Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-04-15)

Prentsaurrekoa. ‘Poetak maiatzean’ Jaialdiaren aurkezpena

Parte hartzaileak. Kultura eta Hezkuntza zinegotzi Estíbaliz Canto; Kultura eta Kirol foru zuzendari Ana del Val; Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza zuzendari Goyo Zurro; Fundación Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibañez de Opacua; eta ‘Poetak maiatzean’ Jaialdiko zuzendari Elisa Rueda

Eguna. Osteguna, apirilak 15

Ordua. 11:00

Tokia. Montehermoso Kulturunea

Share

Industrialdeetara egiten diren 10 joan-etorrietatik 7 auto pribatuan egiten dira

– Gasteizko Udalak industrialdeetarako mugikortasunari buruzko lehen inkestaren emaitzak aurkeztu ditu gaur. Inkesta horretan, egunero gune horietan lan egiten duten ia 4.000 pertsonak hartu dute parte

– Joan-etorrien jasangarritasunari eta horrek hiriko ingurumenean duen eraginari dagokienez, hobetzeko tarte handia dagoela erakusten dute datuek; izan ere, Gasteizko berotegi-efektuko gasen isurien heren bat garraiotik dator

– Bizikleta da bigarren garraiobide erabiliena (joan-etorrien % 16); galdetutako pertsonen % 13k soilik egiten dute telelana

Gasteizko Udalak hiriko industrialdeetarako mugikortasunari buruzko lehen inkestaren emaitzak aurkeztu ditu gaur. Inkesta iazko abendutik 2021eko otsailera bitartean egin zen. Gune horietan lan egiten duten ia 4.000 pertsonak erantzun diote ekimenari, hau da, langile guztien % 10ek baino gehiagok. Inkestatutako pertsonen % 91 gure udalerrian bizi dira, % 65 gizonezkoak dira eta gainerako % 35ek emakumezkoak.

Erantzunen arabera, pertsona horien % 70 auto pribatuan doaz egunero enpresara. Ehuneko hori % 89 da Goiainen kasuan, % 81 Arabako Teknologia Parkean eta % 48 Ehari Gobeun. Azken hori da mugikortasun ohitura jasangarrienak dituen industrialdea, hiriko bizitegi-eremutik gertu dagoelako. Jundizen kasuan, % 77 baino gehiago doaz autoan lanera. Halaber, joan-etorri horiek denbora-tarte labur batean pilatzen direla erakusten du inkestak. Joaneko bidaien % 84 goizeko 6ak eta 8ak bitartean egiten dira, eta itzulerako bidaien % 75, 14ak eta 18ak bitartean. Nabarmentzekoa da ere joan-etorri horietan ibilgailu-parkeak batez beste 10 urte baino pixka bat gehiago dituela.

Inkestan deigarria den beste datu bat industrialde horietako langileek beren enpresetara iristeko behar duten denbora da. Gehienek, hau da, % 75ek baino gehiagok, 20 minutu baino gutxiago behar dituzte, hiri handietan baino askoz denbora gutxiago. Gamarra eta Betoñuko erabiltzaileak dira lanpostura iristeko denbora gutxien behar dutenak; aitzitik, Goiain eta Arabako Teknologia Parkean lan egiten dutenak dira denbora gehien ematen dutenak: % 35 inguruk 21 eta 30 minutu artean behar dituzte egunero hara iristeko. Aparkalekua bilatzen, aldiz, oso denbora gutxi ematen dute: inkestatuen % 89k 5 minutu baino gutxiagoan aparkatzen dute. Izan ere, aparkaleku eskaintza zabala dago, bai espazio publikoan, bai enpresen barruan, eta % 60k baino gehiagok enpresaren barruan aparka dezakete. Industrialdeka, Subillabide da aparkatzeko arazo gutxien dituena eta Ehari Gobeu, aparkatzeko denbora gehien behar den gunea; hala ere, langileen % 70k 5 minutu baino gutxiago behar dituzte autoa aparkatzeko.

Bizikleta asko erabiltzen da lanerako mugikortasunean

Inkestako datuek agerian uzten dute, halaber, Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana indarrean sartu zenetik Gasteizek bizi izan duen bizikletaren gorakada. Industrialdeetara joateko bigarren garraiobide erabiliena da, baina auto pribatutik oso urrun dago oraindik. Gune horietarako joan-etorrien % 11 ibilgailu pedaldunarekin egiten dira, eta Ehari Gobeu eta Betoñu nabarmentzen dira bereziki, bidaien % 26 eta % 24 horrela egiten baitira, hurrenez hurren. Aitzitik, Goiain eta Teknologia Parkea, hau da, hirigunetik urrunen dauden bi guneak, dira ehuneko txikiena dutenak (% 1 eta % 2).

Baliteke bizikleta nabarmen erabiltzea joan-etorriak egiteko denbora lehiakorrena duen garraiobidea delako, auto pribatuaren ondoren. Izan ere, inkestatutako pertsonek adierazitakoaren arabera, 17 minutu behar dituzte Betoñura bizikletan joateko eta 32 minutu Teknologia Parkera iristeko. Nolanahi ere, eta datu horien aurrean, harrigarria da erabilitako denboraren hautematea subjektiboa bizikletari benetan dagokiona baino askoz handiagoa dela. Adibidez, Teknologia Parkeko erabiltzaileek uste dute Gasteiztik bizikletan joateko 69 minutu beharko lituzketela, joan-etorri horretarako benetan behar dena baino 37 minutu gehiago.

Bestetik, azterlanaren arabera, COVID-19aren pandemia gorabehera, langileen % 13k soilik egin ohi dute telelana, beste hiri batzuetan baino askoz gutxiago. Emakumeak dira telelan gehien egiten dutenak eta Arabako Teknologia Parkea da telelan gehien egiten den lekua (langileen % 38). Goiainen, aldiz, % 2 bakarrik.

Aldatzeko aurrejoera

Mugikortasunari buruzko inkestan, halaber, langileei galdetu zaie ea prest dauden joan-etorriak modu jasangarriago batean egiteko. Azpimarratzekoa da inkestatutako unibertsoaren % 83 lanera joateko bizikleta erabiltzeko prest egongo litzatekeela, baldin eta azpiegituren baldintzak hobetzen badira, bereziki bideen argiztapena eta kontserbazioa hobetuko balitz eta bide horiek erosoagoak izango balira. Halaber, % 14k bizikletentzako aparkaleku seguruak eskatzen dituzte, eta inkestatutako enpresen % 58k aitortu dute ez dutela bizikletentzako aparkalekurik beren instalazioetan. Era berean, % 71 prest daude garraio publikoa erabiltzeko, baldin eta maiztasuna areagotzen bada eta lurralde-estaldura asko zabaltzen.

Aitzitik, soilik inkestatutako langileen % 52 egongo lirateke ibilgailua partekatzeko prest —% 61 Teknologia Parkearen kasuan—, eta soilik % 30ek pentsatuko lukete dagokien industrialdera oinez joateko aukera.

Lanera joateko mugikortasun jasangarriaren beharra

Industrialdeetarako mugikortasunari buruzko inkesta hori Hiriko Industrialdeetarako Mugikortasun Jasangarrirako Plana sortzeko oinarria da. Plana estatu osoko lehenetako bat da, eta lanerako mugikortasun jasangarriago bat ezarri nahi du, Europako hiri guztietan konpondu gabeko arazoetako bat. Enpresekin, langileekin eta, oro har, herritarrekin batera sortutako lana da. Orain, jarraian, lehen diagnostiko bat aurkeztuko da, eta, ondoren, Mugikortasun Elkargunearen bidez modu parte-hartzailean landuko den lehen estrategia bat planteatuko da. Asmoa da plana urtea amaitu baino lehen aurkeztea.

Industrialdeetara modu jasangarriagoan joateak gure hirian berotegi-efektuko gasen isuria murrizten eta, beraz, airearen kalitatea hobetzen lagunduko luke zuzenean. Ez da ahaztu behar gaur egun isuri horien herena herritarrek mugitzeko duten premia guztiek eragiten dutela. Bestalde, eragin zuzena du langile guztien osasuna hobetzeko orduan, in itinere istripuak eta estres maila murrizten baitira. Jakina, enpresen lehiakortasunak ere gora egiten du, talentua erakartzeari edo eraginkortasunari dagokionez.

Share

Erdi Aroko hiriguneko eta Mateo Moraza eta San Antonio kaletako zamalanetarako ordutegia aldatu delarik, 11:30etatik jarri ahal izango dituzte terrazak ostalaritza-establezimenduek

Erdi Aroko hiriguneko eta Mateo Moraza eta San Antonio kaleetako zamalanetarako ordutegia aldatzea onetsi du Udalak. Gaurtik aurrera, 11:00etan bukatuko dira banaketa-enpresen lanak. Inplikatutako alde guztien jarrera onari esker izan da posible aldaketa hori, eta zona horietako ostalaritza-establezimenduei aukera emango die 11:30etik aurrera terrazak jartzeko.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok sinatu du zamalanetarako ordutegia aldatzeko ebazpena. Gainera, inguru horietako seinaleetan idatzitako ordutegia aldatu du Udalak. Araudi berriaren helburua da ostalaritza-negozioei aukera ematea 11:30etik aurrera jar ditzaten terrazak; izan ere, 13:30etik aurrera baino ezin zuten egin orain arte. Kontuan izan da hain zuzen ere terraza horiek direla establezimendu horiek diru-sarrerak lortzeko duten modu bakarra, Covid-19aren pandemiaren ondorioz lokalen barruan funtzionatzerik ez dutenez.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren eta hainbat kolektiboren artean —Gasteizen On, banatzaileak, SOS Ostalaritza eta ostalaritza-elkarteak— izandako negoziazioetan lortutako adostasunaren fruitu izan da erabakia.

Share

Iraunkortasunaren aldeko Gobernu Lokalen Mundu-biltzarrean parte hartzen ari da Gasteiz aste honetan

ICLEIren Batzorde Betearazleko kide da Ana Oregi alkateordea, eta Gobernu Lokalen Sarearen Europako Batzordearen bost ordezkarietako bat

 

ICLEIk Suediako Malmö hirian antolatutako Iraunkortasunaren aldeko Gobernu Lokalen Mundu-biltzarrean parte hartzen ari da Gasteiz aste honetan, online. Gobernu lokalek eta eskualdeetakoek hiri-garapen iraunkorrean nola aurrera egin dezaketen aztertu eta eztabaidatzen ari dira bertan.

Ana Oregi alkateorde eta Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren arloko zinegotzia da Gasteizek mundu mailako biltzar horretan duen ordezkaria. Gainera, ICLEIko batzorde betearazleko aholkulari da, eta Sarearen Europako Batzordeko bost ordezkarietako bat.

Bazkide estrategikoekin konektatzen ditu biltzarrak sareko kideak, eta gai globalei buruz eztabaidatzeko plataforma bat eskaintzen du. Partaideen artean, ehunka gobernu lokal, eskualdeetako eta nazionalak daude, baita nazioarteko agentziak, sektore pribatuko ordezkariak, akademiko eta ikertzaileak eta planeta osoko talde komunitarioak ere.

50etik gora jardunaldi eta lantegi izango dira gainera, parte-hartzaileei aukera ematen baitiete munduko egungo gertakarien testuinguruan hiri-iraunkortasuna jorratzeko, konpromisoak hartzeko eta ideiak trukatzeko. Iraunkortasunaren arloko ekintza kolektiboan aurrera egiteko —bizkorrago aurrera egiteko— modurik onena aztertuko dute elkarrekin, ICLEIren bost garapen-bide interkonektatuak aintzat hartuta: emisio gutxiko garapena, zirkularra, erresistentea, ekitatiboa eta pertsonengan zentratua.

 “Erakunde horrek pisu handia du nazioartean, eta estu lan egiten du Nazio Batuekin eta Europako hainbat erakunderekin, gobernu lokalen iritzia aintzat hartzen dela ziurtatzeko. Gainera, sare tematikoen eta proiektu zehatz oso interesgarrien bidez esperientziak trukatzeko aukera ematen du”, nabarmendu du Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotziak.

 

BIDEOA  https://www.youtube.com/watch?v=OHpNOPam6cc

Share

Iñaki Zubizarreta Baskonia taldeko jokalari ohiak ‘Subnormal’  komikia aurkeztuko du Gasteizen

Eskola jazarpenari buruzko hitzaldia apirilaren 16an, ostirala, izango da, Hegoalde gizarte-etxean.

Apirilaren 16an, 18:30ean, Iñaki Zubizarreta Baskonia taldeko jokalari ohiaren bizitzan oinarritutako ‘Subnormal’ komikia aurkeztuko da Hegoalde gizarte-etxeko familia liburutegian.

Panini argitaletxeko liburuak bullyinga jorratzen du, eta kirolari horren bizitzako hainbat pasarte kontatzen ditu. Gainditze- eta itxaropen-mezua zabaltzen duen historia gogorra.

Argitalpen honekin, eskola jazarpenaren arazoa ikusarazi nahi du Zubizarretak, ikastetxeetan ez ezik, familia-, pertsona- eta gizarte-arloetara ere iristen den arazoa.

Iñakik eskola jazarpena jasan zuen eskolan, eta 11 urte zituela bere buruaz beste egitea ere pentsatu zuen. Hedabideetako berri batek inflexio-puntua eragin zuen bere bizitzan. “Ez nuen inoiz berriz onartuko ezerk eta inork ni umiliatzea , eta ez nuen utziko inork gaizki pasa zezala nik zerbait ikusiz gero”. Orain buru belarri ari da egoera hori pairatzen duten haurrei laguntzen.

Komikiaren protagonista José Luis Córdobaren hitzetan, “ Inakik bizitzaren aurrean duen jokabidea, eskola-jazarpenaren kontra egiten duen borroka, kirolari gisa egin duen jokaldirik onena da”.

12 urtetik gorakoei zuzendutako doako jarduera honek edukiera mugatua du. Osasun-agintariek COVIDaren kontra ezarritako prebentzio-neurriak beteko dira.

 

Informazio gehiago

Share

Gizonezko bat eta haren bikote ohia atxilotuta elkarri eraso egiteagatik

Udaltzainek 43 urteko gizonezko bat eta haren bikotekide ohia, 36 urteko emakumezkoa, atxilotu zituzten atzo genero-indarkeriaren eta etxeko indarkeria delituen (hurrenez hurren) ustezko egileak izateagatik.

092ra egindako dei batek ohartarazi zuen Erdi Aroko hiriguneko etxebizitza batean eztabaida gogorra entzun zitekeela. Bertaratu zen patruilak bi pertsonak elkarri eraso egin izanaren bistako seinaleekin topatu zituen.

Gertakariak eta lesioak ikusita, udaltzainek atxilotu egin zituzten eta gaur jarriko dituzte epailearen aurrean.

Larderia erabiliz egindako lapurreta

Udaltzainek 18 urteko gazte bat atxilotu zuten atzo Fontetxako Gazteluaren kalean larderia erabiliz egindako lapurreta delituaren ustezko egilea izateagatik. Izan ere, senarrarekin batera oinez zihoan emakume bati poltsa kendu zion. Senarra hura harrapatzen saiatu zen eta, ondorioz, poltsa lurrera bota zuen.

Patruilak ustezko lapurra Zabalgana auzoan topatu eta atxilotu zuen hiritar baten (gertakarien lekukoa) laguntzari esker. Izan ere, hark eman zituen ihes egiteko garaian hartutako noranzkoaren eta deskribapenaren inguruko informazioa.

 

Share

Oraindik bada lekurik Etxe Berdeak programan

Maiatzaren 2an amaituko da izena emateko epea.

 

Udalak eta Vital Fundazioak Etxe Berdeak programan parte hartzera gonbidatzen dituzte herritarrak. Udaberrian jarriko da berriz martxan programa berritua, eta familiek energia, ura, mugikortasuna, kontsumoa eta hondakinak jorratuko dituzte lantegi praktiko berrietan. Gainera, energia-kontsumoari, birziklapenari eta konpostatzeari buruzko saio irekiak eta bizikletak konpontzeko tailerrak egingo dituzte jende orori zuzenduta.

Etxe Berdeak doako programa bat da, eta energia- eta ur-kontsumoa murriztu eta etxeetako ingurumen-osasuna eta eguneroko ohiturak hobetu nahi dituzten familiei zuzentzen zaie. Interesa duten pertsonek eta familiek maiatzaren 2ra arte eman dezakete izena.

2015ean hasi zen Etxe Berdeak programa Gasteizen, 25 familiarekin. Programaren arrakasta ikusita, 50 familiak parte hartzeko aukera eman zen. Familia kopuru hori egokitzat jo zen programa behar adina arretaz eta xehetasunez egiteko. 2019an kopurua 55 familiari zabaltzea erabaki zen, eta iaz 75 familiari.

 

Zer eskaintzen du Etxe Berdeak programak?

  • Bisita bat etxera, etxeko kontsumoak aztertzeko.
  • Aditu baten aholkularitza urtebetez, zalantza guztiak argitzeko.
  • Gaikako bost lantegi (energia, hondakinak, ura, mugikortasuna eta kontsumoa), eta etxeko fakturetan aurrezteko aholku erraz eta praktikoak.
  • Lantegi praktikoak: energia eta ura aurreztea, gidatze ekologikoa, bizikletak, kontsumoa eta erosketak, plastikoak eta konpostatzea
  • Etxean aurrezten laguntzeko elementu ugari.
  • Kontsumo- eta mugikortasun-ohitura iraunkorrak hartzea

 

Izen-emateak:

Maiatzaren 2ra arte, udalaren webgunean eta herritarrei laguntzeko bulegoetan. Informazio gehiago: 945/162696)

Share