Prentsa Oharren banner

Gaurtik aurrera, San Martinen landatutako gereziondo batek omenduko ditu minbizia duten haur eta nerabeak

Aspanafoa elkarteko eta Udaleko ordezkariek hartu dute parte landaketan, gaixotasun hori duten umeei eskainitako nazioarteko egunean

 Gaur goizean, gereziondo bat landatu da Gasteizen, San Martineko skate pistaren ondoan, minbizia duten edo izan duten haur eta nerabeak omentzeko. Aspanafoa-Minbizia duten Haurren Gurasoen Arabako Elkarteko eta Udaleko ordezkariek hartu dute parte landaketan, gaixotasun hori duten umeei eskainitako nazioarteko egunean.

Aspanafoako lehendakari Mikel Garcíak familiek minbizia duten seme-alabei laguntzeko egiten duten lana aipatu du. Ondoren, Arkaitz Secok —gaixotasuna gainditu duen nerabea— eta Gorka Ortiz de Urbinak —”Zeledon”—  gaurko egunarekin lotutako adierazpen bat irakurri dute. Alkate Gorka Urtaranek, berriz, elkartearen lana eskertu du, eta nabarmendu du: “ez dago gure seme-alaben bizitza baino ezer garrantzitsuagorik, eta kasu honetan, zailtasunak gainditzearen benetako ereduak dira“. Orobat, familiek seme-alabei eskaintzen dieten laguntza morala goraipatu du, eta tratamendu mediko berriak lortzearren egiten duten lan nekaezina, minbiziari arrakasta portzentaje handiagoz aurre egin ahal izateko. “Zuen lana funtsezkoa da”, esan die.

Ondoren, Udalak dohaintzan emandako gereziondo autoktono bat (Prunus avium) landatu da, eta elkarteko zenbait umek koloretako paperez egindako eskutxoak eta urre koloreko begiztak zintzilikatu dituzte arbolaren adarretatik, umeen minbiziaren aurkako borrokaren sinboloa baita; gaixotasun hori sendatu egiten da ehuneko handi batean. Osasun zinegotzi Livia Lópezek eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok ere hartu dute parte ekitaldian.

Eraikinak argiztatzea

Gasteizko Udalak bat egin du Minbizia duten Haurren Nazioarteko Egunarekin, eta gaur, otsailak 15, urre kolorez argiztatuko ditu udaletxea, Arkupeak eta Floridako kioskoa.

2002an aukeratu zen data hori, Luxenburgon, jendea ume eta gazte askori eragiten dien gaixotasun horretaz kontzientziatu eta sentsibilizatu dadin. Familiei ere lagundu nahi die, seme-alabek diagnostiko egokia izan dezaten, eta bizitzeko eskubideaz gozatzea ahalbidetuko dien tratamendua jaso.

Urre koloreko begizta aukeratu da mundu osoan minbiziaren kontra borrokatzen ari diren umeei sostengua adierazteko. Hiriko zenbait ikastetxetako ikasleek ere urre koloreko begiztak eramango dituzte, eta egun hori gogoratzeko jarduerak egingo.

 

 

Share