Prentsa Oharren banner

Udalak eta hirigune historikoko auzo-, gizarte- eta ekonomia-eragileek mahai bat aktibatu dute, epe labur, ertain eta luzean berroneratze integralerako estrategia definitzeko

Datozen 12 hilabeteetan 24 ekintza abiaraziko direla iragarri du alkateak, bai eta berariazko kudeaketa bulego bat irekiko dela ere

Gorka Urtaran alkatearen audioa

Gasteizko hirigune historikoak jarduera integraleko estrategia bat izango du. Udalak, bizilagunek eta gizarte-, eta ekonomia-eragileek elkarlanean sortuko dute eta Hirigune Historikoko Mahaiak definitu eta adostuko du; Gorka Urtaran alkateak Aldabeko auzogunean baieztatu du mahaia uda baino lehen jarriko dela martxan.

Lan-mahaia sortuko dela esateaz gain, mahai horren babesean aktibatuko diren ekintzak koordinatzeko berariazko bulego bat laster jarriko dela martxan ere baieztatu du alkateak. Gainera, datozen 12 hilabeteetan hirigune historikoan 24 ekintza jarriko direla abian iragarri du Gorka Urtaranek.

Joan den irailetik lan handia egin da eragileekin, auzokoekin eta Udaleko, Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako arduradun teknikoekin informazioa kontrastatzeko. Azken hamarkadetan kontuan hartutako hainbat proposamen baztertuta, eta alderdi guztiek adierazitako beharretara hoberen egokitzen diren ekintzak soildu ondoren, Hirigune Historikoko Mahaiak ekintza horiek epe labur, ertain eta luzean burutzeko lehentasunak eta metodologia landuko ditu orain.

Lan egiteko modu honetaz uste dugu, eta denon artean posible egin dugu eta egiten ari gara. 560 ekarpen baino gehiago landu dira, eta tonu positiboa izan dutenak gailendu dira. Helburu bera daukagu: auzoarentzat eta hiri osoarentzat itxaropentsua izango den proiektu bat sortzea, adostasunean oinarrituta eta epe luzerako izateko borondate politikoarekin. Gure konpromisua erakusten dugu horrela: datozen 12 hilabeteetan hirigune historikoan 24 ekintza jarriko ditugu abian“, nabarmendu du Gorka Urtaranek.

Etorkizunean jarraitzea

Alkateak azpimarratu duen moduan, garrantzitsua da adostasuna mantentzea “agintaldi eta hauteskunde-egutegietatik haratago.  Epe luzerako estrategia horretarako ezinbestekoa da etorkizunean proiektu honi jarraitutasuna ematea ahalbidetuko duen konpromiso bat lantzea. Hori da proposatzen duguna, eta konpromiso hori hartzen dugu: mahai horretatik eratorriko den hitzarmen bat landu eta formalizatzea, izaera politiko, tekniko eta herritarreko akordio bat, zeinak ibilbide luzeko eta adostasunean oinarritutako estrategia bat garatzeko oinarriak zehaztea ahalbidetuko baitu. Herritarren Itun horrek konpromisoak, edukiak eta helburu orokorrak jaso beharko ditu, bai eta lan-espazio eta -prozeduren definizioa ere“.

Hurrengo ekintzak

Lurraldea eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi eta 21 Zabalgunearen presidente Ana Oregik eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok datozen 12 hilabeteetan egingo diren 24 ekintzen xehetasunak azaldu dituzte.

       Erdi Aroko Hiriguneko Mahaia Erdi Aroko hiriguneko mahai tekniko-herritarra sortzea, martxan jartzea eta kudeatzea, eta mahai horren idazkaritza teknikoa. Bertan hirigune historikoko eragileek (auzokoak, sozialak, merkatariak, ostalariak, etab.) eta erabakitzeko eta gauzatzeko ahalmena duten udaleko arduradun teknikoek hartuko dute parte. Mahai horretan, gizarte- eta ekonomia-eragileekin etengabe parte hartuko da Erdi Aroko hirigunea berroneratzeko proiektuetan.

Mahaiaren idazkaritza teknikoak Partaidetza Zerbitzuaren, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren eta Erdi Aroko Hiriguneko Bulegoaren baliabideen laguntza eta babesa izango ditu. Mahaia parte hartzeko dauden gainerako guneekin koordinatuko da, hala nola, Auzogunearekin.

 

      Erdi Aroko Hiriguneko Bulegoa Udalaren “Casco Bizia” bulegoa aprobetxatu eta bultzatzea, berroneratze estrategia eta bere jarduerak modu integralean koordinatu eta kudeatzeko espazio gisa.

 

     Hiria modu integralean berroneratzeko estrategia. Next Generation

Koherentzia emango duen eta eragile-sorta zabal batekin kontrastatu, baliozkotu eta partekatuko den bide-orri bat definitzea. Estrategia hori egindako lanen laburpena izango da, eta ekintzen plangintza (epe labur, ertain eta luzean) eta ekintza horien garapenarekin, ezarpenarekin eta jarraipenarekin lotutako mekanismoak, prozedura eta lan-espazioak zehaztuko ditu.

 

      BIPB berrikustea

BIPBren barruan hiriguneko errealitatearekin bat datozen hirigintza-araudien aldaketak jaso beharko dira, haien ezaugarri morfosoziologikoak kontuan hartuta. Arreta berezia eman beharko zaie etxebizitzen, merkataritza-lokalen eta erabilera tertziarioko lokalen bizigarritasunari eta birgaitzeari buruzko gaiei.

 

       Etxebizitza turistikoak

Ostatu-erabilerari eta erabilera tertziarioari dagozkien irizpideak berrikustea (etxebizitza turistikoei buruzko ordenantza); partaidetza-prozesu baten bidez egingo da —Hiriguneko Mahaiaren esparruan—, eta loturiko hainbat eragilek hartuko dute parte (auzo- eta elkarte-sarea, ostalaritza-, merkataritza- eta turismo-sektoreak, etab.).

 

    Erdi Aroko hiriguneko negozioentzat hirigintza araudia egokitzea

Araudia Erdi Aroko hirigunearen ezaugarri berezietara egokitzeko beharra, dendak eguneratzen laguntzeko.

 

    Erdi Aroko hiriguneko negozioentzat merkataritza araudia egokitzea

Merkataritza araudia berariaz egokitzea, leihatila moduan saldu ahal izateko (salmenta ibiltaritzat hartu gabe).

 

    Oinezkoentzat bihurtzea eta trafikoa baretzea 1. fasea: Hirigune historikoaren goiko gunea

Hirigune historikoaren goiko gunean oinezkoentzako irla bat definitzea, elkarlanean egindako diseinu-prozesu baten bidez, eta hainbat irizpide txertatuz: segurtasuna, naturalizazioa, trafikoa baretzea eta murriztea, genero-ikuspegia eta haurtzaroa.

 

    Merkataritza-aparkalekua

Merkataritza-jarduera sustatzeko jarduketak:

Doako espres aparkalekua (15 minutu), Erdi Aroko hirigunearen inguru hurbilean merkataritza-jarduera sustatzeko. San Frantzisko aldapa, Buruileria plaza, Errege atea eta Jesusen Zerbitzarien kalea.

1 edo 2 orduko doako aparkalekua, betiere hiriguneko saltokietan egindako erosketei loturik (espres guneetan edo inguruko aparkalekuetan).

 

    Zamalanak

Zamalanen kudeaketa hobetzea, ordutegiak berrikustea.

 

   Bizikleta-gordelekuak

Hutsik dauden lokalak edo lonjak identifikatzea baliabide mota hori ezartzen jarraitzeko.

 

   Esku hartu gabeko Etxarteak zaharberritzea

– Etxarteen kudeaketa sistema berrikustea, haien garrantzia nabarmentzeko.

– Etxarteak zaharberritzea: ur-zuloak berreskuratzea, landaredia, mantentze-lanak, etab.

 

 

    Berdea eta biodibertsitatea handitzea. Haurren Auzoa proiektua. Azpiegitura Berdeei buruzko Plana

Hirigune historikoaren goiko gunea atseginago, gizatiarrago eta naturalizatuago bihurtzea: berehala esleitzea.

Azpiegitura berdeei buruzko plan bat sortzea eta jarduketak ezartzea:

– Berdeguneetan eta espazio publikoetan tokiko landare gehiago jartzea.

– Lorategietan eta berdeguneetan biodibertsitatea handitzeko ekintzak.

– Habiak integratzeko ekintzak (bele txikia, etxe-txolarrea, etab.).

 

    2.fasea: Oroimenerako Museoaren ingurua

Oinezkoentzat bihurtzea, etorkizuneko “Oroimenaren plaza” egokitzea, bizikletentzako lurpeko aparkalekua, inguru atseginago bat.

 

     Irisgarritasun azpiegituren mantentze lanak hobetzea

Eskailera mekanikoen, igogailuen eta abarren mantentze-lanak eta garbiketa hobetzea. Kontratu berria.

 

    Etxebizitzak birgaitzeko kostuak aztertzea

Erdi Aroko hiriguneko etxebizitzen egoera aztertzea eta haiek birgaitzeko kostuen balioespen ekonomikoa egitea.

 

    Alokairu sozialeko programa

Gizarte Zerbitzuen eta 21 Zabalgunearen artean lan-prozedura bat ezartzea, Erdi Aroko hirigunean etxebizitza bat alokatzeko moduan egonik, beren ahalmen ekonomikoarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik alokairuko etxebizitza bat eskuratzea lortzen ez duten pertsona eta familiei alokairuko etxebizitzak eskuratzea bermatzeko eta bitartekotza egiteko.

 

   Hondakinen kudeaketa eta garbiketa hobetzea

– Garbiketa hobetzea, garbiketa zerbitzua indartuz eta kale-garbitzaileen eta mahuken arteko koordinazioa hobetuz.

– Edukiontzi mugikorren kokalekua eta ordutegia aldatzea.

– Jarrera zakarrak zorrotzago kontrolatzea.

– Hondakinak biltzeko egungo sistema aztertzea, diagnostikoa egitea, eta hobekuntzak edo alternatibak proposatzea.

 

   Informazio- eta sentsibilizazio-kanpaina

Atez ateko informazio- eta sentsibilizazio-kanpaina bat egitea, zaborra biltzeko eta birziklatzeko sistemen funtzionamendua azaltzeko (hainbat hizkuntzatan).

 

    Gaueko Aisialdi Arduratsurako Sentsibilizazio eta Kontzientziazio Planaren 1. fasea. Erdi Aroko hirigunean zarataren kontra sentsibilizatzeko plana

Erdi Aroko hirigunearen zonako plana eredu parte hartzaile bati jarraituz idaztea; plan hori eremua babes akustiko bereziko gune izendatzeko aurretiazko urratsa izango da.

 

    Hutsik dauden lonjak mobilizatzea

Hutsik dauden lonjak gizarte-erabilera berrietarako, eta ekonomia- eta merkataritza-jardueretarako mobilizatzeko kanpaina.  Titulartasun publikoko lonjak lehiaketa bidez mobilizatuko dira, eta pribatuak jabeekin bitartekotza egiteko eta negoziatzeko sistemak ezarriz.

 

    Etxebizitzari eta birgaitzeari buruzko jardunaldiak

Etxebizitza-eredu berriei buruzko jardunaldi-lantegi bat edo gehiago egitea. Izaera bikoitza izango dute: teoriko-informatiboa eta praktikoa. Hartara, etxebizitzak kudeatzeko eredu berriak (kooperatibak, cohousing-a, etab.) sustatzeko prozesua elikatzeko balioko dute.

Eraikinak birgaitzeko jardunaldiak edo lantegiak; birgaitutako eraikinen jabeek parte hartuko dute bere esperientzia azaltzeko.

 

    Maila anitzeko koordinazioa birgaitzeak egiteko

Beste erakunde batzuekin batera koordinazio-gune bat sortzea, birgaitzeak eta gatazkak konpontzea errazteko.

 

   Biodibertsitateari buruzko sentsibilizazio-kanpaina

Biodibertsitateak hiriarentzat eta bizitzarentzat duen garrantziari buruzko informazio zabaltzea.

 

DOSSIERRA (pdf) 

Share

Prentsa-deialdiak (2021-04-22)

Prentsaurrekoa. VGReservas eta GeoVitoria-Gasteiz web aplikazioak aurkeztea

Parte hartzaileak. Lehen alkateorde Maider Etxebarria; eta Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodriguez

Eguna. Osteguna, apirilak 22

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

 

Share

Urbanizatu gabeko lurzorua zaintzera, finkatutako auzoak biziberritzera, herriak babestera, oreka ekonomikora eta osasuna eta ingurumen-kalitatea hobetzera bideratu du bere hirigintza-eredua Gasteizek

Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berrikusteko batzorde txostengileak datorren astean aztertuko du behin betiko idazkuntzaren oinarri izango den helburu eta irizpideen agiria

Ana Oregi audioa

Azken urteotan berrikusten ari den HAPOren behin betiko idazkuntzaren oinarri izango den helburu eta irizpideen agiria prest dauka dagoeneko Udalak. Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren arloko zinegotzi Ana Oregik aurkeztu ditu proposamen nagusiak, teknikariek, udal talde politikoek eta gizarte-eragileek —partaidetza-prozesuaren bitartez— egindako lanaren emaitza.

Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren batzorde txostengilean aztertuko da testu hori datorren astean, eta bertan espero da zehaztea Gasteizek hirigintza-arauak eguneratu ditzan beharrezko diren onespenen behin betiko egutegia. Izan ere, azken bi hamarkadetan ez da eguneratu plan hori, nahiz eta, unean uneko premien arabera, hainbat aldaketa egin izan diren.

Etorkizuneko Gasteizen eredua markatuko duten helburu nagusi eta irizpideak biltzen ditu gaur aurkeztutako testuak, 2030 Agendaren eta garapen iraunkorreko helburuen ildotik.

“Hiri trinko, konplexu eta kohesionatu bat definitzen du hiri-eredu berriak, landa-ingurunea bultzatu eta herriak babesten dituena, kultur, natura- eta paisaia-ondareari balioa ematen diona. Hiri iraunkor eta energetikoki eraginkorra, baliabideak eraginkortasunez kudeatzen dituena, emisioetan neutro izatea lortzeko, bere burua energiaz eta elikagaiz hornitzeko gai izateko. Jarduera ekonomikoa lehen sektorearen, hirugarren sektorearen eta industria-jardueraren arteko oreka koordinatutik bultzatuko duen eredua. Azken batean, Gasteizen bizi garenon bizi-kalitatea hobetuko duen eredu bat proposatzen dugu, planeamenduaren irizpideei orientazio berria emanez eta eguneroko bizitza aberastuko duten dinamikak ahalbidetuz”, azaldu du Ana Oregik.

6 helburu estrategikoetako bakoitzeko proposamenak

 “Hainbat dira plan orokor berriaren sei helburu estrategikoetako bakoitzean biltzen diren proposamenak, zeinen ezaugarriak hauek baitira: urbanizatu gabeko lurzorua zaintzea, hiri finkatuko hiri-jardueraren aurreikuspenak sendotzea, auzoak eta ondare eraikia berreskuratzea, klima-gorabeherei erantzutea eta industria-lurzoruen edukiera areagotzea, hiri orekatu eta kohesionatua lortzea helburu”, azaldu du Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren arloko zinegotziak, zeinek dokumentuan jasotako proposamenak zehaztu baititu.

 1) Lehen helburuari dagokionez —hiri trinko, konplexu eta kohesionatua—, hainbat dira agirian jaso diren proposamenak. Besteak beste, hiriko urbanizatu gabeko sektoreak, Salburuko eta Zabalganeko partzelazio berriarekin zerikusirik ez dutenak, desklasifikatzea proposatzen da. Era berean, Jauregilandako industrialdea birkalifikatzea azter dadila proposatzen da, bizitegi-erabilera, tertziarioa edo ekipamenduena izan dezan. Beste proposamenetako bat da Borinbizkarran, Hiru Santuetako inguruan eta trenbidea hirian integratzeko espazioan kudeaketa-eremu espezifikoen garapena aztertzea, eta Lakuan hutsik dauden erabilera mistoko lurzatiak birkalifikatzea.

Hiri finkatuari dagokionez, Gasteizko auzoak berroneratu, egokitu eta biziberritzeko 2020-2040 Plan Nagusitik eta dagoeneko abian jarrita dauden birgaitze- eta berroneratze-estrategietatik datoz proposamenak.

2) Bigarren helburu estrategikoari dagokionez —landa-ingurunea eta herriak bultzatu eta babestea—, herrietan garatu gabe dauden lurzoru urbanizagarriko sektoreak oro har desklasifikatzea da irizpidea. Herrien tipologiaren eta kokalekuaren arabera aztertuko dira herri bakoitzaren premiak eta hirigintza-arauak eta parametroak. Orobat baztertzen da Abetxukun eremu berri bat —planaren aurrerapenean planteatutako alternatiba—, eta nekazaritza- eta abeltzaintza-erabileren eta -jardueren erregulazioa berrikustea planteatzen da, herrietako populazioa mantentzeko.

3) Hirugarren helburu estrategikoari dagokionez —natura-, kultura- eta paisaia-ondareari balioa ematea—, hainbat lurzoru eta sektore urbanizagarri desklasifikatzea proposatzen da, hala nola Armentiako parkea, hiriaren inguruan garatu gabeko lurzoruak —Eraztun Berdea osatzeko—, Nekazaritza Eraztuna arautzea eta udal-katalogoa berrikustea, kultura-, paisaia-, arkitektura- eta hiri-balioak aldezteko.

4) Baliabideak eraginkortasunez kudeatzea da laugarren helburu estrategikoaren gakoa, lurralde iraunkorra eta energiari dagokionez eraginkorra ahalbidetzeko. Ildo horretatik, proposamen hauek egiten dira, besteak beste: eraikuntza- eta urbanizazio-ordenantzetan energia-efizientziara eta klima-aldaketara egokitzera bideratutako diseinu- eta eraikuntza-irizpideak txertatzea; ondare eraikia birgaitzeari lehentasuna ematea, hedapen berrien aldean; Lasarteko legar-hobien azpiegitura lurzoru urbanizaezinaren sistema orokor gisa sartzea, eta energia berriztagarrien instalazioak ezartzea erraztea.

5) Jarduera ekonomikoaren galerari aurre egiteko, lurraldearen oreka ekonomikoaren irizpidea aintzat harturik egin ere, hainbat ekintza jasotzen dira agirian, bosgarren helburu estrategikoan. Horrela, hirugarren sektoreko jardueraren alde egiteko, auzoen arteko konexioa sustatzen duten merkataritza-ardatzak sortzea aldezten da, edo merkataritza-lokalak irekitzeko eskakizunak malgutzea. Jarduera ekonomikoetarako lurzoru-erreserbei dagokienez, aireporturako aurreikusitakoak murriztea proposatzen da, VIAPerako lurzoru urbanizagarria mantenduz, baina egungo erreserba (% 80) desklasifikatuz. Orobat proposatzen da Arabako Teknologia Parkean lurzoru urbanizagarria % 70 murriztu eta desklasifikatzea. Aurrerapenean Mercedes handitzeko aurreikusitako erreserbari dagokionez, beharrak aztertuko dira.

Industrialde finkatuei bultzada emateko, berroneratze-eragiketak ahalbidetuko dituzten antolamendu- eta gauzatze-eremuak mugatuko dira.

6) Seigarren helburu estrategikoan —Gasteiz, guztiona eta guztiontzat—, gainerako helburuetarako proposatutako ekintza guztiekin lortu nahi den ondorio nagusia jasotzen da: “osasuna hobetzea, egunerokotasunean mugitzeko beste modu batzuen bidez eta etxebizitzen kalitatea hobetuz; hiri inklusiboa eta genero-bereizkeriarik gabea sustatzea, espazio publiko seguru eta irisgarriak eta gizarte- eta merkataritza-bizitza izango dituena; ingurumen-kalitatea hobetzea, hirigunean integratutako berdeguneekin; inpaktu akustikoak murriztu eta airearen kalitatea hobetzea; kultur ondareari balioa ematea, gasteiztarren ezaugarri gisa, eta berdintasunezko hiri ekitatibo eta bidezkoa sustatzea”, bukatu du Ana Oregik.

Talde politikoek eta teknikariek batzorde txostengilearen datorren asteko bileran aztertu eta onetsi ondoren, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra idazteko oinarria izango da agiria, hainbat onespen eman dakizkion tramitatzen hasiko baita jadanik.

Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Irizpide eta Helburuen Proposamena 

Share

Zuhar Iruretagoienaren ‘Si cae caballo, cae imagen’ erakusketa Montehermoso kulturunean

Ekainaren 20ra arte izango da ikusgai lehen solairuko aretoan

 

Zuhar Iruretagoienaren ‘Si cae caballo, cae imagen’ erakusketa aurkeztu dute Montehermoso kulturunean. Apirilaren 23tik, ostirala, ekainaren 20ra bitartean izango da ikusgai lehen solairuko aretoan. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto eta Zuhar Iruretagoiena egilea bera izan dira prentsaurrekoan. 

2020ko deialdian aukeratutako lau proiektuetako bigarrena da ‘Si cae caballo, cae imagen’. “Deialdi honen bitartez, gure artisten ekoizpena herritarrengana hurbiltzen dugu. Egungo egoeran, are garrantzia handiagoa hartzen du ekimen honek, izan ere tokiko kultura-sektoreak nabarmen pairatu baititu pandemiaren ondorioak. Aurten aurkezten ditugun lanek lotura argia dute osasun krisiarekin eta horrek gizartean dituen ondorioekin”, azpimarratu du Estibaliz Cantok.

‘Si cae caballo, cae imagen’ erakusketan, gizarte bati, ikusizko imajinarioari eta askatasun galerari buruzko hausnarketa egiteko aukera irekitzen du Zuhar Iruretagoienak. Mundu klasikoan boterearen eta subiranotasunaren irudia zaldi-estatuak adierazten badu ere, western zinemak askatasuna fikzionatu behar duen duen mundu postmodernoaren irudia eraikitzen du.

Gaur egungo osasun krisiak kolokan jarri ditu gizarte garaikideko kontu asko. Ildo horretan, krisiak ekarritako irakurketa eta pertzepzio berri horiek agerian jarri nahi ditu proiektuak, zaldiaren figura baliatuta analogia bat sortuz.

 

Egilea

Zuhar Iruretagoiena Arte Ederretako doktorea da, EHUn, eta Pompeu Fabra Unibertsitateko Arte digitaletako masterra du  (Bartzelona). Bere ibilbide artistikoan hainbat sari lortu ditu, besteak beste, Ertibil Bizkaia, Gipuzkoako artista berriena, Caja Madrileko “Generaciones” edo Guggenheim Horma.

Hainbat tokitan erakutsi ditu bere lanak: The Gabarron Foundation (New York,) Cristobal Balenciaga Museoa (Getaria), Rekalde aretoa (Bilbo), C-ART Galerie Prantl & Boch Bregenz (Austria), KM (Donostia) edo Bilboko Guggenheim museoan, besteak beste.

Egun, bateratu egiten ditu Arte Ederretako Fakultateko irakasle lana eta artista- eta sortzaile-lanak.

Artistak berak adierazten duenez, azken lanetan praktika-artistikoari proiektu-kontzeptutik eta ez piezen kontzeptutik heldu beharra taxutu da. Praktikari proiektu- eta prozesu-kontzeptutik ekiteak metodologia aldatzea ahalbidetu dio, eta horrek hobeto erantzuten die unean uneko  interes pertsonalei.

Proiektu-kontzeptuak praktika artistikoa ikuspegi zabalagotik jorratzeko aukera ematen dio, non azken pieza edo lanaren muntak garrantzia galtzen duen, eta sorkuntza-prozesuak esperimentazio- eta ikerketa-praktika gisa duen potentzial guztia hedatzen duen.

Share