Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdia (2020-12-22)

– ‘Hesia Urraturik. Xabier Lete in Memoriam’ ikuskizunaren aurkezpena.

Parte hartzailea: Joxan Goikoetxea konpositorea.

Eguna: asteartea, abenduak 22.

Ordua: 11.00.

Tokia: Principal antzokia.

 

Share

Gazteen artean kirol-apustuen prebentzioa lantzeko kanpainan ihes-areto birtual bat jarri da martxan

“Xake-mate misioa” du izena kirol apustuen eta zorizko jokoen prebentziorako kanpainaren barruan martxan jarri den jokalari askotarako ihes-aretoak; gobernu taldeak Elkarrekin taldearekin egin zuen aurrekontu-akordioari esker sustatu du Udalak kanpaina hori. Pandemiak ekarritako murrizketak direla eta, online formatuan diseinatu da bereziki gazteei zuzendutako escape room edo ihes-areto hori, jokoarekin lotutako patologiei buruzko sentsibilizazio eta prebentziorako beste tresna bat izan dadin.

Ihes-areto birtualean planteatzen den abentura engainu-sare konplexua askatzean datza, hain zuzen ere, biktimak topatzeko online jokoez baliatzen dena. Horretarako hainbat pertsonaiaren laguntza izango dute jokalariek: hacker aditu bat, jokoarekiko adikzioaren mende dagoen gazte baten ama eta gaztea bera. Sei proba gainditu beharko dira, eta horrela iruzurgile talde baten bilera garrantzitsua egitekoa den lekuaren koordenatuak lortu, haien planak zapuzteko.

Horretaz gain, beste jarduera batzuk barne hartzen ditu ekimenak: “Apustu egiten duzunean, dena desagertzen da” publizitate-kanpaina, ikastetxeetan egiten ari diren lantegiak, eta kirol arlorako berariazko prestakuntza.

Informazio gehiago: “Xake-mate misioa” ihes-areto birtuala

Share

Gizarte Politiken Sailak San Prudentzio egoitzan 25 lagunentzako komunitate-etxebizitza bat egokituko du eta eguneko zentroan 11 plaza, eta asteburuan arnasa hartzeko 10 plaza izango ditu erabilgarri

Udal-baliabide berriak 2021ean iritsiko dira eskumenak eskualdatzeko Arabako Foru Aldundiaren eta Udalaren artean adostutako akordioari esker

Udalak eta Arabako Foru Aldundiak gizarte-zerbitzuen arloan oraindik egin gabe dauden eskumenak transferitzeko akordioa adostu dute. Hala iragarri du gaur Jon Armentiak, Gizarte politiken, Adinekoen eta Haurren Saileko zinegotziak, prestazio eta zerbitzuen Kartera Dekretua izenekoarekin lotutako gaien inguruan talde politikoek egindako galderei erantzun dien udal-batzordean.

Bi erakundeek adostutako itunari esker, udaleko gizarte-zerbitzuek San Prudentzioko udal-egoitzan (ALZI) 25 egoiliarrentzako komunitate-etxebizitza egokituko dute. Gainera, eguneko zentroan 11 plaza eta baliabide berean asteburuan arnasa hartzeko zerbitzuan beste 10 plaza izango ditu.

“Akordioa oso positiboa da; izan ere, guretzat horren garrantzitsua den biztanleriaren sektore baterako, adinekoentzat, arreta-zerbitzuetan plaza berriak sortu ahal izango ditugu eta, hala, itxarote-zerrendak gutxituko ditugu”, adierazi du Armentiak.

Plan horiek gauzatu ahal izateko, San Prudentzio ALZIko hirugarren solairua udaleko komunitate-etxebizitza bihurtuko da 1 graduko mendekotasuna duten pertsonentzat, 25 plazarekin. Bertan jarriko dira bizitzen egoitzan eskuragarri dauden beste plaza batzuetan gaur egun solairu horretan bizi diren pertsonak.

Ez da egoiliarren lekualdaketarik izango Aldundiak gaur egun Frantzia kaleko eraikinean beteta dituen eta Gasteizko Udalak kudeatzen dituen 75 plazak Udalarekin adostuko baititu.

Bestalde, San Prudentzio Eguneko Zentroa Aldundiaren eta Udalaren plazak dituen baliabide misto bihurtuko da. Hala, Aldundiarekin itunduta ez dauden 11 plaza libreak (40 plaza guztien artean) eta gerora liberatzen joango direnak berehala esleituko zaizkie udaleko eguneko arreta-zerbitzuen hartzaile diren adinekoei.

Horrekin lotuta, Jon Armentiak aurreratu du “udaleko eguneko arreta-zerbitzu berri hori narriadura kognitiboa edo dementziak dituzten adinekoei bideratuko diegu; izan ere, profil hori duten pertsonei arreta ematen dieten kolektiboek aipatu izan diguten beharra da hori”.

San Prudentzio ALZIn ere kokatuta dagoen astebururako Arnasa Hartzeko Eguneko Zentroari dagokionez, Udalak erabilgarri izango ditu 40 plazetatik 10. Gainerako 30ak Foru Aldundiarekin itunduko dira.

Gizarte politiken, Adinekoen eta Haurren Sailaren asmoa da zerbitzu horiek guztiak 2021eko lehen hilabeteetan ia berehala eskuragarri izatea.

 ELZ eta gizarte-bazterkeria

Lankidetzako esparru-hitzarmen berriak beste baliabide batzuk kudeatzeko garaian ere ondorioak izango ditu. Horrekin lotuta, erakundearteko itunak ezarritakoaren arabera, 2022ko urtarrilaren 1ean, Udalak Etxeko Laguntza Zerbitzuaren (ELZ) kudeaketa osoa hartuko du bere gain.

Era berean, Jon Armentiak azaldu duenez, Aldundiak udal-erakundeari 360.000 €-ko zenbatekoa ordainduko dio 2021ean “Foru Aldundiaren eskumenekoak diren arren, beharrezko arreta-zerbitzuak oraindik eskuragarri ez dituenez Aldundiak oraingoz eskaini ezin dituen gizarte-bazterkeria arloko zerbitzuen truke kontraprestazio ekonomiko gisa”.

Akordioaren edukia

Foru Aldundiaren eskumeneko zerbitzuak:

  • Mendekotasuna duten adinekoentzako egoitza-zentroa, eguneko zentroa eta San Prudentzio ALZIn Arnasa hartzeko zerbitzua.

Gaur egun, Foru Aldundiak, Gizarte Ongizateko Foru Erakundearen (GOFE) bidez, 75 egoitza-plaza eta eguneko zentroko 29 plaza ditu beteta, eta ez du erabiltzaile gehiago bideratuko. Dena den, gaur egun han bizi diren pertsonak mantenduko ditu, eta ez dituzte beste baliabide batzuetara eramango. Libre geratzen diren guneei esker, Udalak udal-baliabide bihurtu ahal izango ditu. Bestalde, GOFEk, orain arte bezala, arnasa hartzeko asteburuko eguneko zentroko 30 plazak bere horretan mantenduko ditu.

Bi erakundeek adostu dute San Prudentzio ALZIn Aldundiaren eguneko zentroa eta egoitza-eredua bertan behera uzteko bideari ekitea pixkanaka.

  • Gizarte-bazterkeria arloko zerbitzu eta prestazioak

Gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonei arreta ematen jarraituko du Udalak nahiz eta arreta hori Foru Aldundiaren eskumenekoa izan. Hori dela eta, Arabako Foru Aldundiak 36.000 €-ko konpentsazio ekonomikoa emango dio 2021ean. Era berean, bazterkeria baloratzen duen foru-zerbitzura bideratuko ditu zerbitzuetan jarraipen handienarekin arreta ematen ari diren pertsonak. Bestalde, bi erakundeen artean elkarlanean aritzea adostu dute laguntza eman eta lankidetza sustatu ahal izateko.

  • Gizarte Larrialdien koordinazio-zerbitzua

Bi erakundeek zerbitzua aztertzeko mahai teknikoa sortzea adostu dute. Gasteizko Udalak, gaur egun, Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzua du eta Foru Aldundiak, lankidetza-hitzarmenaren bidez, zerbitzuaren kostuaren % 50 ematen du gehienez 247.443,00 euroko zenbatekora arte.

Udal-eskumeneko zerbitzuak:

  • Etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ)

Arabako Foru Aldundiak arreta eskaintzen dien Etxeko Laguntza Zerbitzuko erabiltzaileen bolumena eta kontratazio publikoaren konplexutasuna direla eta, Etxeko Laguntza Zerbitzuaren kudeaketa osoa 2022ko urtarrilaren 1ean hartuko du bere gain Gasteizko Udalak.  Horregatik, banakako espedienteen transferentziarekin eta kontratazio-espedientearekin lotutako gai guztiak argitu ahal izateko urtebeteko trantsizio-aldia adostu dute. Bien bitartean, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, GOFEk 1. graduko mendekotasunaren balorazioa duten pertsonei arreta emateko eta haiek bideratzeko prozedura geldiaraziko da, eta ELZ proposatuko da arreta emateko banakako programaren zerbitzu bakar gisa ELZ Gasteizko Udalak oso-osorik bere gain hartzen duen arte.

Transferentzia-prozesu honek duen hedapena dela eta, bi erakundeek 2024ko abenduaren 31ra arteko trantsizio-aldia adostu dute. Hitzarmenak 2021eko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra arteko eragina izango du eta alderdi sinatzaileek gehienez beste lau urtez luzatzeko aukera itundu ahalko dute.

Share

Atxilotua tranbiako zaindari bati labanarekin mehatxu egiteagatik

Udaltzainek atzo 46 urteko gizonezko bat atxilotu zuten arma zuriarekin mehatxu-delitu baten ustezko egilea izateagatik.

Koordinazio Zentralak, 14:30 inguruan, patruila bat Honduras kaleko tranbiaren geralekura joan zedila eskatu zuen. Izan ere, segurtasuneko zaindari batek bidaiari batekin arazoak izan zituen bertan, musukoa gaizki jarrita zuelako eta zigarroa pizten saiatu zelako. Zaindariak musukoa behar bezala jartzeko agindu eta tranbian erretzea debekatuta dagoela jakinarazi zion.

Gizonezkoak ez zien eskakizunei kasurik egin eta poltsikotik labana atera zuen gero zaindariaren aurka erabiltzeko. Labanarekin zaindariari mehatxu egin zion tranbiako beste bidaiari guztien aurrean. Hori ikusita, zaindariak bagoitik jaisteko eskatu zion, poliziaren esku-hartzearen zain.  Gertatutakoa ikusi ondoren, udaltzainek atxilotu eta labana konfiskatu zioten. Jarraian, guardiako epaitegian zegozkion izapidetzeak prestatu ostean, aske utzi zuten.

Udaltzainen aurkako atentatua

Udaltzainek atzo 21 urteko gazte bat atxilotu zuten autoritate-agenteen aurkako atentatuaren ustezko delitua egiteagatik.

Santiago hiribidean, gazte-talde batek patruila baten laguntza eskatu zuen haietako bat oso asaldatuta eta oldarkor zegoelako. Udaltzainek ikusi zuten gizonezkoa odoletan eta musukorik gabe zegoela eta, gerturatu zitzaizkionean, haietako baten aurka eraso egin zuen. Jarraian, patruilaren eta bera lasaitzen saiatu ziren pertsonen aurkako jokabidea izaten jarraitu zuen. Haiek kolpatzen are saiatu zen gainera.  Bestalde, bere burua identifikatzeari uko egin zion eta, ondorioz, udaltzainek atxilotu eta guardiako epaitegira zegozkion izapidetzeak bidali ondoren, aske utzi zuten.

Sute txikiak sukaldeetan

Suhiltzaileek atzo eta bar gauean bi etxebizitzatako sukaldeetan piztutako suekin lotutako abisuak direla eta esku hartu behar izan dute. Haietako bat Juan Bautista Gamiz kalean izan da, eta bestea Nieves Cano kalean.

Ostiralean, bestalde, Urrunaga udalerrira joan behar izan zuten exe bateko tximinian piztutako sua zela eta.

 

Share

Olentzerok eta Mari Domingik Eguberrietako zorion-agurra helarazi diete Gasteizko umeei, bideo sinpatiko baten bitartez

Pandemia gorabehera, pertsonaia ezagunak etxeetara joango dira opariak eramatera

Olentzerok eta Mari Domingik bideo original bat grabatu dute, Gasteizko umeei Eguberrietako zorion-agurra helarazteko. Pandemia gorabehera abenduaren 24ko gauean ez dutela huts egingo diote, eta hiriko txikienek opariak jasoko dituztela.

Arabako hiribururako bidean, besarkada handi bat bidali diete umeei.

Pandemia dela eta ezohikoa gertatzen ari den Eguberrietako kanpaina honetan Kultura Zerbitzuak sustatu duen ekintzetako bat da.

COVID-19ak Olentzero eta Mari Domingiren desfilea bertan behera uztera behartu du, baita abenduaren 24ko ekitaldiak ere.

Umeak Mendizorrotzeko kiroldegian elkartu ahalko dira berriro haiekin, abenduaren 23an eta 24an, ‘Hator, hator Olentzero eta Mari Domingi’ ikuskizunari esker. Sarrerak agortuta daude, baina 24an (osteguna) streaming bidez ikusi ahalko da udalaren webgunean, 18:00etan.

Olentzero eta Mari Domingiren bideoa ikusi

Share

Udalak eta jabeek azken urratsa egin dute Salburuko eta Zabalganeko ekipamendu eta etxebizitzarako plana aktibatzeko

Gaur goizean sinatu dituzte hitzarmen-batzar bakarra eratzeko eskriturak, zeinak auzo horiek birdentsifikatzeko akordioaren oinarria baitira

Proiektua mugarria da Salburuko eta Zabalganeko hirigintza garapenerako, 2 milioi metro koadrotik gora desblokeatzea baitakar; 170 lursailetik gora eta berrehun jabe daude inplikatuta.

Gorka Urtaran audioa

Urtaranen gobernuak eta Salburuko eta Zabalganeko lurren jabeek azken urratsa egin dute Gasteizko auzo horietako ekipamendu eta etxebizitzarako plana aktibatzeko, hau da, birdentsifikatzeko akordioa gauzatzeko. Izapide hori eginda, datozen hilabeteetan idatziko da urbanizazio-proiektua, etxebizitza berriak eraiki ahal izateko. Urtaranen gobernuak eta lursailen sustatzaileek lotu duten akordioaren arabera, Udalarentzat izango dira hirigintza aprobetxamenduen guztien (9.750 etxebizitza) bi heren (6.500 etxebizitza inguru), 21 Zabalgunearen bitartez.

Hain zuzen ere, gaur goizean sinatu da ekipamendu eta etxebizitzarako planari dagokion urbanizatzeko programa (Salburua-Zabalgana HJP) gauzatzeko Jardute Bakarreko Unitateko hitzarmen-batzarra eratzeko eskritura, eta zuzendaritza-kontseilua izendatu.

Udalaren aldetik, alkate Gorka Urtaranek, 21 Zabalguneko lehendakari Ana Oregik, zinegotzi César Fernández de Landa eta Miren Fernández de Landak, Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Saileko zuzendari Miguel Ángel García-Frescak, eta 21 Zabalguneko kudeatzaile Jorge Ozcarizek sinatu dituzte agiriak.  Partikularren ordezkari, Carlos Fernández de Nograrok, Ramón Sáenz de Valluercak, Sergio Ruiz de Azúak, Alfredo Gutiérrezek eta Aitor Muñoak sinatu dute.

Aurretik, birpartzelatzeko proiektua onetsi zen 2019ko irailean, eta prozesu osoa arautuko duen hitzarmena.

2 milioi metro koadro desblokeatzea

Salburua eta Zabalgana birpartzelatzeko behin betiko proiektua Salburuko eta Zabalganeko 13 sektoretako jabeekin lortutako akordioaren emaitza da. Bi eremu horien hirigintza berrantolatu da, eta horrek eraikuntza biziberrituko du hiriko alderdi garrantzitsu horietan, irizpide argi batekin: “lurraren kontsumo  justifikatu gabea eragotzi, hiria barrurantz hazarazi, hiria trinkoago eta iraunkorrago bihurtu eta zerbitzu publikoen eraginkortasuna hobetu, populazioaren masa kritikoa handituko baita. Akordioak hiri-bilbeari jarraitutasuna ematea ahalbidetuko du, hartara giza eskalako hiria eginez“, nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak.

Atxikipen eta birpartzelazio behin betiko proiektua —Salburuko eta Zabalganeko birdentsifikazioaren ondorio dena— mugarria izango da Salburuko eta Zabalganeko hirigintza garapenerako, 2 milioi metro koadrotik gora desblokeatzea baitakar; 170 lursailetik gora eta berrehun jabe daude inplikatuta.

Lizentziak aktibatzeaz gain, 21 Zabalguneak 4 milioi euro pasa berreskuratu ahal izan ditu izapide urbanistiko horri esker, sektoreen likidazioei dagozkienak.

2016ko udan eman zitzaion hasierako onespena proiektuari. Ondoren, jakinarazpen eta alegazio prozesua etorri zen, eta onartutako alegazioak kontuan hartuz egokitu zen dokumentu konplexu hori. Azkenik, Udalak eta jabeek ontzat eman agiria, zeina 2019ko irailean onetsi baitzuen behin betiko Urtaranen gobernuak.

Gaur eratu den batzar bakarra arduratuko da etxebizitzak eraiki aurreko urbanizazio-obrak egiteaz.

Share

Hedabideentzako akreditazioak Olentzero eta Mari Domingiren zein Errege Magoen ikuskizunetarako

Aurtengo Eguberrietan, Mendizorrotzeko kiroldegian elkartuko dira Olentzero eta Mari Domingi zein Errege Magoak Gasteizko umeekin.

Abenduaren 23an eta 24an, “Hator, hator, Olentzero eta Mari Domingi’ ikuskizuna izango da Mendizorrotzeko kiroldegian, ordu hauetan:

  • Hilak 23, asteazkena: 13:00, 16:00, 18:00 eta 20:00.
  • Hilak 24, osteguna: 11:00, 13:00, 16:00 eta 18:00.

Kiroldegian COVID-19arekin lotutako protokolo zorrotza ezarriko da, eta edukiera murriztuko. Horrenbestez, ekitaldietara joan nahi duten kazetariek aldez aurretik eman beharko dute izena, eta C sarreratik (atzealdekoa) joan.

Hona hemen hilaren 23rako egitaraua:

  • 12:00. Olentzerok eta Mari Domingik elkarrizketak eskainiko dizkiete hedabideei, agertokiaren gainetik.
  • 12:30. Ateak irekiko dira. Kazetariek kiroldegiaren kanpoaldean hitz egin ahalko dute publikoarekin (sarrera eta irteeran, ez barruan).
  • 13:00. ‘Hator, hator, Olentzero eta Mari Domingi’ ikuskizuna. Akreditatutako kazetarientzako eserlekuak erreserbatuko dira, eta irudiak hartu ahalko dituzte. Ezin izango da ikuskizuna osorik grabatu.

Hilaren 24an, aurretiaz izen eman duten hedabideei sartzen utziko zaie 18:00etako saioan. Egun horretan ezin izango diete elkarrizketarik egin Olentzero eta Mari Domingiri. Saio hori udalaren webgunean emango da, streaming bidez.

Kiroldegian sartu nahi duten hedabideek mezu bat bidali beharko dute cvilloria@vitoria-gasteiz.org helbidera, abenduaren 22ko (asteartea) 15:00ak baino lehen, eta datu hauek zehaztu:

  • Izen-abizenak
  • NAN
  • Betetzen duen lana (kazetaria, argazkilaria, kameraria…)
  • Hedabidearen izena
  • Mendizorrotzera joango den eguna/egunak:

Kazetariek udal teknikarien jarraibideak bete beharko dituzte une oro.

Errege Magoak

Urtarrilaren 4an eta 5ean, ‘Badatoz Erregeak’ ikuskizuna eskainiko da, ordu hauetan (bi egunetan): 10:00, 12:00 ,14:00, 16:00, 18:00 eta 20:00.

Ekitaldi horietara joan nahi duten kazetariek aurretik eman beharko dute izena, edukiera-arauak betetzearren. C sarreratik joan beharko dute.

Hona hemen urtarrilaren 4ko egitaraua:

  • 11:00. Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek elkarrizketak eskainiko dizkiete hedabideei, agertokiaren gainetik.
  • 11:30. Ateak irekiko dira. Kiroldegiaren kanpoaldean publikoarekin hitz egin ahalko dute (sarrera eta irteeran, ez barruan).
  • 12:00: ‘Badatoz Erregeak’ ikuskizuna. Akreditatutako kazetarientzako eserlekuak erreserbatuko dira, eta irudiak hartu ahalko dituzte. Ezin izango da ikuskizuna osorik grabatu.

Urtarrilaren 5ean ere sartu ahalko dira hedabideak, 18:00etako saioan. Egun horretan ezin izango diete elkarrizketarik egin Errege Magoei. Saio hori udalaren webgunean emango da, streaming bidez.

Kiroldegian sartu nahi duten hedabideek mezu bat bidali beharko dute cvilloria@vitoria-gasteiz.org helbidera, abenduaren 30eko (asteazkena) 15:00ak baino lehen, eta datu hauek zehaztu:

  • Izen-abizenak
  • NAN
  • Betetzen duen lana (kazetaria, argazkilaria, kameraria…)
  • Hedabidearen izena
  • Mendizorrotzera joango den eguna/egunak:

Kazetariek udal teknikarien jarraibideak bete beharko dituzte une oro.

 

Share