Prentsa Oharren banner

Udaltzainek 220 salaketa jarri dituzte Aste Santuan Covid-19aren aurkako neurriak ez betetzeagatik

Udaltzaingoak 220 salaketa egin ditu Aste Santuan Covid-19ari aurre egiteko dekretatutako neurriak ez betetzeagatik. Beste behin, martxoaren 31tik apirilaren 5era egindako zehapen-proposamenen artean, musukoaren nahitaezko erabilera ez betetzeari edo gaizki erabiltzeari lotutakoak nabarmentzen dira. Guztira 53 salaketa bildu dituzte arrazoi horregatik.

Salatutako arau-hausteak:

  • Gehienez 4 pertsonako taldeen muga ez errespetatzea: 49 salaketa
  • Musukoaren erabileragatiko arau-haustea: 47
  • Bide publikoan alkohola kontsumitzea: 31
  • “Etxeratze agindua” haustea: 23
  • 2 metroko distantzia gorde gabe erretzea: 17
  • Ez zaintzea establezimenduetan arauak betetzen direla: 13
  • Musukoaren erabilera desegokia: 6
  • Ostalaritzako baimendutako edukiera ez betetzea: 4
  • Autonomia-erkidegoko sarrera-irteerak ez errespetatzea: 1
  • Pertsonen arteko distantzia ez mantentzea: 1
  • Apustu-lokaletan ordutegia ez betetzea: 1
  • Salatutako beste egoera batzuk: 27

Mehatxuak arma zuriarekin

 Udaltzainek igandean 29 urteko gizonezko bat atxilotu zuten arma zuriarekin mehatxuak egin izanaren delituaren ustezko egilea izateagatik.

Zabalgana etorbideko apustu-lokal batean 20:00ak baino lehentxeago izan ziren gertakariak: atxilotuak beste gizonezko batekin eztabaida izan zuen, eta saltokiaren kanpoaldean itxaron zion gero, poliziak jasotako lekukotzen arabera, aizto batekin eraso egiteko asmoz. Biktimak berak lortu zuen arma kentzea eta, zenbait lekukoren laguntzarekin, ustezko erasotzailea atxiki zuten udaltzainak iritsi arte.

Egun berean, udaltzainek 25 urteko gizonezkoa atxilotu zuten genero-indarkeriaren delitua eta agintaritza-agenteen aurkako atentatuaren delitua egiteagatik. Herritar batek patruila bati ohartarazi zion Florida Parkean, eztabaida betean, gizonezko eta emakumezko bat elkar jotzeko puntuan zeudela. Udaltzainek bikotea Cadena y Eleta Apezpikuaren kalean ikusi zuten. Bereizten saiatu ziren, eta une horretan gizonezkoak udaltzainen aurka egin zuen. Emakumeak, une batzuk lehenago tratu txarren biktima izan zela onartu zuenak, ustezko erasotzailearen alde egin zuen eta udaltzainen aurka jo zuen; beraz, agintaritzaren aurkako atentatuagatik atxilotu egin zuten.

Ostegun Santuan 39 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuten, hura ere genero-indarkeriagatik, Zaramagako familia-etxebizitzan emazteari eraso egin ostean. Biktimak lesioak zituen eta udaltzainek lagunduta ospitalera joan zen. Aldiz, ustezko erasotzailea, etxebizitzatik alde eginda, ostalaritza-saltoki batean topatu zuten, eta atxilotu egin zuten.

Beste atxiloketa batzuk

Aste Santuan udaltzainek beste 8 lagun atxilotu dituzte zenbait delitu egiteagatik: 2, urruntze-agindua hausteagatik; 4, lapurretak egiteagatik; 1, agintaritza-agenteen aurkako atentatuagatik, eta beste bat, ezagun bati mehatxu egin eta objektu zorrotz batekin lesioak eragiteagatik.

Share

Euskal Herriko Itzuliaren laugarren etaparen irteerak trafikoari eragingo dio

Apirilaren 8an, osteguna, Euskal Herriko Itzuliaren laugarren etaparen irteera neutralizatua egingo da Mendizabalean. Lasterketaren hasierak, 12:30rako aurreikusia, inguru horretako eta etaparen hasierako ibilbideko kaleetako zirkulazioari eragingo dio aldi baterako.

Irteera neutralizatua 12:30etik 12:45era bitartean egingo da. Mendizabaleko aparkalekutik abiatuta, Lasarteko atea, Maite Zuñiga kalea, Zumabide kalea, Ituritxu kalea, Izarbenta kalea, Guillermo Elio Molinuevo kalea, Antonio Amat Maiz kalea, Nadine Gordimer kalea eta Bruselas hiribidea zeharkatuko dute, eta Elorriaga kaletik (N-104) Gasteiz utziko.

Ibilbidea txirrindulariak igaro baino hamar minutu lehenago itxiko da, eta horrek eragina izango du inguruko kale eta bidegurutzeetan; baita garraio publikoan ere (hiriko autobusak eta taxiak).

COVID-19aren osasun-krisia dela eta, 9:00etatik 12:40ra oinezkoei ez zaie utziko Mendizabaleko aparkalekuaren inguruko kaleetan ibiltzen.

Era berean, apirilaren 7ko 16:00etatik aurrera ezingo da Mendizabaleko aparkalekuan aparkatu. Lasarteko atean eta Maite Zuñiga kalean ere ezingo da aparkatu seinaleztatutako guneetan, apirilaren 8ko 6:00etatik 13:00etara.

 

Share

Lurralde Batzordea (2021-04-12) 

Webgunean dago eskuragarri Lurralde Batzordeak martxoaren  12an (astelehena), 09.00etan, egingo duen ohiko bilkuraren gai-zerrenda.

Share