Prentsa Oharren banner

Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren… eta Euskara, Kultura … Batzordeak (2021-04-20)  

Webgunean eskuragarri daude Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritza eta Turismoaren eta Sozietate Publikoen Batzordea apirilaren  20an (asteartea), 9.00etan, egingo duen ohiko bilkuraren gai-zerrenda eta  Euskara, Kultura, Hezkuntza, Kirol eta Osasun Batzordea, 12.00etan, egingo duen ohiko bilkura gai-zerrenda

 

 

Share

Areatza kalean 138 km/h-an zihoala atzeman zuten gidari bat atzo  

Udaltzaingoa 21 urteko gidari bat ikertzen ari da atzo, 20:30ean, Areatza kalean, Zabalgana eta Jundiz lotzen dituen bidean, Mercedes Benz lantegiaren atzean, 138 km/h-ko abiaduran zirkulatzen ari zela harrapatu ostean.

Gazteak Opel Vectra bat gidatzen zuen eta Udaltzaingoaren radar mugikorrak harrapatu zuen Zabalganara bidean zihoala. Auzo hartan topatu zuen geroago udal-patruila batek.

Baimendutako abiadura 60 km/h baino gehiagoan gainditzen zuenez, bideko segurtasunaren aurkako oso delitu larritzat jo daiteke eta horrek 3 eta 6 hilabete arteko kartzela-zigorra eta gidabaimena 1 eta 4 urte arteko tartean kentzea ekar dezake berekin.

 

Share

“Escape room” batek gertuko merkataritza sustatuko du Gasteizko gazteen artean

Udalak Googaz ekimena abian jarri du, “Erronka: Gazteak” Gazte Planaren barruan eta gazte ekintzaileekin eta Gasteiz On elkartearekin lankidetzan

 

“Escape room” batek gertuko merkataritza sustatuko du Gasteizko gazteen artean. Udalak Googaz ekimena abian jarri du, “Erronka: Gazteak” Gazte Planaren barruan eta gazte ekintzaileekin eta Gasteiz On elkartearekin lankidetzan. Gazteriaren eta Merkataritzaren zerbitzuek elkarlanean jardun dute proposamena antolatzeko.

Hirian zeharreko ginkana baten bitartez, 18 eta 30 urte bitarteko gazteen zenbait taldek tokiko merkataritzarekin lotura duen proba-sorta bat gainditu beharko dute, ordu eta erdian, gutxi gorabehera. Lehiaketa apirilaren 17an eta 24an izango da, eta 3 pertsona arteko taldetan egingo da. Bai irteera, bai helmuga, biak Plaza Berrian dagoen Gazteen Argibideetarako Udal Bulegoan izango dira. Parte hartzeko, www.googaz.eus webgunean eman daiteke izena jada.

Tokiko lehiaketan irabazten duen taldeak bigarren fase bat egin beharko du, probintzia-maila; horretan erabakiko da zein talde izango den Arabako ordezkaria EAEko espedizioan. Segizio horren saria izango da Europa Interrailen bidez zeharkatzea, Europako tokiko merkataritzaren jardunbide egokien adibideak antzemateko eta gero EAEren eremura ekartzeko.

 

Share

Hiria garbitzeko kontrata CESPA eta Obras Públicas Onaindia enpresek osatutako aldi baterako enpresa-elkarteari esleitzea onetsi du Udalak

Kontratua 4 urterako da eta 103.126.150,70 euroko aurrekontua du

 

Hiria garbitzeko kontrata CESPA eta Obras Públicas Onaindia enpresek osatutako aldi baterako enpresa-elkarteari esleitzea erabaki du gaur Gobernu Batzarrak; 4 urterako izango da eta 103.126.150,70 euroko aurrekontua du.

Udalak kaleak garbitu eta hiri hondakinak bildu eta garraiatzeko zerbitzu publikoa kontratatzeko dosierra onetsi zuen, behin administrazioak kontratatzeko duen ahalmena ekainean berreskuratu zuenean, osasun krisialdiak Estatu osoan eragindako geldialdiaren ondoren.

Kontratuak hainbat hobekuntza dakartza eman beharreko zerbitzuetan, eta hauek nabarmentzen dira: gaikako 200 paperontzi, Gasteizko leku jendetsuenetan gaikako bereizketa egin ahal izateko; larrialdirik gertatuz gero zerbitzua egokitzeko aurreikuspena; ekoizle handientzat ontziak biltzeko edukiontzi giltzadunak jartzeko betebeharra; eta biltzeko edukiontzi guztiek irisgarritasun unibertsala izatea, baita organikoa biltzeko txipdun edukiontzietan ere.

Gainera, enpresa esleipendunak ibilgailu eta edukiontzi berriak jarri beharko ditu zerbitzua emateko; asteburuetan areagotu egingo du zerbitzua; edukiontzietan txipak instalatuko ditu birziklatzen duten pertsonak identifikatu eta epe ertainera zergetan saritu ahal izateko; eta beste.

Gasteizek giza baliabide eta baliabide material gehiago izango ditu, kontrata honetatik kanpoko enpresa espezializatuak arduratuko baitira orain arte guztiz asebetegarriak izan ez diren zerbitzuak emateaz, hala nola tresna handien bilketa eta txorko, hustubide eta iturrien garbiketa.

  Garbiketa hobea izango da, eta hiriko birziklatze-indizea handituko da”, nabarmendu du Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi César Fernández de Landak. Azaldu duenez, kontratu berrian “inbertsio berriak eskatzen dizkiogu esleipendunari. Esate baterako, urtean 650.000 euro inbertitu beharko ditu edukiontzietan. Horretaz gain, kontuan izan behar da langile guztiak mantendu beharko dituela, zerbitzu batzuk kontratu nagusitik aterako diren arren. Bestetik, kendu egin da urteroko prezioen berrikusketa, hau da, lau urteetan Udalak kopuru bera ordainduko dio enpresa esleipendunari, zehaztu du Fernández de Landak.

Baliabide material berriak ere eskatuko dira: edukiontziak —4 urte baino gehiago duten 947 edukiontzi aldatuko dira, eta berriak erosiko (ontziak biltzeko 78, papera eta kartoia biltzeko 376, eta organikoa biltzeko 854)—, sarraila elektronikoak eta edukiontziak beteta dauden jakiteko bolumen-neurgailuak. Gainera, “ogi-ontziaren antzeko” 90 aho erosiko dira bilketa pneumatikoko edukiontzietarako.

 Kaleen garbiketari dagokionez, garbitzaileen kopurua handituko da igande eta jaiegunetan, talde polibalenteak sortuko dira (kale eta lorategiak, paperontziak edo haurrentzako jolasguneak garbitzeko), eta presiopeko urez garbitzeko zerbitzua areagotuko da, urez garbitzeko makina gehiago baliatuz, baldeen ordez.

 Bilketari dagokionez, bost edukiontziak (kartoia, ontziak, beira, gainerakoa eta organikoa txiparekin) dituzten irlen kopurua 700etik 1.200era handituko da. Txipdun edukiontziak baliatuz, erabiltzaileak identifikatu ahalko dira, eta gerora —zerga-araudiak ahalbidetzen duenean— saritu egin ahalko dira materia organikoa birziklatzen dutenak.

Bilketa-eredua alderdi bakoitzari egokituko zaio. Bilketa pneumatikoa duten auzoetan (Salburua, Zabalgana, Ibaiondo eta Erdi Aroko hirigunea) edukiontziekin osatuko da zerbitzua. Saltokiek eta ostalaritzak eskariaren araberako zerbitzua izaten jarraituko dute.

 

 

Share

Aurrera jarraitzen dute Salbururako tranbiaren lanek, eta horrek trafiko-aldaketak ekarriko ditu ostegunetik aurrera

Salbururako tranbiaren lanek aurrera egiten dute. Une honetan, Salburua bulebarrean ari dira lanik gogorrenak egiten, Europar Batasunaren plazaren eta Iliada hiribidearen artean, eta trafikoan aldaketak aurreikusten dira inguru horretan datorren egunetan. Zirkulazio-aldaketa horiek ezinbestekoak dira tranbiaren plataforma eta nasak eraikitzeko. Zirkulazio aldaketek bi fase izango dituzte: Lehenengoan, ostegunean hasi eta 3-4 hilabeteko iraupena izatea espero dena, ezingo da Salburua bulebarrera sartu Bratislava, Nicosia  eta Varsovia kaleetatik. Varsovia kalearen eta Salburua bulebarraren arteko bidegurutzea irekitzen denean ezingo da Elorriagako atetik sartu Salburua bulebarrera. Plangintza honekin mantendu egin ahalko da TUVISAren 6, linea Salburuko inguru honetan.

 

DOSIERRA

Lanek enbarazua egin dezakete, baina kasu honetan beharrezkoak dira Salburua erdialdearekin eta mugikortasunaren etorkizunarekin modu eraginkor, azkar, eroso eta iraunkorrean lotuko duen tranbia-sistema ezartzeko. Ziur gaude ahaleginak merezi duela. Adar berriak 2,5 kilometro izango ditu, eta 37.000 pertsonaren baino gehiagoren mugikortasuna erraztuko du, Salburua auzoari ez ezik Judimendi eta Santa Luzia auzoei ere emango baitie zerbitzu“, azaldu du Raimundo Ruiz de Escudero Mugikortasun eta Espazio Publikoko zinegotziak.

Adar berria eraikitzeko 15,5 milioi euroko inbertsioa egingo da. Eusko Trenbide Sareak (ETS) zuzenduko ditu lanak, eta Udalaz gain, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak finantzatuko dute.

 

Share

Mugikortasun-ordenantzaren proiektua erretiratu egin du udal gobernuak  

Martxoaren 1ean aurkeztutako Mugikortasun Iraunkorraren Ordenantzaren proiektua erretiratzea erabaki du gaur goizean udal gobernuak. Izan ere, ez da nahikoa adostasunik izan udalean araudia onesteko, ezta batzordean eztabaidatzeko ere. Oposizioko udal taldeek esana zuten osoko zuzenketa bana aurkezteko asmoa zutela gaur goizeko Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Batzordean.

Bide-segurtasuna sendotu, mugikortasun iraunkorra sustatu eta garraiobide guztien arteko elkarbizitza bermatzeko ordenantza bat aurkeztua zuen Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak.

Ordenantza-proiektu erretiratu arren, udal gobernuk ez die uko egiten bere helburuei. Eta kontuan izango ditu agintaldiak iraun bitartean Udaletik bultzaten diren mugikortasunaren esparruko ekintzak diseinatzean.

 “Asko sentitzen dugu oposizioko talde politikoek mugikortasunari buruzko ordenantza berri bat eztabaidatu, negoziatu eta adostu nahi ez izana. Baina ez diogu uko egiten Gasteizen gaur egungoa baino ordenantza hobea edukitzeari, hiriko mugikortasuna antolatzeko balioko digun araudi bat. Ildo horretatik lanean jarraituko dugu, akordioak lortzeko egoera hobea eduki bitartean”, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok.

Share