Prentsa Oharren banner

Udalak luzatu egin du industrialdeetarako mugikortasunari buruzko inkestari erantzuteko epea; 142 enpresatako 2.244 pertsonak erantzun dute jada

-Maider Etxebarria alkateordeak eta Raimundo Ruiz de Escudero Mugikortasunaren zinegotziak parte-hartzaile guztien artean zozketatutako lehenengo bizikleta elektrikoa eman dute gaur.

-Mercedes Benz enpresako enplegatua den Sergio Iglesiasek irabazi du ibilgailua

-Hemendik aurrera inkesta betetzen duten pertsona guztiek beste bizikleta elektriko tolesgarri bat irabazteko aukera izan dezakete; bigarren epe hau amaitzean zozketatuko da.

Raimundo Ruiz de Escudero, Sergio Iglesias eta Maider Etxebarria

Gasteizko Udalak erabaki du otsailaren 15era arte luzatzea industrialdeetarako mugikortasunari buruzko inkestari erantzuteko epea, langile eta enpresa gehiagori aukera emateko lanerako mugikortasuneko beren ohiturak azaltzeko. Gaur egun arte, 2.244 pertsonak eta 142 enpresak erantzun dute, eta parte-hartzaile guztien artean zozketatu da lehenengo bizikleta elektriko tolesgarria; Sergio Iglesias Mercedes Benzeko langilea izan da irabazlea. Kasualitatez, Sergiok garraiobide hori erabili ohi du lantokira joateko.

 

Gasteizko Udaleko alkateorde Maider Etxebarriak eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok eman diote gaur bizikleta elektrikoa zozketaren irabazleari, eta iragarri dute beste bizikleta elektriko tolesgarri baten zozketan sartuko direla bigarren txanda honetan mugikortasunari buruzko inkestari erantzuten diotenak. “Eskerrak eman nahi dizkiegu orain arte inkesta bete duten pertsona eta enpresa guztiei. Oso datu garrantzitsuak ematen ari zaizkigu gure industrialdeetako mugikortasun iraunkorrerako planari heltzeko. Hain zuzen ere, langile eta enpresa gehiagok beren mugikortasunaren benetako irudia erakusteko aukera izan dezaten erabaki dugu inkestari erantzuteko epea handitzea. Inkesta horien bidez benetako datuetan oinarrituta elkarlanean landu ahal izango dugu lanerako mugikortasuna”, azpimarratu du Gasteizko Udalak. Udalaren webgunean dago inkesta, bertan erantzun ahal izateko: https://www.vitoria-gasteiz.org/wb021/was/contenidoAction.do?idioma=es&uid=u_18359735_175d9d01609__7e89

 

Gasteizko industrialdeetarako mugikortasunari buruzko inkesta tresna nagusietako bat da haietarako mugikortasun iraunkorraren plan bat egiteko; egunero, 37.000 pertsona baino gehiago joaten dira hiriko industrialdeetara. Udalerriko industrialdeez gain (haren barruan dago Arabako Teknologia Parkea), Gasteizekin harreman estua duten gertuko beste bi poligono ere hartzen ditu galdetegiaren lan-eremuak: Goiain eta Subillabide. Bi inprimaki-eredu daude: bata langileei zuzendua, eta bestea, enpresei. Dagoeneko erantzun duten 140 enpresa baino gehiagotatik, zortzik baino ez dute adierazi mugikortasun plan bat eginda dutela; horrek argi erakusten du alderdi horretan sakontzeko beharra dagoela; izan ere, Klima Aldaketari buruzko Euskal Legeak mugikortasun-plan propio bat abian izatea eskatzen die plantillan 100 pertsona baino gehiago dituzten enpresa guztiei.

 

Inkestei erantzuteko epea amaitutakoan, Udalak lortutako emaitzak aztertuko ditu, abiapuntu bat proposatzeko, zeinetik abiatuta gainerako eragilerekin batera lan egingo baitu hiriko industrialdeetarako Mugikortasun Iraunkorreko Plana sortzeko.

 

 

Share

Mugikortasun eta Espazio Publikoko Sailak bi espediente ireki dizkio Erdi Aroko hiriguneko arrapala mekanikoen eta igogailuaren mantentze-lanez arduratzen den enpresari

Mugikortasun eta Espazio Publikoko sailak bi espediente irekiko dizkio bihar Erdi Aroko hiriguneko arrapala mekanikoak eta igogailua mantentzeaz arduratzen den enpresari zigor ekonomikoak ezartzeko. Erabakia 2020ko irailean eta abenduan ez-betetzeak gertatu direla egiaztatu ondoren hartu da. Tokiko Gobernu Batzarrak bihar onartuko du prozedura hauen irekitzea, eta aipatutako bi hilabeteei dagozkien fakturen 1.346,40 penalizazioa ekarriko du.

”Matxurak epe jakin batean konpondu behar direla dio kontratazio espedienteak, arretaz. Baita pieza zehatzen bat ordeztea beharrezkoa denean ere. Enpresak Udalaren eskakizunak behin baino gehiagotan bete ez dituela egiaztatu ondoren, espedientea irekitzeko erabakia hartu dugu. Ezin dugu ordaindu modu egokian eman ez diren zerbitzuengatik”, azaldu du Raimundo Ruiz de Escudero Mugikortasun eta Espazio Publikoko zinegotziak.

Share

Prentsa-deialdiak (2021-01-29)

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, urtarrilak 29

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Astelehenean hasiko da epea San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturaleko lehen ikastaro eta lantegietarako izena emateko  

18 jarduera eta 179 leku eskaintzen ditu

 Astelehenean, otsailak 1, hasiko da epea San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturaleko lehen ikastaro eta lantegietan parte hartzeko izena emateko.

Adinekoentzako zentro berriak 18 jarduera eta 179 leku eskaintzen ditu. Besteak beste, ikastaro hauek proposatzen zaizkie erabiltzaileei: eskulanak, argazkigintza urbanoa, android mugikorren erabilera, emozioen kudeaketa, euskal dantzak, ibilketa nordikoa eta mindfulness. Erorketen prebentziorako lantegia eta 75 urtetik gorakoei erreserbatutako bi jarduera ere antolatu dira: suspertze psikosoziala eta mugimendua, eta ariketa leunak.

Pandemia egoerari dagokion osasun segurtasuna bermatzeko ezarri den protokoloa beteko da ikastaro guztietan. Iraupena 1-4 hilabete artekoa izango da, eta parte hartzeko izena eman beharko da, astelehenetik aurrera, bide hauetakoren bat baliatuz:

  • 010 edo 945 16 11 00 telefonoetara deituz, 8:30etik aurrera;
  • zuzenean, adinekoentzako zentro soziokulturaletan eta gizarte etxeetan, ohiko ordutegian.

“Garrantzitsua da San Martineko programa eta jarduerak martxan jartzen joatea, elkartzeko eta zahartze aktiborako zentroa izan dadin, auzoaren zerbitzura. Egoera zail honetan zentro soziokulturalek garrantzi handiagoa hartzen dute, pandemiaren aurrean zaurgarrien den populazio talde baten bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzen laguntzen baitute, adinekoena”, adierazi du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Abenduan ireki zenetik, zerbitzu eta programak pixkanaka gehituz joan da San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala. Zabaldu baino lehen ere osasun-parkea eta bakardadeari aurre egiteko “Piztu zure auzoa” programa jarri zituen abian. Abenduan bertan, informazio, ile-apaindegi eta podologia zerbitzuak ireki zituen. Urtarrilaren 18an, berriz, jantoki-zerbitzua ematen hasi zen, eta otsailaren 17an, azkenik, ikastaro eta lantegiak abiatuko dira; hain zuzen ere, horietan izena emateko epea irekiko da datorren astean.

Share

Udal kirol instalazioen ekipamendua hobetu da, 90.000 euro baino gehiagoko inbertsioarekin

 

Kirol eta Osasun Sailak 91.000 euroko inbertsio orokorra eginez hasi du urtea, udal kirol instalazioen ekipamendua hobetzeko. 15 kirol instalaziotan esku hartu da; besteak beste, hainbat elementu berritu dituzte, eta kirola egiteko material berriak erosi.

Egindako inbertsioen zati handi batek, 41.000 euro pasatxok, Mendizorrotzeko kirol esparruko kanpoko futbito-pistak konpontzea du helburu. Zehazki, eremu hondoratuak eta zoladurako junturak konpontzen ari dira, bi zelaiak leundu, margotu eta markatzeaz gain.

Bigarren inbertsio handia, ia 15.000 euro, Beti Jai pilotalekuetako eta Mendizorrotzeko kiroldegiko harmailak hobetzera bideratu da, 300 eserleku berri baino gehiago erosita. Era berean, 3.600 euro erabili dira Gamarrako errugbi zelaiko eserlekuak berritzeko. Ariznabarreko futbol zelaiko aldagelek ere eserleku berriak dituzte.

Bestetik, lau ate tolesgarri berri jarriko dira kiroldegietako hainbat kantxatan. San Martin futbol-zelaiko instalazioetarako ere 7ko futbolerako ate tolesgarrien sorta bat eskuratu da, 2.500 euro inguruko gastua eginda. Salburuko gizarte etxea, orobat, bi ate tolesgarriz hornituko da.

Udal kirol instalazioetan dauden megafonia sistemetan ere egin dira inbertsioak. Hain zuzen ere, Beti Jai pilotalekuetarako eta Landazuriko kiroldegirako ekipoak erosi dituzte. Segurtasun-sistemei dagokienez, Gamarrako kirol esparruko sorosleentzako plataforma berria nabarmendu behar da, 2.544 euroko kostuarekin.

Aldi berean, kirol material suntsikorrez (baloi medizinalak, halterak, uztai urperagarriak, pikak, etab.) hornitu dira hainbat kirol instalazio, hala nola Zabalganeko gizarte etxea, Arriagako kiroldegia, Iparralde gizarte etxea eta Beti Jai pilotalekua; ia 6.000 euroko balioa dute horiek. Aipamen berezia merezi du azken instalazio horrek, gimnasioa kirol material berriz hornitzeak aukera emango baitu hurrengo hilabeteetan Kirol Zerbitzuak programatutako jarduerak berriz ere emateko.

Ogeta pilotalekurako sare berri batek (4.000 euro) eta udal futbol zelaien kanpoalderako 30 hesi metalikok osatzen dute egindako inbertsioen zerrenda.

Gasteizen 250 kirolgune baino gehiago daude. 250 instalazio horiek gure hiria erreferente bihurtzen dute herritar guztientzako osasunarekin lotutako kirola sustatzeari dagokionez. 250 instalazio horiek etengabeko mantentze- eta hobekuntza-ahalegina behar dute, egin berri ditugun bezalako inbertsioekin; inbertsio horiek Udalak kalitatezko kirol zerbitzuen eskaintza bermatzeko egiten duen ahalegina adierazten dute“, adierazi du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopezek.

 

 

 

 

Share

Iaz Gardelegin isuritako 100 kilotatik bakarrik 4 izan ziren aurretik Zaldibarrera zihoazen ekoizleenak

Irekia

Irekia

 

Gasteizko hondakindegian Arabako enpresen 114.561 tona hondakin ez-arriskutsu sartu ziren orotara 2020an, aurreikusitakoa baino gutxiago

Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi César Fernández de Landak Klimaren aldeko Ekintzaren Batzordean gaur jakinarazi duenez, iaz Gardelegin isuritako 100 kilotatik bakarrik 4 izan ziren aurretik Zaldibarrera zihoazen ekoizleenak.

Elkarrekin eta PP taldeek eskatutako kopuru zehatz horietaz gain, Gasteizko hondakindegian iaz sartutako isurketa ororen berri eman du Fernández de Landak. Hark emandako informazioaren arabera, Gasteizko hondakindegian Arabako enpresen 114.561 tona hondakin ez-arriskutsu sartu ziren orotara 2020an, aurreikusitakoa baino gutxiago.

Hau da, hondakin ez-arriskutsuez eta Arabako enpresez ari garela, sartutako hondakinen kopurua 17.824 tona hazi zen 2019tik 2020ra, % 18. Oro har, lurraldeko enpresetako zein hiriko jardueretako industria hondakin geldo gehiago sartu izanak ekarri du hazkundea, siderurgia-sektoreko zepak eta hareak eta indusketatik ateratako lurrak nagusiki. 2020an hondakinak uzten hasi diren enpresa berriei ere egotz dakieke hazkundea.

Isurketa mota batzuk, ordea, gutxitu egin dira. Itxialdiko hilabeteetan, esate baterako, nabarmen gutxitu zen hondakinen sarrera: martxotik ekainera bitartean jaitsiera handia izan zen, baina gogorrena apirilekoa izan zen, ia % 30ekoa.

Bestetik, lehen hondakinak Zaldibarko zabortegira eramaten zituzten Arabako enpresek 4.705 tona hondakin ez-arriskutsu eraman zituzten Gardelegiko zabortegira 2020an.

Iaz erregistratutako guztizko kopuruaren ehuneko 4 baino gutxiago da hori. Hau da, isuritako 100 kilotatik 4 izan ziren lehen Bizkaiko hondakindegira joan ohi ziren enpresa arabarrenak.

2020KO DATU NAGUSIAK 

Isurketak guztira: 114.561 tona

  1. urtearekiko hazkundea: +% 18 (17.824 tona)

Ekoizle berrien isurketak: 29.287 tona (guztizkoaren % 25,5)

Aurreko urtean Zalbibarrera joan ziren enpresen isurketak: 4.705 tona (guztizkoaren % 4)

Share

Udalaren Liburutegi Sareak haur eta familientzako 39 jarduera antolatu ditu otsailetik maiatzera bitartean

  • Lantegiak, ipuin-kontalariak, antzerkiak, hitzaldiak, poesia errezitaldiak, magia eta musika izango dira Gasteizko gizarte etxeetan

Gasteizko Udalaren Liburutegi Sareak haur eta familientzako jarduera programa anitza antolatu du gizarte etxeetan, otsailetik maiatzera.

“Jarduera hauen helburua da herritarrak Liburutegi Sareak dituen espazio eta zerbitzuetara hurbilaraztea eta irakurtzeko ohitura hartu eta sendotzen laguntzeko tresna dinamizatzailea izatea”, adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Haur eta familientzako 39 jarduera izango dira guztira, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Lantegietan askotariko gaiak landuko dira: zientzia, magia, txotxongiloak, manga komikia, eskulanak, musika, ilustrazioa, kaligrafia edo arkitektura, besteak beste.

Horretaz gain, formatu txikiko antzezlanak eta ipuin kontalariak izango dira, eta hainbat gai jorratuko, esaterako, aniztasuna, berdintasuna, beste kultura batzuen ezagutza, liburuekiko maitasuna…
Hitzaldiak, poesia errezitaldiak, magia eta musika ere ez dira faltako agendan.

Jarduera nabarmenak

Honakoak aipa daitezke, besteak beste: Mikel Valverde Gasteizko marrazkilari ospetsuaren ilustrazio-lantegia, Iñaki Zubizarretak eskola jazarpenari buruz emango duen hitzaldia –bullyng biktima gisa izandako esperientzia kontatzen duen bere “subnormal” komikian oinarrituta –, eta Irati Landaren solasaldi eta eskalada saioa. Azken honek hain desberdinak diren kirol eskalada eta bertsolaritza arloetan dituen bizipenak kontatuko dizkigu.

Horietaz gain, ipuin kontaketa zeinu-hizkuntzako interpretearekin, Arabako Gorren Elkartearekin lankidetzan, eta familia lantegi bat, euskararik jakin ez arren seme-alaben hizkuntzan inplikatu nahi duten gurasoentzat.

“Aurten mantendu egin dugu programazioa pandemiak eragindako zailtasunak gorabehera. Jardueretan segurtasun-protokolo zorrotza beteko dela bermatzen dugu” azpimarratu du Cantok.

Ikuskizunetarako sarrerak gizarte-etxeetako edo kirol-instalazioetako informazio-zerbitzuetan eros daitezke. Jardueretako izen ematea internetez ere egin ahalko da. Biak ekitaldiaren data baino bi aste lehenagotik.

ikus_programa

Informazio gehiago

Share