Datorren astelehenean irekiko ditu ateak San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturaleko jantokiak, zeinak 40 leku baititu
Zortzi erabiltzailerekin abiatuko da zerbitzua, osasunaren alorreko segurtasun-neurri zorrotzak hartuta
San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala duela hilabete ireki zen, eta zerbitzuak eta programak martxan jartzen jarraitzen du, covid-19ak ezarritako mugek ahalbidetzen duten neurrian.
Orain arte informazio, ile-apaindegi eta podologia zerbitzuak ireki dira, eta osasun-parkea eta Piztu zure auzoa programak ere abiatu dira. Urtarrilaren 18tik (astelehena), berriz, jantoki-zerbitzua eskainiko da; orotara 40 pertsonarentzako lekua dago, baina hasieran zortzi erabiltzaile hartuko ditu.
San Martineko jantokiak oraingoz bazkari-txanda bakarra izango du, 13:30etik 15:30era, baina erabiltzaileen kopurua handitu ahala bigarren txanda egokituko da; erabiltzaile guztiek gizarte-balorazioa dute.
Erabiltzaileen osasuna zaindu eta bermatzeko, segurtasun-neurri zorrotzak ezarri dira:
- Bi metroko tartea mahaien artean.
- Pertsona bakarra mahai bakoitzeko, edo bi bikotekideak edo elkarrekin bizi diren senideak badira.
- Sarreran tenperatura hartzea.
- Eskuak nahitaez garbitzea.
- Jantziak eta norberaren gauzak poltsa batean gordetzea, ezingo baitira esekitokiak erabili.
- Jantokia, mahaiak etab. garbitu eta desinfektatzea.
600 lekutik gora
San Martinekoa irekita, hiriko adinekoentzako zentro soziokulturaletako 10 jantokiek 606 leku eskainiko dituzte guztira; oraingoz, ordea, 456 erabiltzaile daude, hau da, lekuen % 75. Gainera, Araneko jantokian aurten beste 20 leku berri sortzeko asmoa dago.
Adinekoentzako jantokiek ateak itxi behar izan zituzten pandemiaren hasieran, baina iazko ekainean ekin zioten berriro zerbitzu emateari. “Geroztik oso protokolo zorrotzari jarraituz funtzionatu dute, eta espazio horiek seguruak dira osasunaren ikuspuntutik. Oso garrantzitsua da hori, funtsezko zerbitzua baita. Pandemiak zerbait irakatsi badigu hauxe da: adinekoak direla talde ahulenetako bat eta, horrenbestez, jantokia bezalako programa eta zerbitzuak behar dituztela mendekotasun txikiagoa izateko eta osasun fisiko eta emozional hobeaz gozatzeko”, adierazi du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.
Mendira joateko segurtasun-gomendio nagusiak gogorarazi dituzte Udalak eta Arabako Mendi Federazioak
Gasteizko Udaleko Kirol Zerbitzuak, Arabako Mendi Federazioarekin elkarlanean, gomendio sorta bat argitaratu du, mendi-irteerak modu seguruan egin daitezen. Asteburuetan horrelako ibilaldiak egiten dituzten pertsonak maiztxo erreskatatu behar izan dira azken aldi honetan. Hori dela eta, mendi-irteera prestatzeko oinarrizko sei gomendioak gogoratu beharra dago, arretaz joka dadin.
- Ibilbidea prestatu: Parte-hartzaile guztien maila fisiko eta teknikoaren araberako ibilbidea aukeratu; ordezko plan bat prestatu, ibilbidea murriztu behar bada ere.
- Iragarpen meteorologikoa kontsultatu: Agentzia ofizialen webguneetan egitea komeni da. Iragarpenak nahiz baldintza meteorologikoak txarrak baldin badira, bertan behera utzi behar da irteera.
- Ekipamendu egokia erabili: oinetako eta jantzi onak. Hotz handia egiten badu, hiru arropa-geruza janztea gomendatzen da: elastiko termiko bat, jantzi polarra eta kapusaia. Txanoa, eskularruak eta betaurrekoak ere ezinbestekoak dira.
- Janaria eta edateko zer edo zer eraman: Ibilbidearen ezaugarrien eta beharko den denboraren arabera, janari eta edari kopurua aldatu egingo da —bakoitzak bere fruitu lehorrak, elikagai energetikoak eta litro bat ur inguru eramatea komeni da—.
- Segurtasuna, ibilbidean: lagungarri izan daiteke telefonoaren bateria kargatuta eramatea, lokalizazio-aplikazio bat erabiltzea eta ibilbidearen berri baten bati ematea, istripurik izanez gero ere.
- Ingurunea errespetatu: ez utzi inolako hondakinik bidean.
Informazio gehiago: Mendi-irteeretarako gomendioak
Sutea Aranbizkarrako etxebizitza batean
Suhiltzaileek atzo Ballester Apezpikuaren kaleko etxebizitza batean sortutako sua itzaltzen parte hartu behar izan zuten 13:30 inguruan.
Garrek logela bakarrean eragin zuten, baina ez zen zauriturik izan. Dena den, goiko solairuetara hedatu zen ke kantitate handia sortu zuten eta, ondorioz, hustu egin behar izan zituzten.
Suhiltzaileen lanek bost ordu iraun zuten eta, horietan, sua itzaltzeaz gain, eragindako etxebizitza aireztatu eta kearen eragina jasan zuten gainerako pisuek gas-pilaketarik ez zutela egiaztatu zuten bertako bizilagunak itzul zitezen.
Tokiko Gobernu Batzarra (2021-01-15)
Webgunean Tokiko Gobernu Batzarra 2021ko ustarrilaren 15ean (ostirala), 9:00etan, egingo duen ohiko bilkuraren gai-zerrenda