Prentsa Oharren banner

Prentsa deialdia (2021-05-03)

– Prentsaurrekoa. ‘Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ programaren hirugarren edizioa aurkeztea.

Parte-hartzailea: Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Borja Rodríguez.

Eguna: Maiatzak 3, astelehena

Ordua: 11:00

Lekua: udaletxeko prentsa aretoa.

Share

Asteburuko aurreikuspenak (maiatzak 1 eta 2)

Maiatzak 2, igandea

Kirol eta Osasun zinegotzi Livia López Abiadura irristaketako Euskadiko Txapelketako domina banaketan izango da, 13: 00etan, Ariznabarreko irristaketa-pistan.

Share

Udalak lizentziak izapidetzeko berariazko zerbitzu teknikoa sortu du Hirigintza indartu eta berrantolatzeko

 

Alkateak iragarri du, gainera, 318 jarduerak (orain baino 200 gehiagok) erantzukizunpeko adierazpenera jo ahalko dutela, lizentzia tradizionala baino bide azkarragoa

 

Neurri horiek zerbitzua hobetzeko legegintzaldi honetan abiarazitako estrategiaren parte dira eta Udalarekin egin beharreko izapideak hobetzeko aho batez onetsitako mozioari erantzuten diote

 

Gorka Urtaran alkateak gaur goizean iragarri duenez, Lizentzien Zerbitzu Teknikoa sortuko du laster, partikularrek, lanbide-elkargoek eta kontratistek Udalarekin egin behar dituzten izapideak hobetzeko berariazko tresna.

Bestalde, Alkateak izapide horiek errazteko eta azkartzeko beste urrats bat iragarri du: 318 jarduerak erantzukizunpeko adierazpenari heldu ahalko diote. Bide hori lizentzia tradizionalarena baino azkarragoa da, eta orain arte araudiak jasotzen dituen 118 epigraferentzako zen soilik; orain 200 jarduera gehiago sartuko dira, Ana Oregik zuzentzen duen sailak azken hilabeteetan egindako berrikusketa lanari esker. Jarduera horiek (saltokiak, profesionalen bulegoak, artisau-lantegiak…) ez dituzte derrigorrezko proiektua eta obra-lizentzia aurkeztu beharko jarduera burutu ahal izateko; orain arte, aldiz, ohiko lizentzia izapidetu behar zuten.

Neurri horiek legegintzaldi honetan hasitako hobetze estrategiaren parte dira. Estrategia horren barruan, besteak beste, barne-prozedurak berrikusi dira eta LEP baten bidez baliabideak berrantolatu eta indartu dira. Gainera, mozio batean jasotako eta osoko bilkuran aho batez onetsitako konpromisoetako batzuei erantzuten die. Era berean, Alkateak nabarmendu duenez “denok partekatzen dugun diagnostiko batetik abiatzen gara: arazoa ez da berria eta ez da soilik administrazio honena. Talde guztien arteko akordio hori oso garrantzitsua da, dagoeneko hasi dugun baina denbora eta baliabideak beharko dituen lan garrantzitsu bati babesa eta laguntza ematen diolako. Bi neurri garrantzitsu iragarri ditugu gaur, bai hobekuntza gehiago egongo dira”.

 Alkateak gogorarazi du taldeen akordio horrek plan bat garatzea aurreikusten duela, helburu hauek lortze aldera: udal araudia sinplifikatzea, izapideak eta epeak laburtzea, burokrazia murriztea, eta amaitu gabe dauden dosierrak bideratzea, hirian inplikatutako sektoreen laguntzaz. Gorka Urtaranek jakinarazi du Osoko bilkurak babestutako konpromisoetako batean lanean ari direla dagoeneko: baliabide telematikoen planaren hobekuntza, nahi gabeko burokrazia ezabatzea eta dosierren jarraipena denbora errealean egitea ahalbidetuko duten tresna digitalak ezartzeko, ebazpenaren izapideak arindu aldera.

García Fresca, zerbitzu berriaren buru

Zerbitzu berriaren buruzagi izateko, Udal gobernuak ezaugarri hauek dituen profil batean pentsatu du: lizentzien arloan esperientzia frogatua edukitzea, udal administrazioa ondo ezagutzea, sektoreko araudiei buruzko ezagutza eguneratuak izatea, eta gaiaren zailtasun teknikoetan aditua izatea. Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Saileko egungo zuzendari Miguel Ángel García Frescak zuzenduko du sortu berri den arlo hori.

Alkateak oso positibotzat jo du García Fresca hautatu izana; izan ere, arkitekto horrek “25 urte baino gehiagoko berariazko esperientzia du hirigintza lizentziak izapidetzen eta saileko zuzendaria izan den urteetan sobera erakutsi du balio duela, eta Udala eta Gasteiz ondo ezagutzen dituela eta haiekiko konpromisoa duela.

Almudena Sánchez García, saileko zuzendari berria

Almudena Sánchez Garcíak bere gain hartuko ditu datozen egunetan García Frescaren ardurak, Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Saileko zuzendari berria izango baita.

Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna —Ekonomia espezialitatea, 1989-1994—, eta Sarrikoko fakultateko Finantza arloko Unibertsitate Espezialista graduondoarekin (EHU-UPV), 2001etik Zadure S.A. enpresako kudeatzailea izan da.  Enpresa horretan zeregin hauek zituen, besteak beste: kalifikazioak, lizentziak eta beste hirigintza-izapide batzuk kudeatzea; eraikuntza-proiektuak kudeatzea; eta higiezinen promozioen jarraipen osoa egitea, hasieratik eta elementu bukatuak saldu ondoko fasera arte.

Erantzukizunpeko adierazpenera jo ahalko duten jarduera berriak

(Ez dute proiekturik eta obra-lizentziarik beharko)

Beste manufaktura-industria batzuk Salmenta-gunea duten artisau lantegiak. Kanpoko puntu-jantziak, larrukiak eta bidaiatzeko produktuak fabrikatzea.

Merkataritza

Finantza erakundeak, aseguru etxeak, enpresei eskainitako zerbitzuak, eta alokairuak.

Garbiketa-zerbitzuak, filmen banaketa eta salmenta

Jarduera profesionalak (profesionalen bulegoak)

 

 

Share

Lau lursail esleitu dituzte Mendiolan eta Arkaian guztira 765.000 euroan

Tokiko Gobernu Batzarrak Udalarenak ziren lau bizitegi-lursailen salmenta esleitzea onetsi du, bi Mendiolan eta beste bi Arkaian, guztira 765.077 euroan, zergak kanpo; horrela, Udalak lizitazio horretarako oinarri gisa markatu zuen balio ekonomikoa % 22,9 hobetu du.

Arkaiako bi jabetzak dira handienak (1.125 metro karratu ditu bakoitzak) eta adjudikazio-prezio handiena izan dutenak, 174.440 eta 250.012 euro. 26. sektorean daude biak. Mendiolako lursailei dagokionez, 40. sektoreko urbanizazioan daude; 648 metro karratuko lurzatia 168.525 euroan saldu da eta 612 metro karratukoa 172.100 euroan.

Irabazi duten eskaintzetan erabakigarriak izan dira bai eskainitako prezioa, bai eraikitzeko proposatutako jasangarritasun eta eraginkortasun energetikoko baldintzak. Lau lursail horiek besterentzeko 18 eskaintza jaso ziren guztira. Jasotako diru-sarrerek 2021eko aurrekontuan lurzoru-salmentatik lortutako diru-sarrera ekonomikoen aurreikuspena betetzen lagunduko dute.

 

 

Share

Urtaranen gobernuak hiru hitzarmen soziosanitario onetsi ditu alboko esklerosi amiotrofikoaren, epilepsiaren eta minbiziaren ondorioak arintzeko

 

Tokiko Gobernu Batzarrak Udalaren eta esparru soziosanitarioko zenbait kolektiboren arteko hiru lankidetza-hitzarmen onetsi ditu, alboko esklerosi amiotrofikoa duten gaixoei laguntzeko, epilepsia duten pertsonei arreta eskaintzeko eta bularreko minbiziak edo minbizi ginekologikoak jo dituen emakumeen berroneratze emozionalerako. Hiru ekimen horiekin, 15 hitzarmen onetsi ditu dagoeneko Urtaranen gobernuak osasun-politiken esparruan, 2021eko aurrekontua indarrean jarri zenetik.

Alboko esklerosi amiotrofikoa duten gaixoei laguntza integrala emateko programa gauzatzeko hitzarmena ADELA-Alboko esklerosi amiotrofikoaren Arabako elkartearekin sinatu da; horren bidez, Udalak 5.763 eurorekin lagunduko dio elkarteari, fisioterapiako, logopediako eta terapia okupazionaleko jarduerak sustatzeko gaixotasun hori duten pertsonekin. Gaixoak zaintzen dituzten pertsonak ere sartzen dira programan, eta haientzat ere egongo dira fisioterapia, berariazko arreta eta elkarrenganako laguntzako talde bat.

Epilepsia duten pertsonentzako arretako, aholkularitzako eta laguntza psikologikoko programa ahalbidetzen duen hitzarmena, berriz, Arabako Epilepsia Elkartearekin sinatu da; horren bidez, Udalak 4.110 euroko ekarpena egingo dio, haren hiru lan-ildoetarako: harrera-, informazio- eta aholkularitza-zerbitzuaren funtzionamendua; epilepsia duten pertsonen eta haien familientzako arreta psikologikoa, eta, azkenik, zabalkunderako eta sentsibilizaziorako hainbat jarduera sustatzea.

Azkenik, hirugarren hitzarmenari esker, esparru horretan espezializatua den ASAMMA elkarteak bularreko minbiziak edo minbizi ginekologikoak jo dituen emakumeentzako berroneratze emozionaleko programa egin ahal izango da. Horrek, Udalaren 2.856 euroko dirulaguntza izango du, minbizi horiek jo dituen emakumeentzako eta haien senideentzako arreta psikologikoko zerbitzu bat sustatzeko; horretan, emozioen eta komunikazioen arloko alderdiak eta alderdi operatiboak landuko dira, eragindako emakumeen zein haien familia-ingurunearen bizi-kalitatea hobetzeko.

 

 

 

 

 

 

Share

Gasteizko lehen “elektrolindegia” Latinoamerika plazaren alboko aparkalekuan egongo da eta kargatzeko hamar puntu izango ditu

 

Karga azkarreko edo erdiazkarreko zutoinak egongo dira zerbitzugunean, hiriko horrelako lehenengo gunean

 

Gasteizko lehen “elektrolindegia” Latinoamerika plazako aparkalekuan egongo da eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko hamar puntu izango ditu. Udalak gaur goizean ireki du deialdia, zerbitzugune hori ezarri eta ustiatu nahi duten enpresek haien proposamenak egin ditzaten. Hautatuko enpresari lursail horren 273 metro karratuko zati baten erabilera pribatiboa emango zaio, jabari publikoko emakidaren bidez. Estatuko hiri baten hirigunean kokatutako lehen eletrondegia izango da.

“Gaur beste urrats bat egin dugu ‘Vitoria-Gasteiz Green Deal’ estrategian. Plan hau Garapen Jasangarrirako Helburuen eta 2030 Agendaren barruan dago, eta gure hiriaren, hurrengo belaunaldien etorkizunaren eta planetaren aldeko itun gisa sortu zen.  Eta planak hasieratik aurreikusten du lankidetza publiko-pribatua eraldaketa berderako giltzarri gisa. Horregatik, ‘Green Deal’ delakoarekin bilatzen genuenaren adibide ona da elektrolindegia hau: hirian eragina izango duten eta garapen ekonomiko jasangarrian, gizarte-kohesioan eta ingurumen-jasangarritasunean eragingo duten ekintzak”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak. Elektrolindegiak, gainera, hiri-mugikortasuna deskarbonizatzen lagunduko du, Udalaren helburuetako bat.

Enpresa esleipendunak bost kargagune instalatu beharko ditu, hamar ibilgailuri zerbitzu emateko. Zutoinetako hiru karga erdiazkarrekoak izango dira 50 kw-ko korrontearekin, karga azkarreko zutoin batek 100 kw-ko korrontea izango du, eta karga azkarreko azkenak 150 kw-ko potentzia.

Emakida bost urterako izango da, baina urtero luzatu ahal izango da, gehienez ere hamar urtera arte. Elektrolindegia ustiatzen duen enpresak 7.189,38 euroko kanona ordaindu beharko dio urtero Udalari (lehiaketara aurkezten diren enpresek bere eskaintzetan kopuru hori hobetu badezakete ere). Udalak baldintza-agirian ere zehaztu du tarifek ezingo dutela prezio hauek gainditu: 0,25-0,40 eu/KW karga azkarrerako eta 0’10-0’30 eu/KW.

ELEKTROLIDEGIA dosierra

Share

Tinko eta Bai Euskarari elkarteekiko hitzarmenak, euskara sustatzeko zineman, eta gizarte eta lan arloetan

Gasteizko Udalak, Euskara Zerbitzuaren bitartez, bi hitzarmen izenpetuko ditu; bata, euskarara bikoiztutako filmen programazioa bultzatzen duen Tinko elkartearekin, eta, bestea, lanean eta gizartean euskara sustatzen duen Bai Euskarari elkartearekin. Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi ditu bi hitzarmenak:

Tinko elkartearekin izenpetuak zinemaren arloan euskara sustatzea du xede. “Aisialdiko eta denbora libreko jardueretan gure hizkuntzaren erabilera sustatzeko lanean dihardugu. Batez ere, haur, gazte eta familiei eskainitako eskaintza zabaltzeko”, nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak. 2006az geroztik, Tinkok euskarazko proiekzioak programatzen ditu Euskadiko hiru probintzietan, ‘Euskara zine aretoetara’ proiektuaren bidez. Saioak eskola-orduetan izaten dira, eta ikastetxeen bitartez bideratzen da programa; elkarteak material didaktikoa eskaintzen die ikastetxeei, ikasgeletan lantzeko. Udalak 10.500 euro jarriko ditu datorren ikasturterako.

Bai Euskara elkarteari 23.100 euro emango dizkio. Irabazi-asmorik gabeko elkarte honen helburua da enpresetan, merkataritza establezimenduetan eta bestelako erakundeetan euskara bultzatzea, lan-esparruan hizkuntza-normalizaziorako neurriak ezartzen lagunduz.

Ekitaldi honetan, 10 eta 49 langile arteko enpresekin lan egitea du  xede.

 

 

Share

Urtaranen gobernuak Olarizu hiribidean legez kanpo okupatutako 25 etxebizitzetan sartu eta utzarazteko baimena eskatu dio epaileari

Gaur goizean aurkeztu du dosierra epaitegietan; eraikinak eraisteko lanak ere esleitu dira

 

Urtaranen gobernuak gaur goizean aurkeztu du dosierra Gasteizko epaitegietan; dosier horrekin Olarizu hiribidean legez kanpo okupatutako 25 etxebizitzetan sartu eta utzarazi ahal izateko baimena eskatu dio epaileari. Gainera, alkateak jakinarazi duenez, Tokiko Gobernu Batzarrak ere gaur bertan onetsi du etxebizitza-eraikin horiek eraisteko lanen kontratua Campezo Obras y Servicios S.A. eta Excavaciones Iparlur SLU enpresei esleitzea 795.757,81 euroan; gauzatzeko epea 5 hilabetekoa izango da, eta baldintza-agirian zehaztutakoaren arabera egingo da.

“Hitzeman genituen urratsak ematen jarraitzen dugu eta prozedurak berme guztiekin jarraitzen ari gara, etxebizitzak lehenbailehen utzarazi eta eraitsi ahal izateko”, nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak.

Gauzatzeko epeak eta eraisteko epe partzialak

Eraistearen baldintza-agiriak jasotzen duenaren arabera, lanak etenik gabe egiteko aukera egonez gero, gauzatze-epea 5 hilabetekoa izango da, zuinketaren egiaztapenaren aktan finkatzen den egunetik zenbatzen hasita.

Lanak egin ahal izateko ezinbestekoa denez eraikinen barruan inor ez egotea, eta, horrenbestez, gerta litekeenez lanak etenik gabe egiterik ez izatea, eraiste-lanak gehienez 14 hilabetetan egin beharko dira, kontratua formalizatzen den egunetik zenbatzen hasita. Jarduketa bakoitzerako zuinketaren egiaztapenaren akta jasoko da, eta, bertan, jarduketa bakoitza hasteko data zehaztuko da. Eraikin bakoitza eraisteko epe partziala hilabetekoa izango da (atari bakarra dago eraikineko), atari bakoitzari dagozkien lanak hasten diren egunetik zenbatzen hasita.

Share

Udalak Ikusgune-LGTBI+fobiaren aurkako Gasteizko behatokiarekiko konpromisoa berritu du

Aurten 75.000 euro bideratuko ditu, udal gobernuak Elkarrekin-Podemos taldearekin adostutako aurrekontu-akordioari esker

 

Udalak Ikusgune-LGTBI+fobiaren aurkako Gasteizko behatokiarekiko konpromisoa berritu du gaur, Lumagorri HAT elkartearekin behatokia garatzeko lankidetzaren bitartez. Udalak 75.000 euro bideratuko ditu aurten, udal gobernuak Elkarrekin-Podemos taldearekin adostutako aurrekontu-akordioari esker

HARA! 2018-2021 aldian Gasteizko Udalaren berdintasunerako politiken barruan sexu- eta genero-aniztasuna txertatzeko agenda arlo horretan landu beharreko estrategia eta ekintzak biltzen dituen plangintza-agiria da.

Horietako bat da Gasteizen LGTBIfobiaren kontrako behatokia sortzea, LGTBI pertsonen aurkako indarkeria matxistari eta bazterkeriari loturiko egoerak antzemateko eta horien inguruan sentsibilizatzeko eta jarduteko, ikerketa, prebentzioa eta salaketa tarteko.

Hori dela eta, Berdintasun Zerbitzuarentzat lehentasunezkoa da Lumagorri HAT elkarteak kudeatzen duen Ikusgune -LGTBIfobiaren kontrako behatokia gauzatzen laguntzea, interes sozialekotzat jotzen baitu, eta udalak genero-berdintasunaren arloan duen esku-hartzea hobetzen lagunduko duelako.

LGTBI pertsonen aurkako erasoak jaso, aztertu eta sistematizatzeaz gain, Lumagorri HAT Elkarteak berariazko helburu ditu herritarrak sexu- eta genero-aniztasunaren inguruan sentsibilizatzea, eta LGTBI pertsonen aurkako indarkeria matxistak detektatzea eta horiei aurre egitea. Horretarako, hiriko beste gizarte-eragile batzuekin aliantzak lotzeko eta sarean lan egiteko topagunea eskaintzen du, eta duen planteamenduak estuki jarraitzen dio 2018-2021 aldirako Gasteizko Genero Berdintasunerako IV. Planaren filosofiari.

 

 

Share

Gasteizek Malizhaeza kalea eraberrituko du, Armentia eta Lasarte lotzen dituen kalea, auzokoek hala eskatuta

 

Udalak onetsi egin du oinezkoentzako eremua handitzeko, argiztapena hobetzeko eta saneamendu-sarea berritzeko lanen lizitazioa.

 

Malizhaeza kaleko oinezkoen eta txirrindularien irisgarritasuna hobetzeko lanen kontratazio-dosierra onetsi du gaur udal gobernuak. Kalea Armentiaren eta A-3102 errepidearen (Lasarte ondoan) artean dago. “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” partaidetza-programaren baitako proiektu hau Herritarren Partaidetzaren Sailak eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak sustatu dute. Datozen egunetan deituko den lehiaketa honetarako aurrekontu osoa 374.246 eurokoa da, BEZa barne, eta Udalak (220.811 euro) eta Amvisak (153.435 euro) ordainduko dute. Lanek bi hilabete eta erdi iraungo dute, esleitzen direnetik.

Malizhaeza kalea eraberritzearen helburua bide hori berritzea da, ikastetxe bat eta mugikortasun murriztuko pertsonentzako egoitza bat gertu ditu eta. Era berean, herritarren paseorako eta aisialdirako ohiko ibilbideetako bat da, Armentiako parkean eta Lasarteko atearen inguruan, eta horregatik oinezko, korrikalari eta txirrindulari asko elkartzen da bertan. Egun eremua hondatuta dago, zuhaitzen sustraiek kaleko espaloi estua altxatu baitute, eta zenbait lekutan ez dago pasatzerik. Espaloiaren ondoan, bi noranzkoko bidegorria dago maila ezberdinetan (egoera txarrean) eta bi erraietako galtzada.

Kalea nabarmen aldatuko da eraberritu eta oinezkoentzako eremua handitzen denean. Espaloia zabaldu eta berritu egingo da, egungo bidegorria oinezkoentzat bakarrik izatera pasako delarik. Hori dela eta, bizikletak galtzadatik joan beharko dute eta trafiko-aldaketak egingo dira ibilgailu motordun gutxiago pasatzeko bertatik. Ildo horretan, Malizhaeza kaleko zirkulazioa itxi egingo da (larrialdietako ibilgailuentzat, nekazaritzako ibilgailuentzat eta bizikletentzat izan ezik) kalearen mendebaldeko muturrean (Armentiako administrazio-batzarreko bidearekiko bidegurutzean), eta Uleta eta Tarazona kaleak lotzen dituen bidearekiko bidegurutzean. Horretaz gain, hobetu egingo da argiteria, kalearen ipar aldera aldatuta, eta Amvisak saneamendu-sarea berrituko du.

Herritarren Partaidetzaren zinegotzi Borja Rodriguezek azaldu duenez, proiektu honek “oso hondatuta dagoen eta arrisku-egoerak ere eragiten dituen kale bat eraberritzeko balioko du, izan ere espaloiaren egoera txarra dela eta, oinezko batzuk bidegorria erabiltzen dute, eta horrek elkarbizitza arazoak eragiten ditu. Garrantzitsuena da herritarrek ikusi egiten dutela udalak bere eskariei erantzuten diela”. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok azpimarratu duenez, Malizhaeza kalerako aurreikusitako esku hartze honek “herritarrek aspalditik egindako eskari bati erantzuten dio, eta “Mejorando Vitoria Gasteiz Hobetuz” programaren bidetik hautatu da.

Sailetik mugikortasun iraunkorra, segurua eta osasungarria bultzatzeko ahaleginak egiten jarraitzen dugu. Batetik, eraberritu, duindu eta hobetu egingo dugu oinezkoek eta inguru horretako ikastetxera doazen haurrek asko erabiltzen duten oinezko bidea. Baina horretaz gain, leku gehiago emango diogu bizikletari, eta ibilgailu motordunen kopurua jaitsiko dugu bide horretan”.

MALIZHAEZA dosierra

 

Share