zion establezimenduko zaindarietako batek atxiki zuen.

Suteak sukaldeetan

Suhiltzaileek bi jakinarazpenetan parte hartu zuten atzo; hain zuzen ere, zartaginek su hartu zuten Basoa eta Alfonso XI kaleetako etxebizitzetan.. Bi kasuetan garrek ez zuten sukaldeetan kalterik eragin.

 

Share

Amaitu dira Oroimenezko Zentroaren eta Arkupeen ingurunea eraberritzeko lanak, igogailua eta arrapala mekanikoak abian jarrita

 

 

Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren ingurua hobetzeko lanak amaituta daude, azken ukitu txiki batzuk bakarrik falta dira, baita Udalaren azken azterketak. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak gaur goizean jarri ditu martxan Erdi Aroko hirigunerako irisgarritasuna hobetuko duten eskailera mekanikoak eta igogailua. Hesituta zeuden azken guneak azken egunotan ireki dituzte, eta horrek terrazak jartzeko aukera eman die inguruko ostalariei.

Urtebetetik gora iraun duten lan hauen bitartez, bost kaletako espazioa berrantolatu, zoladura aldatu —leku askotan zaharkitu eta narriatuta zegoen —, instalazio eta zerbitzuak berritu, hala nola argiteria eta saneamendua, oinezkoentzako lekua irabazi eta Alde Zaharreko irisgarritasuna hobetu da. Opacua SAk egindako lanek 2,1 milioi euroko inbertsioa izan dute, eta Gobernu Zentralak finantzatzen lagundu du. Inaugurazio ofiziala urtarrilean egitea aurreikusi du udalak, baina espazio guztiak irekitzen joan dira, lan-eremuak amaitzen joan ahala.

“Emaitza zoragarria izan da, eta proiektuari esker konpondu ditugun alderdiak azpimarratu nahi ditut. Batetik, Erdi Aroko hirigunerako irisgarritasun unibertsala lortu da. Gainera, lan hauei esker, Arkupeen eta inguruan aurkitutako aztarna arkeologikoen ondare- balioa eta balio historikoa aldarrikatzeko aukera dugu. Azkenik, inguruko merkataritza suspertzen lagunduko digu” azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok.

Bigarren fasea

Urtaranen gobernuaren hurrengo helburua, eremu horri dagokionez, urte honetatik aurrera bigarren faseari ekitea da, eta 2,2 milioiko aurrekontua izango du (horietatik 800.000 euro Estatuko Gobernuak finantzatuko du). Proiektuak barne hartzen du postetxearen eta Oroimenezko zentroaren artean plaza berri bat (espazio gardena, berritua, oinezkoarekin adeitsua, berdegunea duena) eta bizikleta- aparkaleku estalia (bost ehun bizikletatik gora hartuko dituena) egitea.

Share

Gontzal Mendibilek Iparragirre gorpuztuko du Gasteizen urtarrilaren 9an emango duen kontzertuan

Jesus Guridi musika kontserbatorioan izango da kantautore bizkaitarraren emanaldia, 19:00etan, eta sarrerak salgai daude dagoeneko

Urtarrilaren 9an, Jose Maria Iparragirreren jaiotzaren bigarren mendeurrena ospatzeko kontzertua emango da Jesus Guridi musika kontserbatorioko areto nagusian, 19:00etan. Gontzal Mendibil kantautoreak Urretxuko Bardoa zeritzonaren ibilera eta bizipenak kontatu eta kantatuko ditu, olerkari eta musikari ospetsuaren itxurapean.

Jose Maria Iparragirreren bizitza eta Gasteizekin izandako erlazioa musikaren bidez azaltzen du kontzertu-ikuskizunak, eta Udal Bandak eta Samaniego abesbatzak ere hartuko dute parte Mendibilekin batera. Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Vital Fundazioak babesten dute ekimena.

“Guretzat harrotzeko modukoa da ekitaldi horretan parte hartzea Udal Bandarekin. Luis Orduñaren zuzendaritza kalitatearen bermea da, eta halaxe erakutsi du Gasteizko Bandaren buruan”, azaldu du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zuzendari Paco Galvek.

Iparragirrek lehen karlistaldian bizi izandakoa eta Europa eta Amerikan egindako egonaldi luzea kontatzen du kontzertu-ikuskizunak, XIX. mendeko gertakari historiko esanguratsuek markatu baitzituzten haren bizitza zein lana.

Gontzal Mendibilekin batera Marife Nogales, Ainhoa Tabuyo (Easo abesbatza) eta Maitane Salvador abeslariak izango dira, eta Philippe Ezkurra eta  Alberto Rodríguez musikariak, bata akordeoia eta bandoneona jotzen eta bestea gitarra. Orobat, hiru aktore arituko dira: Benito Pacheco, Sánchez Silvaren paperean; Iñaki Garcia Uribe, erbesteratu zuen korrejidorearena egiten, eta Unai Leibar gaztea. Luis Orduña arduratu da musika-zuzendaritzaz.

2020an 200 urte bete dira Jose Mari Iparragirre Urretxun jaio zenetik; Euskal Herriko kantu ezagunenetako batzuen sortzailea izan zen, ‘Gernikako Arbola’, besteak beste. Bere lurreko jendea, paisaiak edo jai herrikoiak izan zituen hizpide abestietan. Kantuetan (limurtzaileak, zirtolariak, poetikoak, maltzurrak, sentimentalak…) inork baino hobeto islatu zuen bere garaiko eta lurreko arima, eta horrek euskal kultura aitortzen dutenen errespetua ekarri zion, ideologia eta sentsibilitateen gainetik. Erbesteratu eta bohemioa, askotariko eraginak xurgatu zituen, eta era moderno batean uztartu zituen estiloak, garaiko musika-joerei aurrea hartuz.

Kontzerturako sarrerek 12 euro balio dute, eta dagoneko salgai daude Kutxabanken web-orrian (www.kutxabank.es), sarrerak saltzeko zerbitzuan.

Iparragirre eta Gasteiz

Gasteizko kontzerturako aukeratutako errepertorioan Iparragirrek Mateo Benigno Morazari eskaini zizkion poemetako bat abestuko da, euskal foruen defendatzaile izandako Arabako diputatuaren laguna izan baitzen. Morazak eta beste pertsona batzuek borroka egin zuten Iparragirre erbestetik itzul zedin. Izan ere, musikaria 1832an Arabako hiriburura familiarekin etorri zenean, 12 urte zituela, irakasle bera izan zuten, Izaga, eta idealak ere partekatu zituzten.

Hiriko beste pertsona batzuekin ere hareman garrantzitsuak izan zituen: Fermín Herrán, Ricardo Becerro de Bengoa, Sotero Manteli, Daniel de Arrese, Eduardo de Velasco eta círculo vitorianoko lagunak. Pedro Egaña ere aipatu beharra dago, kazetari eta politiko foralista horrek Jose Marik Urkiolako zelaietan Gernikako Arbola abestu zuenean sortutako zirraren berri eman baitzuen Espainiako Senatuan, 1864an.

Taldea

  • Interpretea: Gontzal Mendibil
  • Gasteizko Udal Banda
  • Samaniego abesbatza
  • Ahotsak: Marife Nogales, Ainhoa Tabuyo (Easo abesbatza), Maitane Salvador.
  • Akordeoia-bandoneona: Philipe Ezkurra
  • Gitarra: Alberto Rodriguez
  • Antzezleak: Benito Pacheco, Iñaki García Uribe, Unai Leibar
  • Samaniego abesbatzaren zuzendaria: Nagore Alangua
  • Eszena-zuzendaria: Gontzal Mendibil
  • Musika-zuzendaria: Luis Orduña
  • Musika gaiak: Iparragirre, Gontzal Mendibil
  • Banda eta abesbatzarako moldaketak: Ruper Lekue, Iñaki Urkizu, Alberto Rodriguez
  • Karakterizazioa: Alicia Suárez
  • Diseinua: Margarita Artiles, Gabriel Artiles

 

 

Share

Udalak 319.359 euroko dirulaguntza eman du uraren eta saneamenduaren alorreko lau lankidetza-proiektutarako

Tokiko Gobernu Batzarrak uraren eta saneamenduaren alorreko garapenerako lankidetza-proiektuetarako dirulaguntza-deialdia ebatzi du gaur.

Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak eta AMVISAk 319.359 euro jarriko dituzte Latinoamerikako eta Afrikako hainbat herritan uraren hornikuntza eta saneamendua bermatzeko. Elkarte hauen proiektuak onetsi dira: Medicus Mundi Araba, Alboan Fundazioa, Nazioarteko Elkartasuna eta SERSO Euskalherria.

Medicus Mundi Arabak 84.790 euro jasoko ditu Perun proiektu bat garatzeko, zeinen helburua baita Peruko  Purupurucha, Tastacha, Bellavista, Huamanga eta Ayacucho herrietan edateko ura eta biogestoreak dituzten komunak izan ditzatela.

Alboan Fundazioak 86.954 euro jasoko ditu Kolonbiako Restrepo eta Ginebrako landa-komunitateetako hornidura-sistema hobetzeko, edateko ura bermatuz 1.157 pertsonari.

Nazioarteko Elkartasunak 59.608 euro jasoko ditu Gineako Herico Centroko 3.052 pertsonak eta Pelleleko 280k ura izateko aukera bermatzeko, eta Herico Centroko saneamendua hobetzeko.

Azkenik, Serso Euskalherriak 88.005 euro jasoko ditu Honduraseko Jutiapako lau landa-komunitatetan edateko uraren oinarrizko zerbitzuko arazoak konpontzeko, eta ur-iturriak hobeto babesteko.

Elizbarrutiko Caritas

 Halaber Gasteizko Elizbarrutiko Caritasekin lankidetza-hitzarmena egitea onartu da, 54.000 eurokoa, laneratzeko programa bat eta lantegi okupazionalak eta laneratu aurrekoak egiteko.

Share

‘Badatoz Erregeak’ ikuskizunerako gonbidapenak abenduaren 28ko (astelehena) 8:30etik aurrera erreserbatu ahalko dira

Udalaren webgunean eta 945 16 16 18 telefonora deituta erreserbatu ahalko dira

Abenduaren 28ko (astelehena) 8:30etik aurrera eskuratu ahalko dira ‘Badatoz Erregeak’ ikuskizunerako gonbidapenak, hau da, hasiera batean aurreikusitako ordua baino ordu erdi lehenagotik. Sarrerak udalaren webgunean edo telefonoz –945 16 16 18, astelehenetik ostiralera, 8:30etik 14:00etara – eskuratu ahalko dira.

Gaspar, Melchor eta Baltasarrek urtarrilaren 4an eta 5ean hartuko dituzte Gasteizko haurrak Mendizorrotzeko kiroldegian. 12 saio izango dira, guztira, eta 4.800 pertsona bertaratu ahalko dira (400 emanaldi bakoitzean), Eusko Jaurlaritzak egun duen araudiari jarraiki. Ikuskizunak 30 minutu iraungo du, eta saio bakoitzaren ordua baino 30 minutu lehenago irekiko dira ateak. Emanaldien ordutegia: 10:00, 12:00, 14:00; 16:00, 18:00 eta 20:00.

Streaming bidez jarraitzeko aukera

Sarrera doakoa da, baina aldez aurretik erreserba egin behar da nahitaez. 5 sarrera erreserbatu ahalko da, gehienez, eta lehentasuna izango dute haurrek. Heldu bakarra sartu ahalko da haur bakoitzeko.

Kultura Zerbitzuak ohartarazi du eskaria eskaintza baino asko handiagoa dela. “Pasa den abenduaren 17an, 8.000 pertsonatik gora saiatu ziren aldi berean ‘Hator, hator, Olentzero eta Mari Domingi’ ikuskizunetarako sarrerak lortzen, eta ikuskizunak 3.200 pertsonako edukiera zuen” iragarri du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

“Zailtasun hori dela eta, urtarrilaren 5eko 18:00etako saioa streaming bidez jarraitu ahalko da, udalaren webgunean, eta ikusgai egongo da hurrengo egunetan ere, inork ikuskizun eder hori gal ez dezan ” gaineratu du.

Share

Udalak auzo elkarteentzako 2021eko dirulaguntzen deialdia onetsi du, eta 180.000 euro jarriko ditu horretarako

Elkarteek datorren urteko otsailaren 26ra arte aurkeztu ahalko dituzte proiektuak

Gasteizko Udaleko Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Sailak 2021ean auzo-elkarteei dirulaguntzak emateko eta bestelako baliabideak uzteko deialdi publikoa onetsi du. Udalak 180.000 euro jarriko ditu auzoetan dinamizazioa eta gizarte-partaidetza sustatzeko helburua duten proiektuak aurkezten dituzten auzo elkarteei laguntzeko.

Dirulaguntzez gain, deialdiaren bidez udalaren jabetzako aretoak uzten zaizkie auzo elkarteei, beren programak eta jarduerak gara ditzaten. Talde horiek jardueren proiektua aurkeztu behar dute, eta dagokion aurrekontu-proposamena, zeinak ezarritako irizpideak kontuan hartuz balioetsiko baitira. 2021erako dirulaguntza-deialdia ALHAOn argitaratuko da laster, eta ondoren, elkarteek otsailaren 26ra arteko epea izango dute eskabideak aurkezteko.

Herritarren Partaidetzaren zinegotzi Borja Rodríguezek “auzo elkarteek egiten duten lanaren onura eta interes soziala” nabarmendu du, eta taldeak baliabideak eskatzera animatu ditu.

Share