Prentsa Oharren banner

Rocío Agudok “Stay focused” aurkeztuko du Montehermoson

Apirilaren 23tik maiatzaren 23ra arte egongo da ikusgai

Rocío Agudo artistak “Stay focused” erakusketa aurkeztuko du eta apirilaren 23tik maiatzaren 23ra arte egongo da ikusgai Montehermoson, Jovellanos aretoan hain zuzen; udalaren kultur zentroak Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatearekin batera sustatzen duen deialdian hautatutako proiektuen arteko hirugarrena da.

Programak komisario baten laguntzarekin proiektu artistikoak garatzeko aukera eskaintzen die bigarren zikloko, gradu-ondoko eta doktoretzako ikasleei, ondoren Montehermoson bakarka aurkezteko.

“Etorkizun handiko kultura-sektoreari laguntzea da deialdi honekin lortu nahi dugun helburua. Zaila da berez artearen munduan gailentzea, baina orain, pandemiaren ondorioz, egoera are larriagoa da gazte hauentzat; beraz, deialdi hau inoiz baino beharrezkoagoa da”, esan du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Erakusketa

Rocío Agudo Arte Ederretan graduatua da, eta Arte Garaikide Teknologiko eta Performatikoa masterra ere egina du, Euskal Herriko Unibertsitatearen eskutik. Jarduera Artistikoen JAI Institutuan (Tabakalera, Donostia) ere jaso du prestakuntza Itziar Okariz, Asier Mendizabal eta Ibon Aranberriren eskutik.

Egonaldiak egin ditu BilbaoArte fundazioan (abian), Center for Basque Studies zentroan (AEB, 2019), Etopía zentroan (Zaragoza, 2019) eta CentroCentro (Madril, 2020) espazioan. Besteak beste, Gasteizko Artiumeko eta Zaragozako IAACC Pablo Serrano institutuko erakusketetan parte hartu du.

“Stay focused” proiektuan Rocío Agudok bideoaren gainean eta bideoarekin egiten du lan. Bertan, ekintzatik abiatuta saiakuntza bat egiten du, bere burua eta besteak grabatzeari buruz pentsatzeko grabatzen du, kamera subjektu gisa pentsatzen du eta ikus-entzunezko lengoaia hegemonikoa birplanteatzen du.

Subjektuaren eta kameraren arteko aurkakotasuna desegiten saiatzen da. Mugimendua bilatzen du, gorputza zatitzea, bestearen larruazalera gerturatzea. Filmatzea ukitzea da. Eta zenbait keinu burutzea: proiektorea kameraren aurrean, gorputzaren desira bat, biratze bat automatismotik afektura.

Rocío Agudo artistak bere proiektuaren ezaugarrien berri emango du inaugurazio-egunean, hilaren 23an. Arratsaldeko zazpietan izango da.

ROCIO AGUDO KATALOGOA MH-UPV 2020-21

 

 

Share

Olarizu hiribidean legez kanpo okupatutako etxebizitzak, dagoeneko abandonatuak, hormatu ditu Udalak, eta datorren astean bidaliko dio epaileari gainerakoak utzarazteko eskabidea

 

Gorka Urtaran alkateak nabarmendu duenez, “hitzemandako urratsak ematen jarraitzen dugu, araudiak ezartzen dizkigun epeak betez, ahalik eta bermerik handienekin jarduteko, okupatzaile ilegal guztiak bota eta bloke horiek eraisteko konpromisoari eutsiz”.

 

Atzo bukatu zen Olarizu hiribideko legez kanpoko okupatzaileak beren borondatez bertatik ateratzeko epea. Urratsak ematen jarraitzen du Udalak, Urtaranen gobernuak agindu bezala, etxebizitza-bloke horiek hustu eta eraisteko.

Polizia-egiaztapenak egin dira aste honetan, dosierrak eragiten dien etxebizitzak dagoeneko hutsik daudela egiaztatzeko. Polizia-egiaztapen horien ondoren, eta gizarte-zerbitzuen informazioarekin, aldizkari ofizialaren bitartez jakinarazi behar izan zitzaien pertsonen etxebizitzak benetan hutsik daudela egiaztatu ahal izan da. Gainerako etxebizitzak, zeinen legez kanpoko okupatzaileei bertatik bertara jakinarazi baitzitzaien, legez kanpo okupatuta daude oraindik ere.

Udalak hormatu egin ditu dagoeneko hutsik daudela egiaztatu duen etxebizitzak, eta ebazpen bat sinatuko du, ziurtatzeko kasu horietan Udalak etxebizitzak uzteko egindako errekerimenduari erantzun zaiola, eta, horrenbestez, administrazio-dosierra itxi egingo dela jakinaraziko die interesdunei. Etxe horiek hormatu egingo dira.

Dosierra epaitegira bidaliko da datorren astean

Ebazpen hori dosierrera gehitu bezain laster, epaitegietara bidaliko da, okupatuta jarraitzen duten etxebizitzak husteko baimena eskatzeko epaileari. Datorren astean egitea aurreikusita dago.

Gainera, dagoeneko inor geratzen ez dela egiaztatzen den blokeetan, barruko etxebizitza bakoitzaren barrualdea eraitsiko da, dosierraren parte ziren eta hormatzen ari direnak izan ezik. Gorka Urtaran alkateak nabarmendu duenez, “hitzemandako urratsak ematen jarraitzen dugu, araudiak ezartzen dizkigun epeak betez, ahalik eta bermerik handienekin jarduteko, okupatzaile ilegal guztiak bota eta bloke horiek eraisteko konpromisoari eutsiz”.

Share

Laurogeita hamarretik gora entitatek parte hartu dute kirolaren arloko dirulaguntza-deialdiari buruzko informazio-jardunaldian

Interesa zuten entitate guztientzako informazio-jardunaldi ireki bikoitza egin zuen atzo Kirol eta Osasun Sailak, kirolaren arloko 2021eko dirulaguntza-deialdiaren xehetasunak emateko. Bideokonferentziaz egin ziren saioak, eta hainbat zalantza argitzeko balio izan zuten: deialdiko betebeharrak, aurkeztu beharreko dokumentazioa eta laguntzen tramitazioaren inguruko bestelako kontuak. Era berean, aurten sartutako berrikuntzen berri eman zen. Estu-estu harturik kirolaren arlokoak diren entitateez gain, guraso elkarteek, eremu soziosanitarioko eta auzoetako elkarteek ere parte hartu zuten, horientzat ere zabalik baitago deialdia. Guztira 90 entitate baino gehiagok parte hartu dute.

Joan den ostiralean —hilak 16— zabaldu zen deialdira eskabideak aurkezteko epea, eta maiatzaren 17ra arte egongo da zabalik. Bost laguntza-ildo bereizten dira bertan, garatuko den jarduera-motaren arabera, hala nola ekitaldi handiak, urteko programak, kirol autoktonoaren sustapena edo lehiaketa nazional federatuan parte hartzea. Nabarmentzekoa da, era berean, bost ildo horietako bat pandemiak ekarri dituen mugapenak gorabehera herritarren artean kirolaren praktika sustatzeari jarraipena emateko lanean jarraitzen duten entitateei laguntzeko diseinatu dela salbuespen gisa.

“Aurten, ahalegina egin dugu kirolaren arloko laguntza-deialdia errazteko, bi helbururekin: batetik, ahalik eta entitate gehienek izan dezatela parte hartzeko aukera, eta bestetik, berriz, laguntzak ebatzi eta kolektibo hartzaileei emateko epea laburtzea. Horregatik, kirol eta gizarte sare osoa gonbidatu nahi dut dirulaguntza hauek eskaintzen dituzten aukeren inguruan informatzera eta deialdian parte hartzera”, adierazi du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek.

346.500 euroko zuzkidura du kirolaren arloko 2021eko dirulaguntza-deialdiak. Udalaren webgunean kontsulta daiteke betebeharren eta aurkeztu beharreko dokumentazioaren inguruko informazioa.

Informazio gehiago: Kirolaren arloko 2021eko dirulaguntza-deialdia

Share

Batxi Aranburu AMVISAko kudeatzaile berria

Batxi Aranburu kudeatzaile berri izendatzea erabaki du AMVISAko Administrazio Kontseiluak gaur, erretiroa hartuko duen Angel Llamazaresen ordezteko.

Aranburuk 40 urte ditu, eta ondoen baloratutako hautagaia izan da CRH Consultores enpresak egindako hautaketa-prozesuan. Egun, ardura berberak ditu Busturialdeako Ur Partzuergoan, Bizkaiko eskualde horretan uraren ziklo integrala kudeatzeaz arduratzen baita.

AMVISAko kudeatzaile berriak 7 urteko eskarmentua du uraren kudeaketa eta antolaketa arloetan. Bide, Ubide eta Portuetako ingeniaria da, eta hainbat unibertsitate-gradu ere baditu, enpresa, negozio-kudeaketa eta ekonomia arloetan. Horretaz gain, C1 maila du euskaran, eta B2 maila ingelesean.

Uztailaren hasiko da udalaren ur-enpresan lanean.

Share

Udalak bi web-aplikazio aurkeztu ditu: VGReservas eta GeoVitoria-Gasteiz

Berrikuntza teknologiko horien bidez, udalaren instalazioen erreserbak kudeatu daitezke, eta kontsultak egin daitezke edozein gailu elektronikotik, erraz eta arin

 

Gaur goizean, bi berrikuntza teknologiko aurkeztu dira prentsaurrekoan: VGReservas eta GeoVitoria-Gasteiz web-aplikazioak, zeinak gaurdanik erabilgarri baitaude. Haien bidez Udalak aurrera egiten du bere eraldaketa digitalean eta herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuan.

Gaur goizean egindako prentsaurrekoan, Gasteizko lehen alkateorde Maider Etxebarriak eta Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodriguezek esku hartu dute.

“Gasteiztarrengandik gertuko administrazio baten aldeko apustua egiten dugu, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko, zerbitzu publikoetarako sarbidea errazteko eta belaunaldi berrien beharrizanei zein gainerako pertsonen beharrizanei erantzuteko”, adierazi du Etxebarriak.

“Eraldaketa digitalak, zeina lortu nahi baitugu legegintzaldi honen hasieratik, garrantzi handiagoa hartu du pandemiaren ondorioz. Osasun-krisiak ahalegin handiak inbertiarazi dizkigu Udala herritarrekin komunikatzen den era hobetzen”, gehitu du.

Borja Rodriguezek, bestalde, baliabide horien berrikuntzak aurkeztu ditu, zeinek eskaera handia baitute herritarren partetik.

VGReservas

  1. urtean, 31.965 erreserba egin ziren, guztira, Udalaren instalazioetan. Horietatik, 19.359 kudeatu ziren Udalaren webgunearen bidez (www.vitoria-gasteiz.org), hau da, guztizko kopuruaren % 60, eta goranzko joera nabaria du.

“Horregatik, VGReservas web-aplikazioa sortu dugu, erabiltzailearen esperientzia nabarmen hobetzeko. Haren bidez, gure gailuetako edozeinetatik (mugikorra, tableta, smartTVa eta ordenagailua) erreserba dezakegu, esaterako, saskibaloi-kantxa bat partida bat jokatzeko, edo gela bat etxejabeen komunitatearen bilera egiteko. Eta modu erraz eta intuitiboan egin dezakegu hori guztia”, gaineratu du.

Web-aplikazioak aukera ematen du bilaketak egiteko eta erreserbak gogokoetan gordetzeko (hori oso erabilgarria da hurrengo erreserbetan denbora aurrezteko), bai eta ikono bat gehitzeko gailuaren hasierako orrian, hartara zerbitzura era erosoagoan iristeko.

 

GeoVitoria-Gasteiz

GeoVitoria-Gasteiz zerbitzuak, berriz, 94.815 bisita izan zituen 2020an, eta 40.843 bide kalkulatu zituen, guztira. VGBus aplikazioaren estatistikei dagokienez (GeoVitoria-Gasteizekiko loturarekin funtzionatzen du), 390.689 bisita izan zituen 2020, eta hori Udalaren webgunearen trafikoaren % 4 da.

Aplikazioak hainbat zalantza argitzeko balio du, hala nola: “Non dago gizarte-etxe bat?”, “Nola iritsi naiteke hara etxetik?”, “Non dago kale jakin bat?”, “TAO eremua da?”, “Egongo al da laster gure etxetik gertu Puntu Berde Mugikorra?”, “Zer autobus- edo tranbia-linea hartu behar dut ibilbide jakin bat egiteko?” eta abar.

GeoVitoria-Gasteiz web-aplikazio berriarekin, aurrerantzean, edozein gailutatik (mugikorra, tableta, smartTVa eta ordenagailua) erantzun ahal izango zaie horrelako galdera guztiei.  Eta, horretaz gain, Udalaren webgunean orain arte eskainitako abiaduran baino azkarrago egingo da, eta, horrenbestez, itxarote-aldiak laburragoak izango dira.

Honako berrikuntza nagusi hauek eskaintzen ditu aplikazioak, lehen eskaintzen zen zerbitzuaren aldean: erabiltzaileak gailuaren hasierako pantailan instalatu ahal izango du aplikazioaren ikonoa, eta gogokoak markatu ahal izango ditu, hurrengo aldietan berriro behar baditu ere. Gainera, ibilbide bat bilatzean, erabiltzailea non dagoen markatzen du, mugikorraren GPSa erabiliz. Oinez, bizikletaz zein hiri-garraioz egiteko ibilbideak kontsultatu daitezke.

“Hiri-garraioari dagokionez, funtzionaltasun berri oso interesgarri bat du: aplikazioak erakutsiko digu zenbat falta den autobusak gure geltokira iristeko. Halaber, linea bakoitzaren ibilbideari buruzko informazio guztia izango dugu”, nabarmendu du zinegotziak.

 “GeoVitoria-Gasteiz ezinbesteko tresna da, bakoitzari bere mapa edukitzeko aukera ematen baitio, beti eguneratua eta zenbait bistaratzerekin. Kale izendegi gisa zein satelite bidezko mapa gisa erabil daiteke”, gehitu du.

Nahi dugun bistaratze-modua aukeratu ostean, erakuts dezake non dauden Udalaren baliabideak, eta gainerako edukiekin lotu: kale-izendegi ofiziala, atariak zehaztuta; bizikleta-bideen mapa; trafikoaren dentsitatea; trafiko-gorabeherak eta abar.

Gainera, beste zenbait aukera ere eskaintzen ditu: informazioa “bildumetan” taldekatu daiteke, esaterako, “aparkaleku publiko guztiak”; gertuko baliabideak bilatu inguruetan, eta informazioa partekatu kontaktuekin.

 

 

 

Share

Atxilotua amari mehatxu eta eraso egiteagatik

Udaltzainek atzo 18 urteko gazte bat atxilotu zuten amaren aurkako mehatxu eta eraso delituen ustezko egilea izateagatik.

Gertakariak 15:00 baino lehentxeago izan ziren, 092 zenbakira egindako dei batek Aranbizkarra auzoko etxebizitza batean poliziaren laguntza eskatu zuenean. Bertaratu zirenean, udaltzainek emakumea atarian topatu zuten, oso beldurtuta.  Azaldutakoaren arabera, etxetik alde egin zuen bere segurtasun fisikoa arriskuan ikusi zuelako. Semearekin izaten zituen eztabaidak, mehatxuak, irainak eta erasoak ohikoak zirela kontatu zien.

Udaltzainak gaztearekin elkarrizketatu ziren eta, gertakariak onartu zituenez, atxilotu egin zuten. Gaur goizean epailearen esku geratu da.

 

Share

Udal Osoko Bilkura Goiuri jauregian (2021-04-23)

Ohiko osoko bilkura egingo da bihar, apirilaren 23an, Goiuri jauregian, Martin de Salinas aretoan, zinegotzien arteko distantzia gordetze aldera.

Komunikabideei jakinarazten zaie gehienez ere bost pertsonak jarraitu ahal izango dutela osoko bilkura Goiuri jauregian bertan, kazetarientzako gunean, eta bai streaming bidez ere esteka hau sakatuz. Halaber, udaletxeko prentsa aretoan jarraitu ahal izango dute bilkura hori.

Share