Prentsa Oharren banner

Eskola-kirola udal instalazioetara itzuliko da gaur

  • Apurka ekingo zaie berriro entrenamenduei, entitate eta klubekin koordinatuta
  • % 50era handitu da kirol-instalazioetan baimendutako gehieneko edukiera
  • Aurrerantzean, libreki egin ahal izango da kirola, banaka edo sei laguneko taldeetan

Eskola-kiroleko entrenamenduei ekingo zaie berriro, gaurtik, udalaren kirol instalazioetan, koronabirusaren kontrako prebentzio-neurriei buruzko Eusko Jaurlaritzaren dekretu berria indarrean jarri delarik. Dokumentu horretan zehazten denez, gehienez sei laguneko taldeetan antolatu beharko dira entrenamenduak —txapelketek etenda jarraitzen dute—, horien osaera aldatu gabe, eta ezingo dira aldagelak erabili.

Gaurtik aurrera ekingo zaio berriro jarduerari, entitate eta klubekin koordinatuta. Ildo honetan, jarduteko moduari buruzko udal jakinarazpena jasotzen ari dira gaur. Nahikoa izango da entitateak instalazioaren ardura duen kirol-koordinatzaileari entrenamenduetara itzuli nahi duela adieraztea. Hartara, eskola-kirola bertan behera utzi aurreko kantxetako erabilera-koadrante gehienak berreskuratuko dira. Aldi berean, instalazioak egoera berrira egokitzen ari dira, dagoen programazioaren zati bat lekuz aldatuz. Erabateko berme sanitarioarekin egiterik izan zedin kantxa eta kiroldegietara aldatu ziren jarduerek kokaleku alternatiboa izango dute, programazioarekin jarraitu ahal izateko.

Eskola-kiroleko entrenamenduak igerilekuko modalitateen kasuan, urtarrilaren 15era arte igeri egiteko banakako erreserbak programatuta daudenez, 18tik aurrera itzuliko da eskola-kirolaren jarduera bertara. Beste kirol modalitate batzuetan, praktika libreko kirol eskaintzarekin bat etortzea egokitzen ez bada, berehala itzuliko dira entrenamenduak.

“Eskola-kiroleko entrenamenduei berriro ekitea berri ona da, bai familientzat, bai arlo horretan lan egiten duten profesional guztientzat. Berriro entrenatzea oso ona izango da errutina osasungarri horretara itzultzeko premia zuten haur askorentzat. Horrelako jardueretara apurka itzuli beharra dago, nahitaez, instalazioak berrantolatu eta segurtasun sanitarioaren protokoloak bete beharra baitago aldi berean, baina espero dugu ahalik eta talde gehienek ekin ahal izatea berriro jarduerari, lehenbailehen”, adierazi du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek. 

Eskola-kirola berreskuratzea ez ezik, instalazioen gehieneko edukiera % 40tik % 50era pasatzea ahalbidetzen du Eusko Jaurlaritzaren dekretu berriak. Ez dago aldaketarik funtzionamendu-ordutegiari dagokionez, instalazioak 21:00etan ixten jarraitu beharko baita.

Udalak programatutako eskolako kirol jarduera

Udalak antolatutako eskola-adinerako (6-16) ikastaro eta kirol jardueren eskaintza berreskuratzea ahalbidetzen du Eusko Jaurlaritzaren dekretu berriak. Izena emateko eta lekuak esleitzeko epea jarri behar denez, otsail hasierarako dena prest edukitzea aurreikusten da. Laster emango da horren inguruko informazioa.

Praktika libreko kirol-jarduera

Banaka edo sei lagun arteko taldeetan kirol-jarduera librean —Udalak programatu gabean— aritzeko aukera berreskuratzea izan da gaur bertan indarrean jarri den dekretuaren ondorioetako beste bat, eta, hortaz, egoera berri horretara egokitu beharko da instalazioen erreserba.

Orain arte, programatu gabeko kirol-jardueran aritzeko bi modu zeuden: banakako erreserba edo bizikideentzako erreserba. Kirola banaka edo taldean egiteko aukera izango da aurrerantzean, gehienez sei laguneko taldeetan. Hori dela eta, bertan behera utzi dira banakako nahiz bizikideentzako erreserbak, instalazioak kirol-jardueraren aukera berrietara egokitzeko asmoz.

Datozen egunetan, Udalak erreserba zuzen horietarako eskainiko dituen modalitate, instalazio eta ordutegien berri emango da.

Ondorioz, praktika libreko jarduerarako zeuden bi formulak, erreserba indibidualak edo bizikidetzakoak, bertan behera geratuko dira egoera berri honetan.

Gasteizen, azken 14 egunotan, Covid-19aren kasu positiboen intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500etik behera dagoelako da posible neurri horiek guztiak hartzea. 500 kasuren muga hori gaindituz gero, bertan behera geratuko lirateke.

Share

Andre Maria Zuriaren plazako landarezko eskultura haztegira aldatuko da aldi baterako, mantentze-lanetarako

Udalak bihar kenduko du landarezko eskultura Andre Maria Zuriaren plazatik. Eskultura ezagun hori udal haztegira aldatuko da, egoki diren mantentze lanak egin diezazkioten, eta ahalik eta lasterren itzuliko da ohiko lekura. Eskulturak 7.000 kilo pisatzen dituenez, garabi txiki bat erabiliko da lekuz aldatzeko.

 

Share

Atxilotua pisukideari eraso egiteagatik

Udaltzainek atzo 53 urteko gizonezkoa atxilotu zuten pisukide bati eragindako lesio, heriotza-mehatxu eta irain delituen ustezko egilea izateagatik.

22:00ak baino zertxobait lehenago 092an jaso zuten dei batek Done Jakue hiribideko etxebizitza batean eztabaida gertatzen ari zela ohartarazi zuen. Bertaratutako patruila batek egiaztatu zuenez, bi maizterren artean sortutako liskar gogorrean, haietako batek zeramikazko katilua hartu, puskatu eta, haren zati zorrotz batekin, pisukideari lepoan eraso egin zion iraintzen eta heriotza-mehatxuak egiten zizkion bitartean. Hori zela eta, udaltzainek gizonezkoa atxilotu zuten. Gaur goizean epailearen esku geratuko da.

Kalteak

Udaltzainek atzo 31 urteko gizonezko bat atxilotu zuten San Antonio kaleko udal-bulego batzuetako sarrerako atean kalteak eragin, bulegoak zaintzen dituen agenteari mehatxu egin eta helbide ezaguna ez ziurtatu izanaren delituen ustezko egilea zelakoan.

Guardiako epaitegian zegozkien eginbideak egin ondoren, aske utzi zuten.

Suhiltzaileak

Suhiltzaileek atzo Gasteiz hiribideko eraikin bateko tximinian piztutako sua itzali behar izan zuten. Gainera, beste esku-hartze bat izan zuten Clemente Arraiz margolariaren kaleko etxebizitza bateko erauzketa-kanpaian piztutako sua zela eta.

Bestalde, teilatu eta teilatu-hegaletatik elurra kentzeko 26 esku-hartze egin zituzten.

Share

Pertsona bat erreskatu dute Jundizko biokonpost-lantegiko deskarga-hobitik

Bart goizaldean, agiririk gabeko gizon bat erreskatu dute Jundizko biokonpost-lantegiko deskarga-hobitik; ustez, udalaren garbiketa zerbitzuko zabor-bilketarako kamioi batetik erori da bertara.

04:25ean gertatu da. Hondakinak deskargatu ondoren, kamioiaren gidaria konturatu da gizonezko bat zegoela, eta berehala ohartarazi die larrialdietarako zerbitzuei zein lantegiko arduradunei.

Suhiltzaileak, udaltzainak eta anbulantzia bat joan dira pertsona hori erreskatatzera; bere kordean zegoen, baina zango batean zauritua, eta ospitale batera eraman dute laguntza medikoa eman ziezaioten.

Share

Abiatu dira Salburua eta Triana zubiaren artean oinezko eta txirrindularientzako bidea egokitzeko lanak

Oinezkoentzako bidea trenbideari paralelo doa, Triana zubiaren eta Oreitiasoloko industrialdearen artean, eta hasiak dira egokitzeko lanak. Oinezko eta txirrindularientzako zidor berritu batek lotuko ditu Salburua auzoa eta Triana ingurua laster, Udalak 102.813,03 euroko inbertsioa eginda.  “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” programan hautatutako proiektuetako bat da ekimena.

Zidor berriak 250 metro inguru izango ditu, hiru metroko zabalera, eta landareak bi aldeetara; zoladura berria jarri eta ingurua txukunduko da. Izan ere, gaur egun erabiltzen den bidexka egoera txarrean dago: zatika hartxintxarra eta zoladura mota ezberdinak ditu, putzuak sortzen dira… Zabalera nahikoa emateko, zintarriak kendu beharko dira zenbait lekutan. Hain zuzen ere, enpresa esleipenduna horretan dihardu.

Esku-hartzearen ondoren, bestetik, bide osoa maila berean utziko da, eta horretarako kendu egingo dira bidea oztopatzen duten eskailera batzuk. Horien ordez aldapatxo bat geratuko da, bizikletaz eta gurpil-aulkiz igarotzeko modukoa. Zidorra eta Jacinto Benavente kalea lotzen dituzten eskailerak ere hobetuko dira.

Orobat, Udalak argiak instalatuko ditu inguru osoan. Zehazki, 14 farola jarriko dira, azken belaunaldiko led bonbillez (27,5 W-ekoak) hornituak, eraginkortasun eta argitasun handiagoa baitute. Oreitiasoloko industrialdean, Jose Maria Iparragirre kalearen eta aipatutako bidearen arteko bidegurutzean, oinezkoentzako pasabide bat margotuko da, baita ‘30eko eremua’ seinalea ere.

Esku-hartzearen bidez hainbat helburu lortuko ditugu: herritarrek dagoeneko erabiltzen zuten bide bat sendotzea; traba arkitektonikoak kentzea, irisgarritasuna bermatzeko, eta bide-segurtasuna hobetzea“, nabarmendu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok.

 

 

Share