Prentsa Oharren banner

Bost atxilotu asteburuan

Udaltzainek asteburuan 23 urteko gazte bat eta 17ko adingabe bat atxilotu zituzten lesio larrien, indarkeriazko lapurretaren eta agenteen aurkako atentatuaren ustezko delituen egile gisa.

Goizaldeko hiru eta erdiak inguruan gertatu zen, 092ra egindako dei batek Pablo Picasso kalean emakume bati eraso egin zitzaiola jakinarazi zuenean. Patruila batek topatu zuen biktima, aurpegia odolduta zuela. Hatz bateko falangea ere falta zuen, hozkada baten ondorioz. Biktimak azaldu zuenez, gizonezko batek eta emakumezko batek eraso egin zioten. Biak ezagutzen zituen eta han inguruko etxe batean bizi ziren.

Udaltzainek pertsona horien etxera sartzea lortu zutenean, gizonezkoak ostikoka hartu zituen eta emakumeak haietako baten aurka egin zuen, beraz, atxilotu egin zituzten. Pisu barruan eraso egindako emakumearen mugikorra topatu zuten.

Gizonezkoa atzo geratu zen epailearen esku, eta horrez gain, gertakarien lekukoek emandako adierazpenen harira, genero-indarkeriaren arloko lesioengatik ere ikerketapean dago.

Beste hiru atxilotu

Udaltzainek ostiralean 48, 26 eta 38 urteko hiru gizonezko atxilotu zituzten delitu ugarigatik.

Haietako lehenengoa Serafin Ajuria kaleko taberna baten kanpoaldean atxilotu zuten, alkoholdun edariak ari baitzen zerbitzatzen plastikozko edalontzietan. Pertsona horrek behin eta berriz uko egin zion identifikatzeari eta desobedientzia larriagatik atxilotzera zihoazenean, erresistentzia agertu eta agenteen aurka egin zuen.

Handik ordu batzuetara 26 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuten. Gertakariak 18:30 aldera jazo ziren, Koordinazio Zentralak patruila bat eskatu zuenean Lakua auzoko merkataritza-establezimenduan bertaratzeko. Bertan, zenbait artikulu ebasteagatik inplikatutako hiru gizonezko zituzten atxikita. Haietako batek motxila-termo bat erabili zuen produktuak ezkutatzeko eta alarmak jo ez zezan.

Ebasketa non egin zuten ikertzeko agenteak zegozkien kudeaketak egiten ari zirenean, gizonezkoa zirkulazio-erreira joan eta bi ibilgailuren gainera joan zen. Ibilgailuek bat-batean geratu behar izan zuten, eta arriskua eragin zuen gizonezkoaren nahiz gidarien osotasunerako. Bidetik ateratzen saiatu zirenean, erresistentzia erakutsi zuen eta, beraz, azkenean atxilotu egin zuten.

Handik ordu erdira, Udaltzaingoak Olarizu etorbideko establezimendu komertzial batean arazoak sortzen ari zen 38 urteko gizonezkoa atxilotu zuen. Kanpora atera zutenean, gizonezkoak erresistentzia agertu zuen eta ez zituen aginduak bete, beraz, atxilotu egin zuten.

Covid-19 salaketak

Asteburuan, Udaltzainek 94 isun-proposamen egin ditu Covid aurkako neurriak ez betetzeagatik. Haietako 9 lonjetan, txokoetan eta lokaletan jarduera egiteagatik izan dira, ez baitago baimenduta. Horixe da Arana auzoko gazte-lonja baten kasua, igande goizaldeko 01:30ean adingabekoak baitzeuden bertan. Udaltzainek 9 adingabeko eraman zituzten Agirrelandara gurasoei jakinarazteko eta haien esku uzteko.

Gainerako isunak hauek izan ziren: 34 bilera batean baimendutako pertsonen gehieneko kopurua gainditzeagatik; 17 etxeratze-agindua ez betetzeagatik; 29 musukorik ez eramateagatik edo gaizki erabiltzeagatik; 4 bide publikoan alkohola kontsumitzeagatik, eta 1 beste arrazoi bategatik.

 

Share