Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-04-19)

Prentsaurrekoa. Globaliz-akzioa! Kontzertua aurkeztea

Parte hartzaileak. Udal Musika Bandako zuzendari Luis Orduña; Oscar Musso, konpositorea; eta Rayuela saxofoi laukotearen bozeramale Nahikario Oloriz

Eguna. Astelehena, apirilak 19

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

Share

“Energia % 100 herritarra” erabiltzeko gonbita egiten du Gasteizko Udalak, klima-aldaketaren kontra borrokatu eta hiriaren trantsizio ekologikoa bizkortzeko

Energia % 100 herritarra kanpainaren aurkezpena Gasteizko udala

 

Ekainera arte luzatuko den kanpainak bat egingo du Klimaren eta Energia Iraunkorraren Plana lantzeko azken fasearekin, zein eragile eta herritarren partaidetza-prozesu baten bitartez burutuko baita —2050. urtea baino lehen udalerrian karbono-neutraltasuna lortzea da planaren helburua—

 

Atzo ekin zitzaion ekimenari, Ibiltaria eta Hausnarketa estatuak klimaren zaindari bihurtu zituen ekintza batekin, hirian azken 50 urteetan izan den tenperaturen igoera ikusaraztea helburu

 

Sentsibilizazio-kanpaina berri bat aurkeztu du Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur prentsaurrekoan, zeinen bidez herritar guztiak klima-aldaketaren kontrako borrokan inplikatzea lortu nahi baita, planeta osoaren ingurumen-erronkarik larriena izaki, dagoeneko ondorio nabarmenak bizi ditugunez, hainbat esparrutan.

“Energia % 100 herritarra” lemarekin, eta “Vitoria-Gasteiz Green Deal”-en babesean eta Interreg Europe programak garatutako INTENSIFY proiektu europarraren esparruan, hau lortu nahi da kanpainarekin: klima-aldaketa gure hirian dagoeneko izaten ari den ondorioak ikusaraztea, eta, batez ere, aldaketa horri aurre egiten laguntzen ari diren ekintzei balioa ematea, erakundeetatik eta hainbat sektoretatik, baita herritarrek berek ere.

“Udalak hainbat ekintza, estrategia eta itun jarri ditu martxan klima-aldaketaren kontrako borrokan. Nagusietako bat Vitoria-Gasteiz Green Deal-en proposamena dugu: hiriaren aldeko itun bat, hurrengo belaunaldien etorkizunaren aldekoa, planetaren aldekoa. Gure bizi-kalitate handia sendotzeko eta etorkizun ekonomiko eta sozial sendo eta bideragarri baten oinarriak finkatzeko plan bat. Eguneroko ekintzekin eta egunez egun hartzen ditugun erabakiekin egin behar diogu aurre klima-aldaketari; esaterako, hondakinak birziklatuz, bizikleta erabiliz joan-etorrietarako, edo nekazaritza ekologikoa ekoitzi eta kontsumituz”, azpimarratu du Gorka Urtaranek. Hain zuzen ere, hiru adibide horiek dira kanpainaren irudi nagusien protagonistak, hiri osoan ikusiko baitira, hainbat mezurekin: “Gehiago eta hobeto birziklatuz irabazten da klima-aldaketaren kontrako borroka”, “Bizikletaz irabazten da klima-aldaketaren kontrako borroka” edo “0 kilometroko elikagaiak kontsumituz gelditzen da klima-aldaketa”.

Energia % 100 herritarra kanpainaren aurkezpena Gasteizko udala

“Azken 150 urteotan, batez besteko tenperatura globala 0,8 gradu igo da, eta igoera hori bizkortzen ari da azken hamarkadetan. Gasteiz da fenomeno horren aurrean kaltetuen gerta litekeen euskal hirietako bat. Klima-aldaketaren aurkako 2050erako Euskal Autonomia Erkidegoko Estrategian jasotako aurreikuspenen arabera, mende honetan, gure ingurunean, batez besteko tenperatura 2,5 gradu igo daiteke neguan, eta 5,5 eta 7 gradu inguru udan. Era berean, bero-boladen iraupena % 150 luza daiteke mende-bukaerarako. Hori dela eta, uste dugu funtsezkoa dela herritar guztiak eta udalerriko sektore guztiak inplikatzea klima-aldaketaren ondorioak arintzea helburu duen borroka honetan”, adierazi du alkateak.

 

Klimaren enbaxadoreak 

Gainera, Gasteizko klimaren “enbaxadore” bihurtu diren lehenengo bi pertsonak ere izan dira prentsaurrekoan. Batetik, Sara Ortiz, CIC EnergiGUNEko —energia biltegiratzearen inguruko ikerketa-zentroa, Arabako Teknologia Parkean kokatua— finantza-zuzendaria, eta, bestetik, Miguel Ángel López de Vicuña, Mataukuko nekazari ekologikoa.

Kanpainan zehar klima-aldaketari gizarteko hainbat esparrutatik nola aurre egiten zaion erakutsiko duen bideo-sortako protagonistetako bi dira. “Ikerketa eta zientzia funtsezkoak dira fenomeno horren kontra borrokatzeko, eta Gasteizen, zorionez, energia biltegiratzearen inguruko ikerketak egiten dituzten Europako hiru zentroetako bat daukagu, CIC energiGUNE. Horren lanak funtsezkoak dira, besteak beste, energia berriztagarrien eraginkortasun handiagoa lortzeko eta biltegiratzea hobetzeko. Eta lurra eta elikadura zaintzea ere funtsezkoa da; horregatik, ezinbestekoa da Miguel Ángel bezalako nekazari ekologikoen lana. Luxu bat da udalerrian 63 herri izatea, eta horien partaidetza ezinbestekoa da klima-aldaketa geldiarazteko erronka lortzeko”, azpimarratu du Gorka Urtaranek.

Beste bideo bat ere aurkeztu du alkateak, klima-aldaketak etorkizunean gure inguruan izan ditzakeen ondorioez ohartarazteko. Gure ur-erreserba nagusiak, hots, Uribarriko urtegiak 2080an izango duen egoera azaltzen da bertan.  Mende honen bukaerarako euri-egunak % 10 murriztea eta muturreko bero-egunak % 50 ugaltzea aurreikusten da, eta, horren ondorioz, ur-erreserbak nabarmen kaltetuta gerta litezke. “Gure eguneroko ekintzek eta hiri osoaren inplikazioak ondorio horiek arintzen lagun dezakete”, adierazi du alkateak.

Energia % 100 herritarra kanpainaren aurkezpena Gasteizko udala

Gizarte-eragileen eta herritarren partaidetza

“Energia % 100 herritarra” lemari gogor eutsiz, erronka horretan herritarren inplikazioa lortzeko ekintza-sorta handi bat aurreikusi da kanpainan. Komunikabide lokalen bitartez zabalkundea emateaz gain, kaleko ekintzak egingo dira, eta sinergiak bilatuko beste ekimen batzuekin, inpaktua biderkatzeko. Horrela, maiatzean, Araba Ekinean ekimenarekin batera, ekitaldi bat egingo da online, klima-aldaketaren kontrako borrokaren inguruan negozioa eraiki duten hiriko ekintzaileen adibideak erakusteko. Belaunaldien arteko lantegiak ere egingo dira, arazoari buruzko hainbat ikuspegi trukatzeko, adinekoen eta gazteen artean; izan ere, azken horiei eragingo die gehien arazoak, eta kezkatuta ageri dira.

INTENSIFY is part-funded by Interreg Europe through the European Regional Development Fund

Ingurumenaren Mundu Egunaren inguruan, ekainaren 5ean, kaleko ekintza bat egingo da, klima-aldaketa arintzeko guztion lankidetzak duen garrantzia erakusteko. Herritarren energia hori biderkatu eta inplikatutako sektore guztietara iristea izango du helburu. Horrez gain, hainbat jardunaldi tekniko egingo dira herritarren zeregina ulertzeko eta politika instituzionalek klima-aldaketa geldiarazteko mundu mailako helburu horretan aurrera nola egiten duten jakiteko.

INTENSIFY is part-funded by Interreg Europe through the European Regional Development Fund

Era berean, Udalak ahalegin berezia egingo du orain arte berotegi-efektuko gasen emisioak nabarmen murriztu dituzten hainbat sail edo sozietate publikok egindako ekintzak herritarrengana helarazteko. “Klima-aldaketari ez zaio aurre egiten bakarrik Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Sailetik edo Ingurugiro Gaietarako Ikastegitik; hainbat udal zerbitzutatik egiten dugu, esaterako gure eredu energetikoak aldatuz, mugikortasun iraunkorragoa sortuz, edo energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatuz”, gehitu du alkateak.

Energia % 100 herritarra kanpainaren aurkezpena Gasteizko udala

Klimaren eta Energia Iraunkorraren Plana (2021-2030)

Orain, Klimaren eta Energia Iraunkorraren Plana (2021-2030) lantzeko prozesuaren azken fasean murgilduta dago Udala, plan horrek gidatuko baitu klima-aldaketaren kontrako borroka hirian, hamarkada honetan. Urtaranen gobernuak agintaldiko programa aurkeztean adierazi bezala, bi ekintza-plan barne hartzen ditu Klimaren eta Energia Iraunkorraren Planak: batetik, emisioak gutxitu eta trantsizio energetikoan aurrera egiteko, eta, bestetik, klima-aldaketara egokitzeko. Helburu hauek ditu planak, besteak beste: 2050erako karbono-neutraltasuna lortzea hirian; berotegi-efektuko gasen emisioak gutxienez % 55 murriztea 2030erako —2006koen aldean— hainbat sektoretan (etxebizitzak, zerbitzuak, barne mugikortasuna eta lehen sektorea), eta udalerriaren erresilientzia-gaitasuna areagotzea, klima-aldaketaren eraginetara egokituz (zaurgarritasuna eta arrisku klimatikoa murriztea).

Eragile interesdunekin eta, oro har, herritarrekin kontrastatzeko partaidetza-prozesu baten bidez zehaztuko da planaren azken dokumentua, generoaren eta belaunaldien ikuspegiak aintzat harturik eta gazteen proposamenak integratzeari arreta berezia eskainiz.

Webgune honetan kontsultatu ahal izango da kanpainari buruzko informazioa, baita Gasteizko Udaletik klima-aldaketaren kontra bideratzen diren neurri eta ekintzak ere: vitoria-gasteiz.org/accionporelclima.

BIDEOA

 

 

 

Share

Ostalaritza sektorerako 800.000 euroko laguntza ekonomikoa berretsi du Urtaranen gobernuak, zabor-bilketaren eta mahaitxoen tasetako hobariak direla medio

Hondakinak bildu eta suntsitzeko zerbitzuagatik eta bide publikoan mahaitxoak jartzeagatik ostalaritza-establezimendu eta tabernek ordaindu beharreko aurtengo tasak aldatzeko proiektuak onetsi ditu Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean. Sektore horrek Covid-19aren ondorioei aurre egiterik izan dezan hartu diren neurrien barruan sartzen da ekimen hori. Guztira, 800.000 euro inguruko onura ekonomikoa ekarriko diete bi neurri horiek ostalaritza-establezimendu eta jatetxeei.

Hondakinak bildu eta suntsitzeko zerbitzuagatik ordaindu beharreko tasen kasuan, tarifen % 99ko hobari planteatzen da urte honetarako, taberna, jatetxe eta antzeko jarduera ekonomikoak burutzen diren lokaletarako. Kontzeptu hori dela eta, 490.901 euro gutxiago jasoko ditu Udalak.

Bide publikoan mahaitxoak eta gisa horretako elementuak jartzeagatik ordaindu beharreko tasei dagokienez, orobat ezarriko da % 99ko hobaria, taberna, jatetxe eta antzekoentzat. 297.000 euroko laguntza ekonomikoa ekarriko dio aldakuntza horrek sektoreari.

Bi ordenantza fiskal horien aldakuntzak tramitazio-prozesu bat jarraitu beharko du, eta Ogasun Batzordeak eta udalbatzan onetsi beharko dute. Guztia ere, arau-aldaketa uztailaren bukaeran indarrean jartzea helburu dela. Nolanahi ere, ordenantza fiskalen aldaketa ofiziala izan bitartean, ez zaie tasa horien likidaziorik egingo ostalaritza-establezimendu eta jatetxeei.

Share

“Aterpe” gaueko harrera zentroaren kudeaketa esleitu dute

Tokiko Gobernu Batzarrak Eulen enpresari esleitu dio gaur “Aterpe” gaueko harrera zerbitzuaren kudeaketa, 548.879 euroan eta 12 hilabeteko gauzatze-epearekin.

Aterpea Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailaren menpekoa da, Goiuri plazan dago eta 30 leku ditu. Bazterketa egoeran dauden pertsonei zuzendutako bitartekoa da, bereziki pasadizoko pertsonei eta etxerik gabekoei.

Gaua igarotzeko leku bat eskaintzen diegu, eskakizun bakarrarekin: arreta emateaz arduratzen diren profesionalek azalduko dizkieten oinarrizko betebeharrak bete ditzatela, hala nola, higienea. Talde honek esku-hartze garrantzitsu bat egiten du gizarte zein hezkuntza alorretan, erabiltzaileak gizarteratzeko ekintza normalizatzaileen eta laguntza-ekintzen bidez”, azaldu du Jon Armentiak, Udalaren Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi arduradunak.

2020an 52 pertsona igaro ziren Aterpetik eta 7.115 erabilera egin zituzten. Zentroak 2 solairu ditu eraikin berean: lehenengoan egongela bat dago 5 pertsonarentzat, eta 5 gela bikoitz. Bigarrenean 5 gela bikoitz daude eta berariazko gune bat emakumeentzat, 3 gelatan banatutako 5 lekurekin.

Gela horietaz gain, zentroak dutxak eta komunak ditu, sukalde-jantokia eta arropa garbitzeko gunea, besteak beste. Urteko egun guztietan dago irekita, 20:00etatik 10:00ak arte.

Share

Bikote bat atxilotua kale erdian elkarri eraso eta gero

Udaltzaingoak atzo 38 urteko gizonezko bat eta haren bikotekide ohia, 31 urteko emakumezkoa, atxilotu zituzten Lakuabizkarra auzoan, kale erdian, elkarri eraso egiteagatik.

19:00ak baino zertxobait geroago, patruila baten laguntza eskatu zuten Hondarribia kalean, eztabaida bat zela eta bikote batek elkarri eraso egin ziolako. Bi pertsonek egindako adierazpenak entzunda eta biek zituzten markak ikusita, udaltzainek biak atxilotu  eta ospitale-zentro batera eraman zituzten. Gaur jarriko dituzte epailearen esku.

Abiadura kontrolatzeko kanpaina

Bide-segurtasuneko beste kanpaina bat egingo du Udaltzaingoak datorren astean Gasteizko hiriko bideetan abiadura kontrolatzeko. Horren helburua da bideko segurtasuna hobetzea arau-hausteak detektatuta eta administrazioko zigorra jarrita. Hala, agintaritza judizialaren esku jarriko dituzte 110 km/h baino gehiagoko abiaduran zirkulatzen ari diren gidariak.

Kanpaina Bideko Segurtasuneko Udal Plan Estrategikoan jasotako zaintza- eta kontrol-ekintzen baitan kokatuta dago eta hori, aldi berean, Eusko Jaurlaritzaren Bide Segurtasuneko eta Mugigarritasun Iraunkorreko Plan Estrategikoari atxikita dago.

 Sutea ke-kanpai batean

 Suhiltzaileek atzo Estibaliz hiribideko etxebizitza batean piztu zen sua itzali behar izan zuten. Garrak ke-kanpai batean piztu ziren eta sukaldeko altzarietan izan zuten eragina. PSISZko langileek sabai aizuna zulatu behar izan zuten sua erabat itzalita zegoela ziurtatzeko eta berriro hedatzea kontrolatzeko; izan ere, suak egurrezko egitura batean izan zuen eragina.

 

Share

Itun Berdea Sarien zazpigarren edizioaren deialdia egingo du Gasteizek; sariek ingurumenarekin enpresek duten konpromisoa aitortzen dute 

 

Ostiral honetan, Itun Berdea Sarien VII. edizioa onetsi du Udal-gobernuak; sari horien bidez, ingurumena zaintzeko egiten duen ahalegina aitortzen zaio Gasteizko enpresa-sareari, ekoizpen-, banaketa- eta kontsumo-prozesuen kudeaketa efizienteago eta jasangarriagoa egiten baitu. 2021eko deialdiak 2.000 euroko sari bana izango du hiru sail hauetan: mikroenpresak (1 eta 9 langile bitarte dutenak), enpresa txikiak (10-49 langile dituztenak) eta enpresa ertain eta handiak (50 langile edo gehiagokoak).

Edizio honetako ekitaldi nagusia azaroaren 18an egingo da, Europa Jauregian, eta 2021eko sariez gain, 2020ko hiru proiektu irabazleei ere emango zaizkie sariak, ekitaldi hura atzeratu behar izan baitzen pandemiaren ondorioz.

Itun Berdearen komunitatea industria-sektorean zein merkataritzaren, nekazaritzaren eta zerbitzuen sektoreetan dago presente, eta ia 500 kide ditu dagoeneko, enpresak nahiz enpresa-arloko erakundeak kontuan hartuta, zeinek ingurumenarekiko begirunea txertatu baitute euren negozio-ereduan.

Aurreko edizioetan bezala, honako betekizun hauek bete behar dituzte enpresek, sarietan parte hartu ahal izateko: Arabako hiriburuan kokatuta egotea, 2020-2021 aldian ingurumen-inpaktua murrizteko neurriren bat ezarri izana, eta Itun Berdeari atxikita egotea.

Hautagaiak aurkezteko epea deialdia ALHAOn (Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofiziala) argitaratu ondoren hasiko da, eta urriaren 1a arte egongo da zabalik.

Lehenengo alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak 2021eko ekitaldian parte hartzera animatzen ditu Gasteizko enpresak. «Itun Berdea Sariak erakusleiho ona dira ikusarazteko nolako konpromisoa duen gure ekonomia-sareak ingurumena gehiago errespetatzen duten kudeaketa-eredu efizienteagoekin. Urtero proposamen interesgarriak aurkitzen ditugu, eta erreferente bihurtzen dira komunitate osoarentzat», azpimarratu du.

 

Share

‘Lehen besarkada’, 2021eko World Press Photo sariaren irabazle

Mads Nissen daniarraren  ‘Lehen besarkada’  argazkiak irabazi du 2021eko World Press Photo lehiaketako sari nagusia. Argazki hori eta gainerako guztiak ikusgai izango dira urriaren 15etik azaroaren 14ra arte Gasteizko Montehermoso kulturunean.  Hemeretzigarren urtez izango da Gasteizen World Press Photo erakusketa.

 

Share