Prentsa Oharren banner

Asteburu honetan, Badmintoneko Seigarren Senior Txapelketa Nazionala hartuko du Gasteizek

Berriz ere, Gasteizera etorriko da Badmintoneko Senior Zirkuitu Nazionala, gure hiria baita Estatu osoan behin betiko rankinga osatzeko proba puntuagarriak programatuta dituzten sei hirietako bat. Urtarrilaren 23an eta 24an Aranaldeko kiroldegian egingo da txapelketa; kategoria eta diziplina bakoitzeko Espainiako gaur egungo txapeldunek parte hartuko dute bertan. Pandemiak sortutako egoera dela eta, parte-hartzaile kopurua 75 kirolarira mugatu da; 12 autonomia-erkidegotako 36 klubetatik etorriko dira. Partidetan osasunaren arloko berme guztiekin jardungo da, eta ezin izango da ikuslerik egon.

Partidak zazpi pistatan egingo dira, guztira, honako kategoria hauetan: emakumezkoen zein gizonezkoen banakakoak, emakumezkoen zein gizonezkoen binakakoak eta binakako mistoak. Lehenengo egunean, larunbatean, 108 partida jokatuko dira guztira; igandean, berriz, finalaurrekoak eta finalak egingo dira: 35 partida, osotara. Partidak 21 tantoko 3 seteko onenera jokatuko dira, ohi bezala. Domina- eta trofeo-banaketa iganderako aurreikusita dago, 13:00etan.

“Arabako Badminton Federazioari eskertu behar diogu hain denbora laburrean egin duen esfortzu guztia gure hiriak badmintonarekin duen lotura berriz estutuko duen kirol-ekitaldi hau errealitate egiteko eta horren bidez gora doan kirol bat sustatzeko. Lanean jardun dute aresti arte jakin gabe osasunaren arloko neurri berriekin egin ahal izango zen txapelketa, eta, zorionez, gaur iragarri ahal dugu”, nabarmendu du Kirola eta Osasuna saileko zinegotzi Livia Lópezek.

Arabako Badminton Federazioko lehendakari Angel Ruiz ere pozik dago; berak azpimarratu du federazioak ahalegin guztiak egingo dituela hurrengo txapelketak bete beharreko higiene- eta osasun-arloko protokolo guztiak bete ditzan. “Oraindik ere, gure helburua da Gasteiz Estatuko badmintonaren arloan erreferentea izatea, eta ahalegin guztiak egiten ditugu gure hirira gerturatzen den jokalari orok itzultzeko gogoa izan dezan joaten denean. Saiatu egiten gara antolatzen ditugun txapelketen inguruko xehetasun guztiak zaintzen, pistetakoak zein pistetatik kanpokoak; eta hala egingo dugu oraingoan ere”, gehitu du Ángel Ruizek.

Vital Fundazioen zuzendari exekutibo Axier Urrestik, berriz, nabarmendu du kirola sustatzea dela Vital Fundazioaren helburuetako bat. “Gure lurraldeko kirolarekin dugun konpromisoak barne hartzen ditu emakumezkoen kirola, oinarriko kirola, kirol inklusiboa eta kirol herrikoia. Hori dela eta, erabat sustatzen ditugu asteburu honetan egitekoa den Badmintoneko Senior Txapelketa Nazionala eta halako txapelketak, ikusgarriago egiteko ikusle gehienek hain ezagun ez dituzten baina edertasun eta zailtasun handikoak diren eta gero eta jarraitze gehiago dituzten diziplinak (hala nola badmintona)”, adierazi du.

 Arabarrek ere parte hartuko dute txapelketan: 16 kirolarik, guztira; 11 gizonek eta 5 emakumek. Orotara, 23 emakumek eta 52 gizonek hartuko dute parte; haien adinak 30 urtetik 65 urte baino gehiagora bitartekoak izango dira.

Share

Udaltzainen eta suhiltzaileen esku-hartzeak

Atzo Udaltzainek 06:00etara arte eta PSISZek 08:00etara arte egindako esku-hartzeak.

Suhiltzaileak

Arratzua-Ubarrundian irauli zen kamioi bateko gidaria erreskatatzen parte hartu behar izan zuten suhiltzaileek atzo. Harrapatuta geratu ez zen arren, beharrezkoa izan zen PSISZeko kideek kabinatik atera ahal izateko laguntzea.

Share

Udalak bat egingo du Deportivo Alavésen mendeurreneko ospakizunarekin

Urdinez argiztatuko dira hiriko eraikin enblematikoak, igandera arte.

 

Gasteizko Udalak bat egingo du Deportivo Alavésen mendeurrena —larunbatean, urtarrilak 23, beteko da— ospatzeko ekitaldiekin. Horretarako, olana bat jarriko da bihar udaletxeko fatxadan, klubaren koloreekin eta irudi korporatibo berriarekin. Gainera, urteurrena ospatzeko, urdinez argiztatuko dira, aste osoan, udaletxea, arkupeak, Floridako kioskoa eta Santa Barbara plazako pergola.

Hartara, kluba zoriondu nahi du Udalak, bere kirol ibilbideagatik, baita Deportivo Alavésaren jarraitzaileak ere, ehun urte hauetan hiriko taldeari eman dioten babesagatik —17.000 bazkide baino gehiago ditu gaur egun taldeak—.  Gasteizko eta Arabako kirol historiaren parte da Deportivo Alavés taldea, eta enbaxadore handia izan da jokatu izan duen hiri guztietan.  Hiriak bat egin izan du taldearekin, garaipen handiak lortu izan dituenean nahiz galtzaile suertatu izan denean.

Mendeurrena ospatzeko antolatutako ekimen gehienak aste hauetan bildu ditu Deportivo Alavések. Gaur arte egindako ekintzen artetik —ehundik gora izango dira guztira—, hauek nabarmentzen dira: taldearen historiari buruzko liburu eta dokumental bana; Fournierren karta sorta berezi bat, 39 jokalari historikorekin, eskuz ilustratua; himno berria, Mikel Izalek konposatu eta interpretatua, eta mendeurrena ospatzeko kamiseta berezi bat.

Share