Prentsa Oharren banner

Olarizuko gurutzea babestea proposatu du udal gobernuak Gasteizko bizilagunentzat esanahi berezia duen elementua den aldetik, eta hura mantentzeko laguntza eskatu dio Mendiolari

Halaber, EAJ-PNVk eta PSE-EEk datorren ostiraleko osoko bilkuran proposatuko dute Udalak “Olarizuko gurutzea ordaindu eta eraiki zuten pertsona eta familiekiko errespetua eta begirunea” erakuts ditzala eta “agintari frankistek monumentu horretaz legez kontra jabetzen saiatzeko hartutako erabakia” arbuia eta gaitzets dezala

 

Olarizu hegoaldeko auzo-elkarteko ordezkari batek eta monumentua sustatu duten familietako batek ostiral honetako ohiko osoko bilkuran herritarren txandan parte hartzeko eskaera erregistratu dute

  

 

Udal gobernuak mozio bat erregistratu du datorren ostiraleko osoko bilkuran eztabaidatzeko; bertan proposatu du Udalak Gasteizko bizilagunentzat “esanahi berezia duen elementu gisa” aitortzea Olarizuko gurutzea; eta beraz, babesteko modukoa, jatorri erlijiosoa duen tradizioa izateaz gain. balio kulturala eta gizalegezkoa ere baduelako“.

Gainera, EAJ-PNV eta PSE-EE alderdiek proposatzen dute osoko bilkurak Olarizuko gurutzea ordaindu eta eraiki zuten pertsona eta familiekiko errespetua eta begirunea erakuts ditzala eta “agintari frankistek monumentu horretaz legez kontra jabetzen saiatzeko hartutako erabakia” arbuia eta gaitzets dezala.

 

Olarizu hegoaldeko auzo-elkarteko ordezkari batek eta monumentua sustatu duten familietako batek ostiral honetako ohiko osoko bilkuran herritarren txandan parte hartzeko eskaera erregistratu dute

 

Alkateak aurreko astean iragarri zuen moduan, udal gobernuak mozioan jasotzen du ez duela zalantzan jartzen Mendiolako Administrazio Batzarraren titulartasuna gurutzea eraikita dagoen lurrei dagokienez, baina uste duela “Gasteizko interes orokorrak, Mendiolako bizilagunena barne, Olarizuko gurutzea mantentzea eskatzen duela, gasteiztar guztien kultura-ondarearen parte den heinean”.

Zentzu horretan, Urtaranen gobernuak ere proposatzen du “Mendiolako Administrazio Batzarrari eskatzea erakundeen arteko lankidetza Olarizuko gurutzea eta haren ingurua ahalik eta baldintza onenetan mantentzeko, pertsona guztiek haietaz, aisialdiaz, paisaiaz eta kulturaz gozatzeko aukera izan dezaten”.

Udal gobernuaren testuan proposatutako argudioen artean, nabarmentzekoa da ospe handiko tokiko historialariek Olarizuko gurutzearen jatorria frogatu dutela, bai eta haren eraikuntzaren inguruabarrak eta agintari frankistek monumentu horren sinbologiaz jabetzeko egindako legez kontrako ahalegin gaitzesgarriak ere.

Gasteizko Udalaren Memoria Historikoaren lanen arabera —hiriko Memoria Historikoko adituek babestuta—, “Olarizu mendiko gurutzea Gasteizen 1951eko azaroaren 4tik 18ra bitartean egin zen Misio Santua oroitzeko asmoz eraiki zen. Monumentu hau asmo erlijioso hutsez sortu zen, eta herritarren artean eginiko diru-bilketa bidez ordaindu. Alabaina, diktadura frankistako agintariek sinbolo politiko bihurrarazi zuten halabeharrez, gurutzearen oinarrian errepublikarrek hildako apaiz arabarren izenak gehitzearekin bat. Sustatzaileen desadostasuna tarteko, gurutzea ez zen ez inauguratu ezta bedeinkatu ere”.

Udal gobernuak gogorarazten du, gainera, informazio hori 2018ko irailaren 5etik Olarizu mendiaren magalean monumentua seinaleztatzen eta testuinguruan kokatzen duen monolitoan dagoela jasota, historikoki haren benetako esanahia ezagutu dadin.

Halaber, Olarizun jarritako plaka horrek testu hau jasotzen du, Udalak eta Gasteizko hiriak errepresio frankistaren eta diktaduraren biktima guztiak aintzatesten dituela argi eta garbi adieraziz: “Frankismoa Giza Eskubideak sistematikoki urratu zituen diktadura izan zen. 1936 eta 1978 bitartean jazarpen politikoa eta errepresioa jasan zuten ehunka gasteiztarrek, diktaduraren ideologiarekin bat etorri ez, eta erregimen haren kontra egiteagatik”.

Aurreko arrazoiketa historialari eta aditu ezagunek egindako lan zientifikoan oinarritzen da, eta, besteak beste, honako dokumentu hauen harira azter daiteke:

Gasteizko Udalak 2019an kaleratutako “Vitoria-Gasteiz, Ciudad con Memoria” liburuak gurutzearen historia dokumentatzen duen informazio zehatza biltzen du, egileen bibliografia egiaztatuarekin.

Joseba Goñi: “La Guerra Civil en el País Vasco. Una guerra entre católicos”

Francisco Javier Landaburu: “La Romería de Olárizu: nuestras costumbres”

Virginia López de Maturana: “La reinvención de una ciudad. Poder y política simbólica en Vitoria durante el franquismo (1936-1975)

Santiago de Pablo, Virginia López de Maturana y Joseba Goñi: “La diócesis de Vitoria. 150 años de historia (1862-2012)”

Santiago de Pablo y Virginia López de Maturana: “Álava insólita. Símbolos, mitos y lugares de memoria, Bilbao/Vitoria-Gasteiz”

Luis Sáenz de Olazagoitia: “La cruz monumental de Olárizu: un recuerdo en el corazón de muchos vitorianos”

José María Sedano Laño: “La polémica cruz de la discordia en el monte Olárizu. Erigida en 1952 sigue sin inaugurarse”, Gasteizko Udal Kazeta.

 

Oso ondo ezagutzen dira Olarizuko gurutzearen aurrekariak, baita eraikitzeko izan ziren arrazoiak ere,” azaltzen da alegazio-idazkian, eta, gurutzea Mendiolako kontzejuaren lurretan eraiki zela onartzen bada ere, orobat esaten da “gasteiztarrek ordaindu zutela eraikuntza, eta, hortaz, oso maite dutela herritarrek, eta urtero egiten dela erromeria Olarizuko zelaietan. Izan ere, erromeria horrekin ixten du udararen zikloa hiriak urtero, eta jende ugari igotzen da gurutzera egun horretan. Uzta-bilketagatik eskerrak emateko nekazariek zuten ohitura zaharretik dator ohitura hori, hain zuzen ere.

“Gasteizko Udalaren aurrean izapidetu beharko litzatekeen balizko eraiste-dosierrak, gure ustez, Gasteizko herritarren interes orokorraren kontra egingo luke, Mendiolakoena barne. Gure ustez, argi dago Memoria Historikoaren Legeak ez duela Olarizuko gurutzea eraistea legitimatzen. Legeak ez du legitimatzen frankismoaren garaiko edozein objektu edo ikur kentzea, baizik eta “altxamendu militarra, gerra zibila eta diktaduraren errepresioa pertsonalki zein kolektiboki goraipatzen dutenak soilik”. Olarizuko gurutzea arrazoi justifikaturik gabe eraistea ordenamendu juridikoaren aurkako jarduera izan liteke berez, alde batera utzita bere balio historikoagatik edo gure hiriaren historiaren eta kulturaren ageriko adierazpide den ikur erlijioso bat izategatik babesten den”, dio mozioak.

 

Share

Dantza- eta musika-ikuskizun batekin ospatuko du Udalaren Folklore Akademiak San Prudentzioko erretreta

Asteazkenetik —hilak 21— aurrera eskuratu ahal izango dira gonbidapenak

2021eko apirilaren 27an, San Prudentzio bezperan, San Prudentzioko erretreta tradizionala ospatuko du Udalaren Folklore Akademiak, Indarra Dantza Taldearekin elkarlanean, Ibaiondoko gizarte-etxeko Félix Petite antzokian, 19:00etatik 20:00etara bitartean.

“Espainia plazan egin ohi den emanaldia da izatez, baina, krisi sanitarioa dela eta, 2020an ez zen egin, eta oraingo honetan, berriz, berreskuratzea erabaki dugu, bertaratzen direnen segurtasuna bermatuko duten neurriak hartuz”, adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Pandemia dela eta, % 50era mugatuta dago antzokiaren edukiera, eta 150 pertsona baino ezingo ditu hartu. Datorren asteazkenetik —hilak 21— eskuratu ahal izango dira gonbidapenak, hemen: www.entradium.com.

Streaming bidez ere ikusi ahal izango da ikuskizuna, esteka honetan sakatuz.

Share

Lurralde Batzordea (2021-04-26) 

Webgunean dago eskuragarri Lurralde Batzordeak apirilaren  26an (astelehena), 09.00etan, egingo duen ohiko bilkuraren gai-zerrenda. 

Share

Salburuan ibilgailua irauli eta alkoholean positibo eman zuen gidari batek

30 urteko gidari batek ibilgailua irauli zuen larunbat gauean Salburuako bulebarrean zirkulatzen ari zela. Aparkatuta zegoen beste auto baten aurka talka egin ondoren irauli zen bere ibilgailua. Gainera, lehen autoari ere kalteak eragin zizkion.

Suhiltzaileak eta anbulantzia bat bertaratu ziren istripua jasan zuenari laguntza emateko. Gidariak tokian bertan jaso zuen laguntza eta ez zen beharrezkoa izan osasun-zentro batera eramatea. Udaltzaingoak egindako alkoholemia-testean, botatako aire litro bakoitzeko 0,70-0,63 miligramoko alkohol-tasarekin positibo eman zuen.

Covid-19arekin lotutako salaketak

 Asteburuan, ostalaritzako 2 lokal salatu ditu Udaltzaingoak Covid-19aren aurkako neurrietan ezarritako ordutegia ez betetzeagatik. Beste establezimendu bat ere salatu zuten neurriak betetzea ez zaintzeagatik. Gainera, Udaltzaingoak musukoa derrigor erabiltzeko araua ez betetzeagatik 3 zigor-proposamen egin zituen, 2 segurtasun-distantzia ez mantentzeagatik eta beste 2 salaketa ere jarri zituen: bat etxeratze-agindua ez betetzeagatik eta bestea bilera batean gehienez 4 pertsonako kopurua ez errespetatzeagatik.

Share

‘Globaliz-acción!’ kontzertua egingo da Principal antzokian apirilaren 21ean 19:00etan

Udal Bandaren abonamenduko seigarren kontzertuan Rayuela Ensemble laukoteak hartuko du parte

 

Gasteizko Principal Antzokian izango da Udal Musika Bandaren abonamenduko seigarren kontzertua, apirilaren 21ean (asteazkena), arratsaldeko zazpietan; “Globaliz-acción” du izenburu. Rayuela Ensemble saxofoi-laukotea izango da bakarlari gonbidatua eta Luis Orduña zuzendariaren esanetara arituko da.

Gasteizko taldeak Oscar Mussoren “Covidzation” abestia joko du (erabateko estreinaldia izango da), Raquel Sánchezen “Alhambra, el último reino”, eta Julie Girouxen “Khan”. Errepertorioan kanta gehiago egongo dira: Otto M. Schwarzen “Around the World in 80 Days”, Thomas Dossen “Spotlights” eta Philippe Geissen “Sir Patrick”.

Abesti guztiak lehen aldiz joko ditu bandak, “Sir Patrick” izan ezik.

Kontzertua aurkezteko prentsaurrekoan Luis Orduñak eta Rayuela saxofoi-laukotearen bozeramale Nahikari Olorizek hartu dute parte. Azken honek ilusioa erakutsi  du osasun krisia izanik ere emanaldi hau egin ahal izateagatik.

Zuzendariaren oharrak

“Globalizazioa da Udal Musika Bandak eta Ensemble Rayuelak kontzertu honetan irudikatu nahi duten helburua. A priori, gaur egungo kontzeptu bat da erabat. Hala ere, globalizazioa elkarren menpekotasuna duten lurraldeen eta herrialdeen arteko komunikazio gisa ulertzen badugu, merkataritza-, gizarte-, kultura- zein politika-mailan, ikusiko dugu ez dela inolaz ere errealitate moderno bat. Aldiz, gizateriaren historian beti bilatu izan den helburu bat dela esatera ausartuko nintzateke.

Kontzertu honetan Julie Giroux konpositore estatubatuarraren musika entzun ahalko dugu. Bere melodien bidez, historiako pertsonarik ospetsuenetako bati jartzen dio soinua, Gengis Khani hain zuzen ere. Gudari eta konkistatzaile mongoliar honek gizateriak inoiz ezagutu duen bigarren inperiorik zabalena eraiki zuen XIII. mendeko lehen bi hamarkadetan: Mongolen Inperioa.

Mende horretan bertan, 1238an hain zuzen, Muhammad ibn Nasrek Nazari Erresuma edo Granadako Emirerria sortu zuen, zeina Iberiar penintsulako azken estatu musulmana izango baitzen: garai bateko Al-Andalus. Agintaritza horren emaitza Granadako Alhambra izan zen. Gaur, hura “bisitatzeko” aukera izango dugu Raquel Sánchez konpositore valentziarraren musikaren bitartez.

Esan bezala, Mongolen Inperioa bigarren inperiorik hedatuena izan zen, eta Britainiar Inperioak soilik gainditu zuen. Eta hemen kokatzen da kontzertuko beste obretako bat: “Around the World in 80 Days”, Otto M. Schwarz konpositore austriarrarena, eta, jakina, Jules Verne idazle frantsesaren istorio ezagunean oinarritua.

Azkenik, Oscar Musso konpositore andaluziarraren lanak egun bizi dugun fenomenora eramango gaitu, azken hamarkadetan gertatu den garrantzitsuena: COVID-19aren pandemia.

Honekin guztiarekin argi geratzen da globalizazioa gizakiak berezkoa duen gauza bat dela, eta, gainera, historian aurrera egin ahala gero eta azkarrago gertatzen dela. Erdi Aroan hamarkadak behar zituzten inperio hauek sortzeko, eta urteak haietan barrena ibiltzeko; XIX. mendean azalera handi horiek aste batzuetan zeharkatu zitezkeela erakusten digu Phileas Foggek. COVID-19arekin ikusi dugu Txinan sortutako birus batek egun batzuk baino ez dituela behar mundu osoan zehar zabaltzeko, edo ordu gutxi batzuk.

Luis Orduña

 

Share

‘Idazketa eta idatzitakoa’ lantegia antolatu du Hezkuntza Zerbitzuak

Gasteizko institutuetako ehundik gora ikaslek parte hartuko dute

Gaurtik —apirilak 19, astelehena— eta maiatzaren 18ra arte, ‘Idazketa eta idatzitakoa’ lantegiaren XII. edizioa antolatu du Gasteizko Udaleko Hezkuntza Zerbitzuak, Arabako Foru Aldundiko Artxibo Zerbitzuarekin batera. Bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleei zuzenduta dago jarduera, eta Gasteizko Udalak antolatutako ibilbide historiko-artistikoen barruan sartzen da.

Gasteizko hainbat institututako ehun ikaslek baino gehiagok ezagutuko dute orain dela sei mila urte zerk eragin zuen idazkera asmatzea eta nola garatuz joan den gaur arte, gure zibilizazioaren oinarrizko ezaugarriak finkatuz. Idazteko probak egingo dituzte argizari-oholtxo, papiro-erroilu eta pergaminoekin eta antzina idazteko erabiltzen zituzten materiak baliatuko dituzte, esaterako idazluma, hegazti luma eta metalezko luma-muturrak.

Lantegi horiek Arabako Foru Aldundiaren Kultura eta Kirol Sailaren Arabako Agiritegi Zerbitzuak Arabako dokumentazio ondare oparoa hedatzeko antolatzen dituen jardueren artean kokatuta daude. Lantegiak euskaraz zein gaztelaniaz izango dira.

 

Share

Delituak % 8 inguru jaitsi dira Vitoria-Gasteizen 2020an

Vitoria-Gasteiz hiri segurua da, mila biztanleko 55,06ko delitu-tasa du, 2019an baino % 9,13 gutxiago, eta Euskadiko hiru hiriburuetako baxuena da.

Nabarmen egin dute behera delitu-mota batzuek: etxeetako lapurretek (-% 51,46), enpresetako lapurretek (-% 50) eta indarkeria eta beldurra erabiliz egindako lapurretek (-% 30,54).

Gasteizen delituek % 8,3 egin zuten behera iaz, 2020an, 2019an 15.256 erregistratu baitziren eta iaz 13.984, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren datu bateratuetan jasota dagoenez. Zifra horiek agerian uzten dute Arabako hiriburua hiri segurua dela COVID-19ak eragindako pandemiak markatutako urtean. Datuen analisiak egiaztatzen du behera egin zutela delitu estrategikoek, besteak beste, ondarearen aurkakoek, modalitate guztietan. Hauteman da zertxobait gora egin dutela sexu-askatasunarekin eta lesioekin, oro har, zerikusia duten delituek eta zertxobait gehiago iruzurrek, nagusiki Internet bidez egindakoek.

Martxoaren 14tik aurrera, alarma-egoera dekretatu eta koronabirusaren hedapena geldiarazteko osasun murrizketak eta mugak ezarri ondoren, egoera berria sortu zen eta aldatu egin zen unean uneko faktoreetan, denborarekin eta inguruarekin, besteak beste, asteko egunekin, jaiekin, urtaroekin edo ekitaldiekin, zerikusia duten faktoreetan, oinarritutako “delitu-patroi tradizionala”. Konfinamenduak, ordutegia, mugikortasuna eta distantziak murriztu izanak eta abarrek baldintzatu egin dituzte delitu-moten bilakaera eta azken urtean erregistratutako jaitsierak.

Ondarearen aurkako delituak: Nabarmen egin dute behera atal honetan sartzen diren delitu-mota gehienek: etxeetako lapurretek (-% 51,46), enpresetako lapurretek (-% 50), ebasketek (-% 40,53) eta indarkeria eta beldurra erabiliz egindako lapurretek (-% 30,54). Behera egin dute indarra erabiliz dendetan egindako lapurretek (-% 35,74) eta beste leku batzuetan egindakoek ere. Pandemiaren ondorioz ordutegian eta mugikortasunean ezarritako murrizketek eragina izan dute jaitsiera horretan. Hala ere, datuen analisiak agerian uzten du nabarmen egin dutela gora, % 91,71, hain zuzen ere, iruzurrek: 2019an 1.448 erregistratu baitziren eta iaz 2.776. COVID-19ari aurre egiteko ezarritako konfinamenduen ondorioz Internet bidez egindako erosketek gora egin izana da joera horren arrazoietako bat.

Pertsonen aurkako delituak: Epigrafe honetan etxeetan egiten diren arau-hausteak nabarmendu daitezke. Orokorrean zenbatuta, genero-indarkeriak % 10,8 egin du behera Gasteizen, baina gora egin dute lesio-delituekin zerikusia duten familia barruko tratu txarren kasuek. Era berean, lesioen aurka jarritako salaketekin zerikusia duten datuetan ere, orokorrean, igoera txiki bat izan da, % 4,58koa, alegia. Sexu-askatasunaren aurkako egintzengatik erregistratutako kasuak ere % 4,65 igo dira.

Segurtasun kolektiboaren aurkako delituak (droga-trafikoa): Substantzia sorgorgarrien trafikoarekin erlazionatutako egintzengatik instruitutako eginbideak % 9,45 jaitsi dira. Joera bera izan dute alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzeagatik egindako delituek ere, 2019ko 267 kasuetatik 220ra jaitsi baitira (-% 17,60), gaueko orduetako ibilgailuen zirkulazioari eta aisialdiari eragin dioten ordutegi-mugekin zuzenean lotuta.

Datu horiekin, Gasteizeko mila biztanleko delituen tasak % 9,13 egin du behera, eta 60,59tik 55,06ra jaitsi da.

 

6.255 pertsona jarri zituzten epailearen eskuetan

Delituen kopuruak orokorrean behera egin badu ere, % 3 igo da atxiloketen kopurua, hain zuzen ere, 1.069tik 1.101era. Aitzitik, jaitsi egin da ikertutako pertsonen kopurua, eta zenbaketa globalean, beraz, Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak atxilotutako eta ikertutako pertsonen kopurua jaitsi egin da, eta 2019an 6.643 izan ziren eta 2020an 6.255, hau da, % 5,8 gutxiago.

 

Estrategia bateratua, prebentzioa, koordinazioa, informazioa eta analisia

Polizia-efizientzia, gertaeren aurrean eman beharreko erantzuna eta egindako delituak argitu ahal izateko ikerketa hobetzeko eta herritarren segurtasunaren arloan emandako arretan gogobetetasuna lortzeko, funtsezkoa da Gasteizko Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko lankidetzan, koordinazioan eta elkarlanean oinarritutako estrategia bateratua.

Alde horretatik, bi polizia-kidegoek sarri egiten dituzte bilera bateratuak giza baliabideei eta baliabide teknikoei eta materialei probetxu hobea ateratzeko, polizia-operatibo koordinatuak ezartzeko, industria eremuak eta auzoak mugatzeko eta lortutako emaitzak ebaluatzeko.

2020an, koronabirusaren pandemiak markatu duen urtean, oraindik ere gehiago indartu da Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko koordinazioa, etengabe aldatzen eta egokitzen joan den osasun-araudia barneratu eta betetzen dela zaindu behar izan baitute.

Lankidetza horrekin jarraituz elkartu da gaur Gasteizko Udalean Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko eta Udaleko Koordinazio Batzordea, Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordea eta Gorka Urtaran alkatea buru direla. Bilera horretan beste akordio bat adostu da Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren koordinazio-protokoloa eguneratzeko, eta laster sinatzekoa den protokolo horrek, besteak beste, bi polizia-kidegoek aurre egin behar izaten dieten gertaeretan esleitu beharreko baliabideak koordinatuko ditu.

Share