Prentsa Oharren banner

Gasteiz Antzokia obrak egiteko fasean hasiko da

Urtaranen gobernuak Ruiz de Bergaratarren jauregian moldaketako eta egiturako obrak egikaritzeko proiektua onetsi du; 206.000 euroko inbertsioa izango da, eta 4 hilabetez gauzatzeko epea izango du.

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Laster, obrak egiteko fasean hasiko da Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea bihurtzeko Ruiz de Bergaratarren jauregia birgaitzeko proiektua. Tokiko Gobernu Batzarrak enpresa adjudikaziodunari obra “potoloenak” hasteko baimena ematen dion izapidea onetsi du gaur; obra horiek egitura, isolamendua eta beste moldaketa batzuk egitekoak dira.

Proiektuak 206.018 euroko inbertsioa dakar berekin, eta, lan-programa eta segurtasun- eta osasun-plana onetsi ondoren, 4 hilabeteko egikaritze-epea izango du, zuinketa egiaztatzen denetik. 18 hilabeteko epea ezarri da obra guztiak egikaritzeko (horiek barne).

Zikotz SA enpresak egikaritu behar du proiektua, zeinak 2,6 milioi euroko aurrekontua baitu guztira. Zaharberritu ondoren, Ruiz de Bergaratarren jauregia “Euskara maite eta gozatzen duten gasteiztar guztien etxea” bihurtuko da, “eta gure hizkuntzaren ‘arnasgunea’, hiriaren erdi-erdian”, Gorka Urtaran alkateak nabarmendu duenez.

Udalak, eraikinaren azken birgaitzea egin zuen arkitektura-estudioak, ekimena bultzatu duten talde euskaltzaleek eta udal-zerbitzu teknikoek berek elkarlanean oso landutako aurreproiektuan oinarrituta dago Gasteiz Antzokia. Gorka Urtaran alkateak oso positibotzat jo du aurreikusitako esku-hartzea. “XVI. mendeko eraikin jatorriz errenazentista bat berreskuratu eta birgaituko dugu, Ruiz de Bergaratarren jauregia, zeinak aldaketa, handitze eta eraiste ugari jasan baititu. Euskaraz bizitzaz betetako topaketarako, prestakuntzarako eta kultura-sorkuntzarako gunea bihurtuko dugu, ”, azaldu du.

Gasteizko alkateak hainbat alderdi azpimarratu ditu: “eraikinaren balio historikoa, kokapen apartekoa, eta planteatutako banaketa, ezin hobea baita horrelako proiektu baterako“; nabarmendu du, halaber, “prebentzio akustikoaren, intsonorizazioaren eta ebakuazioaren alorretan egindako lana, segurtasuna bermatzeko eta bizilagunei enbarazurik ez egiteko helburuarekin“.

 

 

Erabilera askotarako elkartzeko gunea

Higiezinaren konfigurazioa ulertzeko modurik onena Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea bereiztea da. Euskararen Etxeak Errementari kaletik izango du sarbide nagusia, eta beheko solairua, bigarrena eta hirugarrena hartuko ditu. Gasteiz Antzokiak, berriz, Zapatari kaletik izango du sarbidea eta lehen solairua hartuko du funtsean, bigarren solairuarekin ere lotuta egon arren.

Zapatari kaletik lehen solairura, Gasteiz Antzokira, sartzean, 69 metro koadroko ostalaritza-gune bat aurkituko dute erabiltzaileek, eta 10 metro koadroko sukaldea. Ondoren, Antzokiaren areto nagusia ikusiko dute: 166 metro koadroko espazioa, bi solairuren garaierakoa: ikuskizunak hartzea ahalbidetuko du, zenbait konfigurazioren bidez.  Elkartzeko gunea izango da, eta gehienez 507 pertsona sartu ahalko dira zutik; ez du agertokirik izango. Dena den, antzerki-emanaldietarako 151 pertsona esertzeko lekua egokitzea aurreikusi da, edo 90 pertsonarentzako lekua, eserita ikustekoak diren kontzertuetarako.

Bigarren solairuko ‘balkoietatik’ ere ikusi ahalko da agertokia, zeinetan jatorrizko adreiluz egindako sei arku ikusgarri nabarmenduko baitira. Lehen solairuak 353 metro koadro izango ditu orotara. Lau solairuetako zabalena izango da.

Beheko solairua Euskararen Etxera sartzeko bide naturala izango da, Errementari kaletik; orotara 192 metro koadroko azalera erabilgarria hartuko du, eta 127 pertsonarentzako lekua izango du, gehienez. Hango eremu garrantzitsuena funtzio anitzeko aretoa izango da; bertan, erakusketak, hitzaldiak edo proiekzioak egin ahal izango dira. Proiekzio- eta itzulpen-kabina teknikoak jartzea aurreikusi da, baita biltegiak, komunak eta aldagelak ere. Bigarren eta hirugarren solairuetara igoko da bertatik, eskailera edo igogailua baliatuz.

Bigarren solairuak 260 metro koadroko azalera erabilgarria izango du; han, lantegiak, komunak eta bileretarako beste espazio batzuk egongo dira. Errementari kalera ematen duen zatian, berriz, 108 metro koadroko erabilera askotarako gunea (erakusketak, ludoteka…) egongo da; gunea, halaber, ‘balkoi’ gisa erabili ahal izango da Gasteiz Antzokiaren areto nagusian egiten diren ikuskizunak ikusteko.

Hirugarren solairua ere Euskararen Etxerako erabiliko da; jauregiko leku argitsuena izango da, eta 269 metro koadro izango ditu. Patio nagusia estaliko du, eta Antzokiko lan-eremua hartzeko baliatuko da. Hiru bilera-gela kristaldun, lantegi bat eta instalazio-gela bat (klimatizazioa, exutorioak…) jarriko dira solairu horretan.

“Gero eta hurbilago dago Gasteizko hainbat euskaltzaleren amets hura, aurreko agintaldian zenbait udal-sailek egindako lanari eta Elkargunea osatzen duten talde euskaltzaleen eta Lazarraga Kultur Elkartearen konpromisoari esker”, eskertu du Gorka Urtaranek.

Share

Deportivo Alavés zoriondu du alkateak, mendeurrena beteko duen egunaren bezperan

Gorka Urtaran audioa 

Deportivo Alavés futbol-taldea zoriondu du Gasteizko alkate Gorka Urtaranek, klubak ehun urte beteko dituen honetan. Bihar, urtarrilak 23 (larunbata), izango dira ospakizun nagusiak. Hala adierazi du: “Familia zuri-urdin osoari eman nahi dizkiot zorionak, erakunde osoari, honaino iristeko beren aletxoa jarri duten guztiei, eta, jakina, bere ibilbide osoan —momentu ezti nahiz ez hain gozoetan— beste inor ez bezala Deportivo Alavésen ondoan egon izan diren zale guztiei.”

Orobat nabarmendu du hiriak klubarekin duen lotura estua. “Himnoak dioen bezala, Gasteiz osoak txalotzen zaitu, zeurekin daukazu. Alavésen zalea baita Gasteiz”, azpimarratu du, eta hiriaren historia hurbilean aztarna utzi duten uneak gogora ekarri ditu, hala nola Dortmundeko bizipenak, igoera lortu aurreko momentuak edo Koparen finala.

Deportivo Alavés proiektu kolektibo gisa ulertzeko modua izan da 100 urte betetzearen gakoetako bat, oinarriko profesional handiek bat egiten baitute talde nagusiaren ahaleginarekin. Aurrera begira, klubak azken urteotan abian jarritako ekimen itxaropentsuak aipatu ditu Gorka Urtaranek, hala nola Alavés Gloriosas taldea, Alavés Genuine taldea eta nazioarteko hedapena, “Deportivo Alavések hazten jarraitu nahi duen erakusgarri”.

Share

Iruzurraren kontrako 87 ekintza planteatu ditu Urtaranen gobernuak, 2021-2023 aldirako

 

  • 6 milioi euro berreskuratzea espero du Udalak, hainbat neurri dela medio, hala nola zerga-ikuskaritza edo arreta-zerbitzuen hobekuntza

2021etik 2023ra bitarteko aldirako Iruzur Fiskalaren kontrako Plana aurkeztu du Gasteizko alkate Gorka Urtaranek. Ekimen horren bitartez, 6 milioi euro inguru bereganatu ahal izango ditu Udalak, zerga-betebeharrak betetzen diren kontrolatuz, administrazio-prozedura efizienteagoak baliatuz eta zergadunei arreta emateko zerbitzuetan erraztasun gehiago emanez, besteak beste.

“Funtsean, bi gauza lortu nahi dira plan berri honen bitartez: baliabide publikoen gestioan gero eta efikazago izatea —udal moderno batek denik eta administraziorik onena bermatzeko tresnarik hoberenak bilatu behar baititu etengabe—, eta zerga-sistema gero eta bidezkoagoa edukitzea —inor ez dadin gera bere betebeharrak bete gabe—. Horretarako, indartu egingo ditugu aurreko planetan martxan jarritako ekintzak, eta neurri berriak gehituko”, adierazi du alkateak.

87 ekintzek osatzen dute plana, eta lau jarduera-ildotan dago egituratuta: zerga-betebeharrak betetzen diren kontrolatzea (30 ekintza); zerga- eta bilketa-prozeduren hobekuntza eta eraginkortasuna bultzatzea (28 ekintza); beste administrazio batzuekiko lankidetza eta sailen arteko koordinazioa (6 ekintza), eta zergadunei ematen zaizkien zerbitzuak hobetzea (22 ekintza), eta, horiez gain, zeharkako ekintza bat (1), prozedurak, hitzarmenak eta herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzu-prestazio berriak hobetzeko.

Jarduera-ildo horietako bakoitzeko aurreikuspen ekonomikoen arabera, orotara eskuratzea aurreikusten den 5,91 milioi euroetatik, parterik handiena, 4,99 milioi euro, zerga-betebeharrak betetzen diren kontrolatzeko ekintzetatik etorriko dira. Aurreikusitako 30 ekintzetatik 11 udal-zergen ingurukoak dira: hainbat neurri hartuko dira berrikusi, ikuskatu, egiaztatu eta ordainketa-errekerimenduak automatizatzeko, efizienteago izate aldera. Tasen arloan, besteak beste, ibilgailu-pasabide guztien egoera fiskala berrikustea aurreikusten da, ordenantza fiskala betetzen den egiaztatzeko.

Zergen eta diru-bilketaren prozedurak hobetzera bideratutako ekintzena da beste multzo nagusietako bat. Kasu horretan, helburua ez da ordaindu ez diren zergei dagozkien diru-sarrerak eskuratzea, baizik eta tramite eta betebeharrak sistematizatzea, administrazio-jarduketak optimizatzeko. Helburu horrekin, aurrera egingo da kudeaketak automatizatzen, bitarteko elektroniko berriak eskura jartzen eta zenbait prozesu sinplifikatzen. Orobat aurreikusten da zergadunekiko komunikazioa hobetzea, hala nola aldian behingo ordainagiriak kontuan kargatzean ematen diren abisuak.

Hirugarren ekintza-ildoa beste administrazio eta erakunde batzuekiko lankidetza eta koordinazioaren ingurukoa da —bereziki, Arabako Foru Aldundiarekin, zergen inguruko eta iruzurraren kontra jarduteko informazioa trukatzeko—. Finantza-entitate laguntzaileekin, Arabako Trafikoko Buruzagitzarekin eta notarioen elkargoarekin ere jardungo da elkarlanean, besteak beste.

Azkenik, aurreikusitako 87 ekintzetatik 22 laugarren ekintza-ildoan kokatzen dira, zeinen helburua zergadunei arreta emateko zerbitzuak hobetzea baita. Horien bitartez, Udalak 720.000 euro inguru eskuratzea espero da. Hauek nabarmentzen dira hartu beharreko neurrien artean:

  • Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren tramitazio elektronikorako aukerak areagotzea
  • paper bidezko komunikazioen lekuan komunikazio elektronikoak baliatzeko bidean aurrera egitea, arintasuna lortu eta kostuak murrizteko —gaur egun milioi eta erdi ordainagiri jaulkitzen ditu Udalak—
  • tarifa fiskal laua ezartzen aurrera egitea
  • egoitza elektronikoaren bitartez ordaintzeko aukerak areagotzea

2021etik 2023ra bitarteko aldirako Iruzur Fiskalaren kontrako Plana bideratzeko, bi arlotan esku hartuko du Gasteizko Udalak: batetik, giza baliabideen arloan —behar diren langileak jarri eta prestakuntza emanez—, eta bestetik, berriz, baliabide teknologikoen arloan, 700.000 euroko inbertsioa egingo baita, lau urtean, hobekuntza-ekintzetarako software informatikoa eskuratzeko.

2020ko emaitzak

Iruzurraren kontrako borroka eta toki-ogasunaren prozeduren hobekuntza zirela medio, 2.356.359 euro eskuratu ziren joan den urtean. Kopuru horren ia erdia, 1.072.968 euro, zergak ikuskatu eta berrikustetik etorri zen, 643 dosier abiarazi baitziren. Bereziki, Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren inguruan egindako lana nabarmendu zen 2020an, 412 dosier egin baitziren zerga hori zela eta.

Iruzur Fiskalaren kontrako Plana dosierra

 

 

 

Share

Atxilotua Aranbizkarrako etxebizitza batean bikotekideari eraso egiteagatik

Udaltzainek atzo 36 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo genero-indarkeriako delitu baten ustezko egilea zelakoan.

Gauerdia baino zertxobait lehenago, 092ra egindako dei batek Aranbizkarra auzoko etxebizitza batean bikote bat eztabaidan ari zela ohartarazi zuen. Patruila bat bikotearekin batera bizi direnekin elkarrizketatu zen  eta biktimak logelan bikotekidearen erasoa jasan zuela adierazi ziela esan zuten. Adierazi zuten, gainera, ez zela lehen aldia, beste eztabaida eta eraso batzuen lekuko ere izan zirela lehendik.

Lekukoen eta inplikatutakoen adierazpenak entzun ostean, udaltzainek gizonezkoa atxilotu zuten. Gaur eraman dute epailearen aurrera. Bestalde, emakumea Agirrelandako bulegoetara eraman zuten.

 

Share

Saray Zárate, Lurraldearen, Klimaren aldeko Ekintzaren, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Arloko koordinatzaile nagusi berria

Udal gobernuak Saray Zárate Fernández de Landa Gasteizko Udaleko Lurraldearen, Klimaren aldeko Ekintzaren, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Arloko koordinatzaile nagusi berri izendatu du gaur. Koordinatzaile berria otsailetik aurrera jabetuko da lanpostuaz.

Saray Zárate zuzenbide ekonomikoan lizentziaduna da (Deustuko Unibertsitatean). Giza baliabideak kudeatzen eta aholkularitza juridiko-laboraleko arloetan esperientzia du eta hainbat enpresatan gauzatu du ibilbide profesionala. Egun, Giza Baliabideen estrategiaren arduraduna da, Leroy Merlin enpresak iparraldeko eremuan dituen ordezkaritzetan .

Administrazio publikoari dagokionez, 21 Zabalguneko kontseilukidea da gaur egun.

 

Share

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak 50.000 euro gehiago inbertituko ditu auzoetan 1.300 zuhaitzetik gora inausi ahal izateko

Udalak auzoetako inausketa areagotuko du, 50.000 euro gehiago inbertituz. Egunotan abiarazitako lanei esker, 2 eta 5 metro arteko altuera duten zuhaitzak inausiko dira udalerriko hainbat lekutan. “Zuhaitzak irizpide tekniko eta zientifikoei jarraituz kudeatzen dira, eta herritarren eskaerak kontuan hartuz. Gasteizko leku batzuetan ditugun zuhaitzak ezin izan dira egoki hazi, eta eraikinetako fatxada eta leihoetatik hurbilegi daudenez enbarazu egiten dute”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak 1.365 ale inaustea aurreikusi da. Urtero edo bi urtean behin inausten diren zuhaitzak dira, hainbat espezietakoak: Ligustrum japonicum, Ligustrum japonicum variegata, Crataegus laevigata, Crataegus oxyacantha, Prunus cerasifera pissardii, Acer negundo, Hibiscus syriacus, Tilia platyphyllos, Quercus ilex, Ulmus latifolia, Ulmus pumila eta Platanus xhybrida.

Mantentzeko inausketek adar eta adaburuetatik eraikinetako fatxadetara behar besteko distantzia egotea bermatzen dute. Lehen fasea hasia da dagoeneko, eta kale hauetako zuhaitzei eragingo die: Abendaño, Adriano VI.a, Aldabe, Cola y Goiti, Koroatzea, Hortaleza, Jose Mardones, Ziudadela plaza, Florida, Logroño, Aranburutarrak, Saez de Quejana, Legutianoko atea eta Errege-Erregina Katolikoak. Bigarren fasean kale hauetan egingo dira lanak: Adurtza, Angela Figuera, Basoa, Bizenta Mogel, Eibar, Eulogio Serdán, Extremadura, Fermin Lasuen, Gabriel Aresti, Galizia, Loma Jenerala, Gorbea, Jesus Guridi, Juan Velasco, Kutaisi, Martin Salinas plaza, Navarro Villoslada, Paduragoia, Clemente Arraiz Margolaria, Jesus Apellaniz Margolaria, Mauro Ortiz de Urbina Margolaria, Pablo Uranga Margolaria, Betoñuko atea, Praga, Nafarroako Errege-Erreginak eta San Martin Abendañokoaren plaza.

PLANO DE PODA DEL ARBOLADO EN DIFERENTES ZONAS DE LA CIUDAD

Share

Bertan behera geratu da Gizarte Politiken, Adinekoen Batzordea

Bertan behera geratu da gaur, 2021eko urtarrilaren 22an, 10:30ean egitekoa zen Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren, Gazteriaren, Berdintasunaren, Bizikidetza eta Aniztasunaren eta Garapenerako Batzordearen bilkura, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi ordezkariak ez duelako joaterik izango.

Share