Prentsa Oharren banner

Atxilotua ostalaritza-establezimendu bateko arduraduna Udaltzaingoari aurka egin ostean

Udaltzainek ostegun arratsaldean, abenduaren 31n, 39 urteko gizonezkoa atxilotu zuten hainbat delitu ustez egin izana egotzita: desobedientzia larria, agintaritza-agenteen aurkako atentatua eta mehatxuak.

20:00ak inguruan, uniformea jantzita ez zuen eta zaintza-lanak egiten ari zen patruila batek Florida ibilbidean irekita zegoen ostalaritzako lokal batean eramateko edariak zerbitzatzen ari zirela ikusi zuen. Lehendakaritzak onartutako 44/2020 Dekretuak xedatutakoa betez, abenduaren 31n, establezimenduek ateak 18:00etan itxi behar zituzten. Arrazoi hura zela eta, udaltzainak arduradunarengana joan ziren eta hark, oso modu oldarkorrean, udaltzainei mehatxu egin zien, behin eta berriro bere burua identifikatzeari uko egin zion eta une jakin batean udaltzainetako bati oldartu zitzaion. Hori guztia zela eta, azkenean atxilotu egin zuten. Guardiako epaitegiari dagozkion eginbideak egin ostean, aske utzi zuten.

Udaltzainek hamabost lagun identifikatu zituzten urtarrilaren 1ean Bitorialanda kaleko lonja batean ospatzen ari ziren festa batean zeudelako. Gainera, Gasteiz hiribideko apartamentuen eraikin batean zaratak zirela eta molestiak eragiten ari ziren beste sei pertsona identifikatu zituzten. Gainera, haietako bi bakarrik zeuden apartamentuetan erregistratuta. 

 

Prebentziozko alkoholemia-kontrolak 

Abenduaren 31tik, ostegunetik, prebentziozko lau alkoholemia-kontrol egin dira, eta 45 gidarik egin behar izan dituzte alkoholemia-probak. Inork ez du emaitza positiboa eman.

Abenduaren 31tik, ostegunetik, hogeita bederatzi zirkulazio-istripu erregistratu dira, eta horietan ez da inor zauritu.

 

Suhiltzaileen esku-hartzeak

Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuak (PSISZ) igandeko 05:04an esku hartu behar izan du Madril kaleko etxebizitza bateko logela batean piztutako sua itzaltzeko.

Gainera, eroritako edo erortzeko arriskuan zeuden adarrekin lotutako 33 esku-hartze egin dituzte, eta beste 19 teilatu eta teilatu-hegaletatik elurra erortzeko arriskua zegoelako.

 

 

Share

Ekialdeko Errege Magoek ilusioz beteko dute Gasteiz

Bihar, urtarrilaren 5a, streaming bidez jarraitu ahalko da ikuskizuna.

Mendizorrotzeko pabilioian ‘Badatoz Erregeak’ ikuskizuna izango da gaur eta bihar. Bertan Melchor, Gaspar eta Baltasar Erregeek Gabonak zorionduko dizkiete Gasteizko haurrei. Aurten ezingo dute desfilerik egin hiriko kaleetan zehar, baina ez dute hiriko haurrekin elkartzeko aukera galduko magia protagonista duen ikuskizun batean.

Lehen emanaldia gaur izan da, 10:00etan, eta badira gaur beste zenbait emanaldi oraindik ere: 12:00etan, 14:00etan eta 16:00etan, 18:00etan eta 20:00etan. Bihar, 10:00etan, 12:00etan, 14:00etan eta 16:00etan, 18:00etan eta 20:00etan izango da.

Urtarrilaren 5eko 18:00etako emanaldia streaming bidez jarraitu ahalko da esteka honetan.

 

Share

Elurteetarako Planaren 1. fasea aktibo mantentzen du Udalak

Larrialdi Planaren 1. fasea aktibo mantentzen du Udalak, elurteei aurre egiteko. Eguraldi-iragarpenen arabera hurrengo orduetan elurra egin dezakeenez, alerta-maila berari eustea erabaki du Herritarren Segurtasunaren Sailak.

Elurteetarako Planaren 1. fase honetan, elurtea dela eta, 260 pertsona inguru ari dira lanean, eta 22 makina, hiriguneko galtzadak eta oinezkoen ibilbideak garbi edukitzeko. Horrez gain, 11 makina —traktoreak— ari dira nekazaritza-eremuko herrietan elurra kentzen. Guzti horiekin elkarlanean ari dira udaltzain eta suhiltzaileak ere.

Share

“Festiclown” bat izango da “Palestina, agora artistikoa” erakusketan, urtarrilaren 17an, Pepe Viyuelarekin

Hilaren 14an, ostegunez, hitzaldia emango du Enrique Flores ilustratzaileak

Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak Montehermoso kulturunean antolatutako “Palestina, agora artistikoa” erakusketaren barruan, “festiclown” bat izango da urtarrilaren 17an, igandez, eta bertatik bertara kontatuko dituzte “Pallasos en rebeldía” taldeko kideek Palestinako auzoetan —beren zirku-ikuskizun ibiltariarekin itxaropena eta ilusioa banatzeko ahaleginean jardun dutelarik— bizi izan dituzten bizipenak.

Pepe Viyuela komikoa eta aktorea izango da ekitaldian, eta ikuskizun batekin itxiko du “Palestina, agora artistikoa” proiektuarekin batera antolatutako jardueren zikloa.

18:00etan hasiko da ekitaldia, eta gonbidapena beharko da bertara joateko —Montehermoso kulturunean jaso ahal izango da, urtarrilaren 7tik aurrera, 10:00etatik 20:00etara bitartean—. Pertsona bakoitzak bi gonbidapen jaso ahal izango ditu.

Hitzaldia

Bestalde, urtarrilaren 14an, ostegunez, “Postales desde Al-Quds, Jerusalén” hitzaldia emango du Enrique Flores ilustratzaileak. 2018an hiri horretara egin zuen bidaiako ilustrazioen proiekzioa eskainiko du. Hiri zaharraren hainbat alderdi erakusten dira marrazkietan. 19:00etan hasiko da hitzaldia. Sarrera librea izango da, lekuak bete arte.

Share