Prentsa Oharren banner

Montehermosok 2021erako proiektu artistikoen deialdian parte hartzeko epea ireki du

Interesdunek apirilaren 6ra arte aurkeztu ahalko dituzte proposamenak

Montehermoso kulturuneak 2021erako proiektu artistikoen deialdian parte hartzeko epea ireki du. Interesdunek apirilaren 6ra arte eman ahalko dute izena, eta aukeratutako lau proiektuak 2022an jarriko dira ikusgai.

“Ekimen honekin, bertako artisten arte garaikideko hiru proiektu eta ikus-entzunezkoen proiektu bat ekoizten lagunduko dugu, eta proiektuak ezagutarazi eta erakusten. Deialdiaren bitartez produkzio-aurreko edo produkzioko prozesuan dauden proiektuak aukeratzen dira, eta horiek Montehermoson aurkezten dira bertako urteko programazioaren zati gisa”, azaldu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Erakusketaz gain, proiektu bakoitzari laguntzeko jarduera osagarrien programa bat barne hartzen du deialdiak, hala nola bisita gidatuak, lantegiak edo hitzaldiak, publikoarekin zuzeneko harremana lotzearren. Gainera, Montehermosok proiektu bakoitzaren katalogoa argitaratuko du.

Montehermoso kulturunearen zein Gasteizko Udalaren web-orrietan kontsultatu daitezke deialdiaren oinarriak.

Izapideak aurrez aurre egin daitezke, herritarrei laguntzeko bulegoetan, edo internetez, erregistro elektronikoan.

Seigarren edizioa

Deialdiak sei urte bete ditu, eta 24.000 euroko aurrekontu-zuzkidura du; arte garaikideko hiru proiektu aukeratzen dira, gehienez, eta ikus-entzunezko proiektu bat, zeinek 6.000 euroko laguntza jasotzen baitute.

“2016an, Kultura Sailak bertako artista eta sortzaileei laguntzearen aldeko apustu argia egin zuen, deialdiaren kopurua 12.000 eurotik 18.000 eurora igota, eta hurrengo edizioetan 24.000 euroraino iritsi da. Horrek proiektu bakoitzari 6.000 euroko zenbatekoa bermatzen dio, horiek garatzen dituzten pertsonentzako ordainsari gisa”, azpimarratu du Cantok.

Aurkeztutako proiektuen kopuruak eta kalitateak erakusten du sektoreak apustuari egindako harrera ona: 2020an, pandemiak sortutako zailtasunak zailtasun, 83 proiektu aurkeztu ziren guztira”, gehitu du.

Aurkeztutakoen artetik lau aukeratu dira 2021ean zehar erakusteko: ‘Translaciones Imposibles’, Alberto Lomasena; ‘Si cae caballo, cae imagen’, Zuhar Iruretagoienarena; ‘How to make friends and influence people’, Gala Knörrena, eta ‘Tósigo’, Miriam Isasirena.

Informazio gehiago

Share