Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-04-29)

Prentsaurrekoa. ‘Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ azken edizioetako balantzea eta programako parte hartze proiektu bat aurkeztea

Parte hartzaileak. Herritarren partaidetza, Gardentasun eta Gizarte Etxe saileko zinegotzi Borja Rodriguez; eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escudero

Eguna. Osteguna, apirilak 29

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

San Prudentzio Eguneko aurreikuspenak

Apirilak 28, San Prudentzio Eguna

  • ‘Araba Zortzikoa’ joko du Arabako Foru Aldundiaren Txistularien, Tronpetajotzaileen eta Atabal-jotzaileen bandak eta hura entzuten izango da Alkate Gorka Urtaran, 9:00etan, foru jauregiko eskaileran, Probintzia plazan. Harekin batera izango dira Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez, Batzar Nagusietako presidente Pedro Elosegi eta Kultura diputatu Ana del Val.
  • San Prudentzio Lagunen kofradiak antolatzen duen gotzain mezan izango da alkate Gorka Urtaran 11:00etan, San Prudentzio basilikan.
Share

Berdintasunaren eta ahalduntze feministaren arloko politika eta estrategiak trukatuko dituzte Gasteizek eta Angulemak

Senidetutako bi hirietako berdintasun-zinegotziek lankidetza-ildo bat ireki dute berdintasunaren eta giza eskubideen defentsaren arloan.

 

Gasteizko eta Angulemako berdintasun-zinegotzi Miren Fernández de Landak eta Josiane Epaudek bilera bat izan dute gaur, online, bi hiriek berdintasunaren eta ahalduntze feministaren arloko politiketan dituzten ikuspegi eta estrategiak trukatzeko.

Topaketa horren bitartez, senidetutako bi hirien arteko lankidetza-ildo bat ireki da, ahalduntze feministaren, indarkeria matxistaren kontrako borrokaren eta elkarteekiko eta gizarte-eragileekiko harremanen arloko esperientziak aztertu eta partekatzeko, baita eredu eta pizgarri izango diren ibilbide positiboak ere.

Share

Udalak gezurtatu du Greenpeace-ren salaketa: “Gasteizko herritarrei ez zaie euro bakar bat ere kostatzen ontzien gaikako bilketa”

Ingurumen Plangintza eta Kudeaketa Saileko zinegotziak adierazi du papera, kartoia eta beira biltzearen 2019ko balantze ekonomikoa, Greenpeacek esandako 11,2 milioiko kostua izan ordez, 51.235 euroko superabita ekarri duela

 

Gaur goizean, Udalak gezurtatu ditu Greenpeacek pasa den astean jakitera eman zituen zenbait salaketa; horietan, zehazten zituen paperaren eta kartoiaren bilketa-zerbitzuaren zenbait kostu. “Zenbateko horiek okerrak dira, eta abiapuntua ez da zuzena. Gasteizen, ‘Gainerakoak’ frakzioan, % 20 dira ontziak, eta ez % 67, Greenpeacek esan duen moduan. Horri dagokionez, ozen esan behar dugu: gasteiztarrek argi izan behar dute euren zergetako euro bakar bat ere ez dela bideratzen ontzien gaikako bilketara. Izan ere, ontziak eta beira biltzeko sistemak finantzatu ditu frakzio horien kudeaketa osoa, eta superabita ekarri dio Gasteizi. Hau da, Ecoembes eta Ecovidrioren kontura ordaindu dira prozesuaren kostu guztiak”, azaldu du César Fernández de Landak.

Zinegotziak argi utzi duenez, erakunde gisa Greenpeaceri “errespeturik handiena diot. Hasiera-hasieratik txalotu eta sustengatu dut haren zeregina eta bere historia osoan kontzientziatzeko egin duten lana eta planeta hobea lortzeko eta gure planetari eraso egiten dioten jarrera eta ekintza guztiak salatzeko egiten duen borroka”. Hala eta guztiz ere, oposizioaren galderei erantzuteko, César Fernández de Landak banan-banan zuzendu ditu nazioarteko erakundeak prentsa-oharrean emandako datu okerrak.

Ildo horretan, gogorarazi duenez, Gasteizen “’Gainerakoak’ frakziotik (edukiontzi grisa), TMBren Gasteizko instalazioa gai da urtean 422 tona material birziklagarri bereizteko (sartzen denaren % 7 inguru); material horiek, azken birziklatzaileei igortzen zaizkie, eta haien truke Ecoembes eta Ecovidriok konpentsazio ekonomikoa ematen diote Gasteizko Udalari. Datu horrek, bakarrik, zalantzan jartzen du Gasteizekin lotuta egindako azterlan ekonomiko osoa. Papera, kartoia eta beira biltzearen ondoriozko 2019ko Gasteizko datu ekonomikoek, Greenpeacek esan zuen 11.2 milioiko kostua izan beharrean, 51.235 euroko superabita eman dute”.

 

Greenpeaceri zehapena jarri zaio edukiontziak papereztatzeagatik

Ingurumen Plangintza eta Kudeaketa Saileko zinegotziak azaldu duenez, halaber, “Udalak isuna jarri dio arestian Greenpeaceri, garbiketari buruzko ordenantzaren 148. artikulua ez betetzeagatik. Ordenantza betetzen ez duten kartelak zigortuko dira, arau-hauslea edozein dela ere, eta mezuak edozein direla ere”.

 

Share

Udaltzainei eraso egiteagatik atxilotua

Udaltzainek atzo 43 urteko gizonezkoa atxilotu zuten autoritate-agenteen aurkako irainen, mehatxuen, desobedientziaren eta atentatuaren ustezko delitua egiteagatik.

21:30 inguruan, patruila batek Alde Zaharreko hirigunean musukorik gabe oinez zihoan gizonezko bat ikusi zuen. Udaltzainek musukoa janzteko esan zioten, baina hark uko egin eta udaltzainak iraintzen eta mehatxu egiten hasi, eta haien aurka egin zuen. Azkenean, udaltzainek gizonezkoa atxilotu zuten eta, guardiako epaitegiari dagozkion eginbideak bidali ostean, aske utzi zuten.

Azken 24 orduotan, zazpi trafiko-istripu erregistratu dira eta bost pertsona zauritu dira horietan.

Share

Ehungintza-dendentzako aparteko laguntzetara aurkezteko azken egunak

Udalaren webgunearen bitartez edo herritarrei laguntzeko bulegoetan aurkeztu ahal izango da eskabidea, apirilaren 29ra arte (osteguna)

 

Gasteizko ehungintza-gaien, jantzigintza-gaien, zapaten, larruen eta larrugintza-gaien txikizkako dendek ostegunera arte —apirilak 29— izango dute Ekonomia Sustapenaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak pandemiak sortutako krisi ekonomikoari aurre egiteko abian jarritako laguntza-poltsara aurkezteko.

750 euroko dirulaguntza jaso ahal izango du denda bakoitzak, beren jarduerako gastuei aurre egiteko, hala nola alokairu-gastuei, hipoteka-gastuei, autonomoen kuotari eta abar.

Online egin ahal izango da eskabidea, Udalaren webguneko erregistro elektronikoaren bitartez —www.vitoria-gasteiz.org—, edo aurrez aurre, herritarrei laguntzeko bulegoetan nahiz San Martineko bulegoetan.

Udal gobernuak urte hasietarik onetsitako beste laguntza-ildo batzuei gehitzen zaizkie ehungintza- jantzigintza-, osagarri- eta zapata-dendei laguntzeko dirulaguntzak: merkataritza eta ostalaritza ezarri eta modernizatzeko laguntzak, enpresak sortu eta sendotzeko laguntzak, langabeak kontratatzeko laguntzak, merkataritza digitalizatzeko eta ekonomia zirkularreko proiektuak garatzeko laguntzak, turismoaren sektoreko aparteko laguntzak eta ikus-entzunezkoen sektoreari eta ekintzaileei laguntzeko dirulaguntzak.

Informazio gehiago

 

 

Share