Prentsa Oharren banner

Prentsa deialdia (2021-01-18)

– Biktimen Oroitzapenezko Zentroaren eta Arkupeen inguruko lanen amaierako bisita.

Parte-hartzaileak: Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Barne Ministerioko idazkariorde Isabel Goicoechea, eta Kultura eta Kiroleko foru diputatu Ana del Val.

Eguna: urtarrilak 18, astelehena.

Ordua: 12:00.

Lekua: Gernikako Estatutuaren kalean, aztarna arkeologikoen eta igogailuaren sarbidearen ondoan.

 

Share

Aurreikuspenak, urtarrilak 15-17

Urtarrilak 15, ostirala

Gazteria zinegotzi Miren Fernández de Landa Gazte Klik Klak erakusketaren inauguraziora joango da; 18:00etan, Artgia aretoan.

 Urtarrilak 17, igandea

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentia San Anton eguneko zozketara joango da; 18:00etan, San Prudentzio egoitzan.

 

Share

Musika Etxean egin da San Anton Txikiren zozketa

Veracruz eta Mariturri ikastetxeek irabazi dituzte sariak

Gaur, urtarrilak 15, ostiralarekin, Udalaren Folklore Akademiak antolatutako San Anton Txikiren zozketa egin da Musika Etxean, 12:15ean. Ekitaldia urtarrilaren 17an izan ohi da, Espainia plazan, udaletxeko bilkuren aretoan San Anton eguneko zozketa egin ondoren, baina aurten aurreratu egin da, pandemia dela kausa.

 “Datorren urtean ekitaldia berriro betiko moduan egin ahal izatea espero dugu, Espainia plazan ehunka pertsona biltzen baititu”, adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Aurten txokolatezko bonboien banakako zorroak zozketatu dira, zeinak irabazle gertatzen diren Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleen artean banatuko baitira. Ikastetxe hauek irabazi dute saria: Veracruz Ikastetxea eta CEIP Mariturri HLHI.

Udal Folklore Akademiak zuzeneko musikaz girotu du ekitaldia. Eta Radio Vitoriak zuzenean eman du.

.

 

 

 

Share

ARTgian jarriko da ikusgai Gazte Klik Klak lehiaketaren ‘Hiri orbainak’ erakusketa, otsailaren 14ra arte

‘Hiri orbainak’ erakusketa gaur arratsaldetik otsailaren 14ra arte egongo da ikusgai ARTgia aretoan; Gasteizko Udalak 14 eta 25 urte bitarteko gazteentzat antolatzen duen Gazte Klik Klak argazki eta bideo digitalen lehiaketaren emaitza da erakusketa. Azken edizioan 41 gaztek 54 lan aurkeztu zituzten guztira: 44 argazki bilduma eta 10 bideo. Gaur Miren Fernandez de Landa Gazteria zinegotziak aurkeztutako erakusketak, berriz, lehiaketaren hamabigarren edizioko irabazle eta hautatuen lanak biltzen ditu.

Gaur arratsaldeko 18.00etan inauguratuko da erakusketa. Ikusgai dauden lanen artean hiri-orbainak kontzeptuaren askotariko interpretazioak aurkituko ditugu, hori izan baita aurtengo lehiaketarako proposatutako gaia. Besteak beste, trenbideak, kalean egiten diren obrak, herritarrak, egitasmo bat zuten lekuen eta gaur egun direnen arteko kontrastea, faltan botatzen diren lekuak zein langileak dira erakusketaren protagonistak: arrastoa uzten duten orbainak.

Asier Corredera, Maitane Campos, Maria Fariñas eta Liam McDonnell irabazleen lanez gain, Elaia Chacartegi, Irati Bóveda, Christopher Thomas Galvez, Liam McDonnell, Susana Garcia de Vicuña, Pablo García eta Sara Rodríguez zazpi finalisten proposamenen hautaketa bat ikusi ahalko da.

Sara Berasaluce argazkilariak eta Alazne Payueta artistak komisariatu dute 2020ko Gazte Klik Klak-en edizio hau, ARTgia Sorgune & Aretoaren izenean, eta 2021eko Tetrapack-en komisario izango dira halaber.  Azken edizioetan lez, GKK-en aurreko edizioetako irabazleen artean komisario elkartua izendatu da, zeina Yone Estivariz Urraca argazkilaria baita edizio honetan.

 

Share

Aurrekontuen inguruko akordioak bidea ireki dio Gasteizen susperraldi sozial eta ekonomikoari

 

  • Elkarrekin taldeak planteatutako zuzenketak Urtaranen gobernuak aurkeztutako kontu-proiektura bilduko dira

 Gorka Urtaran audioa

Gasteizko alkate Gorka Urtaran, lehen alkateorde Maider Etxebarria eta Iñaki Gurtubai alkateordeak pozik agertu dira Elkarrekin udal taldearekin 2021eko aurrekontua onestea ahalbidetuko duen akordio politikoa lortu dutela eta. Hiriarentzat eta herritarrentzat ona dela azpimarratu du alkateak. “Gasteizerako onak diren proiektu, ekimen eta akordioak bultzatzea dugu helburu bakarra. Akordio hau, zalantzarik gabe, horietakoa da. Egin beharrekoa egin dugula uste dugu. Aurrekontu berria edukitzea zen 2021erako finkatu genuen mugarrietako bat, eta lortu dugu, adierazi du Gorka Urtaranek.

Elkarrekin taldeak aurrekontu-akordioa lortzeko erakutsi duen prestutasuna eta erantzukizuna nabarmendu ditu alkateak: “Beste ideologia eta pentsaera bateko taldea da, baina politikagintzan oso garrantzitsuak diren bi gauza partekatzen ditugu: hiriaren interes orokorra defendatzen dugu, alderdien interesen gainetik, eta ikuspegi zabala dugu, elkarlanean aritzera garamatzana, une konplikatu honetan, Covid-19ak eragin duen egoera sanitario, ekonomiko eta sozial zail honetatik ateratzeko aukera emango digun aurrekontu bat edukitzeko”, nabarmendu du.

Gorka Urtaranek azaldu duenez, hiria berreskuratzeko ekarpen handiagoa egin ahal izango du Udalak akordioari esker, “ahalegin kolektibo horretan askoz hondar-ale gehiago jarri ahal izango ditugu; zehazki, 388 milioi hondar-ale. Ilusio-bide bat urratu dugu gaur”, adierazi du, Alfredo Donnayren lan baten izenburua parafraseatuz, “ilusio-bide bat da, murgilduta gauden egoera pandemiko hau lehenbailehen gainditzeko denok egin nahi genukeen bidea.

Maider Etxebarriak azpimarratu duenez, “akordio hau oso garrantzitsua da, Udalak aurrekontu bat izango duelako urte oso gogor bat atzean utzi ondoren. 2021ean asko dugu jokoan, eta azkenean esan dezakegu ekonomia suspertzen, zerbitzu publikoak sendotzen eta okerren daudenei laguntzen lagunduko diguten kontuak izango ditugula”. Ildo horretan, adineko pertsonei “arreta berezia” eskainiko diela iragarri du lehen alkateordeak.

Etxebarriak gaineratu duenez, “beste behin ere, akordioa gailendu zaio konfrontazioari. Akordioak lortzen dituzten politikariak ditu Gasteizek. Hori nabarmendu beharra dago, eta are gehiago orain, gizartea klase politikoa gure herrialdeko arazo nagusietako bat delakoan dagoen honetan.”

2021erako aurrekontu-proiektuak 388 milioi euroko zenbatekoa du —458.344.818 euro, udal-sozietate eta -erakundeen kontuak gehituz gero— eta, Iñaki Gurtubaik azpimarratu duenez, inbertsio publikoaren hazkunde handiagatik nabarmentzen da —34,4 milioi euro—. Inbertsio horren ondorioz, 521 lanpostu berri izango dira. Eskualdeko Enplegu Planaren bidez kontratatuko diren 200 pertsonak gehituko zaizkio horri, eta Gazteen Enplegu Planeko 70 kontratu berriak.

Share

Suhiltzaileek ibilgailu berria gehitu dute flotara, lan teknikoetan aritzeko

Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak (PSISZ) ibilgailu arin berria gehitu du daukan flotara, talde operatiboari laguntzeko.

Pick up ibilgailua da, eta laguntza teknikoa emateko erabiliko da nagusiki. 47.101 euroko gastua sortu du horrek.

Urtebete baino gutxiagoan bost ibilgailu eskuratu dituzte suhiltzaileek beren flotarako. Izan ere, 2020an ibilgailu hauek gehitu zituzten flotara: 30 metroko altuerako eskailera artikulatua duen kamioia (750.079 €), lantegi-furgoneta bat (64.444 €), eta prebentzio, ikuskapen, prestakuntza eta mantentze lanetarako zein esku-hartzeetan laguntzeko beste bi ibilgailu (41.000 € baino zertxobait gehiago).

 

Share

Juan Aialako eta Amarikako aparkalekuen tarifak jaitsi egingo dira

Tokiko Gobernu Batzarrak Juan Aiala eta Amarika plazen azpiko aparkalekuen 2021erako tarifak onetsi ditu gaur goizean. Prezioak beherantz berrikusi dira bi kasuetan, kalkulu-formulak KPIaren urtearteko aldakuntza hartzen baitu kontuan, eta erreferentziazko epean -% 0,7 izan baita hori.

Juan Aiala plazako aparkalekuan, adibidez, egun osoko gehieneko tarifa (10 ordu) 21,75 euro zen 2020an, eta 21,52 euro izango da 2021ean. Amarika plazako aparkalekuan, berriz, eguneko tarifa 16,40 euro zen 2020an, eta 16,25 euro izango da 2021ean. Beste kontzeptu batzuetan ia ez da alderik nabarituko, esate baterako, lehen orduari dagokion tarifan, Amarikan zentimo batekoa izango baita jaitsiera, eta Juan Aialan, bi zentimokoa.

Orobat, Juan Aiala plazako aparkalekurako abonamenduen prezio berria zehaztu da: gaueko abonamendua 60,44 euro izango da (2020an 60,85 euro zen), eta hileko abonamendua, 115,02 euro (2020an 115,8 euro zen).

Share

Premiazko deialdia 2021-01-15

-Aurrekontu akordioaren aurkezpena

Parte hartzaileak. Gorka Urtaran alkatea, Maider Etxebarria lehenengo alkateordea eta Iñaki Gurtubai hirugarren alkateorde eta Ogasun zinegotzia.

Eguna. Ostirala, urtarrilak 15

Ordua. Elkarrekin taldearen prentsaurrekoa bukatzean. 11k inguruan.

Tokia. Udaletxeko prentsa-aretoa

*Alkateak modu telematikoan hartuko du parte

Share