Prentsa Oharren banner

Gizarte politiken, adinekoen eta haurren… batzordea (2021-04-19)

Webgunean dago eskuragarri Gizarte politiken, adinekoen eta haurren, gazteriaren, berdintasunaren, bizikidetza eta aniztasunaren eta Garapenerako lankidetzaren batzordea apirilaren  19an (astelehena), 09:00etan, egingo duen ohiko bilkuraren gai-zerrenda.

 

Share

Udaltzaingoak 21 establezimendu salatu ditu Covid-19aren aurkako neurriak betetzea ez zaintzeagatik

Udaltzaingoak 21 zigor-proposamen egin dizkie asteburuan establezimenduetako jabeei Covid-19aren aurkako neurriak zaintzeko beren zereginak ez betetzeagatik. Horren ondorioz, beste hainbat arau-haustez gain, batzuek musukoa ez dute erabili, zutik kontsumitu dute edo mahaien arteko distantziak ez dituzte errespetatu.

Ostiraletik igandera bitartean, Udaltzaingoak 106 salaketa idatzi ditu eta gehienak 4 pertsonako taldeen mugarekin lotutakoak izan dira.

  • Gehienez 4 pertsonako taldeen muga gainditzegatik: 23 salaketa.
  • Ez zaintzea “in vigilando” neurriak betetzen direla: 21
  • Musukoa ez erabiltzea: 17
  • Etxeratze agindua ez betetzea: 15
  • Bide publikoan alkohola kontsumitzea: 9
  • Autonomia-erkidegoko sarrera-irteerak ez errespetatzea: 4
  • Musukoaren erabilera desegokia: 2
  • Distantzia mantendu gabe erretzea: 2
  • Ostalaritzako ordutegia ez betetzea: 1
  • Beste arau-hauste batzuk: 12

Atxilotua bikotekideari eraso egiteagatik

Udaltzainek 45 urteko gizonezko bat atxilotu zuten larunbatean genero-indarkeria delituaren ustezko egilea izateagatik. Bere bikotekideak 092 zenbakira deitu zuen Salburua auzoan eztabaida izan ostean. Biktimak salatu zuenez, bultzada baten ondoren lurrera erori zen eta horrek belaunetan lesioak eragin zizkion.

Gertakariak ikusita, patruilak gizonezkoa atxilotu zuen eta atzo jarri zuten epailearen esku.

Errekisitoria judizialak direla eta atxilotuak

Udaltzainek atzo 20 urteko gaztea atxilotu zuten autoritate-agenteen aurkako atentatuaren ustezko delitua egiteagatik eta errekisitoria judiziala zuelako.

Bizikleta baten lapurretarekin lotutako ikerketak zirela eta, polizia-patruila bat El Pilar auzoko etxebizitza batera joan zen. Maizterraren dokumentazioa egiaztatzean, Gasteizko epaitegi batean bilatzeko, atxilotzeko eta bertaratzeko errekisitoria zuela egiaztatu zuten. Atxilotzen hasi zirenean, gizonezkoak kontra egin eta udaltzainen aurka egin zuen. Gaur goizean geratuko da epailearen esku.

Udaltzainek Gasteizko epaitegi bateko errekisitoria judiziala zuen 57 urteko gizonezkoa atxilotu zuten ostiralean. Alarma-egoeraren baitan, Dato kaleko establezimenduak kontrolatzen ari zirela identifikatu zuten gizonezkoa.

Share

Iradier Arena Kultura Bizi Gunea bihurtuko da, lurraldeko kulturarentzako eta herritarrentzako espazio bat

Erakundeek eta kultur eragileek 600 pertsonentzako ikuskizunak programatu dituzte, segurtasun neurri guztiekin, maiatzetik irailera bitartean

 

Gaur Ignacio Aldecoa Kultura Etxean “Kultura Bizia Gunea” aurkeztu da. Leku horretan, lurraldeko hainbat kultura eragilek, Kultura Bizia elkartearen pean antolaturik, mota guztietako kultura ekitaldiak antolatu ahal izango dituzte 600 pertsonarentzat, apiril honetatik irailaren bukaera arte, erakundeen eta Laboral Kutxaren babesarekin, besteak beste, une bakoitzean behar diren osasun neurri guztiak eta gizarte distantzia gordez.

Hauek parte hartu dute aurkezpenean: Ana del Val, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua; Paco Galve, Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zurendaria; Andoni Iturbe, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea; Daniel Solana, Basquetour-en zuzendaria; Kepa Koldo Ortiz de Urbina, Laboral Kutxako komunikazio arduraduna, eta Javier Sagastume, Kultura Biziaren presidentea.

Gasteizko Udalaren izenean, Paco Galvek adierazi du Iradier Arena oraingoz ez dela “denok nahiko genukeen erabilera anitzeko eraikina, baina etorkizunean hala izango da”. Onartzen du ekipamendu horrek hainbat gabezia dituela, eta gabezia horiek konpondu egin behar direla erabilera anitzeko izaera hori har dezan eta Principal antzokiaren alternatiba izan dadin eraberritze-lanek irauten duten bitartean.

Gune hori erakundeen arteko lankidetzari eta erakundeen eta kultura eragileen arteko entzute aktiboari esker sortu da, beharrezkoa zelarik segurtasun eta entzule kopuruaren aldetik lehendik zeuden beste areto batzuek testuinguru jakin horretan ahalbideratzen ez zituzten baldintzetan programatzeko modua ematen zuen eremu bat izatea.

Horrela, erakundeek azpiegitura eta azpiegiturarako laguntza jartzen dituzte, eta eragileek programatu eta ikuskizunak eskainiko dizkiete herritarrei.

Ekitaldi baieztatuak

San Prudentzioren eta Estibalizko Andra Mariaren omenez apirilaren 27rako eta maiatzaren 1erako erakundeek antolatu eta joan zen astean jada jakinarazitako ekitaldiei, eguna baieztaturik daukaten kontzertu hauek gehituko zaizkie, oraingoz:

  • maiatzaren 15a: La Excavadora + Crim
  • maiatzaren 22a: Talco + The Potes
  • maiatzaren 29a: Gatibu

Kultura Bizia Guneak programazio iraunkorra izango du. Izan ere, itunduta daude, nahiz eta oraindik eguna zehaztea falta izan, The Baboom Show, Mambo Jambo eta Lágrimas de Sangre taldeak, besteak beste, eta haren web orrian eta haren komunikazio zerbitzuaren bitartez, gainerako ekitaldien berri emango da.

Hemen eros daitezke sarrerak: www.kulturabizia.eus

 

 

 

 

 

 

Share

Udalak eta Eusko Jaurlaritzak larrialdiak kudeatzeko elkarlana sendotuko dute, eta erantzuteko beren gaitasuna optimizatuko dute

Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak eta SOS Deiak-ek baterako euren erantzuna hobetuko dute baliabideak mobilizatzea eskatzen duten larrialdietan.

 

Gorka Urtaran alkateak eta Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak larrialdiak kudeatzearen arloko lankidetza-hitzarmena berritu dute; haren bidez, Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak eta SOS Deiak-ek (Larrialdiak Koordinatzeko EAEko Zentroa) baterako euren erantzuna hobetuko dute baliabideak mobilizatzea eskatzen duten gorabeheretan.

Akordioak bi erakundeen ekintza-zentralen koordinazioa hobetuko du, eta sendotu egingo du Gasteizko Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak Eusko Jaurlaritzaren informatika-interkonexioko sistemetan, Segurtasun Saileko ENBOR SAREAn eta TETRA irrati mugikorreko komunikazio-sarean duen presentzia, eta, aldi berean, optimizatu egingo du Komunikazio Zentrala eta aginte-egitura Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzako teknikariekiko interkonexioa.

Halaber, besteak beste, bi erakundeek honako alderdi hauetan elkarlanean jardutea jasotzen du hitzarmenak: ekintza-taktikak egitea, eta haien jarraipena, ebaluazioa eta funtzionamendua; aginte-postu aurreratua gorabeherak gertatu diren tokiak ezartzea, eta larrialdiak kudeatzeko baliabide komunen eta bitarteko teknologikoen eraginkortasuna hobetzen duen berariazko informazioa trukatzea.

Hitzarmen honek lau urteko indarraldia du, baina bi urtez luzatzea erabaki dezakete, hura amaitu baino lehenago, bi alderdiek hala adostuta.

Share