Prentsa Oharren banner

Babesgabetuen jantokiarekiko hitzarmena onetsi da lau hilabeterako

Tokiko Gobernu Batzarrak Gasteizko Udalaren eta Babesgabetuen Andre Mariaren Obra Sozialaren arteko lankidetza-hitzarmena onetsi du gaur, jantoki sozialaren programa gauzatzeko 2021eko urtarrilaren 1etik apirilaren 30era.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 66.000 euro bideratuko ditu jantokiak arreta eman diezaien, lau hilabetez, udalaren gizarte-zerbitzuetatik bideratutako pertsonei. Egunean 50 bazkari eta 50 afari izango direla aurreikusi da, eta, horrenbestez, udalak 6 euro ordainduko ditu bazkari bakoitzeko eta 5 euro afariko.

“Aurrekoetan ez bezala, hitzarmena lau hilabeterako bakarrik izango da, dagoeneko badugulako Arkupeetako jantoki soziala, eta udazkenaren amaieran, beste bat izango dugulako Erdi Aroko hiriguneko garai bateko lanbideen lantegi-eskolan. Horretaz gain, gutxi barru Arkupeetako jantokiko sukaldearen ahalmena handituko denez, erabiltzaile gehiago hartu ahalko ditu, obra sozialarekiko hitzarmena amaitzen denean” adierazi du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Lehen lau hilabeteko honetan, udalak Babesgabetuen jantokira bideratuko ditu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateak, eta, salbuespenez, bizikidetza-unitate bereko bi kide (beren kargu adingaberik ez dutenak), baldin eta baliabide ekonomikorik ez badute edo baliabide ekonomiko urriak badituzte eta, horretaz gain, beste arazoren bat badute, hala nola aurrekontua antolatzeko zailtasunak edo ostatuta dauden tokian otorduak egiteko zailtasunak izatea.

Babesgabetuen jantokia astelehenetik igandera izaten da zabalik, 13:00etatik 14:30era eta 20:00etatik 21:00etara.

Share