Prentsa Oharren banner

Ogasun Sailaren 2021erako aurrekontuan pandemiak sor ditzakeen gastuei aurre egiteko partidak sartu dira

Iñaki Gurtubai alkateordeak bi partida nabarmendu ditu Ogasun arloaren 2021erako aurrekontua aurkeztean: batetik, koronabirusarekin lotutako osasun gastuetarako partida, 260.000 euro, pandemiari aurre egiteko behar diren hornikuntzak eta ekintzak berariaz ordaintzeko. “Partida hori arazorik gabe handituko da sortzen diren beharren arabera, guztiz lehentasunezkoa baita“, azaldu du Ogasuneko zinegotziak, eta gogorarazi du aurten COVID-19ak eragindako osasun gastuak milioi eurotik gorakoak izango direla.

Bestetik, 1.143.000 euroko kreditu-partida global bat aurreikusi da (2020ko aurrekontuan 208.393 euro agertzen ziren kontzeptu bererako). Zenbateko horrek ez du xede zehatzik, hau da, berme-funts bat da, inbertsioetarako, gastu berezietarako edo sor daitekeen beste edozein gorabeherari aurre egiteko, oraingo pandemiari, esate baterako.

Ogasun arloak datorren urterako izango duen aurrekontua 44.416.461 euro da orotara. Horren barruan, mailegu-amortizaziorako kontzeptua da handienetako bat: 12.803.762 euro; hartara, ahalegina egingo da Udalaren egoera ekonomikoa gehiegi desorekatu ez dadin, 2021ean aparteko zorra eskatuko baita.

Ohi bezala, udal sozietateentzako ekarpenek ere pisu handia dute Ogasunaren aurrekontuan; besteak beste, TUVISArentzako transferentziak (14.666.796 euro gastu arrunterako eta 945.900 euro inbertsioetarako), Ingurugiro Gaietarako Ikastegiarentzat (2.390.939 euro gastu arrunterako eta 125.000 euro inbertsioetarako) eta 21 Zabalgunearentzat; azken horri milioi erdi euroko transferentzia egingo zaio, etxebizitzak birgaitzeko laguntzen politikak osatzeko.

Gobernu-taldeak udalaren lurzoru ondarea besterenduz datorren urtean lortu nahi dituen diru-sarreren aurreikuspenak ere zehaztu ditu Iñaki Gurtubaik. Nabarmentzekoa da Gure Txokoa eraikinaren lursaila besterenduz 3,9 milioi euro eskuratzea aurreikusi dela. Aldi berean, 21 Zabalguneari 1,93 milioi euroko konpentsazioa ematea aurreikusi da, egoitza jartzeko higiezinean egin zituen inbertsioen truke.

Giza Baliabideak

Gurtubaik Giza Baliabideen ardura ere badu; beraz, horri dagokion aurrekontua azaldu du. Kopuru nabarmengarriena langile-gastuetarako da: 151,4 milioi euro, iaz baino 2 gutxiago. Ordainsariak % 0,9 igotzeko aurreikuspena sartu da kopuru horren barruan, Estatuko Aurrekontu Orokorretan xedatutakoari jarraituz. Borondatezko erretiroa aurretiaz hartzeagatiko sariek etenda jarraituko dute, eta ordezkapenak kudeatzeko sistema deszentralizatu berria ezarriko da. Horrek datorren urtean 1. kapituluan gastuari eusteko helburua lortzea ahalbidetuko du.

Share

2021ean, Kultura Sailak 2 milioi euro txertatuko ditu tokiko ehunean, Plan Estrategikoari jarraituz

Kontzertu aretoek dirulaguntzen ildo propioa izango dute

Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok bere arloaren datorren urterako aurrekontuak aurkeztu ditu; hiriko ehuna sustatzea, kultura seguruaren ideia sendotzea eta Plan Estrategikoa garatzen jarraitzea dira konpromisoa nagusiak. “2021ean, 2 milioi euro baino gehiago inbertituko ditugu zuzenean tokiko ehunean, Plan Estrategikoaren ildoei jarraituz”, nabarmendu du zinegotziak.

Cantok iragarri du kultur proiektuetarako dirulaguntzen deialdia mantenduko dela, guztira 200.000 euro, baita hitzarmenak ere, ia 400.000 eurotik gora.

Laguntza-deialdi berria ere bultzatuko duela aurreratu du Cantok, zuzeneko musikak urte osoan irauterik izan dezan. “Martxoaz geroztik zenbait esperientzia egin ditugu hiriko aretoekin, eta erantzuna ona baino hobea izan da”, azaldu du.

Zinegotziak bere sailaren partida nabarmengarrienak aletu ditu; orotara 9.018.555 euroko aurrekontua izango du, 7.304.143 euro Kultura Zerbitzurako eta 1.714.412 euro Hezkuntza Zerbitzurako.

Udalaren Antzoki Sareak 840.000 euro edukiko ditu bere agenda osatzeko, eta gizarte etxeek, 418.000 euro kultur ikastaroetarako. Gainera, 180.000 euro jarriko dira hiriko espazio publikoetan kultur jarduerak antolatzeko.

Cantok normaltasun berria irudikatu du, eta hainbat ekitaldi egin ahal izatea espero du, hala nola Gasteizko jaiak edo datorren urteko Gabonak, “ohi baino tamaina txikiagoarekin, eta unean-unean osasunaren arloan ezartzen diren mugen arabera. Ekitaldi horietarako 200.000 euro eta 135.000 euro aurreikusiko ditugu, hurrenez hurren”.

 Udal Bandak 34.000 euroko zuzkidura izango du Principal antzokiko abonamendu programa osorik garatzeko, eta aldi berean internetez eskainiko da. Osasun egoerak hobera egingo duelakoan, Udal Folklore Akademiaren programazioa ere berreskuratuko da, 30.000 euroko aurrekontuarekin.

Orobat, pandemiak gerarazitako kultur inbertsioak berreskuratuko dira 2021ean, eta horri esker ekipamenduz hornitu ahalko dira Udalaren Antzoki Sarea, Montehermoso, Folklore Akademia eta Udal Banda. Artelanak erosteari eta horiek mantendu eta zaharberritzeari ere ekingo zaio berriro. Orobat, Udal Artxiborako, Liburutegien Sarerako eta Montehermosoko mediatekarako funtsetan inbertituko da.

Berez sailaren aurrekontuan ez badago ere, zinegotziak Principal antzokiaren eraberritzea aipatu nahi izan du, bere lehentasunetako bat baita; udalaren kontuetan 320.000 euroko ordainketa-kreditua aurreikusi da urte honetarako, eta 2022 eta 2023rako konpromiso-kreditu bat.

Hezkuntza

Hezkuntza Zerbitzuari dagokionez, Cantok azpimarratu nahi izan du Gasteiz Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen koordinatzaile izango dela 2020ko martxotik 2022ko martxora arte. “Izendapen horrek eman diezazkigun sinergiak aprobetxatzeko, 20.000 euro erreserbatuko ditugu aurrekontuan zerbitzuak azken 30 urteetan egindako lanaren balioa nabarmentzeko“, iragarri du.

Ikastetxeetako konpentsazio programak 220.000 euroko zuzkidura izango du 2021ean, eta guraso elkarteek, berriz, 150.000 euro jasoko dute.

Orobat, 70.000 euroko partida aurreikusi da patio irekien programarako, “aurtengo udan arrakasta handia lortu baitu. Tokiko kultur ehunari laguntzeko beste bide bat da, hiriko konpainien ikuskizunak baitira”.

Nabarmentzekoa da inbertsioen kapitulua berreskuratu izana, udalaren haur eskolak kultur ekintzako ekipo berriez, altzariz eta tresnaz modernizatzeko: “zentro horiek erakutsi dute leku seguruak direla, gasteiztarrak txiki-txikitatik hezi ahal izateko”.

COVID-19a gorabehera, udalaren bi haur eskolek jardunean jarraitzen dute, eraginkortasun handiz, eta eskoletako zuzendariei zein irakasleei eskertu behar diegu hori. Bestetik, José Uruñuela dantza kontserbatorioak 563.000 euro jasoko ditu 2021ean; Luis Aranburu musika eskolak, berriz, 709.000 euro.

Egungo egoeran egin daitezkeen hitzarmenei ere eutsiko zaie, ekarpenak 2021erako proposatutako jarduerei moldatuta.  Esate baterako, Arte eta Lanbide Eskolak 414.000 euro jasoko ditu; Lanbide Heziketako Partzuergoak, 115.000 euro; Artiumek, 110.000 euro, eta UNEDek, 100.000. “EHUri 45.000 euroko laguntza emango diogu, hainbat hitzarmenen bidez; Fernando Buesa Fundazioari ere kopuru bera emango diogu, eta Jazz uhinak ziklorako 30.000 euro jarriko ditugu, besteak beste”.

Estíbaliz Cantoren hitzetan, “aurrekontu honen bidez ezkutu sozial bat sortu nahi dugu, fokua pertsonengan eta tokiko ehunaren biziberritze ekonomikoan jarrita“. Azkenik, udal taldeei aurrekontuarekin bat egiteko gonbita egin die, “krisialdiaren irteera kudeatzeko tresna egokia baita“.

 

 

Share

EAJ-PNV, PSE-EE, PP eta Elkarrekin Udal taldeen adierazpena arbuioa adierazteko Ernai erakundeak Gazteria Zerbitzuak antolatutako ‘Erronka gazteak’ jardunaldien barruan sortutako istiluen kontra

EAJ-PNV, PSE-EE, PP eta Elkarrekin Udal taldeek, Gasteizko Udaleko Eledunen Batzarran elkartuta, arbuioa adierazi nahi dute atzo, abenduak 9, Ernai erakundeak —ezker abertzaleko gazte erakunde iraultzailea— Udaleko Gazteria Zerbitzuak antolatutako “Erronka Gazteak: gazteak eta COVID-19a” jardunaldien barruan sortu zituen istiluen kontra.

Hiri moderno, plural eta askotariko baten eredua aldezten dugu, non pertsonen arteko harremanak askatasunean, berdintasunean eta errespetuan oinarritzen baitira, salbuespenik gabe.

Erakunde eta ordezkari publiko orok jaso ditzake kritikak haren kudeaketa dela eta. Ingurune instituzional demokratiko eta aske baten barruan —halakoa baita gurea— kritika, bidezkoa ez ezik, beharrezkoa da. Baina iritzi ezberdinak adierazteak ezin du inola ere ekarri inor iraintzea eta hari begirunea galtzea, ezta udal ordezkari baten kasuan ere, aipatutako jardunaldietan atzo gertatu zen bezala.

Adierazten dugu ez dugula nahi gure hirian horrelako jokabiderik izatea —iraganeko garai bati dagozkionak, orduan sistematikoki urratzen baitziren giza eskubideak—, eta kritika askatasunez egitea nahi dugula, baina gainerako pertsonen duintasuna eta eskubideak behar bezala errespetatuz.

 

Vitoria-Gasteizen, 2020ko abenduaren 10ean.

Share