Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdia (2021-04-30)

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, apirilak 30

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

 

Share

Gasteizek azaldu du zertan den hiri-plangintza berrian genero-ikuspegia sartzeko bere eredua

Gaur, Ana Oregi alkateordeak parte hartu du “Ciudades Sostenibles, un reto para el liderazgo femenino en demanda de instituciones sólidas” topaketan, zeina Pontevedrako Diputazioak antolatu baitu.

Gaur, alkateorde eta Lurraldea eta Klimaren aldeko Ekintza Saileko zinegotzi Ana Oregik azaldu du zertan den Gasteizko udalerriko hiri- eta lurralde-estrategietan genero-ikuspegia sartzeko eredua, “La Agenda 2030 y el papel de las mujeres en la administración pública del futuro” izeneko jardunaldien esparruan. Zehazki, “Ciudades sostenibles: un reto para el liderazgo femenino en el mundo local en la procura de instituciones sólidas” topaketan, zeina Pontevedrako Diputazioak antolatu baitu.

Ana Oregik azaldu du zer lan egin den Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriaren aurrerapenarekin batera. Horretan, aztertu da HAPOren zein proposamen eta ekintza diren berdintasunaren aldeko eta esplizitatu eta aintzatetsi beharrekoak; genero-ikuspuntutiko hobekuntzak jaso ditu aurrerapeneko neurri eta konponbideetarako; jasota ez zeuden eta txertatu beharko liratekeen proposamenak eta ideiak proposatzen ditu; plangintzaren osagarri diren politikak identifikatzen ditu, eta beste hiri batzuetako adibideak aztertzen ditu.  Lan hori guztia “Hiri Antolaketarako Plan Orokor berrian genero-ikuspegia sartzea” dokumentuan jaso da, eta hura orain batzorde txostengilea berrikusten ari den plangintzaren dokumentazioaren eta izapidetzearen parte dira.

Gasteiz bizitzeko hiri eroso eta erraza izan da, berdinzale samarra, eta gizarte-laguntza sendoak eta zerbitzu eta ekipamendu onak zituen, baina eredu hori aldatu da, edo zenbait joerak gainditu dute. Horietako batzuk espontaneoak dira; beste batzuk, berriz, kohesio hura hautsi duten erabaki publikoen ondorio dira: hiri berria pribatizatuagoa da, lurraldean zabalagoa, gizarte-taldetan eta auzotan zatituagoa, eta bidea eskatzen duten eragile berriak ere baditu: gazteak, etorkinak, emakumeak, adineko pertsonak, dibertsitate funtzionala duten pertsonak, LGTB+ biztanleria… eta horiek guztiek auzitan jartzen dute aurreko eredua hain kohesionatu eta bidezkoa zenik. Funtsezko deritzogun dilema honen aurrean, genero-ikuspegia interesgarria da haren muin-muinean baitago: galdetzen du nola eskaini segurtasuna eta berdintasuna biztanle guztiei gero eta banakakoagoa den gizarte batean taldeen eta gizabanakoen ezberdintasuna eta emantzipazioa sakrifikatu gabe”, azaldu du Ana Oregik.

Ildo horretan, alkateordeak nabarmendu duenez, dokumentuan “ongizatearen kontzeptu berri bat eskatu, eta proposatzen da: gizarte-taldeen artean ondasunak eta zerbitzuak banatu ez ezik, hura egiteko orduan, pertsona gehiagoren hautatzeko eta asebetetzeko aukerak handitu daitezen moduan egitea. Hala, etxebizitza-politika ez da izango etxebizitzak arrazoizko prezioan eskaintze hutsa, baizik eta, horretaz gain, tipologia-, erabilera-, jabetza- eta sarbide-aniztasuneko baldintzetan eskaintzea, oraindik ezagutzen ez ditugun beste bizikidetza- eta familia-era batzuk posible izan daitezen. Eta, gainera, kontuan hartuko da zer eragin izango duten auzoen konplexutasunean eta errenten eta adinen nahasketan, eta saihestuko da eremu batzuk hobetzeak beste eremu batzuk hustea ekartzea, eta abar. Gauza bera esan liteke mugikortasunari, espazio publikoari, ekologiari eta ekonomiari buruz: kontua ez da esparru neutral edo huts bat eskaintzea, baizik eta taldeen eta lurraldeen arteko oinarrizko berdintasunari eutsiko dion, baina aldi berean barne-bereizketa eta asmaketa sozialeko ahalmena sustatuko dituen asmo handiko proposamen bat egitea.

Plan Orokor batek ilusioa pizten duen etorkizunerako proiektua behar du izan, eta askotariko itxaropen eta interesak batu, irudi komun baten inguruan. HAPOa ez dokumentu “tekniko” hutsa; aitzitik, hiriaren eredu baterako proposamen politiko baten isla teknikoa da. Generotiko ikuspuntua aplikatzean, ezinbesteko irizten diogu lehentasunak eta hiri-ereduaren helburuak aldatzeari, eta hori, izan ere, inplizitu dago plangintza berriaren proposamenean”, amaitu du Ana Oregik.

“Hiri Antolaketarako Plan Orokor berrian genero-ikuspegia sartzea” 

Share

Bi atxilotu bikotekideei eraso egiteagatik

Udaltzainek bi gizonezko atxilotu zituzten (30 urteko bat, eta 39 urteko beste bat) beren bikotekideei eragindako eraso-delituen ustezko egileak izateagatik genero-indarkeriaren esparruan.

Poliziaren lehen esku-hartzea 22:00ak inguruan gertatu zen, Udaltzaingoko patruila batek Adurtza inguruan emakume bat negarrez ikusi zuenean. Emakumeak gertatu berria zen eraso baten ondorio ziren zauriak eta hematomak zituen. Udaltzainei aitortu zienez, bere bikotekideak egin zion eraso.

Hala, udaltzainek gizonezkoa topatu zuten eta neska-lagunarekin eztabaidan aritu zela onartu zien. Ondorioz, atxilotu egin zuten eta gaur jarriko dute epailearen aurrean.

Bigarren esku-hartzea 22:15 inguruan gertatu zen, bikotekidearekin arazoak zituelako emakume batek laguntza eskatuz Poliziaren Zentralera deitu zuenean.

Bertaratu ziren udaltzainek egiaztatu zuten gizonezkoak emakumea iraindu eta mehatxu egin ziola, nahiz eta eraso fisikorik eragin ez. Gizonezkoak emakumeari etxetik alde egitea eragotzi zion, emakumeak udaltzainei azaldu zien moduan.

Udaltzainek gizonezkoa atxilotu eta polizia-etxera eraman zuten. Gaur utziko dute epailearen esku.

Larderia erabiliz egindako lapurreta

19 urteko gazte bat atxilotu zuten atzo udaltzainek larderia erabiliz egindako lapurreta-delituaren ustezko egilea izateagatik.

13:45 inguruan, Zumakadi kalean, 76 urteko emakume bati poltsa lapurtu zion tira eginda. Emakumea lurrera erori eta arrastaka eraman zuen poltsa lortu zuen arte. Lekuko batzuek emandako azalpenei eta deskribapenei esker, udaltzainek erasotzailea topatu eta atxilotu egin zuten. Erasotzailea polizia-etxera eraman zuten eta atzo geratu zen epailearen esku.

Errekisitoria judiziala

Udaltzainek 59 urteko gizonezkoa atxilotu zuten asteartean atxilotzeko eta epailearen aurrean jartzeko agindua zuelako.

Udaltzainak atxilotuaren etxebizitzara joan ziren (Zaramaga auzoan) eta, identifikatu ostean, atxilotuta geratzen zela jakinarazi.

Sutea ke-kanpai batean

Suhiltzaileek atzo Bruno Villarreal kaleko etxebizitza bateko ke-kanpaian piztu zen sua itzaltzeko esku hartu behar izan zuten atzo. PSISZko kideek garrak urarekin itzali eta kearen eragin handi samarra jasan zuen etxebizitza aireztatu zuten. Pertsona batek jaso behar izan zituen osasun arloko langileen zaintzak kea arnasteagatik.

COVID-19arekin lotutako salaketak

San Prudentzio jaien baitan, apirilaren 27 eta 28an, Udaltzaingoak bileran 4 pertsonako gehieneko muga ez errespetatzeagatik 14 zigor-proposamen egin zituen, beste 3 musukoa derrigor erabiltzeko agindua ez betetzeagatik, eta 1 itxiera perimetralak ez errespetatzeagatik.

Zigor-proposamen horiez gain, ostalaritzako lokalei beste 3 proposamen jarri zizkieten beren instalazioetan musukoa derrigor erabiltzeko agindua ez betetzeagatik, eta beste 2 establezimenduri Covid-19aren aurkako neurrien baitan ezarritako ordutegia ez betetzeagatik.

 

 

Share

Gasteizek WhatsAppen bidezko zerbitzu bat estreinatu du Enplegu Zerbitzuaren ikastaroei buruzko informazioa emateko

Gasteizko Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak komunikazio-kanal berri bat jarri du abian WhatsAppen bidez hiriko Enplegu Zerbitzuaren nobedadeen berri emateko modu pertsonalizatuan. Horrela, WhatsApp erabil daiteke dagoeneko edozein gailu mugikorretan hainbat informazio interesgarri jasotzeko, hala nola prestakuntza-ikastaroen eskaintzari buruzko informazio eguneratua, astearteetako jardunaldi teknologikoak, orientabide-zerbitzuetara bertaratzeko gogorarazpenak, eta ikastaroetarako hautaketa-prozesuak.

Enplegu eta Prestakuntzaren WhatsAppean alta emateko, zerbitzuaren zenbakia (628 150 318) eduki behar da telefonoko kontaktuetan sartuta eta izen deskriptibo batekin identifikatuta (esate baterako, “Gasteizko Enplegu eta Prestakuntza”). Zenbakia kontaktuetan sartuta dagonean, txat bat sor dezake erabiltzaileak ALTA hitza bidaliz. Eragiketa erraz hori egindakoan, eskaera jaso dela berresteko mezu bat jasoko du, datu pertsonalen tratamenduari buruzko informaziorako esteka batekin. Alta-eskaera amaitzeko, NAN/IFK/IFZ zenbakiarekin eta “IRAKURRI DUT” esaldiarekin erantzun behar du, erabiltzaileak datu pertsonalen tratamendua onartzen duela jasota geratzeko.

Halaber, bestela ere egin daiteke alta, mugikorretik: bai  esteka sakatuz, bai Gasteizko Udalaren webgunean dagoen QR kodea eskaneatuz.

Kanal berri honek beste zenbait informazio ere emango ditu: Ignacio Ellacurían eta CETICen dauden autoprestakuntzarako gela, enplegu-zentroa, ikastaro eta zerbitzuen katalogoa, zerbitzuaren jendaurreko arretako ordutegiak… Nolanahi ere, egunean bi informazio-alerta bidaliko ditu gehienez ere, salbu eta larrialdiko abisuak badira. Arreta-zerbitzuaren ordutegia 09:30-16:30 izango da, astelehenetik ostiralera.

Enpleguaren zinegotzi Igor Salazarrek adierazi duenez, “WhatsApp aukeratu dugu komunikazio-kanal optimizatua baita eta erraztuko baitu informazioa banatzea eta era pertsonalizatuan jasotzea telefono mugikorrean”. Hain erabilia den aplikazio horren bidezko zerbitzu berriak “interesdunei informazio erabilgarria erraz eta eraginkortasunez helarazteko helburua du”, gehitu du zinegotziak.

Izena eman dutenek une oro dute baja emateko aukera: WhatsAppen bidez BAJA hitza bidali, eta informazio-zerbitzutik berehala ezabatzea aktibatuko da.

 

Share

Etxauri plaza jolastoki moderno, naturalizatu eta berritzaile bihurtuko da Erdi Aroko hirigunearen erdi-erdian

Haurren Auzoa proiektua “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” partaidetza-prozesuaren emaitza da eta hirigune historikoko bizilagunekin batera diseinatu da; 573.512 euroko aurrekontua izango du

 

Esku-hartzeak inklinatutako berdegune bat jartzea proposatzen du, ipuin kontalarientzako espazio txiki batekin eta Gasteizko Mendietara begira dagoen balkoi batekin

 

Eskalada gune bat, txirristak eta zabuak, egurrezko oreka-jolasak, ping-pong mahai bat eta saski bat, eta zuhaitzak eta arrosa-landareak izango ditu

  

Haurren Auzoa proiektuak guztiz eraldatuko du Etxauri plaza, Erdi Aroko hirigunearen bihotzean. Udalak jolastoki moderno, naturalizatu eta berritzaile bihurtuko du gunea. Proiektua, “Haurren Auzoa” izenarekin ezaguna eta “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” partaidetza-prozesuaren barruan sortua, auzokoekin batera diseinatu da. Bihar, Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Sailak lizitaziora aterako du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak diseinaturiko lanak burutzeko kontratua. Lanek 573.512 euroko aurrekontua izango dute eta zortzi hilabeteko gauzatze-epea.

Herritarren Partaidetzaren zinegotzi Borja Rodríguezek adierazi duenez, “proiektu honek argi uzten du Udalak kontuan hartzen dituela herritarrek Hobetuz programaren bidez egiten dituzten iradokizunak”. Zinegotziak azpimarratu duenez, Erdi Aroko hiriguneak “topagune berri bat izango du Etxaurin eta egungo plaza ordezkatuko du, premiazkoa baitzen hura eraberritzea”.

“Proiektu honekin Erdi Aroko hirigunea osorik biziberritzeari ekingo diogu”, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok. “Etxauri plaza berdeagoa, atseginagoa eta modernoagoa izango da. Hirigune historikoaren bihotzean egoteko gune bat, familiekin batera diseinatua izan dena”.

Espazio berria diseinatzean, Udalak Erdi Aroko hirigunean bizi diren haurren eta bere familien proposamenak integratu nahi izan ditu. Horregatik, guneak jolas-eskaintza zabala izango du: alde batetik, gaur egun dagoen ping-pong mahaia mantenduko da, eta, bestetik, proposamen berritzaileagoak ere jarriko dira, hala nola, eskalada gune bat eta ipuin kontalarientzako espazio bat. Azken hori inklinatutako landare-hegal batean sortuko da, eta Gasteizko Mendietara begira dagoen balkoi ere izango da.

Egun, esku hartuko den eremua zaharkituta dago. Oinezkoen joan-etorria oztopatzen duten parterreak ditu, egoera txarrean dagoen saskibaloi-kantxa bat, bai eta berritu beharreko haurrentzako jolasgunea eta bankuak ere. Aisialdirako espazio horren ondoan eta metalezko itxitura baten bidez bereizita, Erdi Aroko hiriguneko aparkalekua dago.

Gunea eraldatzeko burutuko den proiektuak hiru jolas-eremu izango ditu:

Inklinatutako gunea. Gasteizko Mendietara begiratuko duen landare-hegal bat proiektatu da eta balkoi horrek itsasontzi-branka forma izango du. Proiektuak Europako lur-gotorlekuak hartzen ditu erreferentziatzat (Kopenhageko Kastellet, Errenteriako San Markos gotorlekua). Naturalizatutako zerrenda hori egoteko eta erlaxatzeko eremua izango da, bankuak izango ditu eta ipuin kontalarientzako gune gisa ere funtzionatuko du. Alboetan arrosa-landare ederrez inguratuta egongo da.

Egurrezko horma. Oraingo metalezko hesiaren ordez egurrezko horma bat jarriko da parkea eta aparkalekua bereizteko. Hesi horren inguruan hainbat jolas jarriko dira: eskalada sokekin, hormaren kontra jarritako txirristak, oreka enborren eta harrien gainean, egokitutako zabu bat,… Zoruak, gainera, gomaren ordez azalezkoak izango dira, jasangarriagoak izateko.

Erdiko gunea. Antzokiaren eta hormaren arteko eremua partzialki zolatutako espazio bat izango da eta zulaturiko lorategi bat izango du erdian, arrapalez inguraturik. Naturalizatutako eremu horretan zumezko habi bat eta enborrekin egindako espiralak jarriko dira, oreka-jolasak egiteko. Induskatutako espazio horretako hegal txikietan sokak jarriko dira gora eta behera ibiltzeko. Zolatutako eremuan ping-pong mahai bat eta saski bat jarriko dira, azken hori zuhaitz moduan antolatutako hiru uztairekin.

Altzariak. Aulkiak eta bankuak Gasteiz modelokoak izango dira.

Zuhaitzak. Hamar lizar handi landatuko dira, itzala eman eta eremua berda dezaten. Gainera, bankuak jarriko dira zuhaitz horien inguruan.

Tirolina Etxanoben. Proiektuak Etxanobetarren lorategian tirolina bat jartzea ere aurreikusten du. Izan ere, Ramón Bajoko haurrak horren alde azaldu ziren eta Udalak instalatzeko konpromisoa hartu zuen.

HAURREN AUZOA DOSSIERRA

Share

Aire zabaleko jarduera berriak programatu ditu Kirol eta Osasun Sailak Mendizorrotzean, maiatzean eta ekainean

Aire zabaleko jarduera multzo berri bat hartuko du Mendizorrotzeko kirol-esparruak maiatzaren 17tik ekainaren 18ra bitartean, hainbat ordutegitan, goizez eta arratsaldez. 17 urtetik gorakoei zuzendutako jarduerak dira, malgutasuna lantzeko, giharrak tonifikatzeko, estresa gutxitzeko eta zirkulazio-aparatua hobetu eta indartzeko, besteak beste.

Hauek dira jarduerak:

  • tonifikaziorako jarduera aerobikoa eta musikala
  • jarduera musikala egungo erritmoekin
  • sasoia
  • mantentze-gimnasia
  • tai jia
  • yoga

Tai jiaren eta yogaren kasuan, adinekoentzako bertsio espezifikoak aurreikusi dira. Maiatzaren 10etik aurrera eman ahal izango da izena. Esterila norberak eraman beharko du berekin. Eguraldi txarra egiten duen egunetan Beti Jaiko gimnasiora aldatu ahal izango dira jarduerak.

Informazio gehiago: Aire zabaleko jarduera berriak

Share