Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdia (2021-01-12)

– Udal Antzoki Sarearen neguko denboraldiaren aurkezpena.

Parte-hartzailea: Estíbaliz Canto, Hezkuntza eta Kultura zinegotzia.

Eguna: asteartea, urtarrilak 12.

Ordua: 11.30.

Tokia: udaletxeko prentsa-aretoa.

 

Share

Suhiltzaileek 125 alditan esku hartu behar izan dute erlaitzetako elurra kentzeko

Agirrelandako Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko (PSISZ) langileek 125 irteera egin behar izan dituzte hiriko eraikinetako erlaitzetatik eta beste egitura batzuetatik elurra kentzeko.

Izan ere, 2021. urteari hasiera eman dioten elurteen ondorioz teilatuetan metatu den elurra kalera erortzeko arriskua dago. Urtarrilaren 1az geroztik izandako prezipitazioak direla eta, Gasteizko suhiltzaileek esku-hartze ugari egin behar izan dute elur edo izotz blokeak bide publikora eror ez daitezen, horrek kalte materialak eta, bereziki, pertsonalak ekar baititzake.

Azken orduetan elurra erlaitz eta hegaletatik desagertzen joan den arren, oinezkoei kontuz ibiltzeko gomendatzen zaie; orobat, larrialdi zerbitzuek mugatutako inguruetatik ez paseatzeko eskatzen zaie, elurra edo bestelakorik erortzeko arriskua baitago.

Esate baterako, Foru kalean instalatutako aldamio bateko babes-olana erori zen atzo elurraren eraginez, baina zorionez inork ez zuen kalterik izan.

Share

Atxilotua bikote ohiari eraso egiteagatik

Udaltzaingoko agenteek, larunbatean, 40 urteko gizonezko bat atxilotu zuten bikotekide ohiaren aurkako genero-indarkeria delituaren, mehatxuen eta lesioak eragiteren ustezko egilea zelakoan.

Guztia 21:30 inguruan gertatu zen, Alde Zaharreko etxebizitza batean. Hala, 092ra egindako dei batek gizon eta emakume baten artean eztabaida gertatzen ari zela ohartarazi zuen.

Bertaratutako patruilak egiaztatu zuen biktimak lesioak zituela eta, alderdien eta lekuko baten adierazpenak entzun ostean, gizonezkoa atxilotu eta epailearen esku jarri zuten atzo.

Beste patruila batek emakumeari ospitalera lagundu zion arreta jaso zezan.

Suhiltzaileak

Suhiltzaileek larunbatean Florida eta Errioxa kaleen arteko bidegurutzean gertatutako talka zela eta ibilgailu batean harrapatuta geratu ziren bi pertsona ateratzeko lan egin behar izan zuten. Gainera, istripuan kaltetuta geratu ziren seinale batzuk eta farola eta semaforo bana kendu behar izan zituzten.

Egun hartan bertan, sutan zegoen edukiontzia itzali behar izan zuten Elgoibar kalean.

Share

San Prudentzio egoitzan izango da San Anton eguneko zozketa, urtarrilaren 17an

Udalaren Folklore Akademiak antolatutako San Anton Txikiren zozketa Musika Etxean izango da, hilaren 15ean, ostiralez

 

San Prudentzio egoitzan izango da San Anton eguneko zozketa, urtarrilaren 17an, arratsaldeko seietan. Txartelak salgai daude dagoeneko, 0,60 euroan, eta jasotzen den dirua zentro horretarako izango da. Guztira 30.000 txartel jarri dira salgai.

Gaur, astelehena, zurezko saltoki bat jarriko da Zeledonen plazan. Urtarrilaren 11tik 17ra bitartean egongo da zabalik, ordutegi honekin:

  • Urtarrilaren 11tik 16ra bitartean, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:00etara.
  • Urtarrilaren 17an, 11:30etik 13:30era eta 16:30etik 18:00etara.

Hiriko gizarte-etxeetan ere erosi ahal izango dira txartelak, baita San Prudentzio egoitzan bertan, Azoka plazan, Peña Dulce gozotegian eta La Unión-BÝRA tabernan.

Hauek izango dira sariak aurten: ezkur txerri iberikoaren produktu sorta bat; bi lagunentzako bidaia, Tenerifera; sei gaueko zirkuitua, bi lagunentzat, Extremaduran barrena; gau bateko relax egonaldia, bi lagunentzat, Orduña Plaza bainuetxe-hotelean; hiriko bizikleta bat; Principal antzokiko denboraldiko abonamendua, bi lagunentzat; 10.1 tablet pc bat; Bluetooth bozgorailu bat; liburuak erosteko bonu bat, eta Laboral Kutxa Plus urtebeteko etxebizitza-asegurua.

Egoera sanitarioa dela eta, aurten ez da jai-ekitaldirik egingo Espainia plazan.

“Udalaren Folklore Akademiak antolatutako San Anton Txikiren zozketa, berriz, urtarrilaren 15ean izango da, Musika Etxean, 12:15ean”, jakinarazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Zuzenean eskainiko du ekitaldia Radio Vitoriak, ‘Radio Vitoria Gaur’ saioaren barruan.

Share