Prentsa Oharren banner

Trafiko etena Jacinto Benavente kaleko biribilgunean, Salbururako noranzkoan

Tranbia Salburura luzatzeko lanak direla eta, trafikoa eten beharko da Florida kalean, Jacinto Benavente kalearekiko biribilgunearen parean, Salbururako noranzkoan. Urtarrilaren 20tik martxoaren 3ra arte iraungo du etenak.

Horrenbestez, Esmaltazioen biribilgunetik Salbururantz joateko, Izarbenta kaletik jo beharko dute ibilgailuek. 7. linearen Florida/Jacinto Benavente geltokia, berriz, biribilgunearen aurrera aldatuko da, ikastetxearen parean.

Share

Klimaren Aldeko Ekintzaren eta Nekazaritza Eremuaren Batzordea dataz aldatzea 2021-01-28ra

Udalbatzaren Araudi Organikoaren 159. artikuluak xedatzen duenez, udal aurrekontuen tramitazioak lehentasuna izango du udalbatzaren eta batzordeen gainerako lanen aldean.

Aurrekontuarekin lotutako lanen lehentasuna aintzat hartuz, Eledunen Batzarrari erabaki du 2021eko urtarrilaren 26ko 09:00etan egitekoa zen Klimaren Aldeko Ekintzaren eta Nekazaritza Eremuaren Batzordea 2021eko urtarrilaren 28ko (osteguna) 09:00etara aldatzea. AMVISAK 2021eko urtarrilaren 28ko 11:00 egitekoa duen kontseilua, arestian aipatutakoa amaitu ondoren hasiko da.

 

Share

(audioaz gaurkorua) Amaitu dira Oroimenezko Zentroaren eta Arkupeen ingurua eraberritzeko obra, zeina erakundeen arteko lankidetzaren emaitza baita

Gorka Urtaran audioa

Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren eta Arkupeen ingurua eraberritzeko lanak abendutik daude amaituta. Gaur goizean bisitatu dute ingurua proiektua sustatu duten erakundeek. Espazio publikoa berrantolatu eta hobetzea, irisgarritasuna bermatzea, instalazioak berritzea eta, azken batean, ingurua biziberritzea izan da lanen helburua.

 Lanek urtebete baino gehiago iraun dute, eta 2,1 milioi euroko inbertsioa egin da: Barne Ministerioak 1,7 milioi jarri ditu, eta gainerakoa, Gasteizko Udalak. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eta Barne Ministerioko idazkariorde Isabel Goicoecheak hartu dute parte bisitan.

Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol diputatu Ana del Val ere izan da, haren sailak 84.055 euro inbertitu baititu inguruan aurkitutako hondar arkeologikoak musealizatzen, duten balio nabarmenarazteko. Orobat, Opacua SA enpresa esleipendunaren ordezkariak eta udal teknikariak izan dira ekitaldian.

“Proiektu honek hainbat hobekuntza ekarri ditu hainbat arlotan, hala nola irisgarritasunean, kaleen modernizazioan, gure ondarea berreskuratzean… Eta erakundeen arteko lankidetzari eta elkarlanari esker egin dugu. Aurten, gainera, lanen bigarren faseari ekingo diogu, plaza berri bat eta estalitako aparkaleku berri bat sortzeko “, azaldu du Gorka Urtaran Gasteizko alkateak.

Lan hauek administrazioen arteko lankidetzaren eredu ezin hobea dira, herritarren onura helburu. Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren inauguraziorako abiapuntu ere badira; zentroa bakearen kulturaren alorrean nazioarteko erreferente bihurtzera deituta dago, eta Gasteiz gizarte eta kultura erakargune gisa sustatzen lagunduko du“, azaldu du Barne Ministerioko idazkariorde Isabel Goicoecheak.

Foru diputatu Ana del Valen hitzetan, “erakundeen arteko lankidetza zein garrantzitsua den berriro erakutsiz, Foru Aldundiak zenbait arkeologia eta zaharberritze lan egin ditu, eta arkitektura zaintzekoak, gure ondarearen kontserbazioarekin konprometitu baikaude.” Eta erantsi du: “Gainera, lan honek memoria historikoarekiko sentiberak diren herritarren zati baten eskaerari erantzuten jakin du, eta arabarren memorian zegoen bidegabekeria historikoa berdintzen du nolabait”.

Eraberritzea

Egindako lanen bitartez, bost kaletako espazioa berrantolatu da, zoladura —leku askotan zaharkitu eta narriatuta— aldatu da, instalazio eta zerbitzuak berritu, hala nola argiteria eta saneamendua; orobat, oinezkoentzako lekua irabazi da, eta Alde Zaharreko irisgarritasuna hobetu, igogailu bat eta eskailera mekanikoak direla medio.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak erredaktatutako proiektuak berekin ekarri du lehen Arkupeen albotik zihoan trafikoaren desagerpena. Gune hori guztia oinezkoentzat da orain, halako moduan non are gehiago nabarmentzen den Justo Antonio Olagibel arkitektoaren lana, eta ostalaritza-terrazetarako gunea sortu da bertan. Trafikoarentzako beste bide bat sortu da Gobernuaren Ordezkariordetzaren eta Oroitzapenezko Zentroaren artean, Gernikako Estatutuaren kaletik.

San Frantzisko kalean ere lan garrantzitsuak egin dira, zegoen zoladura erabat aldatu baita, eta inguru horretako aparkalekuak desagerrarazi. Nabarmen handitu da hego aldeko espaloia, eta ipar aldekoan, zeharkako malda handia baitu, zabalera aldakorreko terraza bat sortu da, luzean. Bilketa pneumatikorako buzoiak ere berritu dira. Zehazki, aldatu egin da bilketa pneumatikorako sarearen trazadura, eta beira, kartoia eta ontziak biltzeko edukiontziak lurperatu, lehen zuten inpaktu bisuala desagerrarazteko. Horretaz gain, zuhaitz berriak landatu dira, eta bi eserleku luze jarri.

Era berean, aldaketa handia egin da Gernikako Estatutuaren kalean: trafikoarentzako bide berriaz gain, Erdi Aroko hiriguneko irisgarritasuna hobetzeko bi elementu erantsi dira bertan. Batetik, edukiera handiko (1.500 kg / 20 pertsona) igogailu panoramikoa, 5,45 metroko gorabehera gainditzeko. Igogailuaren alboan, berriz, eskailera mekanikoak instalatu dira, igotzeko zein jaisteko atal banarekin, bakoitza metro bat zabal. Orduero 6.000 pertsona eramateko gaitasuna du.

Mateo Moraza kalearen galtzada luzatu egin da, bide berriarekin lotzeraino. Lan hori funtsezkoa da eraberritzearen bigarren faseari heltzeko, Postetxearen eta Oroimenezkoaren artean plaza bat sortzea aurreikusi baita.

San Bizente aldapatik jaisten zen bidearen trazadura aldatuta, Olagibel kaleko trafikoa kendu ahal izan da Agirre Lehendakariaren kalearen eta Gernikako Estatutuaren kalearen artean. Hain zuzen ere, espazio horretan sortuko da plaza. Horren azpian, bizikleten lurpeko aparkalekua jarriko da. Ordura arte, bizikleta-aparkaleku ugari instalatu da Olagibel kaleko zati horretan.

Oroimenezko Zentroaren, San Frantzisko aldaparen eta Gernikako Estatutuaren kalearen arteko hirukian dagoen erdialdeko parterrean ere nabarmena da aldaketa. Bestetik, bizikleta mugikortasuna hobetu da, bidegorri berriak jarri baitira Gernikako Estatutuaren kalean (1,10 metro zabal) eta Mateo Moraza kalearen luzapenean, Oroimenezko Zentroaren ondoan (1,40 metro zabal). Hartara, nabarmen hobetu da Olagoibel kaletik datorren bidegorriaren jarraikortasuna. San Frantzisko kalean ere osatu da bidegorri bat, 1,5 metro zabal dena.

Bigarren fasea, aurten

Udala ingurua eraberritzeko lanen bigarren fasearen kontratazioa lantzen ari da dagoeneko; 2,2 milioi euroko aurrekontua izango du horrek, eta Estatuko Gobernuak 800.000 euro jarriko ditu. Proiektu horretan aurreikusi da plaza berri bat sortzea postetxearen eta Oroimenezko zentroaren artean, zeina espazio gardena, berritua eta oinezkoarekin adeitsua izango baita, berdegunez hornitua, eta Oroimenaren plaza deituko; bizikleta- aparkaleku estalia ere egingo da, bost ehun bizikletatik gora hartuko dituena.

Aztarna arkeologikoak

Obrak egiten ari zirela, zenbait hondar arkeologiko aurkitu ziren, garai bateko San Frantzisko komentuarenak, baita haren aurreko egitura arkitektoniko eta hilobienak ere; hori dela kausa, lanek ukitutako aztarna guztien indusketa arkeologikoa egin behar izan zen. Gainera, aurkitutako egituretako batzuen interes historikoa ikusirik, beharrezkotzat jo zen bertan kontserbatzea bermatuko zuten jarduerak martxan jartzea, hiriaren Erdi Aroko iraganaren lekuko ikusgarri bihur zitezen. Udalak eta Aldundiak erabaki zuten elkarrekin lan egitea ingurune osoaren balioa nabarmenarazteko, zabalkunderako espazio erakargarri bat sortuz.

Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailaren mendeko Museo eta Arkeologia Zerbitzua eta Ondare Historiko, Artistiko eta Arkitektonikoaren Zerbitzua arduratu ziren San Frantzisko komentuaren hondarrak ikertu, dokumentatu eta kontserbatzeko lanen zati bat zuzenean egiteaz, 84.055,78 euro inbertsioa eginda. Gainerakoa obra-kontratu nagusiaren kontura finantzatu da.

Oro har, San Frantzisko komenturako sarrera nagusia izandakoaren hondarrak kontserbatu dira.  Komentuaren jatorria XIII. mendekoa den arren, badirudi agertutako hondarrak elizaren atarikoak direla, zeina XVI. mendean eraiki baitzen, eta XIX. mendean aldaketa txiki batzuk jasan baitzituen, eraikina desamortizatu eta kuartel bihurtu zenean.

Eraikuntza-elementu garrantzitsuenak fatxada markoztatzen zuten bi zutabe handiren oinarriak dira, eta arkupearen jatorrizko zorua osatzen zuen enkatxo-zoladuraren zati bat.  17 metro karratu inguruko zoladura zati bat da, errekarriekin eta zeramikazko materialarekin egina, forma geometrikoak eta sei petaloko loreak osatuz.

Bestetik, plazaren gainerako zatian, zoruan irudikatu da indusketan aurkitutako hormen trazadura, zoladura bereizi batekin (ilunago batekin). Horma horiek eraikineko beste elementu batzuei dagozkie, eta askoz ere kota baxuagoan kontserbatu dira, zimendatze-mailan soilik.

Zenbait kartel jarri dira egindako indusketa arkeologikoan lortutako emaitzen berri emateko; horien artean, bereziki, agertutako hobiratzeak nabarmentzen dira —Erdi Aroko kronologia bati dagozkionak, baina komentua eraiki aurretikoak—, eta eraikinaren beraren egituren hondakinak. Orobat, eraikinaren gorabehera historiko nagusiak azaltzen dira, hasieratik 1930ean eraitsi zen arte.

 

Share

Herritarrek kirol-instalazioak libreki erabiltzeko erreserbak egiteko aukerak areagotu ditu Udalak

Aurrerantzean, zuzenean erreserbatu ahal izango dituzte herritarrek Udalaren kirol-instalazioak, banaka nahiz taldeka kirola egiteko, gehienez sei laguneko taldeetan, Covid-19aren ondoriozko prebentzio-neurriei buruzko Eusko Jaurlaritzaren azken dekretuak baimentzen duen moduan. Joan den astera arte, erreserba egiteko bi modu zeuden —banakako nahiz bizikideentzako erreserbak—, sei kirol-modalitatetan, jarduera anitzeko aukeraz gain. Bi aukera horien ordez, instalazioen zuzeneko erreserbak egiteko ohiko modua baliatu ahal izango da aurrerantzean, 20tik gora kirol-modalitatetan.

Joan den ostiraletik, urtarrilaren 15etik, modalitate hauetarako erreserbak egiteko aukera dago:

  • Badmintona, billarra, esgrima, padela, squasha, tenisa, mahai-tenisa (mahai bat), tiroa (postu bat).
  • Beti Jai pilotalekuan bakarrik: zesta-punta, frontenisa, esku-pilota, pala motza, Argentinako paleta, larruzko paleta, gomazko paleta trinkoa.

Gaurtik —urtarrilak 18— aurrera, modalitate hauetara zabalduko da zuzeneko erreserba:

  • Gehienez 6 lagun: saskibaloia, eskubaloia, areto-futbola, boleibola.
  • Auzoetako frontoiak: zesta-punta, frontenisa, esku-pilota, pala motza, Argentinako paleta, larruzko paleta, gomazko paleta trinkoa.

Indarrean dauden gomendio sanitarioen mende dago instalazioen erreserba-sistema —ordutegi-mugak, maskararen erabilera, oinetakoak aldatu beharra, instalazioen gehieneko edukierak— eta orobat bete beharko dira dutxei, aldagelei eta besteri dagokienez ezarritako berariazko arauak ere.

Informazio gehiago: Kirol-instalazioen erreserba zuzenak: berrabiatzeko egutegia

Share

‘Paisaia sekretuak’ kontzertua eskainiko du Udal Bandak, asteazkenean, Félix Petite antzokian

19:00etan hasiko da emanaldia, eta doakoa izango da —edukiera bete arte

Gasteizko Udalaren Musika Bandak ‘Paisaia sekretuak’ kontzertua eskainiko du urtarrilaren 20an, asteazkenez, Ibaiondoko gizarte-etxeko Félix Petite antzokian. 19:00etan hasiko da emanaldia, eta Iker Olazabal izango da zuzendaria. Sarrera doan izango da, edukiera bete arte.

“Kontzertu honen bitartez, Gasteizko auzoetara eraman nahi dugu kultura. Eskuarki antzezlanak hartu ohi dituen Félix Petite antzokiak udal bandaren kontzertua hartuko du oraingo honetan. Musikarekin liluratzera gonbidatzen ditugu gasteiztarrak”, adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Obra hauek entzun ahal izango dira: Serge Lancenen ‘Symphonie de Paris’, John Barryren ‘Out of Africa’, Kevin Houbenen ‘Arcana’, R. Vaughan Williamsen ‘Folk song suite’ eta Melvin Sheltonen ‘Basque Rhapsody’.

Gutxi gorabehera, ordu eta laurden iraungo du emanaldiak.

 Zuzendariaren oharrak

“Ferrán Adriá sukaldariak dioen bezala, inspirazioa etorri etortzen da, baina adi egon behar da harrapatzeko. Eta hortik dator ‘Paisaia Sekretuak’ deitu diogun kontzertu hau: liluratzen duten soinu, usain, kolore eta giroak izan dira konpositoreak musika-notetara ekarri nahian jarri dituztenak.

Paris hiri apartak piztu zion inspirazioa Serge Lanceni; Afrika kontinente osoko atmosfera bereziak, aldiz, John Barryri, eta hala jarri zion soinu-banda ‘Out of Africa’ filmari. Baina ez dago zertan hain urruti joan, inspirazio bila, edo bai; izan ere, gure lur hauetan aurkitu zuen Melvin Shelton amerikarrak, eta hortik sortua da ‘Basque Rhapsody’ obra. Beste batzuek, hala nola Vaughan Williams britainiarrak, beren herriko folklorea baliatu izan dute. Banden errepertorioko obra handi bat ondu zuen hark horrela, ‘Folk Song Suite’. Eta, azkenik, bada dena kontatu nahi ez digunik ere, hala nola Kevin Hoube, zeinek beretzat gorde baitzuen —misterio edo sekretu kutsuko bere ‘Arcana’ horretan— inspirazioaren iturria, eta bere musika miragarria bakarrik eskaini.” Iker Olazabal

 

 

 

Share

Udaltzaingoak 249 salaketa jarri ditu asteburuan Covid-19aren aurkako neurriak ez betetzeagatik

 

Udaltzaingoak 249 zehapen-proposamen egin ditu asteburuan Covid-19ari aurre egiteko ezarritako neurriak ez betetzeagatik.

Salaketa gehienak (110) musukoa derrigor erabiltzeko araua ez betetzeagatik edo behar bezala ez erabiltzeagatik izan ziren. Gainerako zehazpen-proposamenak gai hauekin lotuta zeuden:

  • 52 segurtasun-distantzia ez mantentzeagatik.
  • 30 proposamen 2 metroko distantzia mantendu gabe espazio publikoan erretzeagatik.
  • 14 etxeratze-agindua ez betetzeagatik.
  • 14 proposamen 6 pertsonako gehieneko taldeen muga ez betetzeagatik.
  • 5 establezimenduen titularrei, arauak betetzen direla ez zaintzeagatik.
  • 3 ostalaritzako eta jatetxeetako lokaletan ordutegiak ez betetzeagatik.
  • 2 baimendutako aforoa gainditzeagatik.
  • 19 beste egoera batzuk direla eta.

Salaketa guztien artean, egoera deigarrienetako bat atzo, igandean, Lasarteko ostalaritza-lokal batean gertatu zen. Bertan, udaltzainek 60 zehapen-proposamen egin zituzten: 30 musukoa jantzita ez izateagatik, eta beste 30 distantziak mantendu gabe erretzeagatik.

Era berean, udaltzainek Foru kaleko establezimendu batera joan behar izan zuten larunbatean. Izan ere, baimendutako aforoa gainditzeagatik salaketa jasan zuen eta bertan 24 zehapen-proposamen egin zituzten segurtasun-distantzia ez errespetatzeagatik, eta beste 24 musukoa derrigor erabiltzeko agindua ez betetzeagatik.

Beste esku-hartze batzuk

Udaltzainek atzo 34 urteko gizonezkoa atxilotu zuten agintaritza-agenteen aurkako irainak, errespetu-falta, desobedientzia eta erresistentzia delituen ustezko egilea izateagatik.

Gizonezkoak, 22:30 inguruan, esku-hartze baten baitan, ibilgailu ofizial batek Arana kalean zirkulatu ahal izatea eragotzi zuen. Gainera, bere eta gainerako erabiltzaileen segurtasuna babesteko bidetik kentzeko esanez patruilak emandako aginduak ez zituen bete eta udaltzainak iraindu eta errespetua galdu zien.

Bestalde, larunbatean 20 urteko gazte bat atxilotu zuten agintaritza-agenteen aurkako atentatu-delituaren ustezko egilea zelakoan. Patruila batek musukorik gabe eta bide publikoan pixa egiten ikusi zuenean gertatu zen guztia. Salaketak izapidetzeko dokumentazioa eskatu ziotenean, behin eta berriro egin zion uko bere burua identifikatzeari eta udaltzainetako baten aurka eraso egin zuen. Ondorioz, atxilotu egin zuten.

Suhiltzaileak

Suhiltzaileek asteburuan bi sute itzaltzen lagundu behar izan dute: haietako bat Venezuela kaleko paperaren edukiontzi batean izan zen, eta bestea, aldiz, Gaztelu udalerriko lasto-biltegi batean.

 

Share

Gaur hasiko da 2021-2022 ikasturterako matrikulazio-epea Gasteizko ikastetxeetan

Herritarrei laguntzeko bulegoetan emango zaie prozesuari buruzko informazioa familiei

Gaur hasiko da 2021-2022 ikasturterako matrikulazio-kanpaina Gasteizko zein Euskal Autonomia Erkidego osoko ikastetxeetan, direla publiko direla pribatu hitzartuak; Haur Hezkuntzan (2 urtetik aurrera), Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan matrikulatu ahalko dira ikasleak.

Vitoria-Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak indartu egin zuten elkarren arteko lankidetza 2019. urtean, bizikidetza eta hezkuntza-ekitateari buruzko hitzarmen bat sinatuta. “Lankidetza horri esker, aurreko bi urteetan bezala, Udalak laguntza emango dio Hezkuntza Sailari matrikulazio-prozesuari buruzko informazio lanetan, herritarrei laguntzeko bulegoen bitartez”, azpimarratu du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Horretarako, Vitoria-Gasteizko herritarren eskura jartzen du gizarte-etxeetan dauden Herritarrei Laguntzeko 11 bulegoren sarea, eta baita San Antonio kaleko 10. zenbakian den bulegoa ere. Familiek leku horietan jaso ahalko dute euren seme-alabak matrikulatzeko behar duten informazio guztia. “COVID-19ak sortutako osasun-egoera dela eta, aurrez aurreko arreta aurretiko hitzorduarekin emango da”, ohartarazi du Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguezek.

Informazio osoa ikastetxeetan eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren IKASGUNEA atarian (https://ikasgunea.euskadi.eus) ere lortu ahalko da. Azken horretan, informazio zabala ematen da “Ohiko galderak” atalean.

Eskabidea eta dokumentazioa ikaslearen amak, aitak edo erakunde tutoreak aurkeztuko ditu. Bi era daude eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko:

Aurrez aurre, familiek lehen tokian aukeratutako ikastetxearen idazkaritzan, urtarrilaren 18tik 29ra bitartean, bi egunak barne.

Online, IKASGUNEA atariaren (https://ikasgunea.euskadi.eus) bitartez, urtarrilaren 18tik hasi eta 29aren 24:00ak arte. Une horretatik aurrera aplikazioa ez da aktibo egongo.

Soilik inskripzio-eskabide bat aurkeztu ahalko da. Eskabidean 12 ikastetxetarako eska daiteke, gehienez, eta familiek lehentasunezko hurrenkeran adieraziko dituzte.

Ikastetxeen zonifikazioaren mapa osoa honako toki hauetan egongo da kontsultatzeko: gizarte-zentroetan diren Herritarrei Laguntzeko Udal Bulegoak, San Antonio kaleko 10. zenbakian den Herritarrei Laguntzeko Udal Bulegoa, Hezkuntzaren Lurralde Ordezkaritza (San Prudentzio kalea, 18 zk), eta Eusko Jaurlaritzaren Hiritarren Arretarako “Zuzenean” Zerbitzua (Ramiro de Maeztu kalea, 10 zk), hor ere aurretiko txandarekin.

Plaza esleitzeko behin-behineko zerrendak martxoaren 9an argitaratuko dira, eta erreklamazio-epe bat zabalduko da martxoaren 16ra arte. Behin betiko zerrendak martxoaren 23an argitaratuko dira. Bai behin-behineko zerrendak bai behin betikoak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Ikasgunea atarian kontsultatu ahalko dira. Ikastetxeek ez dituzte jarriko zerrenda horiek jendaurrean, baina banaka ikusteko aukera eskainiko diete hala eskatzen dutenei.

IKASGUNEA ataria.

Eusko Jaurlaritzako Herritarrentzako Arreta Zerbitzua ZUZENEAN.

Vitoria-Gasteizko Udaleko Herritarren Arretarako Bulegoen Sarea.

Matrikulazio-prozesuari buruzko informazioa.

 

 

Share

2021-01-18ko Gizarte Politiken Batzordea bertan behera utzi da  

Batzordeburuak jakinarazten du bertan behera utzi dela gaur, 2021eko urtarrilaren 18an, egitekoa zen Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren, Gazteriaren, Berdintasunaren, Bizikidetza eta Aniztasunaren eta Garapenerako Batzordearen bilkura, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi ordezkariak ez duelako joaterik izango justifikatutako arrazoiengatik.

Share