Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2021-04-26)

Prentsaurrekoa. Enpleogune 2021 aurkeztea

Parte hartzaileak. Enplegu, Prestakuntza eta Merkataritza zinegotzi Igor Salazar; UPV/EHUko Arabako Campuseko errektoreorde Manoli Igartua

Eguna. Astelehena, apirilak 26

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Prentsa-deialdiak (2021-04-24)

Betirako programaren lehen urteurreneko ekitaldia

Koronabirusak eragindako dolu traumatikoen prozesuetan pertsona bat galdu dutenei laguntzeko programa da Betirako.

Parte hartzaileak. Iñigo Urkullu, lehendakaria; Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Enpleguaren eta Gizarte Politiken sailburu Beatriz Artolazabal; Gizarte Politiken sailburuorde Lide Amilibia, eta Gizarte Politiken foru diputatu Emilio Sola

Eguna. Larunbata, apirilak 24

Ordua. 10:30

Tokia. Ataria, Salburuko Hezeguneen Interpretazio Zentroa

Share

Asteburuko aurreikuspenak

Larunbata, apirilak 24

Lehendakari Iñigo Urkullu; alkate Gorka Urtaran;  Enpleguaren eta Gizarte Politiken sailburu Beatriz Artolazabal; Gizarte Politiken kontseilariorde Lide Amilibia; eta Gizarte Politiken foru diputatu Emilio Sola Betirako programaren lehen urteurreneko ekitaldian izango dira 10:30ean, Atarian

 

Share

TVE telebistako “De Seda y Hierro” saioa erreportaje bat grabatzen ari da Gasteizen, adinekoen istorioekin, besteak beste zentro soziokulturaletakoenekin

Urte bukaeran emitituko da, La 2 katean

 

TVEko La 2 kateak emititzen duen “De seda y hierro” saioko lantalde bat adineko pertsonei buruzko erreportaje bat grabatzen ari da egunotan Gasteizen.

Adinekoen zentro soziokulturaletako erabiltzaileek eta hiriko beste kolektibo batzuetakoek beren istorio pertsonalak kontatuko dituzte bertan, erretratu intimo eta positiboak tarteko. Hartara, mendekotasun-egoeran bide daudenen normalizazioa, aniztasuna eta inklusioa sustatzen ditu programak.

Horretarako, protagonisten bizi-esperientziara jotzeaz gain, haiekin dauden senide, zaintzaile eta profesionalen lekukotasuna ere jasotzen du.

Programa grabatzeko, hainbat lokalizazio aukeratu ditu “De seda y Hierro” programak; besteak beste, Lakua-Arriagako eta Txagorritxuko adinekoentzako zentro soziokulturalak, baita Zaramagako eta Koroatzearen auzoko beste zenbait leku ere.

 

Share

100.000 euroko inbertsioa, Koroatzearen auzoko argiteria hobetzeko  

Koroatzearen auzoko Badaia kaleko, Kutxa kaleko, Domingo Beltran de Otazu kaleko eta Andre Maria Zuriaren Koroatzearen kaleko argiteria publikoa hobetuko du Gasteizko Udaleko Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak. Gaur goizean onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak lan horiek egiteko kontratua lizitaziora ateratzea, 115 faroletan ‘led’ teknologia duten argiak instalatzea barne. 99.912,05 eurokoa da aurrekontua da, eta 5 hilabetekoa lanak egiteko epea.

“Lanean dihardugu, hiriko auzoak hobetzeko. Oraingo honetan, Koroatzearen auzoko argiteria modernizatuz, kaleak hobeto argiztatzeko eta energia-efizientzia eta ingurumena hobetzeko”, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok.

LED teknologiako 115 luminaria instalatuko dira kale horietan, orain artekoak baino eraginkorragoak izaki. Energia-kontsumoa murrizteko aukera ematen du horrek —kontsumo elektrikoa (kwh) eta atmosferara egiten diren CO2 emisioak—, eta argiteria publikoaren energia-eraginkortasunaren araudiarekin bat datozen argiztapen- eta uniformetasun-mailak lortzekoa.

Gainera, orain dauden argiek eragiten duten itsutzea eta argi-kutsadura ekidin nahi dira, baita mantentze-kostuak gutxitu ere, luminaria horien bizitza baliagarria konbentzionalena baino askoz luzeagoa baita. A energia-kalifikazioa lortuko da berrikuntzaren ondoren.

 

Share

Goian elkarteak hirigune historikoan sustatutako ekimen komunitarioarekiko konpromisoa berritu du Gasteizko Udalak

Goian kirol eta kultur elkartearekin lankidetza-hitzarmena sinatzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak gaur, “Alde Zaharreko 2021eko Hezkuntza Ekimen Komunitarioa” proiektua antolatu, garatu eta gauzatzeko. 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte egongo da indarrean. 104.000 euroko ekarpena egingo du Udalak. Erdi Aroko hiriguneko hezkuntza-ekimen komunitario horren helburua da sareak, baliabideak, kolektiboak, pertsonak eta ekimenak konektatzea eta artikulatzea, aisialdian biztanleek dituzten beharrei erantzuteko, auzotarren arteko elkarrekintza- eta ezagutza-prozesuak sortzeko eta lurraldean bertan eremu horretan erreferentziazko egitura bat eratzeko.

Orobat erabaki du udal gobernuak Arabako Foru Aldundiarekin eta “Arabako Gorrak” elkartearekin lankidetza-hitzarmena sinatzea. Bertan, Gasteizko Udalak 22.000 euroko ekarpen ekonomikoa egitea aurreikusten da, zeinu-hizkuntzaren interpreteen zerbitzuaren funtzionamendua finantzatzeko, eta, hartara, entzumen-urritasunak dituzten pertsonen kolektiboari eguneroko bizitza sozialean parte hartzeko aukerak bermatzeko, 2021eko ekitaldian.

 

 

Share

San Prudentzio egoitzako udal etxebizitza komunitarioak ateak zabaldu ditu eta 13 erabiltzaile ditu dagoeneko

25 leku ditu eta udalaren sareko hirugarrena da, Los Molinos eta Auroraren atzetik

 Adinekoei laguntzeko San Prudentzio zentro integraleko udal etxebizitza komunitarioak ateak ireki ditu jada. Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak abian jarritako baliabide berri horrek 13 erabiltzaile ditu dagoeneko eta hurrengo astean bi gehiago hartuko ditu.

Gizarte Politiken zinegotzi Jon Armentiak gaurko osoko bilkuran azaldu duenez, irekiera hori “Udalak eta Arabako Foru Aldundiak Zorroari buruzko Dekretuaren inguruan sinatutako akordioaren emaitza da; gainera, egoitza berean udaleko eguneko arreta zerbitzu bat eta asteburuan arnasa hartzeko zerbitzu bat edukitzeko aukera ematen digu, eta, beraz, San Prudentziok adinekoei zaintza emateko espazio publikoa izaten jarraitzen du”.

San Prudentzioko etxebizitza komunitarioa egoitzaren hirugarren solairuan dago eta 1.128 m2-ko azalera du. 22 gela ditu eta 25 leku eskaintzen ditu gehienez, 1. mendekotasun-gradua aitortua duten 65 urteko edo gehiagoko pertsonentzat. Gainera, jangela, egongela, office/sukaldea, erizaintzako gela, bainugela geriatrikoa eta biltegiak ditu.

Udalak bi urte baino gutxiagoan ireki duen hirugarren etxebizitza komunitarioa da; besteak Los Molinos eta Aurora dira, eta 30 eta 34 leku dituzte, hurrenez hurren.

 

 

 

Share

Esleituta Mendizorrotzetik Esmaltaciones ingurura arteko galtzadak asfaltatzeko kontratua

Urtaranen Gobernuak 1,7 milioi euro inbertituko ditu Mendizorrotzetik Esmaltaciones ingurura arteko galtzadak berriz asfaltatzeko. Zehazki, Salbatierrabide, Araba eta Zumakadi kaleei eragingo diete lanek, eta 2 kilometroko ibilbidea osatuko dute lerro zuzenean. Bide-zati garrantzitsua da, eta Autobus elektriko adimentsua bertatik pasako da. Hain zuzen ere, esku hartze hau garraio publikoaren sistema berria jartzeko lanen osagarri gisa aurreikusita zegoen.

Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du obra horiek egiteko obren kontratuaren esleipena. Firmes Alaveses eta Yarritu enpresek egingo dute. Bost hilabeteko epea izango da lanak egiteko. Raimundo Ruiz de Escudero Mugikortasun eta Espazio Publikoko zinegotziak adierazi duenez, “lan sakona izango da”. 25 zentimetro fresatu eta, ondoren, hiru asfalto-geruza jarriko baitira. Lanek 23.000 metro koadrori eragingo diete. Zati horretako zoladura gaizki zegoen, eta bertatik pasatzen ziren herritarrek eta gidari profesionalek egindako erreklamazioa zen.

 

 

 

Share

KaldeArte 2021k 33 konpainiaren 63 ikuskizun aurkeztuko ditu

Ekainaren 11, 12 eta 13an izango da Gasteizko Kaleko Arteen Nazioarteko XV. Erakustaldia

 

KaldeArteren 2020ko edizioa bertan behera utzi ondoren, Gasteizko Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldiak XV. edizioa egingo du 2021eko ekainaren 11, 12 eta 13an.

Aurreikusita dago 33 konpainiak parte hartzea eta 63 ikuskizun eskaintzea. Konpainiak tokikoak, EAEkoak eta estatukoak izango dira gehienbat, atzerriko konpainien kopurua murriztu baita, segurtasun-arrazoiak direla eta. Kasu askotan, hainbat ikuskizun ordutegi berean egingo dira, hartara, ikusle andana ez ibiltzeko eszenatoki batetik bestera.

2020ko martxoaz geroztik gure hirian egingo den lehenengo kale-jaialdi handia izango da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan 2021ean egingo den lehenengo kaleko arteen jaialdi handia.  “Kultura Zerbitzuan sektore honekiko gure konpromisoari eta laguntzari eusten diegu, eta indarrean dagoen araudia zorrotz beteko duen KaldeArte bat antolatzearen aldeko apustua egiten dugu, arte eszenikoek gure kale eta plazak har ditzaten”, adierazi du Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Hala, 2021. urte honetan, bere esentziari eutsiko dion arren, erdigune-erdigunekoak eta ikusle ugari bildu ohi dituzten esparruak alde batera utzi, eta beste ingurune batzuetara aldatuko da, zeinak erdialdekoak izanik ere ez baitira Gasteizko erdigunean ekitaldi handiak hartzen dituzten ohiko esparruak. Horrek guztiak helburu du esparru segurua eskaintzea eta une oro jende-pilaketak saihestea. Aire zabaleko esparru mugarrituak izango dira; gehieneko ikusle-kopurua zehaztuta izango dute, denak eserita; segurtasun-neurri guztiak errespetatuko dira, Eusko Jaurlaritzaren indarreko araudiarekin bat.

Esparru berriak

Hiriaren erdialdeko oinezkoentzako esparruak (Andre Maria Zuriaren plaza, Foru plaza eta Arka plaza), beste toki batzuei utziko die bere tokia, hala nola Iparraldeko parkeari, Santa Maria plazari, Errenazimendu plazari, Artium museoaren barruko plazari, Zuluetako eta Falerinako lorategiei, Florida eta Judimendi parkeei eta abarri.

Ordutegiei dagokienez, gaur egungo araudia kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak zehaztutako aurreikuspenei estu lotuko zaie programazioa: emanaldiak goizeko, arratsaldeko eta iluntzeko ordutegietan banatuko dira, eta aurreikusiko da antzezpen guztiak amai daitezen ekaineko egun horietarako ezartzen diren jarraibideek zehazten duten orduan. Hori guztia aldatu ahal izango da, pandemiaren bilakaeraren arabera.

“KaldeArte ezinbesteko hitzordu bihurtua da dagoeneko, gasteiztar guztientzat (edozein dela ere euren adina, generoa, jatorria…), baita kulturarekiko eta batik bat kale-arteekiko grina duen pertsona ororentzat ere. Diziplina anitzeko hitzordua izango da (antzerkia, zirkua, dantza, musika, esku-hartzeak…), eta Gasteizen, estatuan eta nazioartean arte eszenikoen abangoardia denaren hautaketa handia da”, gaineratu du Cantok.

Oso edizio berezia izango da 2021ekoa, zalantzarik gabe, 2020. urteak sektoreari ekarri zion gelditzearen ondoren. Sormenaren eta kulturaren sektorea izan da COVID-19aren pandemiak gogorren jo zuen sektoreetakoa. Aurtengo edizioak, iazko udan egin zen kultura-programaren antzera (zeina aurten, 2021ean, itzuliko baita), helburu nagusietakoa du kulturaren sektoreari, oro har, eta kaleko arteen sektoreari, bereziki, laguntzea.

KaldeArtek aukera paregabea eskainiko du zuzeneko ikuskizunak etxetik gertu ikusteko. Jaialdiak ikuskizuna hurbilduko digu, denon eskura jarri, eta beste ikuspegi batzuk erakutsi geure inguruan gertatzen denari buruz. Aurten, erronka bat gehitu zaio: jaialdia gozatzeko ingurune seguruak eskaini behar dira, eta kalera irten daitezen animatu behar dira ikusleak (adina edozein dutela ere), eta, hala, kulturarekiko haren grina piztu.

Arte eszenikoen jaialdien estatuko koordinakundeak (COFAE) egindako azterlan baten arabera, jaialdi haietan parte hartzen duten gehien-gehienek aldez aurretik planifikatzen dute zer ikuskizunetara joan nahi duten; % 22k jaialdian bertan daudela planifikatzen dituzte ikuskizunak, eta % 15 inguruk unean bertan inprobisatzen dute eta topo egiten dute haiekin. Gasteizko erdialdearen kasuan, kopuru hori handia da, eta, hain zuzen, ohitura horri eragin nahi zaio hala gerta ez dadin.

Gasteizko Udalaren Kultura Zerbitzuak antolatutako kaleko arteen jaialdia den aldetik, betiere ahantzi gabe oraindik ere pandemia ari garela bizitzen, eta, horrenbestez, direnik eta prebentzio-neurri guztiak hartuta, KaldeArte funtsezko ekitaldi gisa agertzen da mugitzen hasteko eta herritarrei zein sektoreari ikuspegi itxaropentsua emateko, zeinak errutina hautsi eta atzean utziko baitu. Izan ere, kulturak eskaintzen dizkigu aldaketa horri aurre egiteko tresnarik onenak, eta ondorio positiboak ematen dizkio hiriari zein herritarrei.

Informazio gehiago 

 

 

Bideoa ikusi 

 

 

 

 

 

 

Share