Prentsa Oharren banner

IGIk European Photographer of the Year 2019 erakusketa inauguratu du Atarian

 

– Lehiaketa ospetsu horretan iazko edizioan sariak eta aipamen bereziak lortu dituzten 80 lanek osatzen dute erakusketa.

– Hemen dago eskuragarri informazio guztia: www.ataria.es

IGIk European Photographer of the Year 2019 erakusketa inauguratu du Atarian; asteburu honetatik 2021eko urtarrilaren 31ra arte egongo da ikusgai, doan. Asteartetik igandera bitartean ikusi ahalko da, 11.00etatik 13.00etara zein 16.00etatik 19.00etara; astelehenetan itxita egon ohi da zentroa.

GDT-Gesellschaft Deutscher Tierfotografen elkarteak (Alemaniako Natura Argazkilarien Elkartea) antolatzen du erakusketa, 2001az geroztik. Gaur egun, 18.000 argazki inguru jasotzen dituzte lehiaketan, Europako 30 herrialdetatik iritsitakoak. Bai lehiaketa bai Atarian jarritako erakusketa bederatzi ataletan daude banatuta, eta horietako bakoitzean irabazlea, finalista eta zortzi ohorezko aipamen ikus daitezke, Argazkilari Gazteak atalean izan ezik, horri lau argazki baitagozkio, bi azpiataletan banatuta (14 urte artekoak eta 15-17 urtekoak). Gainera, epaimahaiaren ustez ororen arteko argazki onena denari European Wildlife Photographer of the Year saria ematen zaio. Aurten Eduardo Blanco Mendizábal argazkilari espainiarraren ‘Mamua’ argazkiak irabazi du saria. Katamotz iberiar bat da protagonista, eta gutako ia inork ezin izango du horrelakorik ikusi, katamotza oso herabea izateaz gain oso bakana baita. Erakusketako lan guztiek ere baduten maila teknikoaz eta adierazkortasunaz gain, argazkiak aparteko une bat jasotzen du: ilunabarra. Gogoratu beharra dago habitataren zatiketa dela ugaztun horren banaketa eta populazioen arteko trukea mugatzen duten faktore nagusietako bat, eta mehatxu horrek katamotzari ez ezik beste espezie askori ere eragiten diela, esate baterako, basakatuari eta igarabari.

Pazientzia eta ahalegin handia behar izan dira lehiaketara aurkeztutako argazkiak hartzeko. Naturaren, landareen eta animalien aparteko edertasuna erakusten dute; gertakari deigarriak erakusten dituzte, eta haien argitasunak edo dinamikak harritzen gaituzte. Berriro ere, argazkilariek beren iaiotasuna eta gaien funtsezko alderdiak harrapatzeko begi ona erakutsi dute, direla paisaiak direla espezie jakinen xehetasunak. Baina begi zolia eta pazientzia handia ez dira argazkilarien ezaugarriak bakarrik: naturaren behatzaile orok behar ditu dohain horiek. Ezaugarri horiexek dituzte populazioak monitorizatu eta zenbatzeko programetan laguntzen dutenek, zeinek biodibertsitatearen eta habitaten kalitatearen berri ematen baitigute.

Horregatik, Ataritik espero dugu argazki indartsu hauek inspirazio iturria izatea askorentzat, naturara gehiago irteteko eta begiak eta belarriak erne izateko. “Pertsonek ezagutzen dutena baino ez duten babesten” leloa aintzat harturik, horixe izan liteke abiapuntua naturaren zaintzan parte hartzen hasteko. Espezieen gainbehera etengabea ikusirik, inoiz baino urgenteagoa da.

 

 

Share