Prentsa Oharren banner

Maiatzaren 18an hasiko da José Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioan izena emateko epea, ikasle berrientzat

Dantzaren Eguna dela eta, promozio-bideo bat kaleratu du ikastetxeak, ikasleen lekukotasunekin

 

Maiatzaren 18an hasiko da 2021-2022 ikasturterako izena emateko epea José Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioko ikasle berrientzat. Dantza-ikasketa arautuak eskaintzen ditu ikastetxe horrek; zehazki, Dantza Klasikoko oinarrizko ikasketak eta ikasketa profesionalak.

Covid-19aren pandemia dela eta, ez da sarrera-probarik egingo arautu gabeko ikasketetarako —Lehen Kontaktua (5-6 urte) eta Dantza Aurrekoa (7 urte)—. Eskabideak jasotzen diren hurrenkeran beteko dira lekuak, maiatzaren 18ko 9:30etik aurrera. Dantza Kontserbatorioko idazkaritzan aurkeztu ahal izango dira matrikulak, baita herritarrei laguntzeko bulegoetan ere, hitzordua eskatua, edo posta elektronikoz, dokumentazioa helbide honetara bidaliz: cmdanza.administracion@vitoria-gasteiz.org

 

Sarrera-probak

Oinarrizko Ikasketen edo Ikaskuntza Profesionalen ziklora sartzeko proba egin behar duten ikasleek, baita ziklo horietan sartu nahi duten ikasle berriek ere, bi fase burutu beharko dituzte. Lehenik eta behin, maiatzaren 18tik ekainaren 4ra bitartean, sarrera-probarako izena eman beharko dute. Eta, proba gaindituz gero, ekainaren 22tik 30era bitartean egin ahal izango dute matrikula.

Matrikula horiek, era berean, Dantza Kontserbatorioko idazkaritzan edo herritarrei laguntzeko bulegoetan —hitzordua eskatuta— aurkeztu beharko dira, edo posta elektronikoz, helbide elektroniko honetan: cmdanza.administracion@vitoria-gasteiz.org

Euskal Autonomia Erkidegoan horrelako ikasketak eskaintzen dituen zentro ofizial bakarra da Gasteizko kontserbatorioa. Ikasgai hauek eskaintzen ditu: ‘Dantza Klasikoa’, ‘Dantza Tradizionala’ (Euskal dantza), ‘Errepertorioa’, ‘Puntak’, ‘Dantza garaikidea’, ‘Izaerako dantza’, ‘Binako dantza’, ‘Dantzaren Historia’, ‘Anatomia eta elikadura’, ‘Interpretazioa’ eta ‘Musika’.

 

Dantzaren eguna

Bihar, apirilak 29, Dantzaren Nazioarteko Eguna dela eta, zentroaren promozio-bideo bat kaleratu du José Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioak. Ikastetxeko ikasleen hainbat lekukotasun jasotzen dira bertan, eta pandemia iritsi aurretik egun horretan Espainia plazan egin ohi zen “Gasteiz dantzan” ekitaldiko irudiak erakusten.

Bideoa ikusi

Informazio gehiago: 945 16 26 06 telefonoan, 09:00etatik 14:00etara, astelehenetik ostiralera, edo helbide elektroniko honetan: cmdanza.administracion@vitoria-gasteiz.org.

Share