Prentsa Oharren banner

Udaltzaingoa hiru gizonezko ikertzen ari da ustez babestutako hegaztiak ehizatzeagatik

Udaltzaingoa 49, 42 eta 29 urteko hiru gizonezko ikertzen ari da baimenik gabeko ehiza delituaren ustezko egileak izateagatik.

092 zenbakian igandean jaso zuten dei batek Bremen kaleko eraikinik gabeko eremuan hiru gizonezko horiek ustez hegaztiak ehizatzen ari zirela ohartarazi zuen.

Udaltzainen patruila batek furgoneta batean topatu zituen hiru gizonezkoak. Identifikatu ondoren, udaltzainek ibilgailua ikuskatu zuten eta Carduelis carduelis (karnaba) espezieko hiru txori zituen kaiola bat topatu zuten. Hegazti hori babestutako espezie gisa katalogatuta dago.

Ondorioz, Udaltzaingoko Ingurumeneko Taldea arduratu zen esku-hartzeaz eta txoriak eraztuna jarri gabe zeudela egiaztatu zuen. Gainera, hegaztiak ehizatzeko espezie ugaritako soinu-grabazioak erabiltzen dituen apeu elektroniko bat topatu zuten bertan.

Gertakari horiek zirela eta, karnabak kautelaz konfiskatu eta Martiodako Animaliak Berreskuratzeko Zentrora eraman zituzten. Bestalde, inplikatuei epaitegian dagozkion izapidetzeak ireki zizkietela jakinarazi zieten.

Apeu soinudunaz gain, hegaztiak harrapatzeko substantzia likatsu bat, lika izenekoa, erabiltzen zuten ikertuek.

 

Share

Gasteizko Udaltzaingoak erregistratutako delituen kopurua % 24 jaitsi zen 2020an

Pandemia hasi zenetik, Udaltzaingoak 6.509 salaketa jarri ditu covid-19aren kontrako neurriak ez betetzeagatik

 

Gasteizko Udaltzaingoak erregistratutako delituen kopurua % 24 jaitsi zen 2020an. 2019an, Udaltzaingoak 7.777 atestatu egin zituen eta iaz, 5.910, hau da, 1.867 gutxiago.

Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Marian Gutiérrezek eman ditu datu horiek udal batzordean, bere ekimenez; hain zuzen ere, udal taldeen galderei erantzun ohi die batzordean, eta zuzentzen duen sailaren kudeaketaren kontu ematen.

Pandemiaren ondorioz ezarritako mugek eragin positiboa izan dute 2020an zenbatutako delituen kopuruaren jaitsieran; bereziki ondarearen kontrako delituetan nabaritu da hori, etxebizitzetako lapurretak % 50 jaitsi baitziren (iaz 54 izan ziren eta 2019an, 107). Ibilgailuen barruko lapurretak ere % 45 jaitsi ziren.

Era berean, % 36 gutxitu ziren 400 eurotik gorako lapurretak, eta % 29,5 indarkeria edo larderia erabiliz egindakoak. Lapurtutako ibilgailuen kopurua, berriz, handitu egin zen, 4 gehiago izan baitziren, eta 35 orotara.

Sexu-askatasunaren kontrako delituei dagokienez (sexu-erasoak, sexu-abusuak, exhibizionismoa…), 23 kasu erregistratu ziren 2020an, hau da, 2019an baino 4 gutxiago (% 15eko jaitsiera).

Pertsonen kontrako delituen alorrean, 221 atestatu egin ziren genero-indarkeria eta familia-indarkeria direla eta; 2019an, berriz, 272 izan ziren, beraz, ia % 19 gutxitu ziren. Lesioengatiko salaketak, ordea, handitu egin ziren, 65etik 119raino.

Covid-19arekin lotutako salaketak

 Herritarren Segurtasunaren zinegotziak, halaber, pandemia hasi zenetik covid-19aren kontrako neurriak ez betetzeagatik Udaltzaingoak egindako zigor-proposamenen berri eman du.

Martxoaren 14tik urtarrilaren 24ra bitartean, Udaltzaingoak 6.509 salaketa egin ditu: 2.639 lehen alarma egoeran (2020ko martxoaren 15etik ekainaren 21era); 1.809 “normaltasun berria” izendatutako aldian (2020ko ekainaren 21etik urriaren 24ra), eta 2.061 bigarren alarma egoeran, zeina urriaren 25ean jarri baitzen indarrean.

Arau-hausteei dagokienez, 2.416 zigor-proposamen egin dira maskara ez eramateagatik edo modu desegokian erabiltzeagatik; 366 1,5 metroko segurtasun distantzia ez betetzeagatik, eta 145 itxita egon behar zuten aretoetan egoteagatik: txokoak, gastronomia-elkarteak, gazteen lonjak, etab.

Balantzea egitean, Marian Gutiérrez zinegotziak “pandemia hasi zenetik Udaltzaingoa egiten ari den lan garrantzitsua” goraipatu du: “gure agenteak covid-aren kontrako borrokaren lehen lerroan daude, eta haien lana funtsezkoa izaten ari da osasun neurriak betetzen direla bermatzeko”.

Share

(zuzenduta) Herritartasunerako Eskola Irekiak jardueren ikasturte berria abiaraziko du, Begoña Románek herritarren partaidetzari buruz Europa jauregian emango duen inaugurazio-hitzaldiarekin 

 

Gasteizko Udalak programaren barruko jardueretan izena emateko epea ireki du, zeinak jarduera bakoitza hasten den egunaren bezperara arte jarraituko baitu zabalik 

 

 

Covid dela eta mundua itxita badago ere, Herritarren Partaidetzaren Zerbitzuak partaidetzaren kultura hobetzeko xedez sustatzen duen elkartzeko eta parte hartzeko espazioak zabalik jarraitzen du, eta hitzaldi eta gogoeta ikasturteari ekingo dio hiruhileko honetan. Eztabaida berriei eta herritar izateko nahiz herritartasuna birpentsatu eta egikaritzeko modu berriei irekitako programazioa antolatu du.

Zehazki, otsailaren 4an (osteguna) abiaraziko du Herritartasunerako Eskola Irekiak (HEI) hiruhileko programazioa, Europa jauregian, Begoña Román Maestrek “Repensar la participación ciudadana: una mirada desde la ética” izenburupean emango duen hitzaldiarekin; Begoña Román Kataluniako Gizarte Zerbitzuen Etika Batzordeko lehendakaria da, eta Bioetika Batzordeko kidea, eta filosofia garaikidea, etika eta politika izango ditu hizpide.

Bartzelonako Unibertsitateko irakasle ospetsu horrek herritarrek parte hartzeko prozesuen ikuspegi etikoa eskainiko du, haien zilegitasun demokratikoa funtsezko piezatzat hartuta hiri demokratikoagoa, gardenagoa eta zoriontsuagoa lortzeko bidean.

Hitzaldia Europa jauregian egitea aurreikusi da, 18:00etatik 20:00etara, behar diren higiene eta osasun alorreko prebentzio-neurriak hartuta. Pandemiak murrizketa gehiago ezartzera behartuko balu, online egingo litzateke.

Horretaz gain, programak hainbat jarduera barne hartzen ditu: gizarte trebetasunei buruzko lantegiak, ordezkari politikoei eta elkargune zein auzoguneetako ordezkariei zuzendurik; elkarteentzako prestakuntza; umeentzako lantegiak, HEI Txiki Vital programaren bitartez; zineforuma, eta eskolak eskaeraren arabera eskaintzen duen etengabeko prestakuntza.

“Pandemia gorabehera, partaidetzaren kulturak aurrera jarrai dezan ari gara lanean. Horretarako, are ahalegin handiagoa egin dugu pertsonei aukera berriak ematearren herritar parte-hartzaile, arduratsu eta informatuak izateko bidean aurrera egin dezaten, eta Gasteiz berdinzaleago, inklusiboago eta iraunkorrago bihurtzeko helburuaren aldeko konpromisoa har dezaten. Herritartasunerako Eskola Irekiak hazten jarrai dezan, osasuntsu eta jasangarri, justiziaren eta inklusioaren balio unibertsalekin bat eginez. Partaidetza baita gizarte ehuna eta demokrazia elikatzen dituen hazkurria”, nabarmendu du Partaidetzaren zinegotzi Borja Rodríguezek.

Ikasturte berriko jardueretako batzuk aurrez aurre egingo dira, eta beste batzuk, online. Denak doakoak dira, aldez aurretik www.vitoria-gasteiz.org/hei web-orrian izena emanda; nahi dugun jardueraren gainean sakatuz eskuratuko dugu izena emateko formularioa. Telefonoz ere eman daiteke izena, 010era deituz (edo 945 161100 zenbakira udalerritik kanpo egonez gero), baita herritarrei laguntzeko bulegoetan eta Twiterreko #HEIeskola traolaren bidez ere. Orobat, HEIaren aplikazioaren bidez eman ahalko da izena: web aplikazio progresibo horrek erraz sartzea ahalbidetzen du, mugikorraren pantaila nagusiko zuzeneko ikonotik.

Izena eman duten pertsonek jardueran parte hartzerik ez badute arren horretaz ohartarazteko eskatzen die Eskolak, 945 1616187 telefonora deituz edo heiskola@vitoria-gasteiz.org helbidera idatziz. Hartara, beste pertsona bati emango zaio leku horretan izena emateko aukera.

 

 

 

 

 

 

 

Share