Prentsa Oharren banner

Montehermoso kulturuneak Miguel Alejosen ‘Espacio de aproximación’ (Hurbilketa-espazioa) erakusketa aurkeztu du

 

Otsailaren 5etik martxoaren 7ra arte egongo da ikusgai

Otsailaren 5etik martxoaren 7ra arte ikusi ahalko da Miguel Alejosen ‘Espacio de aproximación’ (Hurbilketa-espazioa) erakusketa Montehermoso kulturuneko Jovellanos aretoan. Zentroak Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatearekin batera sustatzen duen deialdian hautatutako proiektuen arteko lehena da.

‘Montehermoso+UPV/EHU’ lemaren pean, programak komisario baten laguntzarekin proiektu artistikoak garatzeko aukera eskaintzen die bigarren zikloko, gradu-ondoko eta doktoretzako ikasleei, ondoren Montehermoson bakarka aurkezteko.

“Pozgarria da guretzat artearen alorreko talentu berriak garatzen lagundu ahal izatea; etengabe eraldatzen ari den sektorea da, eta orain inoiz baino sostengu handiagoa eman behar diogu”, adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Harekin batera  Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko dekano Edurne González, erakusketaren komisario Cristina Arrázola eta Miguel Alejos artista izan dira prentsaurrekoan.

Erakusketa

Miguel Alejosek Arte Ederretako gradua lortu zuen Valentziako Unibertsitate Politeknikoan, eta Ikerketa eta Sormena Artean masterra egin du Euskal Herriko Unibertsitatean.

‘Espacio de aproximación’ (Hurbilketa-espazioa) erakusketan, oraindik guztiz ezagutzen ez den zerbaiterantz hurbiltzen da artista valentziarra, bitxia gertatzen den zerbaiterantz. Presente dagoen zerbait, aldika lore bat, lanpara bat, iluntasun distiratsu bat… dena, espazio berean batzeak sor ditzakeen erlazioen pean ordura arte ezezaguna zen indar izugarriz agertzen den zerbaiten forma bitxiak.

Cristina Arrázola komisarioak babestu du erakusketaren garapena. Gaurtik hasita martxoaren 7ra arte ikusi ahalko da, Montehermoso kulturuneko Jovellanos aretoan.

Proiektu artistikoak

Bestetik, aurten proiektu artistikoen deialdira aurkezteko epea ireki du Montehermoso kulturuneak. Apirilaren 6ra arte aurkeztu ahalko dira.  Udalaren zein Montehermosoren webguneetan kontsultatu daitezke oinarriak.

MH-UPV 2020-21 MIGUEL ALEJOS Katalogoa

 

 

 

Share