Prentsa Oharren banner

Eulogio Serdan kalea, ‘eguzkilore’ kale berria, oinezkoentzat atseginagoa

Hirian superetxadiak sustatzeko plana ezartzen jarraitzen du Gasteizko Udalak. Hain zuzen ere, gaur goizean ekin die Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak Eulogio Serdan kaleko lanei —Andre Maria Zuriaren Koroatzearen kaletik Domingo Beltran de Otazu kalera bitartean—, ‘eguzki-lore’ kale berria izan dadin, oinezkoentzat atseginagoa. Larrugile kaleko esperientzia arrakastatsuari jarraipena emango zaio hartara.

Antzeko beste esku-hartzeetan bezala, eguzki-lore bat marraztuko da bidearen sarreran. Espazio babestu bateko sarbidea sinbolizatuko du elementu horrek. Orobat ezarriko da zebrabide asimetriko bat, Eulogio Serdan kalean oinezkoek lehentasuna dutela gogorarazteko. Gainera, jardinerak, eserlekuak eta bizikleta-aparkalekuak jarriko dira, eta ostalaritza-terrazak jartzeko lekuak prestatuko.

Lineako aparkalekuak bateriako aparkaleku bihurtzea izango da oinezkoentzat lekua irabazteko beste formula bat, kale-tarteka antolatuta. Hartara, guztiz hustuko dira orain arte ibilgailuek okupatu ohi zituzten hainbat espazio.  Era berean, motorrak aparkatzeko espazioak sortuko dira.

Share

Atxilotua emazteari etxean eraso egiteagatik

Udaltzainek 43 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo gauean genero-indarkeria delituaren ustezko egilea izateagatik.

22:00ak inguruan, Zabalgana auzoko beren etxebizitzan emakume bati senarrak eraso egin ziola zioen abisua jaso zuten. Udaltzainak biktimarekin elkarrizketatu ziren eta hark adierazi zien familiako eztabaida baten ostean eraso egin ziola. Gizonezkoak gertatutakoa onartu zuen, eta beraz, atxilotu egin zuten. Gaur goizean geratuko da epailearen esku.

Bestalde, emakumea anbulantzia batek artatu zuen tokian bertan, eta gero ospitale batera eraman. 

 

Bi atxilotu autoritate-agenteen aurkako atentatuarekin lotuta  

Larunbatean bi gizonezko atxilotu zituzten udaltzainen aurkako bi erasotan. 

Lehenengoa 18:00ak inguruan gertatu zen Fray Zacarias Martínez kalean, hainbat gazteren aurkako borrokaren ondoren. Inplikatutakoak identifikatu eta azaleko miaketa egin zietenean, haietako batek behin eta berriro uko egin zion eta, oso asaldatuta, udaltzainei indarkeriaz eraso egin zien, erresistentzia handia jarrita. Hori guztia zela eta, atxilotu egin zuten. Agirrelandako bulegoetara eraman eta, guardiako epaitegiari dagozkion eginbideak bidali ostean, aske utzi zuten.

Bigarren gizonezkoa, 32 urtekoa, 21:00etan atxilotu zuten Aliko elizako arkupean. Bertan, alkoholdun edariak kontsumituz pertsona batzuen bilkura gertatu zen. Patruila iritsi zenean, bertaratutakoak sakabanatu egin ziren eta udaltzainetako bat haietako baten atzetik abiatu zen. Hark eskuetan zeraman patinete elektrikoarekin jo eta atxilotu ez zezaten erresistentzia handia jarri zuen. Hori ikusita, atxilotu egin zuten. Guardiako epaitegian zegozkien eginbideak egin ondoren, aske utzi zuten.

 

Prebentziozko alkoholemia-kontrolak 

Asteburuan, prebentziozko sei alkoholemia-kontrol egin dira, eta 120 gidari inguruk egin behar izan dituzte alkoholemia-probak. Haietako bik emaitza positiboa eman eta bide administratibotik salaketa jaso zuten.

Ostiraletik, apirilaren 23tik, hogeita hiru zirkulazio-istripu gertatu dira eta 6 zauritu izan dira istripu horietan.

 

COVID-19arekin lotutako salaketak

Asteburuan, ostalaritzako 6 lokal salatu ditu Udaltzaingoak Covid-19aren aurkako neurrietan ezarritako ordutegia ez betetzeagatik. Beste 4 establezimendu ere salatu zituzten neurriak betetzea ez zaintzeagatik.

Era berean, 29 zigor-proposamen egin zituen bilera batean gehienez 4 pertsona biltzeko muga ez errespetatzeagatik, 8 etxeratze-agindua ez betetzeagatik eta 5 musukoa derrigor erabiltzeko agindua ez betetzeagatik. Zigor-proposamen horiei itxiera perimetralak ez errespetatzeagatik jarritako beste 5, eta segurtasun-distantzia mantendu gabe jendaurrean erretzeagatik jarritako beste 2 gehitu zaizkie.

 

Share

Udalak datozen hilabeteetan itxiko du Gasteizen etorkizuneko behin betiko jarraibideak zehazten dituen dokumentua

Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren lantaldeak gaur goizean ekin dio Gasteizko plangintza berriaren azken idazketaren oinarri izango diren Irizpide eta Helburuen zirriborroa, sektore-txostenak eta alegazioen eta herritarren parte-hartzearen emaitzen txostenak aztertzeari. Datozen hilabeteetan, udaleko talde politikoek eta berrikuspenaz arduratuko diren teknikariek etorkizuneko Vitoria-Gasteizen behin betiko jarraibideak ezartzen dituen irizpide eta helburuen dokumentua itxiko dute, Aurrerapenaren testuak eskaintzen zituen aukeren artean behin betiko aukeren alde egiten duena.

Datozen hilabeteetan, batzorde txostengileak Irizpide eta Helburuen behin betiko dokumentua itxiko du, eta Plan Orokorra idatzi duen taldearen oinarria izango da azken dokumentua prestatzeko. Dokumentazio hori ingurumenaren, zuzenbidearen eta teknikaren arloko azterlan eta txostenen mende jarriko da ondoren, eta dagokien administrazioei bidaliko zaie, ekarpenak egin ditzaten.

Gainera, aldi berean, datozen 9 hilabeteetan txosten espezifikoak egingo dira planaren erabaki-arloei eta -eremuei buruz.

Share

50 enpresatik gora elkartuko dira 2021eko Enplegu Foroan, formatu birtualean

Bihar hasiko da Gasteizko XI. Empleo Gune foroan izena emateko epea. Maiatzaren 13an egingo da jardunaldi nagusia, eta zibersegurtasunari eta orientazioari buruzko informazio-saioak izango ditu barne.

 

 

empleo_gune_2021 programa

Udalak eta UPV/EHUko Arabako Campusak antolatu dute Gasteizko XI. enplegu foroa, eta gaur goizean aurkeztu dute prentsaurrekoan, Enplegu eta Prestakuntzako zinegotzi Iñigo Salazarrek UPV/EHUko Arabako Campusarek eta UPV/EHUko Arabako campuseko errektoreorde Manoli Igartuak.

Azken batean, Empleo Guneren helburua topagunea izatea da, gure inguruneko enpresetako giza baliabideen alorreko profesionalentzat, enplegu-bilaketa aktiboan diharduten pertsonentzat, azken prestakuntza-zikloetako ikasleentzat, laneratze eta gizarteratzearen alorrean lan egiten duten profesionalentzat, eta enplegu sortzaile diren entitate publikoentzat.

Maiatzaren 13an izango da jardunaldi nagusia, aurten modu birtualean, osasun krisia dela eta. Horretarako online plataforma bat sortu da, eta dagoeneko 50 enpresa baino gehiagok eman du izena, bertaratzen diren enplegu-eskatzaileei hainbat lanpostu eskaintzeko.

Bihartik, apirilaren 27tik egongo da baliagarri plataforma, www.empleo-gune.org webgunean, interesdunek enpresekin harremanetan jarri eta maiatzaren 13ko jardueretan parte hartzerik izan dezaten. Maiatzaren 20ra bitartean egongo da baliagarri, enpresa eta erakundeekin harremanetan jartzeko.

 “Empleo Gune birtualki egiteak enpresa askok parte hartzea ekarri du, inoiz baino gehiago dira, eta horrek interakzio gehiago izatea eta lana aurkitzeko aukera areagotzea ekarriko du. Gasteiztar askok enplegua galdu du pandemiaren ondorioz; horregatik inoiz baino garrantzitsuagoa da ekimen hau” azpimarratu du Enplegu eta Prestakuntzako zinegotziak.

UPV/EHUko Arabako campuseko errektoreordeak adierazi duenez, “Enplegu Foro hau lana aktiboki bilatzen duten pertsonei informazioa, tresnak eta beste baliabide erabilgarri batzuk emateko aukera gisa ulertu genuen bi erakundeok hasieratik. Beraz, Empleo Gune, guztiaren gainetik, ikasleak, profesionalak, enpresak eta erakunde publikoak elkartzeko gune bat da, batez ere gazteen enplegagarritasuna sustatzeko pentsatutako gune bat”.

Jardunaldi nagusia

Maiatzaren 13an, osteguna, izango da jardunaldi nagusia. Bertan, lan-orientaziorako lantegiak, tutoretza pertsonalizatuak, enpresei zuzendutako informazio-saioak, eta lan-orientazioaren arloko profesionalentzako prestakuntza-jardunaldiak izango dira.

 “Edizio honetan hiru berritasun azpimarratu nahi nituzke. Alde batetik, zibersegurtasunari buruzko informazio saioak, erabateko gaurkotasuna duen gaia, eta enpresen, eta, oro ha, gailu elektronikoak erabiltzen dituzten pertsonen interesekoa guztiz. Bestetik, hezkuntza eta lan arloko orientazio-profesionalei zuzenduriko jardunaldi teknikoa, eta, azkenik, lana bilatzen laguntzeko banakako elkarrizketak, aurten streaming bidez”, esan du Igartuak.

 “Teknologia berriak erabiltzeko zailtasunak dituzten taldeen parte hartzea sustatzeko, antolakuntzak bi areto gaituko ditu CETICen, Interneten sartzeko baliabiderik edo plataformak eskaintzen dituen aukerak baliatzerik ez dutenentzat. Zerbitzu horretan teknikari laguntzaileak egongo dira laguntza ematen”, nabarmendu du Salazarrek.

Informazio gehiago

 

 

 

 

 

 

 

 

Share

Armentiako zelaietarako sarbideak kontrolatuko dituzte Udaltzaingoak eta Ertzaintzak, San Prudentzio egunean pilaketarik izan ez dadin  

Bertara ez joateko eskatu du Herritarren Segurtasunaren Sailak, eta Covid-19aren kontrako neurriak betetzeko

Kontrol eta zaintza berezia ezarriko dute Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Armentian, apirilaren 28an, San Prudentzio eguna dela eta.

Bi polizia-kidegoak zelaietan egongo dira sarrera kontrolatzeko —mugatuta egongo baita, oso—, gasteiztarrak bertara saldoan jo ez dezaten, jaieguna dela eta.

Covid-19aren kontrako neurriak betetzeko, osasun publikoaren arloko arrazoiengatik eta pilaketak saihesteko, Armentiako zelaiak zedarritu egingo dira, eta edukiera kontrolatuko.  Horretarako, sartzeko zona bakarra jarriko da, eta irteera bat, biak ere basilikaren ondoko aparkalekuan.

Era berean, eta beharrezkoa bada, Armentiara sartzeko bideetan trafikoa mugatu ahal izango du Udaltzaingoak, eta bizilagunen, zerbitzu publikoen eta TUVISAren ibilgailuei bakarrik utzi igarotzen.

Armentiara ez joatea gomendatzen du Udalak, hurrengo baterako uztea jaia. “Pertsona guztien osasuna babesteari eman behar zaio lehentasuna orain, eta, horretarako, ezarritako neurri sanitarioak zorrotz bete behar dira, eta jende pilaketak saihestu”, azaldu du Herritarren Segurtasunerako Saileko zinegotzi Marian Gutierrezek.

Share