Prentsa Oharren banner

Asteburuko aurreikuspenak

Larunbata, urtarrilak 2

  • Alkatea Izaro kantariaren “Limones en invierno” kontzertuan izango da 19:00etan, Principal antzokian
Share

Alkateak aurreratu du 2021ean inbertsio handienak mugikortasunetik auzoetara aldatuko direla

 

Aurten, “Orain Gasteiz” planak osasunaren arloko prebentzioa sustatu, gizarte-ongizatea indartu eta tokiko ekonomia bultzatzeko neurriak ezartzeko balio izan du

 

Gorka Urtaran pozik agertu da Euskadi Next programak hiriarentzat munta handia duten proiektuak jaso dituelako

 

 

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek hedabideen aurreko urteko azken agerraldia baliatu du 2020. urtearen balantzea egiteko eta 2021erako zenbait aurreikuspen iragartzeko: ekitaldi horretan, inbertsio handienak mugikortasunetik auzoetara eta horiek birgaitzera aldatuko dira.

Bihar bukatzen den urteak oroitzapen gogorra utziko duela esan du alkateak. “Hasteko, gurekin ez daudenen oroitzapena. Pandemiak Gasteizko familia gehiegi jo ditu, eta egun hauetan bereziki nire maitasun eta sostengu osoa dute”, adierazi du.

Euskadiko hiriburua pandemiak Estatuan jotako lehen hirietako bat izan zen, “baina erreakzionatzeko gauza izan ginen, eta lehentasun berriei egokitzeko“. Horren erakusgarri da maiatzaren hasieran Udalak “ Orain Gasteiz” plana aurkeztu izana.  Planak osasun-prebentziorako, gizarte-laguntza indartzeko eta tokiko ekonomia sustatzeko neurri sorta bat jasotzen du, hiru arlo horietan izan baitu eragin handiena pandemiak. Udalaren esku-hartzea antolatzeko balio izan du planak, orain garrantzitsuentzat jotzen diren arlo eta jarduerak lehenetsiz.  

“Birus hau proba bat izan da guztiontzat, baina ziur nago aurrera aterako garela. Bizitzen ari garen egoerak oso argi erakusten digu zer den garrantzitsuena: osasuna babestea, ongizate-politikak indartzea eta gure ekonomiari laguntzea”, esan du Urtaranek. Horrenbestez, 2021 “osasuna, ekonomia eta bizitzeko ilusioa” berreskuratzeko urtea izatea espero du.

Datorren urterako aurreikuspenen artean, inbertsio publikoaren hazkunde handia nabarmendu behar da: 34,4 milioi euro, iaz baino hamar gehiago. Horixe jasotzen du aurrekontu-proiektuak, eta udal gobernuak aurrera ateratzeko konfiantza du, “maila globalean inoiz ezagutu gabeko egoera batean gaudela kontuan hartuz. Pandemiak eragindako kaltearen ostean Gasteizek behar duen berreraikuntzari aurre egiteko kontuak dira. Orain indartzeko eta berreraikitzeko unea da, Udala hiria suspertzeko eragile aktibo bihurtuz“.

Azken urteetan, mugikortasun iraunkorra izan da eta izaten ari da hiria eraldatzeko gakoetako bat. Gasteizko aukera eta erronka berria urrezko auzoen birgaikuntza da. Honela, aurreko urteetan mugikortasunarekin lotutako inbertsioak izan dira nagusi; datorren urtean, berriz, Gasteizko auzoetan aurreikusitako lanek hartuko dute protagonismoa, agintaldian zehar kontzeptu horretan 100 milioi euro inbertitzeko konpromisoa betetzeko asmoz. Eraikinak birgaitzeko —Europako jarraibideen ildotik— zein ekipamendu berriak egiteko inbertsioak dira. Hauek dira nabarmengarrienak: Espazio Publikoaren Gida Plana (4,5 milioi euro), Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren ingurunea eraberritzeko lanen bigarren fasea (milioi bat, gehi beste 1,2 milioi 2022an), superetxadien ezarpena (2 milioi gehi beste 2 milioi 2022 eta 2023 artean), Santa Barbara plazako zamalanak lurperatzea (1,2 milioi), Gasteiz Hobetuz programa (1,45 milioi herritarrek azken partaidetza-prozesuan aukeratutako proiektuak burutzeko, eta edizio berria martxan jartzea, 2022an eta 2023an 1.500.000 euro bideratzeko asmoz) eta Astronomo kaleko futbol-zelaia eraberritzea (0,55 milioi).

Gainera, autobus elektriko adimentsua (BEA) jarriko da martxan; Gasteiz izango da erabat elektrikoa den garraiobide hori baliatzen duen lehen hiria gure ingurunean. Orobat, superetxadiak ezarriko dira, eta horrek ere aldaketa handia eta aitzindaria ekarriko du hiriaren konfigurazioan.

 

Euskadi Next programa

Bestetik, alkatea pozik agertu da atzo Eusko Jaurlaritzak onetsi zuen Euskadi Next programak Gasteizentzat munta handia duten proiektuak jaso dituelako. “Next Generation europar funtsak behar-beharrezkoak dira pandemiaren ondoren gizartea eta ekonomia berpizteko, eta gure hiriaren helburuak Europar Batasunaren helburuekin guztiz bat datozela erakusten dute: pertsonen eta bizitza-kalitatearen babesa, trantsizio energetikoa eta eraldaketa digitala”, zehaztu du.

Euskadik europar finantzaketa lortzeko aurkeztu dituen proiektuen artean hauek nabarmentzen dira: Gasteizko azpiegitura berdeak garatzea, uholdeen arazoa konpontzeko; TUVISAren 11. linea elektrifikatzea, BEA ezarrita; Mobility Lab deritzon ekimena; “urrezko auzoak” birgaitzea; industria-lurrak lehengoratzea eta eraikin publikoen energia-iraunkortasuna.

Share

Taxietan osasuna babesteko manparak jartzeko 104 laguntza ordaintzea onetsi du Udalak

Gasteizko taxi-zerbitzurako babes-manparak erosi eta instalatzeko dirulaguntza-deialdiaren ebazpena onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak; 15.935,71 euro banatuko dira.

Joan den ekainean onetsi zuen Urtaranen gobernuak covid-19ak eragindako osasun-larrialdi egoeraren aurrean Gasteizko taxi-zerbitzuan babes-manparak erosi eta instalatzeko dirulaguntzak emateko deialdi publikoa, baita hori arautzeko berariazko oinarriak ere. Ezarritako epean 110 eskabide jaso ziren (hirian 194 taxik egiten dute lan), eta horietako 104 onartu dira tramiterako, betekizunak betetzen zituztelako.  Taxilariek gehienez 155 euro jasoko dituzte instalatutako manpara bakoitzeko, edo dagokion zenbatekoa, hori baino txikiagoa bada.

‘Orain Gasteiz’ udal estrategiaren barruko ekimen horren bidez, sektoreari COVID-19aren pandemiak ekarritako krisialdia gainditzen lagundu nahi zaio, eta zerbitzuaren erabiltzaileen segurtasuna handitu.

“Herritarrek garraio publikoarekiko konfiantza berreskura zezaten nahi genuen, baita hiriko taxiekikoa ere. Horretaz gain, helburua begi bistakoa da: kutsatzeak ekiditea eta Gasteizko taxi-zerbitzuko profesionalei eta horien bezeroei segurtasun-berme handiagoak eskaintzea“, azaldu du Gorka Urtaran alkateak, eta ekimena aurrera ateratzeko Udalaren eta ALATAX-Arabako Taxiaren Elkartearen artean izandako lankidetza eta ulermena azpimarratu ditu.

 

 

 

Share

Gaur amaituko du Gasteizek ordaintzeke dauden etxebizitza-birgaikuntzarako laguntza guztiak ordaintzen

Orotara 1,8 milioi euro ordaindu ditu, eta ia 2.000 familiarengana iritsi dira horiek

 

21 Zabalguneak gaur amaitu du etxebizitzak birgaitzeko laguntzak ordaintzen hori eskatu duten ia 2.000 familiei. Orotara, udal sozietateak 1.882.983,84 euro ordaindu ditu abenduan, Gorka Urtaran alkateak astero egin ohi duen prentsaurrekoan baieztatu duenez.

Joan den azaroan onetsi zuen 21 Zabalgunearen Kontseiluak obra amaierako agiria aurkeztua zutelarik ordaintzeke zeuden laguntza guztiak ordaintzea, 2018ko deialdira artekoak (hori barne).

Zehazki, 2018ko 1.566 eskabide ordaindu dira (1.421.272,00 euro guztira),  2017ko 242 eskabide, (302.405,29 euro), 2016ko 57 eskabide (127.325,91 euro) eta 2012-2015 aldiko 19 eskabide (31.980,64 euro).

Hartara, obra-amaierako ziurtagiria aurkeztua zutelarik kobratu gabe zeuden pertsona eta erkidego guztien laguntzak estali ditu udal sozietateak, dirulaguntza jasotzeko ezinbestekoa baita agiri hori.

 

15,9 milioi balioa duten obrak

Alkateak nabarmendu duenez, familiei etxebizitzak birgaitzen eta mantentzen laguntzeaz gain, horrelako ekintzek eragin garrantzitsua dute tokiko ekonomian.

Izan ere, abenduan ordaindu diren 1,8 milioi euro horiek 15,9 milioi euroko balioa duten obrak “mugitu” dituzte, lizentziak barne. Horri BEZagatik sortutako ia 2 milioi euro (1,6 milioi zehazki) gehitu behar zaizkio.

Udalaren laguntzarekin familiek egiten dituzten inbertsio horiek eragin biderkatzailea dute, jarritako laguntzaren ia halako 10, eta bultzada garrantzitsua ematen diote tokiko jarduera ekonomikoari“, azpimarratu du alkateak, eta gogoratu du bere gobernuaren helburu nagusietako bat dela eraikin eta etxebizitzak energia-eraginkortasuna kontuan hartuz birgaitzea.

 

Igogailua berritzea, EIT eta estalkiak zein fatxadak birgaitzea

Obra-amaierako ziurtagiria aurkeztu duten lan gehienak igogailua berritzeko (% 40), EITetarako (% 19,8), inguratzaileak eta estalkiak birgaitzeko (% 10,5) eta ataria irisgarri egiteko (% 8,4) izan dira.

 

 

Share

Gasteizko ostalaritzarako aparteko laguntzak eskaera egin zuten guztiei iritsiko zaizkie

Udal gobernuak partidan 50.000 euro gehitzea onetsi du, baldintzak betetzen zituzten establezimendu guztiek 600 euro jaso ditzaten.

 

Ostalaritzarako aparteko laguntzak –areto bakoitzeko 600 euroko esleipena– eskaera egin zuten eta baldintzak betetzen dituzten Gasteizko establezimendu guztietara iritsiko dira. Gasteizko Udaleko Gobernu Batzarrak programa honetarako aurrekontua 50.287 euro gehitzea onetsi du gaur. Kopuru hori hasierako aurrekontuko 500.000 euroei gehituko zaie, eskari guztiei erantzuteko.

Lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapenerako zinegotzi Maider Etxebarriak adierazi duenez, “aurrekontu igoera honekin bete egiten dugu gure hitza, eta eskaria estaltzen. Dirulaguntza hauek beste erakunde batzuenen osagarriak dira, eta pandemiak gogor erasotako sektore bati laguntzeko balioko dute”.

Hilabete honetan argitaratu dira Eusko Jaurlaritzaren azaroaren 6ko 38/2020 Dekretuaren bidez ezarritako itxierak hirian eragindako ostalaritza-establezimendu guztientzako laguntza-programa. Barne hartzen ditu behar urgenteenak betetzeko balio duten itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak, hau da argia, ura, berogailua, telefonoa, aretoaren alokairua, hipoteka edo gestoria gastuak ordaintzea. Laguntza-ildoa, eta ondorengo handitzea, Ekonomiaren Sustapenak sustatu du, Ogasun Sailarekin lankidetzan.

 

 

 

Share

Baliabide ekonomiko eskasak dituzten pentsiodunen energia-gastua finantzatzeko bigarren laguntza-deialdia onetsi da

Baliabide ekonomiko eskasak dituzten pentsiodunek ohiko etxebizitzan duten energia-gastua finantzatzeko laguntza ekonomikoen urteko bigarren deialdia onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak.

Gastu hauek lagunduko dira diruz: elektrizitatearen, gasaren edo beste erregai batzuen kontsumoari dagozkionak, edo komunitate gastuak, horiek berokuntza barne hartzen badute.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 30.000 euro jarriko ditu laguntza horietarako; 2020ko uztailaren 1etik abenduaren 31ra arteko aldiari dagozkio, eta ALHAOn argitaratu ondoren eskatu ahalko dira.

2020ko seihilekoari zegokion deialdian 48 laguntza eman ziren.

Share

Errege Magoek Gasteizko umeei jaiak zoriontzeko bideo bat egin dute

Erregeak urtarrilaren 4an eta 5ean elkartuko dira hiriko txikienekin, Mendizorrotzean

Errege Magoek  Gasteizko umeei jaiak zoriontzeko bideo bat egin dute, eta urtarrilaren 5eko gauean hutsik egin gabe beren etxeetara opariak eramango dituztela esateko.

Zorion-agurrean, Erregeek haurrei iragartzen diete “zomorrotxoa” gorabehera laster iritsiko direla Gasteizera, eta dena prest dutela hiriko etxeak ilusioz betetzeko.

Kultura Zerbitzuak sortu du bideoa, pandemiak ohiko Eguberrietako programazioan izan duen eragina arintzeko. Izan ere, COVID-19ak Erregeen desfilea bertan behera uztera behartu du, baita urtarrilaren 5eko ekitaldiak ere.

Gasteizko umeak urtarrilaren 4an eta 5ean elkartu ahalko dira berriro Meltxor, Gaspar eta Baltasarrekin, Mendizorrotzean, ‘Badatoz Erregeak’ ikuskizunari esker. Sarrerak agortuta daude, baina 5ean (asteartea) streaming bidez ikusi ahalko da udalaren webgunean, 18:00etan.

Errege Magoen bideoa ikusi

Share