Prentsa Oharren banner

San Prudentzio egoitzako eguneko zentroa hasi da udalaren gizarte-zerbitzuek bideratutako lehen adinekoak hartzen

Orain arte aldundiarena zen bitartekoa mistoa izango da aurrerantzean, udalaren erabiltzaileei ere arreta emateko.

San Prudentzio zentro integraleko eguneko zentroa apirilean hasiko da Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak esleitutako lehen adinekoak hartzen. Orain arte Arabako Foru Aldundiak bakarrik erabiltzen zuen baliabidea udalak ere erabiltzea bi erakundeen artean gizarte-zerbitzuetako eskumenak esku aldatzeko hitzartutako akordioari zor zaio.

Akordio horrek honakoak jasotzen ditu, besteak beste: eguneko zentroa erabilera mistoko zerbitzu bihurtzea, udalaren eta aldundiaren plazak dituelarik; hartara aldundiarekin hitzartu gabe leku libreak eta bete gabe geratzen direnak udalaren eguneko arreta-zerbitzuen hartzaileei esleituko zaizkie.

Beraz, apirileko lehen egunetan 5 pertsona sartuko dira udalaren gizarte-zerbitzuen bitartez, eta horiei beste lau gehituko zaizkie hilaren erdialdean. Halaber, gerora beste zenbait ere izan daitezke, sartzeko baldintzak betetzen dituzten ikusteko beste erabiltzaile batzuei egindako balioespenak kontuan hartuta.

Jon Armentia zinegotziak erakundeen arteko itunaren aurkezpenean aurreratu zuen bezala, “udaleko eguneko arreta-zerbitzuko leku berri horiek narriadura kognitiboa edo dementziak dituzten adinekoei laguntzeko balioko dute; izan ere, profil hori duten pertsonei arreta ematen dieten kolektiboek aipatu izan diguten beharra da hori”.

 Apirilaren hasierarako aurreikusitako 9 sarrera horiekin, % 40 murriztuko da eguneko arreta zerbitzuetako itxarote-zerrenda. Egun 23 pertsona daude bertan.

 Asteburuetarako atseden zentroa

Bestalde, udalaren eta aldundiaren arteko akordio horrek asteburuko atsedenerako eguneko zentroaren erabilera partekatua ere ezarri du. Hau ere San Prudentzio egoitzan dago, eta Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak 15 leku hartu ditu dagoeneko.

Share