Prentsa Oharren banner

Udal Bandak “Pangea, gure planetaren musika paisaia” kontzertua emango du datorren igandean, Principal Antzokian

Emanaldia 18:00etan hasiko da, eta familiei zuzenduta dago

Gasteizko Udal Musika Bandak “Pangea, gure planetaren musika paisaia” kontzertua emango du datorren igandean (otsailak 7), Principal Antzokian, Luis Orduñaren zuzendaritzapean. Emanaldia 18:00etan hasiko da, eta 6 urtetik gorako familiako kide guztiei zuzenduta dago.

Kontzertuan Abraham Cupeirok, zeina munduko musika tresnen bakarlari eta “Pangea” proiektuaren sustatzailea baita, eta Josune Vélez de Mendizábal aktore-narratzaileak hartuko dute parte.

“Orain dela 200 milioi urte, kontinente bakar eta erraldoi bat zegoen gure planetan: Pangea. Hura pitzatzen hasi, eta, denboraren poderioz, gaur egun ezagutzen ditugun kontinenteak sortu ziren. Kontzertuan, Lurraren parteak lotuko ditugu proposatzen dugun musika-bidaian. Pangea gure planetaren kultura-aniztasunaren aldarria da”, azaldu du Luis Orduñak, Udal Musika Bandaren zuzendariak.

Emanaldia “Familientzako musika” abonamendukoa da, eta ordu bat eta 15 minutu iraungo du.

Abraham Cupeiroren oharrak

“1910ean, Alfred Wegener meteorologo alemana, atlasa begiratzean, ohartu zen kontinenteen siluetak elkarrekin ahokatzen zirela, eta harrezkeroztik datuak biltzen hasi zen; datuak gero “Kontinenteen eta ozeanoen jatorria” bere liburuan argitaratu zituen. Berak zioenez, orain dela 300 milioi urte, mundua kontinente bakar batek osatzen zuen, Pangeak, zeinak grekoz “Lur osoa” esan nahi baitu.”

“Biologiaren ikuspegitik, teoria horrek azaltzen du ozeanoek bereizita dauden kontinenteetako espezieen arteko ahaidetasuna. Geologiaren ikuspegitik, azaltzen du zergatik dauden antzeko formatu geologikoak kontinente ezberdinetan. Lehorrean bizi gara gizakiok, baina ozeanoek ezartzen dute, agian, zer klima dagoen eta, zenbaitetan, zer orografia dagoen, eta nolako izaera duten toki bateko biztanleek.”

“Obra honekin, Lurra batu nahi dugu musikaren bidez, modu metaforikoan, funtsezkoa baita denok bat egitea geure planetaren suntsipena geldiarazteko. Bat egite hori ezinezkoa izango litzateke, hirugarren elementu batengatik izango ez balitz: airea. Izan ere, airerik gabe, musika-tresnen soinuak ezin izango luke espazioa zeharkatu eta gure belarrietara iritsi. Musika tresna horiei, apalago diren beste batzuk gehitzen zaizkie, zeinek iradokitzen baitituzte eraman nahi zaituztegun kulturak eta paisaiak.”

“Entzun dadila musika Lurraren hondo-hondotik, ozeanoen hondo-hondotik!”

Abraham Cupeiro

Share