Prentsa Oharren banner

Asteburuko aurreikuspenak

Larunbata, urtarrilak 31

  • Alkate Gorka Urtaran eta Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzi Miren Fernandez de Landa Zurrumurruen aurkako Sarearen II. Topaketan izango dira, Europa jauregian.

Igandea, urtarrilak 31

  • Alkate Gorka Urtaran 2020ko Sabino Arana Sarien banaketa ekitaldian izango da 12:00etan, fundazioaren egoitzan.
Share

91.224 abonatu zituzten Udalaren kirol-instalazioek 2020. urtea bukatzean

2020ko abenduaren 31n, 91.224 abonatu zituzten Udalaren kirol-instalazioek, 2019. urtearen bukaeran baino % 6,44 gutxiago. Hain zuzen ere, 2.466 alta izan ziren joan den urtean, eta 8.751 baja; beraz, 6.285 pertsonako saldo negatiboa.

Adin-tarteei gagozkielarik, 5 urtetik 17ra bitartekoena zen ugariena 2020. urtea bukatzean —19.705 abonamendu—, eta, ondotik, 45 urtetik 54ra bitartekoena —15.854 abonamendu— eta 35 urtetik 44ra bitartekoena —15.361 abonamendu—. 55 urtetik 64ra bitarteko abonatuak 9.258 ziren, 65 urtetik 74ra bitartekoak 7.580, 18 urtetik 24ra bitartekoak 7.243, 25 urtetik 34ra bitartekoak 7.211, 4 urtera artekoak 5.098, 75 urtetik 84ra bitartekoak 3.497, eta 85 urtetik gorakoak 417.

Emakumezko abonatuak 47.083 ziren —% 51,6— eta gizonezkoak, berriz, 44.141 —% 48,4—. 45 urtetik 54ra bitartekoen tartean izan ziren baja gehien joan den urtean, guztira 1.499, adin-tarte horretako abonatuen % 9,5. Aitzitik, 4 urtera artekoen adin-tartean izan zen aldaketarik txikiena, 2019ko kopuruaren aldean: 169 abonamendu gutxiago.

Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek adierazi duenez, datu horiek erakusten dute herritarrek kirol-instalazio eta zerbitzuen udal-sarearekiko fideltasunari eutsi egin diotela, kirola egitea hain zail izan den urte horretan. “Udalaren kirol instalazioak hiru hilabetez itxi behar izatea ekarri zuten berekin krisi sanitarioak eta alarma-egoerak. Ulertzekoa da egoera horrek eragina izatea abonatuen kopuruaren bilakaeran, baina, batez ere, abonatu gehienek gure instalazio-sareak eskaintzen duen zerbitzuan duten konfiantza nabarmendu da”, azpimarratu du.

Joan den urriaren bukaeran, Gasteizko Udalak kirol-instalazioetako abonamenduaren zenbatekoaren % 25 itzuli zuen, baliatu gabeko aldia konpentsatzeko; guztira, 1,5 milioi euro ordaindu zituen. Gogora ekarri beharra dago Udalak kirol instalazioetako abonamenduengatik biltzen duenak ekipamendu sare horren kostu osoaren herena estaltzen duela, gutxi gorabehera.

Share

Astelehenetik aurrera, Udaltzaingoak isunak jarriko ditu espaloitik patinete elektrikoz ibiltzeagatik

Astelehenetik aurrera, Udaltzaingoak salaketak egingo ditu espaloitik patinete elektrikoz doazenen kontra.

Urtarrilean, Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren Errege Dekretu berriari buruzko informazioa zabaldu du Udaltzaingoak, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak deritzonen erabilera arautzen baitu, patinete elektrikoena, besteak beste.

Urtarrilaren 2an sartu zen indarrean dekretua, zeinak horrelako ibilgailuak espaloietatik zirkulatzea debekatzen baitu. Horrenbestez, hasierako informaziorako aldia igaro ondoren, salatuak izateko eta 200 euroko isuna jasotzeko arriskua dute.

Izaera urbanoko bide publikoetako erabilera, trafikoa, zirkulazioa eta segurtasuna arautzen dituen udal ordenantza berria landu arte aplikatuko da Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren Errege Dekretua.

Share

Hiru atxilotu droga-trafikoagatik

Udaltzaingoak hiru lagun, 39 eta 40 urteko bi emakume, eta 40 urteko gizon bat, atxilotu ditu droga-trafikoa delituaren ustezko egileak izateagatik.

Abenduaren amaieran, Polizia Judizialeko Unitateak Ariznabarra auzoko bere etxebizitzan eta inguruan droga saltzen ari zen emakume bat detektatu zuen. Ikerketei esker, substantzia hornitzen zioten pertsonak, gizon eta emakume bana, aurkitu zituzten.

Asteazkenean atxilotu zituzten hiru lagunak. Epaitegiak emandako baimenarekin, udaltzainek haien etxebizitzetan eta ibilgailu batean erregistroak egin zituzten Ertzainor Unitatearekin elkarlanean. Ikuskapen haietan, substantzia baten (ustez kokaina) 70 gramo eta 6.000 euro inguru topatu zituzten.

Hiru atxilotuak gaur goizean utziko dituzte epailearen aurrean.

 

Share

(Argazkiaz eguneratua) Merkataritza-establezimenduen kanpoaldean salgai-erakustokiak instalatzea arautuko du Udalak, ordenantza berri baten bidez

  • Alkateak araudiaren idazketa abiarazteko dekretua sinatu du gaur goizean
  • Eragindako pertsona eta erakundeek 15 egun balioduneko epea izango dute beren ekarpenak emateko

 

  Gasteizek berariazko ordenantza izango du merkataritza-establezimenduen kanpoaldean salgai-erakustokiak instalatzea arautzeko. Araudia lantzeko izapideak abiarazteko dekretua sinatu du gaur goizean Gorka Urtaran alkateak. “Hiriko merkatariei entzun diegu. Eta haien eskaerak aintzat harturik, horrelako elementuen erabilera sustatu nahi dugu. Badakigu merkataritza dinamizatzen laguntzen dutela. Baina irizpide batzuk bete ditzaten nahi dugu halaber, enbarazu egin ez dezaten”, azaldu du alkateak.

 Ordenantza berriak eragindako edo horretan interesatutako pertsona eta erakundeek 15 egun balioduneko epea izango dute iritzia emateko. Ondoren, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak proposamen teknikoa landuko du, sektorearen ekarpenak kontuan hartuz. Batzordean eztabaidatuko da agiria, eta Udalbatzak onetsi beharko du. Merkataritza Mahaiak datorren astean egiten duen bileran ere aurkeztuko du udal gobernuak proposamena, profesionalen ikuspegia ezagutzearren.

 

Share

Arriagako parkeko, Florida parkeko eta Fernandez de Pierola Apezpikuaren lorategietako argiteria publikoa hobetuko da, argigune berriak jarrita

Gasteizko udalak 75.000 euroko inbertsioa egingo du 203 lanpara ordeztu eta 23 argigune jartzeko Arriagako parkean, Florida parkean eta Fernandez de Pierola Apezpikuaren lorategietan. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak segurtasuna areagotu nahi du bereziki sentikorrak diren inguru horietan. Herritarrek hainbat bidetatik eskatutako esku hartzea da.

Argi berriek “led” teknologia izango dute, eta bost hilabeteko epea izango da lanak egiteko, kontratua esleitzen denetik (egun tramitazio-lanetan). Led lanparak jarriko dira hiru berdegune horietan. Ohikoak baino eraginkorragoak direnez, energia-kontsumoa gutxituko da – kontsumo elektrikoa (kwh) eta atmosferara egiten diren CO2 emisioak—, eta argiztapen- eta uniformetasun-maila hobeak lortuko dira. Esku hartze hau bat dator argiteria publikoaren energia-eraginkortasunaren araudiarekin, eta nahitaez bete beharrekoa da. Horretaz gain, argi hauekin ekidin egiten dira itsutzea eta argi-kutsadura.

 

Share

Datozen egunetan hasiko da Udala jakinarazpenak bidaltzen Olarizuko legez kanpoko okupei, etxebizitzak hustu ditzaten

Legez kanpoko okupatzaileek aurkeztutako alegazioak ezesteko dosierra onetsi du udal gobernuak 

 

Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onetsi duen dosierrak ahalbidetuko dio Udaltzaingoari etxebizitzak husteko jakinarazpenak egitea Olarizu hiribideko udalaren jabetzako etxebizitzak legez kanpo okupatzen ari diren 58 pertsonei.

Dosierrean jasotakoaren arabera, aurkeztu diren 37 alegazioak ezetsi ditu Udalak, eta pertsona horiei banan-banan errekerituko die okupazioari amaiera emateko eta okupatutzat jotako etxebizitza Udalaren esku uzteko; jakinarazpena jasotzen den egunetik zortzi eguneko epe luzaezina izango dute horretarako.

Gorka Urtaran alkateak gogorarazi du aurreko agintaldian abiarazitako prozesuaren barruko beste urrats bat dela oraingoa, udal etxebizitzak bermeekin berreskuratzeko eta haiek legez kanpo okupatzen ari ziren pertsonak kanporatzeko.  “Aurreko agintaldiko nire konpromisoetako bat izan zen, eta, prozesu konplexua bada ere, zailtasun ugari izan baditugu ere, Gasteizko gizarteari helarazi nahi diot erabaki irmoa dela nirea, ez naizela geldituko okupak bota arte”, nabarmendu du alkateak. 

Share

Gasteizko Udalak enpresa txiki eta ertainetan berrikuntza sustatzeko hitzarmen bat onetsiko du

 

Ekonomia Sustapenaren Sailak eta Innobasquek lehiakortasuna hobetzen lagunduko diete enpresa txiki eta ertainei

 Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak esparru-akordio bat sinatuko du Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin, Gasteizko enpresa txiki eta ertainetan horretara bideratutako jarduerak sustatzen laguntzearren. Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onetsi duen hitzarmenari esker, irtenbide berritzaileak ezartzeko bereziki diseinatutako tresna eta prozesuak erabiliko dira lehentasunezko sektoreetako enpresentzat gako diren erronkei aurre egiteko.

2021erako lankidetza-esparru berria onestearen ondorioz, talde tekniko bat eratu eta garatuko da enpresei etengabe eta era antolatuan laguntzeko, sektoreak dituen berrikuntza erronkei erantzun eraginkor eta efizienteak emango dizkieten irtenbideak eskura ditzaten.

Lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren zinegotziak nabarmendu du “zein garrantzitsua den jarduera berritzailearen sustapena eta sistematizazioa udalerriko enpresen lehiakortasuna hobetzeari begira. Hau beste urrats bat da ekintzaileei laguntzeko dugun estrategian, eta Gasteizko enpresa-ehunaren giharra garatzen eragin onuragarria izan dezan espero dugu”.

 

Share